Bertsolarien txapelketaz
Zeleta
Orra «Basarri», berriz,
nola egin zaigun
euskaldun bertsolari
guzien «txapeldun».
Ori gerta-zeikela
lendik esan gendun:
bertsolari oberik
ez dalako iñun!
Gogoz txalotu-ta,
goraldu dezagun
EUSKERA indartutzen
lagun dezaiogun!
Bertsolarietazko gure aurretiko idazlantxoetan argiro oarrarazi gendun, oraiñaldian, ez genduala, Euskalerria'n, «Basarri» bezin bertsolari trebe ta bikaiñik ez etorriz, ez egokiaz, ez jakinduriz, ez azkartasunez, ez gozotasunez; eta, orra!, oso-osoan egiztua izan da, atzoko txapelketa gogoangarrian, gure lendiko ustekizuna.
Ustez ondo xamar ezagutzen bait-genitun, aurrez, oraiñago Donostia'ko «TEATRO VICTORIA EUGENIA» dalako Antzoki aundi ta apañean zein-geiagoka leiatu ziran beatzi bertsolarien bat-banakako gaitasunak, eta orrengatik batere kezkarik gabe aurrez iragarri gendun txapelket-nagusian gerta-zitekeana.
Onekin ez degu esan nai ez orixe!, txapelketa ortan «Basarri» aurretik leiatu ziran zortzi bertsolariak, bertsolari jatorrak eta irudimen argidunak ez diranik. Bai Bidasoa'z andikoak, bai Naparroa'koak, bai Bizkaia'koak eta bai Gipuzkoa'koak, amaika bertso eder, asmatu-alean egoki kantatuz, bota zuten, eta jendeak bai gogotsu ta sutsu txalotu ere beren ateraldi biurri ta arrigarriak.
Batez ere: Uztapide, Azpillaga eta Xalbador, gain-gaiñeko bertsolari azaldu zitzaizkigun. Alare eta au lotsa aundiz adierazten degu, uts-egite aundi bat izan zuten, «Basarri» aurretik leiatu ziran zortzi bertsolariak, barkamenik ez duena: Mai-burukoen aginduz, lengo bertsolari zar-etzaz kantatzean, batek ere etzuan gogoratu, ez aipatu, ain bertsolari ospetsu izaniko Udarregi, ez Enbeita, Urretxindor ezin azturikoa. Akats aundi onek adierazten digu, argiro, ze-ikasirik asko ba-dutela, oraindik, gaurko bertsolari gutxi-ikasiak.
Bertso zurtuak edo zirikadatsuak, gatz eta graziz egoki botatzeko, irudimen argia ta zorrotza bear ditu bertsolariak; eta zentzua ta biotza, gert, bertso sakonak oguzteko.
Lankizun neketsu ta arduratsua, auxe; baiña ez, txapelketan azken-orduan ain adigarri leiatu zitzaizkigun Uztapide eta Basarri, gure bi bertsolari aundientzat. Une larria, extuba, guztiz neketsua eta ezin geiago arduratsua gertatu zan, alare, azken-une urduri ura... Uztapide ta Basarri'kiko bukaerako burruka estu ta garratz ura!
Batera xamar iritxi bait-ziran aizkeneko unetxorarte... Baiña... baiña...! Beatzi puntuko bertso luze ta biurri ark, beera jetxi zun Uztapide bizkorra, eta goi-gora igo, ostera, Basarri azkarra. Ura bertsoa, jaunak, ura bertso zoragarria, zoragarririk bada, azkenez, Basarri'k ain gozoro ta ain dotore bota zuan beatzi puntuko bertso bikain ura!!
Egun aundia, ordukoa, EUSKERA'rentzat gogoangarria, EUSKALTZALIENTAT; zoriongarria, eratzaille EUSKALTZAINDIA'rentzat; zoragarria, BERTSOZALIONTZAT.
Ezin aztuko degu,
alako eguna;
atsegiñik aundiñaz
igaro genduna.
Goiz eta arratsalde,
bertso-usuiduna,
gogo eta biotzak
poztu zizkiguna
garaille autetsiaz,
lengo «txapelduna»!
|