L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1961 II (1961-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Roman Dornaku Olaetxea

bataiatzerakoan

Aita Roman Maria de Bera

fraidetzerakoan

(1878-1959)

 

Fernando Artola, Bordari

 

Larrea'ko olerki-jaian irakurritako itzaldia

 

                                «Jaungoikoa ta sentire cum ECCLESIA»

                                BERA'tar Erramun Maria Aba (O.F.M. )

 

 

        Mesedetxo bat eskatzen dizut; Itzaldi bat ogei minutu geienik; AITA BERA zenaz...

        Mesedetxo ori eskatu ditana, Aita ONAINDIA dela igerriko zenioten, eta gogo onez etorri naizela lantxo ori betetzera esan bearrik ez dago.

        Nere solasaldia, ordea, ez bait-nago oitua, agian, eskas antzekoa ta gatzik gabekoa arkituko duzute. Ori ez da izango gaiaren errua; nere ezjakiñaren, naizen ezereza'rena baizik.

        Alkar ezagutzen degu, bakoitzak zenbat eman dezakegun ongitxo dakigu; beraz, zuen baimenarekin eta begirapen anaikorraren baitan... esan dezadan.

        Ondarribitarra naizenez eta Irugarrendarra, begikoak, oso begikoak ditut Aita Kaputxiñoak. Gure uri politean, «Amute» deritzan etxaidean dagozte aspalditik finkatuak. Komentu onetan igaro zitun bere azken urteak Aita Erroman'ek. Komentu onetan iltzan, eta ego aldetik dagon «kanposantu» txiki ta apaiñean dago obiratua.

        Beraz Aita Erroman'en aztarnak eta urratsak jaso ta biltzeko aukera ba-neukan; etxetik urbil, iturri ugaria.

        Eta aintzina jarraitu baño leen esan dezadan atea jo bezin laister, lau oñetan jarri zaizkidala neri laguntze arren, bertako «fraide» guziak. Eta guzien itzai... ain gurea dugun Pingliang'ko gotzai agurgarria, Aita Gregorio Larrañaga Jauna. Bidean guzien ezkeroz artu bitzate nere eskerrik beroenak.

        Nola ikuitu didaten biotza buruñurdun maiteak. Nere esku pekataritan ez dizkate ba utzi Aita Erroman'en eskutitz eta gañerakoak!

        Etxe-barruko arazoak «trapu zaar eta berri» etxerako obe izan oi dira; ta «komentu» barrukoak... onetxek bai... komenturako!! Alaere oriek ola dira larik, Bordari'ri konfiantza eginez, naroan eman diote aal zuten guzia. Konfiantza ori merezi nuela entzun nai dut bigarko egunean, buruñurdun maiteen aotik. Ba, Aita Erroman Maria Bera'koak, badu gizatar guziak bezala giñar ondoan urdai, bere txuk eta gain, bere... ixo nadin; arrixkua litzake « komentu» barruko zenbait gaztain kolorezko oial-naiz artako emen giro izan-aizeztatzea. Ori bai, ogei minutu baño geiago bearko nituke XABIER Donearekin berdintzen duten «Aita Santu» onen bizitza zueri azaltzeko...

        Ainbestekoa du gaia! Beraz, laburtu bearren nago. Ia nola tipitzen dudan ain gauz aundia, obeto esateko, ain gauz luzea.

 

        JUAN MARIA ROMAN DORNAKU OLAETXEA, Vera de Bidasoa deritzan erri txukunean —Larrun mendiaren saietsean— jaio zan Dagonillak 9 zituela, 1878 garren urtean. Nik ez dut «izarriztietan» federik. Neretzat «Zodiaco»'ren ezaugarriak... utsaren urrenak dire; baiña gure AitaErroman «LEOIA»'ren babesean jaioa degu ta... ez dakit zer pentsa, ene emaztea ere egun berekoa duzute, ain xuxen ta... nola Aita Bera leoi bat zen, eta nere andreak ere genio bizia duen ba... «izar-mordoak» zerbait itzal egiten digutela sinisten asia nazute.

