Noizbait...
Deunoro
Ene ontzitxo, neure gurazko,
Ekaitz latzak astindua,
Urol ankerrak itxaso zear
Burruka izuz gudutua!
Ikur-argia kaitik urruti
Daroazu toteldua.
Bildur naz ete dozun gaixoa
Ondoratzeko ordua.
Ekaitza jagi barri zanean,
Arraunlarien ekiñez
Kairuntz etorren mutur arroa
Urari txairo emonez.
Laster zan kaiko ur geldi barean,
«Gora» guztiak esanez.
Baiña egia etzan orrela,
Itxastarrentzat naigabez.
Adorearen adore bera,
Bulartsu danen bularra,
Zure ontzian etzan sartu iñoiz
Itxaso-Ekaitz indarra.
Goitu zenduan, burruka apalez.
Nagusi gurako arra,
Ta ontziari ezarri zeutsan
Kurutz birekin ikurra.
Ixo! Ez dantzut ots illun baltzik
Eta urak doaz naretzen,
Ta argi-ikur guri, len baizen dizdiz,
Datorrela dot nabaitzen.
Orra! arraunlari trebe ausartak
Asi dira oiukatzen,
Barne-min erne ta itxaro-txinpart
Aoz dabezala jalgiten.
Boga! boga or! ontzi-bizia
Dozuela eskuetan.
Boga, ontziska txirrist daitean
Kaiako ur mee oztiñean.
Galdutzat ziñeen, ta ba-zatoze
Bogari bide latzean...
Zatoze azkar, itxas-semeok,
Ta atseden bake leunean.
|