L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1962 I-II Zortzikote (1962-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Barne-mintzoak

Jautarkol

 

 

I)

 

Jauna, ona emen ni, eskale t'erromes,

zure itzaren egarriz, munduaren iges...

Loyola'ko orma zaarren itzal babesean,

gela aundi ta ixil baten bakartasunean.

 

Burnizko oe gogor bat, maia, jarleku bi,

gurutze ta irudiak ezker ta eskubi.

Zeruko pake ontan murgil adi, biotz,

t'entzun Jaunak zer dion ezti edo zorrotz.

Berak itz-egingo dik, ixil ta pakean...

Erantzun ik umilki otoitza luzean.

Bakartegian ago, mundutikan urrun,

ta ixiltasuna atorkik adiskide kutun.

 

Lotu naikeri zaarrak, laga amets eroak,

Goruntz begiak jaso, zabaldu egoak...

 

 

II)

 

                        «Ni nauzu zure Egille,

                                             Neu zure Jabea,

                        zure azken bakarra,

                                               Zorion-betea».

Onela mintzatu zait Jauna illunarrean

biotzeko ateak itxi nitunean.

 

Esnatu zan anima, jo zun Jaunagana,

eman zion negarrez maite-muiñ laztana,

t'eroaren antzera, pozez eta miñez

esaten zion beiñ ta milla bider ziñez:

 

«Zura naiz, bai, Jauna, osoro zurea...

Zu zaitut nere aita, neu zure semea.

Zu goraldu ta agurtu, Zu-mendean bizi

munduan au egiñaz, Zerua irabazi.

 

Au eginkizun goitar, au lan atsegiña...!

Zurekin beti bizi, Zukin bat-egiña...!

 

Nola ibilli naiz, noizpait, egi au aztuta,

nere Zorioneko bidea galduta...!

 

Putzu zikiñ loietan edan nuan ura,

lur-gauza zirtzilletan jarri det ardura.

Esker txarreko izan naiz, zoro ta gaiztoa,

zurea utzita egin det nere gogoa...

 

Iñoiz ez det nai geigo Zugandik alde egiñ...

Zu baizaitut betiko nere poz ta atsegiñ.

 

 

III)

 

Goizean goizik eleiz-dorrean

                kanpai-ots onena....

Entzun, biotza, menditik deika

                Aitarik onena.

Artu makilla, ta aldapa-gora

                gallurrera ekin...

Amets goitarrez, bizitz berriaz

                piztu Kristo'rekin.

Jantzi berria, soñeko zaarra

                bota bide-ertzera...

Nolatan abil or arrastaka,

                sugetzar antzera?

Nolaz bizi aiz katez lotuta

                or beeko illunpean?

Ara, an, euzkia ta azkatasuna

                goiko tontorrean.

Bizitza uts ori bizi izateko

                egin au Jainkoak?

Orretarako jarri al dizkik

                animan egoak?

Izaki oro malladi dituk,

                ez lokarri-kate.

Danok, maitasun-mendira igotzen

                lagunduko aute.

Ta ik besarkatu egin oi dituk

                maite-laztan miñez...

Zorionez ez-baña, zoro txar ori,

                bete aiz samiñez.

Jaiki, eta abil...! Goruntz, biotza,

                maitasun-mendira...!

Gurutzea artu, ta argiz jantzita,

                Bizitza berrira...

 

 

IV)

 

Argi nazazu Goi-argiz,

                ene Jaun ta Egillea,

                ikusi dezadan egiz

                nere biotz-barrunpea...

 

                Jauna, aitortzen dizut lotsez,

                Ez naiz ni zure begitan,

                animaz eta gorputzez,

                zauri ustel bat baizikan.

 

                Zauriak, zornea antzera,

                dariot gaiztakeria,

                ta aurtzarotik gaur-artera,

                pekatuz nago josia.

 

                Argatik nator bildurti,

                naigabez zure aurrera...

                Izazu nitaz erruki,

                ene Aita biotz-bera...!

 

                Nolaz barkapen-ustea

                etzait piztuko barnean,

                ikusiz zure Semea

                beso-zabal gurutzean?

 

Zeiñ ona zeran, Jesus maitea,

                ni, ostera, bai gaiztoa!

Nolaz gaur-arte, ba, izan natzaizu

                ainbat eskergaiztokoa...

Zergatik ote nere begiak

                etzaizkit negarrez urtzen

Maite-damuzko bi iturri bizi

                nolaz etzaizkit biurtzen...

Arren, itzuli nigana maitez,

                Jesus, zure arpegia,

ta izan nerekin lapur onakin

                izan zendun errukia.

