Meza berrian
Loidi'tar Paben
Oriotar bat San Inaziyo
egunarekin poztua,
aita ta amaren kabi goxotik
egatutzera dijua.
Amabi urte dira
joan zala Bitorira
utzirik ama gaixua.
Apaiz eginda etorri zaigu
Don Eujenio Zaldua.
Apaiz berriak udaberriko
txorikumien moduan
bi egotxuak zabaltzen ditu
aideratzeko asmuan.
Kabiya du eliza,
aldarean kaliza,
ardiak basamortuan.
Gaurtik aurrera Don Eujenio da
Kristoren apaiz munduan.
Orio'k izen aundia dauka
estropa eta pelotan,
apaizak ere sortzen dizkigu
orain len baiño geiotan.
Orregatik Orio
da gaur poza jario,
txaloka eta bertsotan.
Gaur bezelako pozik errian
ez da izaten askotan.
Apaizak dira arraunlariak,
Eliza dute batela...
Oiekin zintzo jo bear degu,
galdu giñake bestela.
Gurutze-ikurriña
irabazteko griña,
beti estropan bezela,
Oriotarra zeran aldetik
eraman zazu txapela.
Urte askuan konserba zazu
zeruak eman dizuna;
izanaz beti itsuen argi
ta beartsuen laguna.
Apala ta zintzua,
Jesus bezelakua,
ta ganera euskalduna.
Ori da gaurtik Elizak eta
erriak opa dizuna.
|