Zortzikote
(Amalaukoak)
Gaztelu
I
Olertitza
«Avec comme pour langage
rien qu'un battement aux cieux
le futur vers se degage
du logis tres precieux.»
Mallarmé
Zerurantz doan egoketa arin,
len illun bazan ere orain oztin;
ta gezi zorrotz elburutzat osin,
eziñera bide amets egamin.
Argi? margo? gezi? ala ego?
eta mintzoan oiartzun betirako;
Dianak esku-eragiz uztai alako,
izarren bidastean aztarren edo.
Eta aratz (or ere nunbait ispillu,
etziñalde-argiz barnea dizdizu;
urre-errauts ukieziñaz subizgu,
ez biotz-erio, adimen-sukatillu).
Orla nabari bedi ire eskutan
betidanik darion Itza sutan.
II
Argi
Urre-orraze garbiz argiak ñabar
piztu oi du inguru dena emaro
ur, odei, lore, belar, osto ta abar
ainbat margorik ager, nork esan zearo?
Argi-egal me ukitzez lurra dizdiz,
ezteiaro bailitz ezkontiden zai;
ortan txoriek deika txiunta biziz,
susmur-jario iturri, durundiz ibai
Zeruan, lurrean, margoak zein-geiago
noizdanik? argitara dute jaialdi:
elurrez, loretan ala igaliz, urtaro
aldi-ardatzan bira dabiltz alkarri.
Betiko argi-iturri, itzal-eziña
ase zaidazu noizbait nere goimiña!
III
Izar
Izar dago ortzia. Gaua nare.
Itxas geldian igeri zillar-ontzi.
An emen, multzoka, belardian larre,
artzaiak nun ote? ardi zuri, gorri.
Ortzian ba dira urgane oztin, baratz,
bai muño guri, lorez bitxi josiak;
bai borda txuri, edaska garden, aratz;
ur bizi, urlo, urrunez beti geldiak.
Zingira zabal, beti musker, ortan
izarrak, urrumaz ixil eta zoar,
noraezean dabillen artalde otxan.
Illargi artzai-neska lurrari oar...
Atseden-egarriz edo, ase dedin,
orain gizonak orrera nai du egin.
IV
Aldegain
Leio borobil, aurrean oargille,
ortzadarrean oi dute bataioa.
Nork esan begien jai ñabar, bete,
ainbat litsaz ager danean margoa?
Leiora da anima, argirudiz murgil,
egotzat ditula begiak aldakari;
inguma bailitz, arat-onat urbil,
egalak kikirriki, jantzi-erantzi.
Gauzak oro begitan dute azpegi,
bestela ez antzik ez margorik ere;
garbi ala gandu, begiak urgeldi,
barnegiro denak oetan dagerzte.
Ene begiak, zeitezte aratz, ez lizun,
zuen bidez baita den oro ikuskizun!
V
Alderantzi
Aldegain, alderantzidun ikusmena,
landara, barnera, begiek berdin oarmen.
Ikusmen biko onetan zein ederrena?
Bañan ura kanpoko, au norberaren!
Azti dugu barnea, sabel-izor:
egin, berregin, erlea eztiketa
argi-mamuz ba diardu irudikor,
t'antzak alkarren leiaz billaketa.
Gauez ere, gogamena lotan baitago,
zentzukiak ba dute nolanai bira;
argi-txakur, ordea, amets-iratxo,
eguneango argiz itzali oi dira.
Entzun, ikutu, usna ala dasta,
barne-ikusmenaren bidez gerta da.
VI
Irudimen
Ez da gauzen kaizua, ain zuzen,
gogamenari zaiona laztanago,
irudimenez emana baizik, barrunen
irarririk dagona bein-betirako.
Diranean daude gauzak, arria
beti bera da, ez du aldatzerik;
besterik irudimena, argizagia
bezin bigun, ba du antz-artzerik.
Maitea maite, baiña barnean dana
ura bai eder, itzalik eza degu.
Alaxe oro: landara eder emana
barnean ederrago; oni eregu!
Zenbat begiño ortik, edermiñ gizona!
aunitzez gezurrarekin naasten ona.
VII
Naimen
Nai dana egingarri: orrela ote?
Ederrak, diruak, aipuak subera gaitu.
Nun ona, an biotza, ta abar diñote.
Berez nunbait; ezinbestez, aiduru?
Au da dakiguna: naimena, alegia,
zorion-zoritxar-iturri izan oi dala.
Ortik ontasun, maitasun, erruki: egia!
baña baitare gorroto ta gaitz asm'ala.
Bere irritsak, diñote, darama nornai;
erraietan errotzen zaigu galea,
ta andik sortzen ere oldar bultzagai.
Oldez, ala bearrez, artzen bidea?
O biotz, oreña bezela egarri urera,
abil i ere, zuzen, onaren aldera!
VIII
Adimen
Nungo, noizko du gizonak olako doai?
Zentzukoi ala gogakoi? Eleta naiko!
Ilkizun ala ezilkor? Biotzak ala nai!
Ontan ere gizonak ba dakar arazo.
Onek garama jakin-bidetan aurrera.
Onek eztitzen griñen arteko burruka.
Onek ezarten nornairi mailla, era.
Zer ere onetsi, gaitzetsi, berexi, uka.
Illunez, argiz, au dugu bidelagun;
gaiñ-azpiko izkutuz barna garama;
zana, dana, daikena nai dugu ezagun;
auxe da gogai garbi, sakonen ama.
Onek darakus bidea, egia, bizia
ontan da gizona aurren eritzia.
|