L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1961 III (1961-uztaila/iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Enearena

 

Bergili

euskaratzailea: Otarri

 

VI. Kantua

 

MUIÑA: Enea'k eta Sibila'k eskeiñi zuten oparia; su-lezetar jainkoeri dei, ifernuko atarian bertan.— Sarrerako bidutziak; Kozit ibaia: Karonte txanelzaia.— Palinur eortzi gabearen arima; italiar erriak nolako jaureskundez pakeraziko duten.— Urrezko abarraren lillura-indarra; Zerber Zakurraren loa.— Sulezeko berein bizitegi; aurrak eta neskatx garbiak, eriotz bidegabekora egotziak; norbere buru-erailleak; maiteminduen mirtu-oiana. Dido'kin topoz. Deipob itsusi zauritua.— Su-leze ta bertan oiñazetzen diranak; gezur-jainkotiar gaizkiñak. Enea'k, su-lezeko agintari nagusien ateetan josten du urrezko abarra.

 

Egiteko auek amaitutakoan, Sibila'k esana betetzen du azkarki. Ba-zan aitzulo sakon bat, ao zabal izugarrizkoa, arkaitz bizian, zingira beltzez ta zugaitz itzalez zaindua; aren gaiñetik ez zan egaztirik egan azartzen, ezta egoz biderik iriki ere zigor gabe: ainbestekoa bait-zan, aren zintzur illunetik atera ta zeru gingaraiño igotzen zan atsa; (gerkarrak origatik, Suleze izena eman zioten toki areri ).

        An jartzen ditu lenbizi (Enea'k) lau zekor bizkar beltz, ta jaupalemeak ardoa ixurtzen du oparo aien bekoki gain; ta adar erditik zurda-kimuak ebakirik, su sagaratuetan ipintzen ditu, len-opagai bezela, deadar baten Ekate zeru ta ifernu altsu danari dei egiñaz. Aiztoak tinkatzen dizkiete beste batzuk azpikaldetik, eta aspil zabaletan artzen dute odol beroa. Enea'k berak zauritzen du ezpataz ille beltzezko axuri-urruza, Eumenitarren amarentzat eta aren aizpa zarenarentzat; ta zuretzat, oi Poroserpiñe!, bei antzu bat. Beingoan gau-opamaiak eraiki Estigitar erregeri ta su-garretan antolatzen ditu zekorren barren osoak, eta aiek su-artzekoan, olioa ixurtzen die joritsu. Baina, ona, eguneko len-argiz, eguzkiaren irtekeran, lurra orroaz asi zan oinpean, ta mendi basotsuetako erpiñak zirkinka; jainkosaren urbil samar, berriz zakur aulilariak ikusi ziran itzaleko bandan igarotzen. «Alde, likiñak, zaudete urrun —dio ikusleak oska—; utz oian au oro. Eta zu jarri bidean, ta atera zorrotik burnia; orain bear duzu, Enea, kemena: orain bular gotor». Auxe bakarrik esanez, asarrekor sartu zan leze irikian; eta Enea, aurrelari zijoanari jarraika urrats ez uzkur.

        Gogoen aginterria daukazuten jainkoak, itzal ixil, Naspil ta Pelegeton, gau mutuan eortzitako toki zabalak: zillegi bekit entzun nitunak azaltzea; aizu bekit, zuen baimenarekin, lurraren sabel sakonean ta illunaren altzoan murgil dauden gauzak argitara ematea!

        Aizarotsu zijoazten itzal zear gauaren bakarrean, Diti'ren jauregi ta erreñu uts utsaletatik: illargi baiezkoagatik, argi kadentsupean, oian zear bidea doan bezelatsu, noski, Japiter'ek ortzia gerizaz jantzi dunean eta gau beltzak gauzeri margoa kendu. Ataurrean bertan, Orko'ren autz lenbizikoetan egokitu zituzten beren etzatokiak, Intziri ta Arreta apentzailleak; antxe bizi dira Geixo laruak, Zartzaro illuna ta Bildurra ta Gosea, onulari txar, eta Urritasun itsusia, itxura izugarriko, eta Erio ta Lana, erabat Loa, Erio'ren senide, ta adiñaren Atsegin gaizkiñak; buruz-buruko atelasan, Gudu eriozko ta Eumenitarren burnizko oeak, ola Liskar zentzungabea, suge-adatsa odolezko lotailluz itsatsita dularik.