        Goizeko ordubitan jaio zan, gau epelaren seaskan. Bederatzi ordu barru, goizeko amaiketan bataiatu zuten. Elizako txolarrea izango zanak, goiz, nai zituen egin zeru bideko arazoak.

 

        Aita: ANTONIO DORNAKU MIGUELPEREZENA.

        Ama: DIONISIA OLAETXEA ANSALAS.

        Paidiñ-maidiñak (gure errian esaten dan bezala) bere osa-izebak: Felix Dornaku eta Karmen Olaetxea.

        Aita Bera'ren aita, eortzaillea zenuten (sepulturerua), bere izen goitia, gero ikusiko dugun bezela, zeukana. Amaika aurretatik txikiena izan zan Aita Roman. Garai artan bizi-modua merke bazan ere, aitak nai bezela ezin azi ta Mixerikordi'ra eraman zuen Erromantxo txikia. Leize batean utzi zun aitak semetxoa, erakutsi naiez bizkurririk etzeukala semea azitzeko. Ama illa zeukan ordurako.

        Gure mutilla, Bera'ko Mixerikordian eta Deun Estebe'ren Elizaren babesean azi zan. Monaguillo izandua duzute, ta, bere idazkitan agertzen danez, arteka aitari laguntzen ibillia. Aurtzaroan, erri txikitako mutiko guziak bezelako bizimodua egingo zuela-ta nago; txori-kabiak arrapatu; «patagainka» jostatzen ibilli; «erramu-xirika» beste batzutan; «gordeteka» noiz nai... eskolara xintxo-xintxo juaten dela.

        Don Pedro Etxarri, Bera'ko apaiz Jaunarenean eta bertako Eskolapio'etan jantzi zun aur-soiña, jakituriz.

        Nola mutil argia den, Don Pedro'k, Seminario bidean jarri nai du; Erromantxok, Lekarotz'ko fraidien berri badu ta arako du joera.

        Amalau urte ta egun batekin, beraz Dagonillaren 10'ean, 1892'gn; orratx nun dugun buruñurdun izateko asmotan.

        Jantzia, andik lau urtera Deunoro egunean artuko du (1.11.1896), izena'ri MARIA erantsiaz. Dakizutenez, lekaideak izena aldatu oi dute praille-bidea artzerakoan; garai artan debekatua zegon Jaurlarien aginduz. Fray Roman Maria de Bera, autatu ta gelditu zitzaion betiko.

        Emen gauzatzo bat argitu bearrean arkitzen naiz; berak uste ez bazuen ere, Maria izen eder ori leenagotik bai zeukala. Bataioko agirian Roman'ek Juan Maria du aurretik.

        Lekarotz'tik, 1889'gn, El Pardo'ra juntzan ikaskizunak, teologia batez ere, ikastera. Aldi onetan ipiñi zitun izkuntz-zaletasunaren oiñarriak.

 

PROFESA-Iru eskañitzak

Beartasuna.

Esagintasuna

ta

Garbitasuna.

Jorraillak 23 zitula, 1901'gn.

        Onela mintzatuko zitzaigun, gutxi-gora bera, praille gaztea.

 

                Praille nai nuke bizi,

                Praille gura dut izan;

                Gizadiari dana

                Zuk bezela eman.

                Mundu onetan bizi

                Deun Prantzisko gisan.

                Ar nazazu, Yainkoa,

                Praille zure Elizan.

 

        Fraidetua zana, apeztu egiten zaigu illabete gutxi barru.

 

                Fraidetua nintzan, orai naiz apezten;

                Gauz obeagorik ez dut uste bait den,

                Ondasunak utzi orokar mintzoan,

                Esanak beteaz egipen zintzoan,

                Lagun urkoarentzat eskeñiz naizeno,

                Bidali bezela Kristo dut izena.

                                  * * *

                Begi biak parrez, irriparrez aua,

                Biotz-garbi izpiak; barrego su ua!

 

        Orratx apaiz, gure Aita Bera. Loraillak 15 ditu. Deun Isidro eguna. Ogeigarren gizaldia asitako urtean.

        Apaiz egin ta bereala izendatzen diote —aste berean— Filipinas ugartea. Oi dan bezela, errira «Meza Berria» ematera etorri zan.

