L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<oler1300>— Olerti 1962 I-II Zortzikote (1962-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Gure maixu

 

Ibinagabeitia'tar Andima

 

Lur-erdi onetan azkenengoz agur-egin genion alkarri. Guatemalan zan. Bere erbestaldi luzeari bukaera eman eta Euskalarrerira zioan Orixe, arbasoen basetxe maitera. Egun aaztu-eziñak eman genituen euskeraren auzi latza, gure ele-ederraren etorkizuna eta beste zenbait gai sakon iraultzen. Ordurako makalik zebilkigun Orixe aundia: ezueriak ez zion pakerik ematen. Ala ere aren erbestaldia eziñ oparoagoa izan zan euskerarentzat. Eten gabe, atertu gabe ari izan zan euskera lanten eta bear bada, bere bizi gutiko igali umotuenak eman zizkigun aldi latzgarri artan; itz-neurtuz eta itz-askatuz. Arrigarria benetan, bada euskal-idazlerik geienak bein erberstera ezkero, lumak autsi eta euskera zearo baztertu oi ditu. Milla gertatu esango nizkizuke gai ontan.

        Mutil koxkor bat nintzan ni Orixe gaztea ezagutu nuenean. Asi-berria zitzaigun bere euskal lan bikaiñak ematen. Euskalari guztiak gazte ari begira iarri ziran aren euskerak zerion argitasunez eta batez ere gizon gazte ark erakusten zuen euskal-sen bereziaz txundituta. Berak nabarmendu zituen iñork ez bezela basoko izkuntza apalaren indar eta apaintasun izkutuak. Berak gure izkeraren barne-muiñetatik ezti gozoena ialki arazi zuen euskal-arimarekin batera. Mendeak mende, ez zuen euskerak Orixe'ren neurriko idazlerik iñoiz ikusi. Eltzegilleak buztiña bezin eroso ta egoki erabilli zuen gure aberri-izkera nolanaiko asmakizun eta burutapenak antzetzuki moldatzeko.

        Ez nator gure idazle aundiaren irudi osorik egitera. Aren aurpegi bat, ez-ezaguna be-bada, erakustera bakarrik nator. Jainko-maitasuna neurtitz bero eta sakonetan abestu zigun, baiña giza-maitasunari ez zion alako toki garairik bere olerkietan enian. «Mierio»n itzulpenez, zerbait adierazi zigun; «Euskaldunak»etan, laburki eta zearka bederik, Mikel eta Garaziren artekoak. Auxe da behintzat geienen ustea. Ez da ala ere, uste osoa.

        Ementxe dauzkat poema labur batzuk Orixek gazte-aroan ondu zituanak eta oraindik iñoiz argitaratu gabeak. Ogeitabost urte inguru izango zituen goxotasunez eta xalotasunez gaiñezka egin zituenean, euskal-giroz, euskal-gogoz eta euskal-maitez oretuak. Zori on batek eskuetara zidan ingurrazti zar bat eta andixik iaso nituen, urte asko lenago, urre-biltzalleak urre puskak baiño gogozago. Iru sailletan sailkatuta daude olerki ez-ezagunok: «Artaldekoak», «Eupazkoak» lasterkari, aizkolari ta balankari zenbaiten goratzarrez Pindar'en antzera egiñak, eta «Maitezkoak», guztiak 1916'gko urtearen aurretik idatziak, danak bata baiño bestea ernegarriagoak. Iñoiz Orixeren lan-osoak argitaratuko diranean, eta argitara bearrak dira, pozik utziko ditut lan goragarri ori burutuko duenaren eskuetan. Gaurkoz iruzpalau «maitezko» emango ditut gure olerkari bikaiñaren gaztearoa berritzeko. Idazle berberak argi bezain garbi azaltzen digu olerkiok idaztera eragin zion asmoa: Onatx, «Nire Ama» deritzaionetik artutako iru ahapaldi:

 

 

Nere ama

 

Orain ditut

                Nere erria ta ama, gaurtik

                         Maite ditut:

 

                Zu erririk garbiena

                Ta zu andre guztietan

                         Bizkorrena.

 

                Zuek ezaguaztera

                Noa neurtitzez, baita ere

                         Gure euskera.

 

 

        Eta onen bestez, aldatu besterik ez ditut egingo esan dizkitzuedan maitezko olerkiak:

 

 

 

Alargun - negarra

 

                Ai bildur nintzan! Auxe negarra!

                Dardaneletan ito senarra!

 

                Il nere senar maite maitia

                Ta ez ikusi yaio-berria!

 

                Ai alargunak, goazen elizara

                Bien gogoaz otoi egitera!

 

                Auxe negarra, auxe illuna!

                Baiño guk naigu zuk nai duzuna.

 

                Etorriko ote aiz, aurra, gudatik?