        Erdian, zumar itzaltsu ta eskerga batek edatzen ditu bere adar ta beso zarrak; eta auetan, entzute danez, Lo utsalak or-emendik bilduta, kabi dagite, osto bakoitzaren magalpean kukur. Onezaz gaiñera, millaka abere ta pizti-antz izugarri: kentaur'ek dauzkate beren okuilluak ate ondoetan, era biko Eskilak, eta eun besodun Biriareu ta Lerna'ko piztia, orroaka izu, ta Kimere, sugar izkillotua, ta Gorgonak eta Arpiak, eta iru soiñezko itzalaren irudia. Ontan, Enea'k, bat-bateko bildurrez ilotza, ezpatea eskura ta urbilduz zetorkieneri eskeintzen die aren mutur zorrotza; eta bere gidariak, ongi eskolatua, oar-azi ez ba'lu saldo ura bizitz mee ta soingabe ta mamu utsena zala, erasoko zien noski, itzal aiek alperrik zaurituz bere burni-erpiñez.

        Emen asten da Akeront lezetarraren uretara daroan bidea. Loi ta zirimoltsu irakin diraki emen lokazti zabalak, ondar guztia Kezito'n aupasten dunak. Karon untzikari tzarrak jagotzen ditu bertako ibai ta urak, zakar ta zarpiltsu; naasi txirrist dagio papar beera, zuri ta basati, bizarrak; aren begietan suak ñirñir, ta lepoan zintzilik darabil txartes zatartsu bat morapilloz lotua. Aga batekin zuzentzen du ortzia ta aize-oialak zaitu, ta txanel erdoitsuan daramazki gorputzak; zar dalarik ere, jainko onen zartaroa gordin tinkoa duzu. Arengana ta ur-ertzera zioan, ar ta eme, arima talde ixuri dana, ta gizuren bulartsuen gorputz bizi-zurtzak; neska-mutil ezkongeak eta gazte gurasoen begi aurrean su-zendorretan illak: asko ta asko, alegia, udazkeneko len-otzarekin basoetan erortzen diran orri edo-ta ur-txoriak negu latzak itzuri ta luizi billa, mordoetan pillatu ta itxas barrutik lurraldera doazten aiña. Eske zeuden aurrenik igaro naiean, ta leia bizi, eskuak luzatzen zituten urertzaren bestekaldetik. Baiña untzikari illunak orain auek artzen, ondoren aiek; ta besle batzuk ondarretik urrutiratu.

        Enea'k, sor ta lor bait-zegon ango barbaillarekln, ots: «Esaidazu, oi neskatx!, zer dikur ibairuntz doan gogo-talde onek? Zer nai dute? Zerk bereizten ote? Edo zergatik uzten dute auek ur-egala, ta beste aiek zingiraren margula urratu?» Igarleme zarrak au erantzun zion laburki: «Ankise'n seme, jainkoen belauneko ziur: begipean dauzkazunak, Kozito'ko osin sakonak eta Esligi aintzira dituzu; jainkoak ere bildur dira auengatik zin-egiten, ta areago zin egin ezkero, ez betetzen. Dakuskizun gizateri au beartsu ta obira gabeena duzu; ura, Karon eramaillea; urolak daramazkin auek, lu emanak. Ezin baita iñor zirimol zear bestekaldera aldatu, ezurrak aurretiez beren atsedentokia ez baldin ba'dute. Eun urtez emen dabiltza alderrai, izpazter otan zear iraulka. Ordun, azkenik, sartzeko baimena dutela-ta, urleze opatuak arakatzen ditute». Ankise'n semea gelditu zan oiñak sor, adikor ta zoritxar arekin barne-ikutua. An ezagutzen ditu, goibel ta eriotz-ospe gabe, Leukaspi ta Likitarren ontzi-buru Oronte, itxas aizetsuetan barna Troia'tik berakin batean zetoztela, ur nasian, ontzi ta gizaki, iparrak ondatu zitunak noski.

