Nere zeruko amari
(Arrisku batean)
Jautarkol
Ene Amatxo,
nere Zeruko Amatxo...
Berriz Zugana
nator naigabez ta gaxo.
Etsai gaiztoak
puskau didate biotza:
nere alboan
ikusi det eriotza.
Ots-egin dizut
Amatxo errukitsua...!
Eta maiteki
luza didazu eskua.
Zaurietatik
odola dariodala
natorkizu, ai!
guztiz aul eta makala.
Tristura beltzen
erdian daukat anima...
Zoritxar ontan,
noruntz joko nuan, ba, Ama?
Ama zera-ta,
Amaren Biotza dezu
semearen zai
zaude beti errukitsu.
Nabaitzen zaitut,
Amatxo, nere alboan...
Aur bat bezela,
artu nazazu besoan.
Estu nazazu
zure kolko maitetsuan:
erre nazazu
zure Biotzaren suan.
Ta zure eskutik
ez nazazu beñere utzi:
aurtxo txiki bat
bezela, zaitu, Ama, ni.
Bestela, etsai
beltzak ilko nau betiko,
ta, Ama maitea,
betiko zaitut galduko.
Orixe baiño
iltzea nai det naiago...
Mundu ontatik
eraman, ba, ni lenago...
Zure besotan, Amatxo...
|