L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1961 II (1961-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

 

Ben-Yehuda'ri abestia

 

Etxaniz'tar Nemesi

 

        Gure gazteei dei bizia

        Liburu eder bat jarri didate nere eskuetan. Buenos Aires'en argitaldua da. Argitaldaria: Editorial Candelabro ta liburuaren izenburua: EL REBELDE DE JERUSALEN.

        Gure gaztediari dei bizi eta larri bat egiteko, ezin zitekean idazti ederragorik sortu.

        Liburu orrek zer dakarren? Gertaera arrigarria honetan: ELIEZER PERLMAN'en bizitza. Gizon onek auxe du arrigarri: gaztetatik gaxo zegoalarik, ala ere egundoko gurenda ta garaipena iritxi zuan bere errian.

        Orain bi milla urte ildako izkuntza, berriro piztu zuan. Iñork itzegiten etzuan izkera, berriro nagusi jarri, alajaña, bere errian.

        Izkuntza ori Eberkera izan da: juduek antxiña zuten izkuntza, ta beren sinagogatan bakarrik elizkizunetarako erabiltzen zan izkera.

        Euskera nola jaso genezaken ikasteko, berebiziko liburua dezue, gure gazteok.

        Erosi ta zabaldu ezazue gure errietan liburu ori.

        Euskaldun alperrak esnatzeko ta jorratzeko aukerakoa degu.

        ELIEZER PERLMAN'ek izena ere aldatu egin zion bere buruari. Israel'go izkera pizteko, idazten asi zanean, judu-izena ta abizena artu zituan beretzako, ta ala andik aurrera BEN-YEHUDA izenpetzen zuan.

        Gizon au, Paris'tik Israelera joan zanean, Palestina'n bizi ziran judu guziak, etziran 30.000 milla baiño geiago; Turkia'k lege gogorpean zeuzkaten; ta ala ere, Ben-Yehuda'k erri sakabanatu ari, kalean iñork itzegiten etzuan izketa berrio sartu al-izan zion biotzean. Gaur Israel'en guziak eta alde guzietan ebreoz itzegiten dute.

        Gure EUSKERAKIKO AUZIA ezta aiena bezin larria. Eztegu, beraz, etsi bear gure lanean. Euskera indartu genezake ta gure gazteak duten lenbiziko lana, auxe da: Euskera ikastea. Egi au, garbi ikusiko dezu esan degun liburua irakurtzen dezuenean.

        Oraintsu, itzaldi bat emana det Donostia'ko Centro Cultural y Ateneo Guipuzcoano'n. Ba-zan jendea itzaldi artan, ta arretaz entzun zuten an ziranak Ben-Yehuda'ren bizitza arrigarri ori.

        Itzaldia erderaz izan genuen, baña azkenean euskeraz jalki nien nere entzuleei, BenYehuda'ri abestia:

 

Ben-Yehuda! Ben-Yehuda!

Mundu guztiko oiartzunak

oiukatu dute izena

erreka-zulo, eremu baztar,

madura, gaillur goiena.

 

   Ben-Yehuda! Ben-Yehuda!

Olatu-aparren otsa;

zure bizitzan edan zenduen

etsaikerien laiotza;

nekeak-neke, zuzen eraman

zenduen bizi-ardatza.

Euskalerriko itxas-ertzera

eldu da zure abotsa.

 

   Ben-Yehuda! Ben-Yehuda!

Olio menditik gora,

izar guziak jai egin dute;

zeru-sapaiak nau zora!

Mundu guziko izkuntza illak

bota digute aingura;

lur zapalduak artuko dute

baso jantzien itxura.

 

   Ben-Yehuda! Ben-Yehuda!

zure erria piztu da!...

Etengabeko Udaberriak

loratu du zure lurra.

Bijoa zure illobiraiño

EUSKAL BIOTZEN AGURRA!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.