        Eta ona Palinur untzi-zaia, oraintsu Libi'tik zearko txangoan, izarrak begira zegola, txopatik erori ta uin artean murgildu zana. Zorigaiztokoa itzal betean ikusi duneko, onan itz dagio aurrenik: «Jainkoetan zeiñek, Palinur, guregandik atera ta kresal erdian pulunpatu zindun? Mintza zaitez azkarki, Apol'ek bada, len iñoiz iruzurrik idoro ez nion oni, erantzun onekin bakar-bakarrik, ixeka egin zidan, zu itxasoan gaitz gabe izango ziñala ta azkenik ausonitar lurralde joko zenula ta, ene barnea lillurazi zunean. Au al da, beraz, itz emana betetzea?» Arek, ordea: «Etzidea joko zenula ta, ene barnea lillurazi zunean. Au kisetarren lendakari, ezta ni ere enindun jainkoren batek uretan ondatu; neronek, egin-egiñean ere, zaitzen nuen endaitza ustekabean indar larregiz atera ta, ari baitnengon lotua ibillia zuzentzeko, nerekin eraman nuen erortzerakoan. Itxas latz auengatik zin dagitzut, ez nun izan ainbeste bildur neraugatik, zure ontzia, endaitzik ez ta zaitzaille gabe, jeikitzen ziran baga ta olatu ikaragarriak iruntsiko ote zuten baiño. Iru ekaitz-gauz erabilli nindun itxasoak ara ta ona ur-aize-erakutsi zakarrean; laugarren egunean, ozta-ozta ikusi al izan nun Itali, olatu aundi baten bizkarrean aztalka. Nekearen nekez, baiña lurrerantza niñoan igeri, ta iritxia nintzan ia toki seguruetara, jantzi bustiekin astun ta mendi bateko buru latzei esku makurrez oraturik nengola, jendeki anker gordiñak, arrapakin uste izanik, burniekin eraso ez ba'ninduten. Orain itxasoak nauka ta aizeak zirimoltzen naute ondartz-egalean. Au dala-ta, zeru-argi atsegiñ ta aizeakaitik, zeure aitarren, ta aziaz doan Jul itxaropentsuarren, otoi, atera nazazu, azpiratu gabe orrek, gaitz auetatik; edo, obeki, al duzun ezkero, zoaz Belin kaira ta egotzi lurra ene gorpu gain, edo, bideren bat baldin ba'da, zure ama jainkosak bateren bat erakutsi ba'dizu (ez dut uste, jainkoen ontarte berarizkoz ezik, onelako ibaiak iragan ta Estigi zingiraz ibiltea erabakiko zenunik), eman zure eskubia gaixo oneri ta eraman nazazu kresal zear zerorrekin, egoitz atseginkorrak noizbait ere erio-atsedena ekar dezadaten».

        Eta ark amaitu ala,, jaupalemea asi zan onela: «Nondik datorkizu, Palinur, irrits anker ori? Ikusiko ote zuk, eortz-gabe, Estigi'ko urak eta Eumenitarren ibai lazgarria, edo-ta, jainkoen baiezko gabe, ibaiaren bestekaldea artu? Ez uste izan, arrenga, jainkoen erabakiak makur-azterik; baiña sar gogoan esanok, zuri gertatuaren pozbide bezela. Jakizu, izan ere, zure auzoko erriak, goi-gertakariz asaldaturik, ur ta urrutiko uri aundietan, garbi-ordainketaz ibituko ditutela zure ezurrak, eta obi bat eraikirik, bertan jaiak ipiñi ta ospatu, ta endereza ari Palinur izena emango diotela menderen mende». Esan okin uxatu zitzaizkion barne-inkak, une batean beintzat, baita biotz itunetik naigabea egotzi ere: pozik da lurraren izengoitiaz.