                Zion gaixoak zioalarik.

 

                Ogeitabostak ontzi batean,

                Galdu dirala itsas beltzean.

 

                «Aita gurea goian zaudena

                Donetsi bedi zure izena».

 

                Ai Dardanela! Dardaneletan

                Arkitu zitun zure eskuetan!

 

1915

 

 

 

Neretzat ote aiz?

 

Begiak ezetz, biotzak baietz;

                Zein izango den nagusi?

                Biotzarentzat eder aizena

                Bi begientzat itsusi.

 

                Begiak baiño zurragoa den

                Begirik ez dun biotza:

                Biotza su den, baño begiak

                Gañean diten izotza.

 

1915

 

 

 

Beldurra

 

Irulearen esku samurran

                Amagoinaren ardatza

                Beltz ageri zan, baño zein eder

                Nexkaren elur-beatza.

 

                Aren maitean bero nintzala

                Adirazi nai niola

                Aoan nere itza aldatu zan

                Ez dakit noiz eta nola.

 

                —Goru zar ori amarena al den?

                Ta gorri egiñik bertan,

                Nire nekea ezagun zula

                Aurpegiz erantzun zidan

 

1916

 

 

 

Nire itza

 

Satalur pillak berritzen ditun

                Aize gorria sortzean;

                Nire begiak ereneko ditun

                Ire itza entzutean.

 

                Illaun-ikatza gorri ipinten din

                Arnasarik legunenak:

                Aurpegi illun au kenduko liken

                Ire itzik laburrenak.

 

                Erruki dezan aurpegi il otz au

                Itz arin arin batekin:

                Orduan noski argituko den

                Ire itz biguñarekin.

 

 

 

Maitagarriena

 

Itsu jaio zen neska bat

                ikus denik ederrena;

                denen maitagarri, baño

                ez izanen iñorena.

 

                Aren atz legun zuririk

                etzuen laztu lioak;

                mulorik ere ez ukitu

                aren ortza zuritoak.

 

                Amaren eskutik ziyen

                egunoro eleizara;

                ari begira guziek;

                maite, baño... urriki bera!

 

                Gogo gaiztorik ez iñork

                alako ua maitatzean.

                Ain ta maitasun garbirik

                etzen ezagun lurrean.

 

                Amak erran zion: «Aurra

                Zuri begira guziek».

                «zer da begiratzea ama?»

                negar amaren begiek.

 

                Ala bizi zen alaba

                Ikusi den ederrena,

                Maite maitatuena

                Ezin izan iñorena...

 

1916

 

        Naizta nire asmotik zerbait baztertu, ezin dezaket Orixe'ren itzulpentxo bat zueri emanteko gogo-bizia ito: Juan Maragall'en «La vaca cega». Itzulpen au ere, nire paper zarretan aurkitu dut. Gure irakasle maite izan zan eta Orixe'ren adiskide aundi, Aita Estefania'k eragin zion eta aren paperetatik iaso nuen nik. Aita Onaindiak aurtengo II Olerti'n aipatzen duen (87 orr.) «Iru silaba dagokala azentua duten itzak» artu zituen oiñarritzat itzulpen ontarako.

 

Bei itxua

 

Mozkor bat mozkor bi buruz joka dator

                bakar bakar beia iturri bidean,

                aztamuka dabil: itxu da. Bei-zaiak

                igarri geiegiz arrika begi bat

                ustu; ta bestea, lauso du. —Itxu da.

                Len oi zunez itur askaruntz dioa.

                ez len bezain lerden, ez lagun artean:

                Oso bakar dator. Muño ta amiltegi

                dabiltza lagunek ibar-zokoetan,

                barruti ixilletan; larra moztu ala

                burua dardariz, yoalea ere,

                eragiñen dute. Yauziko da bi au.

                Sudurpillez yo du aska makestua

                ta atzera da lotsaz, bañon itzuleran

                urera burua makur, geldi deda.

                Baño gutxi, ez da oso edagale.

                Gero yeikitzen du burutzar bustia

                adarka  izugarriz, begi-sein illen gain

                azala ikara du, ta argi-zurtz itzul da

                bide ezin aztutik ezba-ezbaiean

                buztan luzeari geldi eragiñez.

 

                1922

 

Orra nundik olerkari aundi biren izenak alkartuta: bi-biak lur ta zeruz txoratuta bizi izan eta erri-izkuntzak darizkin gozotasun eta edertasunarekin itsututa. Itsumen ori bear genuke euskaldun guztiok.

        Añorga'ko il-kanpaiaren dandara samiñak barren sartu dira gure biotzetan eta iñoiz ere ez dira andik ialgiko. Bego gure Irakasle aundi eta adiskide maitea. «Aita, seme, gogo deun jaungoiko betetan».

 

Urriak 15 - 1961

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.