Alabatxoaren ametsa
Irigoien'dar Roman
Bartere, oi dedan bezela
lotaratzeko aurretik,
lo zegon alabatxoari,
laztantxo bat eman nairik,
esku-arteko irakurgaia
itxi, altxa mai-aurretik
ta maitearen gela aldera
xuxen joan nintzan andik.
Argia pixtu, seaskara
inguratu ixil-ixilik
ta «Jainkoa'k gabon deizula»
goxoro esan nion nik.
Ezin entzun, lo zegon-eta,
lo nere alabatxoa...
Maindire artetik arpegi
txuri-gorri potxoloa
ta esku biak atereak,
arnasa lasai, goxoa:
aingeru eder bat zirudin
zerutik jetxitakoa...
Betetzera ninjoanean
muñ emateko asmoa,
irri-partxo eztitsu batek
jantzi zun bere aoa.
Ametsetan zegon maitea...
Zer amets izan zezaken?
Zer...? Izebak etorri ziran,
eta txintxo izatearren
kopintxo bat ikusgarria ,
bere-beretzat zekarten
begiak beltz, musua gorri,
kikatxoak erakusten,
illea ondo orrazatua,
jantzi urdiñak estaltzen.
Ba'zekin ibiltzen, bai ta-re
begiak itxi-irikitzen...
A zer nolako kopiña zan...!
Iñork ez zezaion kendu,
lenengo ondo ikusi, ta gero
bi eskutxoekin artu
eta bere biotz-gañean
ipiñi zun estu-estu.
Egundo pozik izan ba'zun
une artantxe bai poztu...
Bañan neurri gabeko pozak
alabatxoa esnatu,
ta kopiña artzera zijoan...
ta kopiñik ez azaldu!
Nere alabatxo maitea
len pozik, orain naigabez;
len kopiñ ederraren jabe,
ta orain... orain ezer ez;
ametsetan zorion-bete
ta esnatzean negarrez...
Nik zotin ta malko mardulak
arpegian-bera ikustez
erruki izan, ta besarkatu
ta laztandu nun biotzez.
Aitaren laztan xamurrekin
laixter zan berriro parrez,
........
........
........
Zenbat aldiz biziko zera,
kuttuntxo, amets egiñaz...
Bizitzako bide bazterrak
beterik daude larrosaz;
ederrena aukeratzen dezu,
pozez artzera ba-zoaz...
ta eskuak odoltzen sarri
larros-arantza zorrotzaz.
Maite: ez-bearrak samintzean
beti zeruko Aita-tzaz
oroitu, eskatu, ta Berak
utziko etzaitu iñolaz.
|