        Ba-doazi, bada, asitako bidean barna, ibaira urbilduaz; untzikariak bertatik, estigiar uretan zegola, oian ixil zear ur ertzera zijoaztela ikusirik, akar-uts oldartu zitzae onan: «Zerana zerala, izkilluz gure ibaietara zatozen ori, esaidazu laster nor zaitudan ta zertan zatozen; geldi or urratsak. Itzal-tokia duzu au, Loarena ta Gau lo-erazlearena: Oben dut bizien gorputzak estigiar untzian igarotzea. Ezta ez nintzan ni poz izan Alkide etorri zanean, au aintziran artu nulako, ezta Teseu ta Piritoo ere, naiz-ta jainkoz sortuak izan ta indarrez garai-eziñak. Arek katepetu zun sulezeko zaia ta, bere eskuz, bakaldun berberaren aulki azpitik erauzirik, beregana narrastu soin-dar-dar; auek Diti'ren emaztea jalgi-azi nai izan zuten bere ezkont-oetik». Oni erantsita, erantzun-zur, ikusle anprisitarrak esan zion laburzki: «Ez duzu emen olako atzipe ta malmuzkeririk; etzaite, beraz, kezkatu; izkillu auek ere ez dakarte indarkarik: legezko zaio atezain aundiari, bere arpean zaunkaka etengabe, itzal illak izu-eraztea, bai ta Poroserpiñe garbiari ere bere osabaren ataurrea zaitzea. Enea troiarra, onberatsu ta, izkilluz guren, bere aitaren eske jatsi da Erebo'ko itzal barnekoietara. Baiña ainbesteko onberatasunaren irudiak biotz-urtzen ez ba-zaitu ere, ezagun zazu bederen abar au». Ta jantzipean izkuturik zekarren abarra erakusten dio. Bat-batez emarazi zitzaion asarrez puzturiko biotza. Etzun geiago tautik erasi. Bera (Karon ), alabearrezko zortenaren doai gurgarri aspaldidanik ikusi gabeaz lilluraturik, txanel musker-beltzari bira eman ta ur-egira urreratuz zijoan. Aulki luzeetan eserita zeuden arimak andik uxatu ta barruan leku egiñik, Enea aundia artzen du berakin. Aren pixuz intziri egin zun ontzi zingillak, eta, zartaturik, ur asko sartu zitzaion bertan. Azkenez, ezeren kalte gabe, ibaiaren bestekaldera daramazki iragarlemea ta gizurena, erdoka loi-eragean, alaka zuri orlegi artean utzirik.

        Zerber eskergak, aurrez-aurreko bere lezean etzanik, ots zakarrez iñarrosten ditu eskualdeok, iru autzetako zaunkadakin. Iragarlemeak, ari samak sugez kizkurtzen zitzaizkiola ikusiz, ezti ta osakiaziekin gozaturiko opilla botatzen dio. Ark, gose bizitan, iru zintzurrak idekirik, zartadan jaso eskeiñia ta, lurrean etzunik, bizkar neurri-ezak lasaitzen ditu, leze guztia artuaz zatarkiro. Zaia lo zetzala, Enea'k dauka sarrera, ta bizkar igarotzen du itzulgabeko ur-egala.

        Bat-batez, lenengo ataurretik entzun zitun garrasi ta ulu biziak, aurtxoenak noski, egun beltz batek, bizi gozo zuriz, ugatzetik indarrez kendu ta erio mingotsean ondatutakoenak. Auen ondoan, gezurrez egotzitako egipen txar batgatik eriotzara ebatziak. Ezar-lekuok, ala ere, ez zituzten artu zori ta epaikari gabe: Minos azterleak igitzen du atabaka; berak dei egiten die ixillei batzarrera ta aien gaiztakeri ta biziak aztatzen ditu. Auengandik ur samar daude gotillunak ere, ots, errugabe beren eskuz, argia nardagarri zitzaielako, beren buruak il zitutenak. Orain bai opa lituketela, egurats garaian, beartasuna ta lan gogorrak eraman! Baiña, zoriak ez utzi; ta loitegi naskagarriak atxillo dauzka bere ur zurbillean, ta Estigi'k, bederatzi biraz, estutu. Eta emendik ur samar, or-an edatuta, zelai negartiak ageri dira; onela deritzaie. Emen, bidaxka ixil batzuk ezkutatzen ditute maitasun gordiñak bere irrika likitsean urtu zitunak, ingurumari mirtu-oian bat dute gordaillu bezela; eriotzan bertan ere ez ditute uzten beren maite-kezkak. Toki ontan dakusa Pedere ta Dorokri ta Eripile goibela, bere seme biozgearen zauriak erakutsiz, ta Ebadne ta Pasifae; ta aiekin bat doa Laodami, ta Keneu, beiñola gizaki, orain emazteki, zoriak berriz len-irudira itzulia.