        Amar urte erritik kanpoan egin bait-zitun, bitarte onetan aita il egin zitzaion; aita gizagaixoa eortzaille ezik erortzaille izan bide-zan, apurño bat; txurruta maite; alegia; ba, bere jatorria etzun ukatu nai Apaiz berriak; Ofertorio aurretik itzlari ona bezin esker oneko semea zela adierazi naiez, onela asi zun sermoia: «Beratarrak; ni Mallonbre'ren semea nazute». «Mallonbre» aitaren izen goitia. «Mallonbre», moxkorra. Onatx, «Mallonbre»'ren Erramuntxo apeztua.

        Onatx, diot nik ere, Aita Bera nola, agertzen zaigun aski gazte ukuaren kontrako. Egiak egi, zirt eta zort egingo du —zeru bidean beti— amaika buruauste emanaz bere nagusiei. Nagusiak, izuak, bildurtiak dire askotan... (So, Bordari). Zuurtasuna koldarkeriarekin naasten dute, au pekatu ez balitz bezela (Bordari, so)... Bai, Aita Bera'k bere izakeraren oarkun berezia orixe du: Lotsik ez zernaitarako. (Lotsik ez, onerako jakiña).

 

        MIXIOLARI

        Ogeigarren gizaldiarekin batean asi zun mixiogintza. Manila, Sariaya, Corregidor eta ainbat erritan. Leenbiziko bolada onetan zortzi urte egin zitun. Inglesa, lenago apur bat ikasia zuena, menderatu zun zearo, eta tagalog izkuntza ondo ikasi; bi izkuntzetan irakasle biurtu arte.

        Tagalog izkuntzan gure AMA izenak AITA esan nai omen du. Ura, ardua bada —lege berean— ez dabiltza gaizki aieka aietan.

        Aldi onetan mixiolari sutsu ta gartsua izandu zan gure praille gaztea; langille porrukatua; erririk erri mixiogintzan, sasi-eskontzak zuzentzen, fedea sendotzen, sasi-uzkurtzak, «aglipayo», batez ere, astintzen eta zatitzen... beti mixiolari.

        Mixioak izan oi dituzte beren artu-emanak eta 1907'gn, Aita Kaputxino Katalanarrei eskeñi zieten lurralde ua. Bertakoak euskaldunak naiago bazituzten ere. 1915 arte ez dute berriz beren eskutan artuko Kantabria ta Naparroako buruñurdunak, alderdi ua.

 

        IRUÑAN

        1908'gn. Iruñara etorri zitzaigun, eta lengo lepotik burua, egiak egi, mingañian oztopotzik ez, idiak eta asto beltxenak kulpitotik esan zitulako (Politika gaia etzan), ondo lotuta, Aragoi'ko Hijar'en txokoratu zuten leoi gaztea.

        «Bertan goxo» esan da —nagusien esanak era bat betetzen zekiena zen— euskera sakontzen asi zen. Eta urte berean! lan egin zuen arraio pola!

        Euskel-Iztegitxua argitaratu zuen. Bi zatitan. A tik L. 1909'gn. Gero 1911'n M. tik Vra.

        Euskel-Iztiya (Gramatika're garai ortakoa duzute, 1909'koa. Ollendorf, alemana'ren joeraz egiña). Bizkaieraz ere argitaratu zuen gauza bera.

        Gero 1916'gn. Lopez-Mendizabal'dar Ixaka'k-en,- euskel-erderaz iratxiaz, gaur egunean, besterik etzan, guziok esku artean darabilkigun Iztegiya —bein baiño geiagotan argitaratu dana— osatuko digu leenbiziko Euskel-Iztegitxu arekin.

        Iztegiarekin ere izandu zitun bere goraberatxuak. Aita Manuel Arriandiaga (M. B. S.)'k itz zerrenda bat utzi... ta gure Aita Roman'ek berak bezela argitaratu. Geroxeago eskutitz batean irakurri dugu:

        «Barkazioa eskatzen diot bere librua saldu nuelako. Eta nere Iztegia darabilkiten guzioi —millaka asko— eskatzen diet, Aita Gure bat oroitzeko «a este plagiario». Illea ondotxo artzen zekien oietakoa zan gure Aita Bera. Denbora onetan Euskal-Esnaleak eratutako sariketa batzutan, ipui eta olerki sariak irabazi zitun. «Euskal-Erria'ren alde»'n berriz ere lan asko argitaratu. Laburra dalako irakurriko dut, Hijar'etik, Euskal-Esnalera igorritako olerkitxo au.