        Aien artean Dido peniziarra ere, zauri-berri, arat-onat zebillen oianean barruna; ta Enea troiarrak, arengandik urbil idoro ta itzal illunean, illaren lenbizikoz noski illargia laiño artean bai ikusi ez ikusi antzo, ezagutu zunekoxe, negar-jario, onela itz egin zion maite-goxoki: «A, Dido doakabe!, egia zion aurki illa ziñala ta ezpataz illa esan zidanak? Eta neu izan nintzaizun, ai ene!, erio-zio. Zin dagitzut, oi erregitia!, izar, jainko ta lurraren ondoenean siñisterik baldin ba'da, iñork beartuta laga nula zure izpazterra. Jainko-esanak beartu ninduten ordun agindu utzi-eziñez, orain itzal zear, endereza erdoi lizuntsuz ta gau sakonez narabilten bezela; ez nuen uste sekulan nire joateak ainbesteko samiña sortuko zizunik. Zaude apur bat, ez zakit ain azkar aurretik alde. Norengandik iges?, azkenik mintzatzen nazaizu zori-arauz». Itzokin, negar-ixur, bigun-azi gogo zun Enea'k zearka begiratzen zionaren arima irazekia. Baiña Dido'k, alboraka, lurrean tinko zeuzkan begiak, eta asitako aren itzengatik ez da bat ere biotz-ukitzen, muger latz edo Marpesi'ko atxuri-mukula bai'litzan. Guenean, laster batean andik alde ta, kopetillun, oian itzaltsuan gorde zan; Sikeu len-senarrak emen bait-dio erantzuten maite-kezka-miñetan. Eta Enea, berenez, gertakizun merezi-ezak ikutua, negarretan doakio luzaro, iges doanari erruki dakiola.

        Eta ba-darrai emanean. Jadanik azken-alorretara, gudan ospetsu ziranak bizi diranetara, iritxiak ziran. Emen Tideu datorkio bidera; emen, Partenopeu, izkilluz guren, ta Adrastu zurbillaren illauna; emen, dardanitarrak, gudan erori ta lurbiran oparoki negartuak; guztiok zerrenda luze ikusirik, negar egin zun, negar Glauko'gatik, negar Medonte ta Tersiloko'gatik, negar Antenor'en iru semeengatik, Polipete Kere'ri sagaratuagatik negar Ideu oraindik bere gurdi ta izkilluak dauzkanagatik. Ezker-eskubi arimak urbiltzen zaizkio. Ta ez dute asko bein ikusia, ta laket zaie ura urbildik ta geldiro begiratzea, ara zerk ekarri ote dun jakin naiean. Baiña danaotarren buruzagiak eta Agamenon'en gudari-saillak, gizurena ta aren izkilluak itzalean dizdiz ikusi dituztenekoxe, dardarizutan daude: batzuk iges, beiñola untzietara bezela; beste batzuk, abotsa jasotzen, oso mee; eiagora asia etenik gelditzen da ao irikietan.

        Eta emen ikusten du Deipob, Piriamu'ren semea, soiña txit abarrakitua, ta aurpegia zatarki zauritua, ao ta bi eskuak, soil bere edegiak belarri gabe, ta sudurra oso zauri aalkegarriz puskatua. Ezagutuaz bat, izuak iñarrosi zun, ta bere zauri mingotsak estalirik, ots ezagunez asten zaio beingoan: «Deipob, izkilluz altsu, Teukro'ren leiñargitik etorria, nork artu gogo izan ditu zuregan ain neke gogorrak? Nork zuregan al izan du ainbeste? Aditu nunez, zu, azkenengo gauean, pelasgotar odol-ixurkiaz nekatuta, ilketazko moltzo nasian erori ziñan. Ordun neronek eraiki nun obi uts bat erretear ibar ondoan, ta iru aldiz dei egin nion, aldarrika, zure gogoari. Zure izenak eta izkilluak zaitzen dute toki ura; ezin ikusi izan zindudan, oi lagun!, ezta andik aldetean, aberri-lurra eman ere». Oneri erantzun zien Piriamu-semeak: «Etzenun, oi adiskide!, ezer ere egiteke utzi; Deipob ta aren itzal ilauneri zor zeniena bete zenun osoki. Baiña ene zoriak eta Lakene'n gaitz ilgarriak murgildu ninduten neke auetan; oroigailluok utzi zizkidan ark. Nola igaro gendun azken-gaua iruzurrezko atsegiñetan, ba-dakizu ongi ere; baiña egoki zaigu maiz gogora ekartzea. Zaldi eriozkorra, bere errai-barnean ainbat eta ainbat oiñezko gudari zekartzilla, zapart batez Perganto garaiaren gain etorri zanean, arek, dantza-iduri egiñik, jai-zur zebiltzan prigitarrak zeramazkin biran; erdian, berak zeukan zuzi aundia, ta gaztelu-kukutzetik danaotarrei dei zegien keiñuka. Ordun, arduraz estu ta logalez astun, oe zorigaiztokoak euki nindun, ta, netzadala, lo gozo sakona, erio gozatsu antzekoa jabetu zan nirekin. Tartean, nire emazte zardaiñak, izkillu guztiak atera ditu etxetik, bai ta oe-burutik ene ezpata zintzoa eratxi ere. Menelao'ri dei dagio etxe barnera, ta ateak zabaltzen dizkio, au noski bere maitalearentzat bezuza bikain zalakoan, eta onelan bere gaiztakeri aintziñakoa itzal-aziko zulakoan, alegia. Zer dala-ta luzatu? Arrapataka datoz ene ogera; aiekin zetorren Eoldarra ere, txarkeri auen asmatzaille. Eman beste ainbeste gerkarrei, oi jainkoak!, ao onez zigorra ba'daskatzuet. Baiña, tira, esaidazu zuk, zeuretik, zerk ekarri zaitun, oindiño bizidun, toki ontara. Itxasozoriak zakaz bear bada bultzaka, edo jainkoen deiez? Ala zer zorik beartzen zaitu eguzki gabeko egoitz illun aizarotsuetara etortzeko?» Onako galde-erantzunetan ari ziralarik, Eguantzak, bere zaldi zuri-gorrietan, egiña zun orduko bere ortzi-ibillaldi erdia, ta, ontan emango zuketen alegia emandako epe osoa; baiña Sibila lagunak aolkatu ta esan zion laburki: «Gaua eroriz doa, Enea; ta gu negarrez, orduak eralgiz. Au duzu bidea zati bitan banatzen dan lekua: eskubikoa, Diti aundiaren jauregi azpitik doana da, gu Eliseu'ra garamazkikena; ezkerrekoak, aldiz, gaizkiñen nekeak areagotu ta atzenez Tartar errukigabera bialtzen ditu». Deipob'ek bere aldez: «Etzaite aserratu, jaupaleme guren; alde egingo dut, ta itzal-zenbakia osotuko, aien arteraturik. Zoaz, gure dirdai, zoaz; ta adur obeak babes ditzazula». Etzun besterik esan, ta itzetik ortzera aienatua zan.