 

                GOGUA EGAZKA

 

                Ura beti amilka

                Uxaso aldera

                iñon gelditu gabe

                dijoan bezala,

                ala nere gogua

                lurrez aspertua

                egazka dijoakit

                Iaungoikua gana.

 

                        Bera'tar E. Aba

 

        Ez nijoa ni emen beratar zintzo ta jator onen lan guziak lerroan ipintzera. Lan aundia litzake, eta lanez itopean dabillenak ez dizu aste betean onelako bilduma osatuko. Norbaitek, denbora geiagokin, agian, egingo du noizbait. Lan ederra litzake.

 

        GUAM

        1914-1918 bitarteko guda bizi-bizia sugarretan zegola, Aleman mixiolariak etzituten gogoko Guam aldian. Carolina ugartetatik berezita, Eliz berruti berria izendatu zuen Erroma'ko Aita Santuak, Guam.

        Aita Roman goxo-goxoa ez izan arren edozein nagusirentzat, nola ingleses zekian eta erraztasun aundia izkuntz berriak ikasteko, Olaiz zeritzan gotzaiak, Bera'ko praille bedeinkatu ua, bear zuela adierazi zien anaidiko nagusiei, eta 1915'ean araxe jun zitzaigun. Bertan 26 urte!! egingo ditu mixiolari.

        Esan dezakegu bere bizitzatan zatirik onena ugarte onetan utzi zuela. Zenbat bataio! Zenbat sermoi! Protestantien aurka eztabaida bizian bein baiño geiagotan ibilli zan. Chamorroa, Guam'eko izkuntza, poltxikoan sartu zuen. Izkuntz onetan, leenbiziko Iztegia ta Iztia berak antolatu zituen; geroztik eskola guzitan darabilkitena. Eunka «nebena», liburu aunitz itzuli zitun Chamorro'ra. Eleiz berriak eraiki... Ugarte guzian oso ezaguna zen; oso maitea, bildur bazioten ere batzutan. Zuzentasunari oldartzen zekien batez ere. Trumoia zirudin, noski, batzutan, kulpitoan. Aita Erroman'ek bazirudin Idazteunatik artutako igarle bizardun aietako bat; Natan adibidez. «Zu zera gizon ori!»... esaten bait-zekien. Edo ta Itun Berriko Pablo Donea bezelaxe... Jaungoikoaren beldur zeratenak, entzun!... ua ere urritiko atzerritarren bidalia bait-zen. Arrika bein baiño geiagotan eman zioten. Kulpitora azkenian bota zizkaten arri-koskorrak. Erailko ezpazuten labainka, gordeta euki zuten gudariak. Guam'en bero aundia egiten du. Iru aldiz egunez eta beste ainbeste aldiz gauaz uretan sartu bear izaten zuen. Egunero bi-ezpa-iru eritegi ikertzen zituen, bertako gaxoei poz eman asmoz.

        1918'gn, arako grippe ikaragarri ua ere, ala bearrez, sartu zan Guam'en. Milla baiño geiago lagundu zitun ongi iltzen. Baita ere U. S. S.'ko Kongresoak berebiziko medalla eman orregatik. Beste izurri bildurgarri batean egunoro 120 tik 140 bitartean iltzen ziran bere besoetan. Kantu lanean ere gogor ibillia zenuten. Amaika (amar eta bat) (Meza «liturgikak» esaten du berak), erakutsi zizkien abesten ango gazteeri. 358 ez bat gutxiago, abesti desberdiñ ere bai; oetatik euskel-abesti asko, itzak chamorro'ra biurtuaz.

        Egunero euskeraz otoitz egiten du oeratzerakoan; ta Bera'ko Liberal eta Karlista'k ez ditu aantziko bere otoitzetan. Pio Baroja ere Eliz orokarrera biurtu zedin asko eskatzen omen zun. Bera'n bizitzen baitzan ospe aundiko gizon au. Aita Villalonga Josulaguna, an izandu zen, Eliz Ama Santa'ren aginduz; eta Guam'eko Misioa, mundu guzikoen eredutzat artu bear zela eskatu zun.

        «Zatozte onerat, mixiolari gazteok, bazeok nun lan egin! esan oi zun bere biotz barruko indar ua kutsutu naiean. Kristok ez dik esan:

        «Docete omnes gentes», «Praedicate Evangelium omni crciaturae» baizik.

        «Gorra natxiok, baiña oraindik izkuntz ugarietan mintzatzen nauk Jaungoikoaren alde. Jaungoikoa ta sentire cum Ecelesia», esaten zuen bein baiño geiagotan bere idazkitan. Idazkiak, erderaz egiten ditu, arteka itz euskaldunak sartuaz. «Cuánto mas quisiera escribir en mi lengua, como antes lo hacia, pero me han prohibido por santa obediencia. En Euskal-Esnalea publiqué mi Aritmética y Geografía, donde gané el primer premio por tres veces. Colaboraba en Euskal-Erria y en Euzkadi»; orain «quomodo silet». Pero nada me cuesta obedecer!! (zer gauz ederra). Estoy «ligatis pedibus et manibus». «Idazteuna euskeratzeko agindu zidaten. Lan aundirik gabe egin nezakean; itzuli ere egin nuen ez gutxi ta bai asko; baiña Aita Iraizoz'ek irabazten ditela igarri diot eta... egin bezate nik baiño obeto egin dezaketenak. Ori esan nieten agindu zidatenai». Onela zion bere eskutitz batean. O, Euskal Erri gaxoa, zu bakarra izango zera munduan ezetsia; bertakoai bere izkuntzan egiten ez zaion erria. Guk emengoa, bai; or, euskeraz ez. Ezagutu nuen Donesteben (Naparroa) apez bat, bertan 17 urte zeramazkiena: etzuen euskeraz ikasi ta berak zionez ikasi nahi ez!!».

        Bai. Euskal-Erria maite zuen. Baita Bera bere jaioterria ere. Sakutxu batean bertako lur mordoxka bat iduki oi zun misio denbora guzian. Arteka, lorontzi batzutan apur bat ipintzen zuela. Oso biotz berako gizona zan.

        Eta ez nuke beñere amaituko. «Predico en ingles, euskeraz balitz» esaten du bestean.

        17 izkuntza ba-zekizkien. Berak esaten du idazki batean. Egunoro 5 erabiltzen zitun. Nik amabost lerratu ditut. Onatx: Euskera. Castellano. Frances. Ingles. Latin. Griego. Hebreo. Italiano. Aleman. Chamorro. Tagalog. Bikol. Pangasinan. Pampango eta Japonesa. Azkeneko au, japonesak, Filipinas'en azkeneko gudatean izandu ziranean.

        Izkuntz orietan, geienetan beintzat bai, Iztegia ta Iztia eratu zitun. Dana Jaungoikoarentzat! «Chamorroa, errexa, aberatsa ta ederra da», dio. Eun bat liburu ta liburuxka baditu airgitaratuak. Santa Teresita'ri onela otoitzen dio: «Egizkidazu 100.000 marauris, or apaletan dituten 160 liburuxka oriek argitaratu ditzadan!»

        Norbaitek libru zenbaiten izenak nahi baditu, aski du, Aita Felipe de Fuenterrabia'k egindako Ensayo Bibliografico num. 510-592, begiratzea. AGUR!

 

        GUAM!

        1941'gn. Dakigunez, oso ondo gaiñera, beste gerrate izugarri batek naastu zun ludi guzia.

        Amerikarrak, Guam'en etzuten atzerritarrik ikusi nahi. (Ondo zeok, e!). Aitzaki ta maitzaki, anka egin izan bear zuten Kantabriako buruñurdunak. Azken arte iru bakarrik gelditu ziran. Aita Olano Gotzaia, Bedoña'ko Frai Jesus eta Aita Erroman.