        Enea'k gero, begiratu bat emanik, ezkerreko arkaitz-pean, iri aundia dakus, muru irukoitzez esitua; ibai laster Pelegeton leizetarrak inguratzen du gar ixetu ta narras daramazkin arri-mokor iskanbiltsuekin. Aurrez-aurre dauka ate eskerga, burni urtuzko zutoinduna, ez lurtar ez zerutar, indarrez ere ez ditzaten lur jo erazi. Zutik dago goi zear dorre bat, burnizkoa au ere; ta, eserita, Tisipone, soingaiñeko odolduz gerrizkatua, atalondoa zaitzen dula gau ta egun, lorik gabe. Emendik aditzen ziran zinkurin garratzak, eta zigorketa miñen aiotsak, burni-txirrioak eta kate narraztuen zaratak. Gelditu zan Enea, ta sor-lor aditu zun ots txundigarri ura: «Nolako gaitzak auek? Esaidazu, oi neskatx! Ta nola nekerazten ote? Zer ote gora dijoan garrasi neurtu-gaitz ori?» igarlemeak ordun mintzo: «Teukrotarren buruzagi garbal, zintzo bateri ere ez zaio zillegi gaiztoen ate: lasa zapaltzea; baiña, Ekate'k sulezeko oianen nagusi jarri nindunean, berberak jakin-azi zizkidan jainkoen zigorrak, toki auetan zear nerabildala. Erradamant gnositarrak du erreinu latz auetako ardura; maltzurkeriak entzun ta zigortzen ditu, bai ta aitor eragin ere an goian jauki zitun erruak oro, ixil uts alaikor noski, eriotz azkenerarte ordaintzeke utziak. Bertatik, Tisipone aspertzailleak, idizillez astindu ta lotsarazten ditu errudunak, eta, ezkerrean suge uzu morkillak dauzkalarik, deiez dakazki beren aizpa talde ankerrak ere. Ordun, azkenik, diran bestean zabaltzen dira ate sagaratuak, orpo gain txirriots zakarra dagitela. Badakusazu nolako zaia dagon, ate ondoan eserita? Zer itxura duten ataurre auek? Barruan dauka oraindik uzuago bere egoitza Erensuge biduzti berrogeita amar ai beltz irikidunak. Gero, barnexeago, Tartar bera daukazu, ortzira so Olinpu garaia bi aiña itzalpera barreiatuz. An, Lurreko enda zarra, ots, Erraldoi gazteak, juzturi eratxita, barrenaren ondar-ondarrean iñauldurika. Bai ta an ikusi nitun sointzar batzuk, Aloo'ren bi semeak, zeru goia beren eskuekin urratu ta Jobe bere ortzi-jauregietatik bota nai izan zutenak. An ikusi nun Salmoneu ere, oiñaze gorritan, Jobe'ren sua ta Olinpu'ko dardara alakotzearren. Lau zaldiz eramana, ta zuzi ixetuak ñirñir, Grezi'ko errietan zear zebillen garaipentsu, ta Elida'ko uri erditik, jainkoen omena beretzat ere eskaturik. A, zoro alena!, borontzezko julu-alaz ta adar-oiñezko zaldi- apatx iñarrez ekaitza ta oiñaztarri antzeziña iduritu nai izan zuna! Baiña aita alguztidunak, odei zarratu batetik jaurtiki zion bere gezia (ez gero zuziak, berak bezela, ez illetiak kejario), ta, aize-jasa-izugarritan, erroitz-bera amildu zun asarrekor. Bai ta Titi ere emen ikusi zezakean, Lur oro-amaren semea noski; aren soiña bederatzi goldelanez edatzen da oso, ta aztore tzar batek, moko makur, gibel ileziña ta erraiak marraskatzen dizkio oiñaz-izor, ta berriz sortu arren, areago sarrastatzen dizkio bere oturuntzetarako, ta aren bular garaipean bizi dalarik, ez die egonarririk opa barneko ari-izpi sortu-berrieri. Zertako gogorazi lapitarrak, Ixion ta Piriloo? Arkaitz beltza daukate auek buru gain zartatu ta noiz jausiko. Dizdiz dagite urrezko oiñak asmatsuen oe zutietan, eta janariak dauzkate aurrean erregeentzako aiñako apainduraz antolatuak; baiña Asarreetan nagusiena saiets dago etzana, ta eskuak maietan egokitzea debekatzen du, zuzi-goi ta ao-ortots. Emen ertsita, merezi zigor zain daude bizitan anaiendako gorrotogarri izan ziranak; aita jo zutenak, edo eskupekoak marruz artu zituztenak; edo jabetu aberastasunetan, zati bat beretarren artean banatu gabe, etzan ziranak, onetakoena baita saldo aundia; ta ezkontz-austearren eraildakoak, eta izkillu zuzen-ezakin ibilli ziranak, eta ugazabai eman itza lotsagabe jan zutenak. Etzazu jakin nai galdezka zer zigorrek, nola ta nolako zorik erakar zitun toki ontara. Batzuk aitz itzala darabilte biraka, beste batzuk gurpil-izpieri lotuta zintzilik daudela; eserita dago, ta betikoz dagoke, Tesen doakabea; eta Plegia'k, orotan zori gaiztokoenak, enparauak aolkatzen ditu, abots zoli, illunpean azalduz: «Ikas, zugurrok, zuzenbidea, ta jainkoenganako begirunea!» Onek dirutan saldu zun bere aberria, nagusi anker altsu baten mendean jarri ta neurrigabe egin ta puskarazi zitun legeak; beste onek bere alabaren oera indarrez alderaturik, arekin sasi-ezkontza egin zun; danak jauki zituten ausarditsu gaiztakeri aundiak, bai ta ausardiaren arnaria eskuratu ere. Ez, eun mihi ba'nituzke ere, eun ao ta burdin-abotsa, ezingo nituke gaitz-tankerak oro adirazi, ez nekeen izenak zeatz ebaki».

        Poibu'ren jaupal-atsoak, jardunaldi au amaitu zuneko: «Buka zazu -diotsa- onezkero, ekin bideari ta bete artutako zeregiña; gabiltzan bizkor. Kiklopetarren labeetan landu arresiak ba-dakuskit, eta ateak bestekaldeko gingapean: an utzi bear dugu, legearen arauz, gere emaitz au». Jalgi zun; eta, batera jarraiturik txaidien txerbeltasun zear, bitartekoa egin ta ateetara urbiltzen dira. Enea'k artzen du sarrera, ur berriz soiña zipristindu ta aurreko alartzepean josten du abarra.

 

Darraike

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.