        Iraillak 6, 1941'gn. Guam utzi ta, bigarrengo aldiz, Filipinas'ko ugartean ikusiko degu Aita Bera. Amaika itzulipurdi ibilliko ditu oraindik ere, ordea. Japonesen mendean, guda zorrotza gaiñean, naiz zaarra izan, onenak emana, ala ere ereintz lanean jardungo du, adoretsu bezin kementsu. Noizbait, oso larri ibilli ondoren, eriotza urreago ezin, gaizkatu dute Filipinas Amerikarrak. Geroxeago San Miguel de Tarlac'eko erretoreari laguntzen jarraituko du bere mixio lanean, beti idazlari, beti izlari, beti liburuxkak egiten...

 

        EUSKALERRIRA

        Aita nagusiak, aski duela adierazten diote ta, zaartua, zearo gortua, sortaldeko lurrak unatua, zeukan dena Jaungoikoari eman ondorean, berriz Euskal-Errira dator. Pamplona'ra arratsean iritxia, urrengo egunean pulpitora igo nahi du, zetatsu, noski, bere barru su ua eskeñi naiez, Iruñako kristauei.

        Asieran bezelaxe diot. Ondarribi'ko erri panpiñean badute buruñurdunak komentu agitz bildua. Fraideak aguretzean bertan kokatzen dira goxo-goxo. Aguretu zaigu Aita Erramun; eta onat emen berak egindako olerki xamur ezti bat, ainbat aldiz ene gaztaroan (erriak abestutzen bait-du) entzuna, Atsoa deritzana, baiña Atsoa ta agure; agure ta atsoa ez al dira berdintsu?

 

 

                ATSOA

 

                Gogoa xutik daukat,

                ez zait zartu, noski;

                baiña gorputz kankarrak

                ez du nai ibilli.

 

                Uztai-makur galanta

                bularretik goiti,

                Jaungoikoari agurka

                nagola dirudi.

 

                Lenago gazte nintzan,

                gaur ordea zarra;

                musua zimur zimel,

                begian nigarra.

 

                Koloka gelditu zait

                unen ortz bakarra:

                ortik ezagutzen da

                urtien indarra.

 

                Makotu zait biziki

                musuko sudurra

                baita ere okertu

                letagin ezurra.

 

                Biok batu ezkero,

                aren naiz beldurra

                atziko dizkidaten

                ao ta zintzurra.

 

                        Bera'tar E. M. Aba. (Gernika, 1953)

 

        Olerkitxo joria ta ederra, oso irudikorra.

        Ementxe dakusgu bere azken aldiko argazkia bere Ondarribiko egonaldiaren portreta. Uztai galanta, musua ximur-ximel, sudurra makotua... urtien indarra.

        Ondarribiko komentuan ere, lanari egingo dio. Bide batez, lekaide zintzo ta ona bezela, bere lagunentzat eredu bizi-bizi ta on bat baiño ez da izango.

        Meza Santua, arreta aundiz, debotki emango du. Anaidiaren Araudia utsik batere gabe, naiz eta berak ez beartu, guzi-guzia beteko du azken arteraño.

        Egia esan, ori bai, gure mendietako burni ta galtzairu berak baiño gogorragoko osasuna zeukan. Dena ona zan beretzat! Dena gutxi Jaungoikoarentzat! Inglesa erakusten asiko da ondarribitar gazte talde bateri; begietatik sua bazerion gazte denboretan, orain begiratze argitsu batekin ikusiko degu. Batean, Ondarribiko Aita nagusiak, lagundu zion Lapurdira, bere lengusu bat ikertu asmoz. Negua zan eta ain xuxen leenbiziko elurra urte artan mara-mara, zeru goitik. Zer zoriona Aita Roman'entzat! Ogeita amabots urte, elurrik etzuela ikusi! Erdi-oñutsik praille ona bezela zegoana, oñutsik jarri zan elurra nabaitu sentitzeko, zanpaturikan oiñez. Eskutan, bi eskutan artu ta «patena» litzakean bezela, Zeruko Jaungoikoari eskeiñi, olerkiak bertan asmatuaz, abots indarrean abestuaz. Mugondoko gertakizuna duzute au; aoa xabalik bertako «Gendarmiak» eta «Douanierak»...

        Zein ero ote zan orla dantzari elurretan, eta elurrarekin jostari! Etzegoan erotuta ez gure praillea. Txoriakin jardunean ibiltzen zan noiz-nai, ogi papurtxoak eskeñiaz. Asis'ko Prantzisko Santua bezela beraiakin jostari, loretxoak, basa-lore apalak esku artean kontu-kontari. Musikari ona zanez, txistulariak begikoak zituen eta egunero egunero kanposantura arratsaldeko seiretan bere bizitatxoa egingo zuen, Aita gurea otoituaz ixillean baiño gogotik. Bein baiño geiagotan izan nitun berarekin jardun aldiak. Batian, nere olerkitxo batzuek erakutsi nizkion. «Zu, bai, zu, olerkaria», esan zidan lozintxa bearrez. 1954'gn urtea zan. Zarautz'ko Frantziskotarrak Sariketa bat antolatu zuten, Amabirjiñaren urtea zela-ta.

        Nere lantxoa erakutsi nion; (bigarren saria eman zidaten; Aita Gandiaga'k irabazi zuen lenengoa). «Zu, ni baiño olerkari askoz obea zera»; berriz ere apalki; ez naiz ordea onera etorria nitzaz itz egitara. Berak sariketa artarako Andre Maria'ren Bizitza moldatu zuen, 400 zortzikotan. Lan ugaria, izugarria 76 urteko mixiolari agure batentzako. Nik nola edo ala lan areri aipamen bat bederen emango nion, bai banekin zeñena zen. «Orixe» zale porrokatua zenuten. Batean, berak oitura zuen bezela, anei biderik egin gabe, onela esan zidan, zeatz, garbi, kementsu, ukobil muturra itxiaz: «Orixe'k dena daki!»

        Denbora aurrera dijoa eta ez dut luzatu bear, aspergarri gertatu ez nadin. Beste aldetik lanak oinperatua bizi naiz eta eztut izan bear aiña astirik, ene lantxo au goxatu eta obeagotutzeko.

        Bere Euskel lanik egokiena Iztegia izango da, noski. Arerio aundiak dituala badakit; neretzat oso kutuna izandu da. Or-konpon! Olerkaria zan, baiña bere garaikoa. Lizardi, Lauaxeta ta Loramendi'k, illen izenak bakarrik aipatzeagatik, beste bideak ireki zizkiguten. Nik uste, ugaritasuna zuala ezaugarririk aundiena, sekula agortuko etzan iturria. Aita Erramun Berakoa, Guam'era juan bearrian emen gelditu ba'zan, eta azkatasuna izan euskel lanetarako, nere iritxiz, gaur gure gizon aundiena izango zan milla gauzetan.

        Gure errian esaten dan bezela, «Burua fan, Anka fan». Orixe gertatu zitzaion. Santu bat egiña bizitu zan azkeneko denboratan, gor eta baldar: onelaxe ikusiketu dut bein baiño geiagotan Jaun artzera urreratzen.

        Datorren 26'ean bere eriotzaren urte betetzea. Kaputxiñoak euren Boletin'ean gorasarre aundia egin zioten. Eccleisia'k (5.3-1960) argazki ta guzi laudatu zuen. Eortze-egunetan El Diario Vasco'k, La Voz de España eta Irratiak itz egin zuten; gutxisko, baiño ondo.

        Biografi bat merezi luke; nik uste, giroa datorrenean eginen diotela bere anaidiko lagunak. Ezta lan txikia izanen. Etzuen nai gorasarrerik bizi zen arteño. «Nemini laudes usque ad morten», illen konpletak abestu ta gero... « Berriketariak nigatik gauz aundiak esango dituzte; beti bezela gezurrak goienak. Baiña gezur oriek gustagarri zaizkigu. Neri bai beintzat». Naizen berriketariak... gezurrik ez du esan.

        Bere eortzeko Elizkizunetan izateko zoriona izan nuen. Obiratzerakoan an nitzen...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.