Damututako pekataririk

                ez dezu iñoiz Zuk ezetsi,

maite-damuzko biotz-malkoak

                beti dituzu onetsi.

Ona, ba, emen, pekatari au

                negarrez zure oñetan...

Gaurtik zurea izan nai dula

                esaten dizu ziñetan.

 

 

V)

 

Inpernua... Inpernua...

Su-garrezko

itsasua,

Jaunaren Zuzentasunak

asarrez piztua...!

 

Ago beti

nere begien aurrean

bildurgarri...

Egon adi

deadarka

nere griña txarren aurka.

 

Izan akit

akullu-eztena,

ire bildurrez, ar dezan

bizitza-bidean,

biotzak, bide zuzena.

 

Jesus, arren,

ez nedilla berriz jarri

alako arriskuetan...

Naiago nuke, ziñetan,

eriotza,

—erio mingotza—,

berriz sartu baño

pekatu-bideetan.

 

Or nijuan

itsututa

bidea galduta...

Zukin topo egin nuan...

An baizeuden Zu nere zai,

beso biak zabalduta,

estutu ninduzun alai

kolko maitetsuan,

ta argatik ez nintzan

erori inpernuan.

 

Ene Jesus, etzait aztu

iñoiz egun ura...

Geroztik, Zerura

begira bizi natzaizu

eskerronez, maite-miñez

ta inpernu-bildurrik gabe...

Bañan, alaz ere,

inpernua... inpernua...

izan akit akullua.

Egon adi

bildurgarri

nere begien aurrean,

deadarka

nere griña txarren aurka.

 

 

VI)

 

Eriotza, bizitzaren

    maizu jakintsua,

munduko naugusi zaarra,

    errege altsua...!

 

Begirunez kenduaz gaur

    burutik txapela,

umilki agurtzen zaitut

    nere jaun bezela.

 

Zure segaren dirdirak

    argitzen du lurra,

biotz guzitan piztuaz

    kezka ta bildurra.

 

Jaungoikoaren urren zu

    munduko jabea,

batzuntzat jauntxo gogorra,

    bestentzat maitea.

 

Goiko Jaunaren morroia,

    besterik etzera:

Arek agintzean zatoz,

    lapurran antzera.

 

Nigana, arren, ez etorri

    lapurran antzean,

zatozkit, ama bezela,

    ixil ta pakean.

 

Zu ere, Jesus, etorri

    berakin batean,

ta ikusi zaitzadala, arren,

    Zu, aldamenean.

 

Lasaitu nere biotza

    ordu larri artan,

gurutzeari maiteki

    dezaiodan laztan.

 

Ta, arren, ots-egin zaidazu

    maitezko abotsez,

ardi txiki gaxoari,

    artzaiak oi dunez.

 

Irtengo altzait anima

    pozik zuregana

zure altzoan artzeko

    maitezko laztana.

 

 

VII)

 

Ba-dator, ba-dator

an, seme galdua...

Oñutsik, zikiña,

janzkia urratua.

 

Begi ta arpegian

dakarzki dizdizka

obenen arrazto,

lotsaren gorrizka.

 

Aita, beso-zabal,

etxe-atarian,

besarka ta musuz

josirik naiean.

 

Ene Salbatzalle

Jesus atsegiña,

izazu nerekin

kupida berdiña...!

 

Zure errukiaren

bearrean nago...

Ez naiz aldenduko

Zugandik geiago.

 

Baña, seme-izena

galdu baitet sarri,

nigan zure eskuak

laztanki ez jarri.

 

Jaurti nazazuke

morroien artera,

zure artaldeak

aiekin zaitzera.

 

Zure morroi nai det

ordaiñikan gabe;

ez det nai geiago

bizi nere jabe.

 

Zure mende eztian,

beti zure etxean,

zure esku onaren

babes ta itzalpean...!

 

 

VIII)

 

Oi, Jesus'en begi

eder eta argiak,

Jainkozko dirdiraz,

errukiz josiak...!

Beira nazazute

Pedro'ri bezela,

biotza au, ai! otzez

ilko zait bestela.

Neri ere errukiz

ta maitez begira,

ta begiok malkoz

urratuko dira,

eta maite-damuz

arpegitik beera

ixuriko zaizkit

Pedro'ren antzera.

 

Oi, nere Jesus'en

begi maitetsuak,

sua darioten

izpi doatsuak...!

Sutu ta zulatu

nere biotz otza,

betiko urtuaz

pekatuzko izotza.

 

Kementsu ta zintzo

Pedro'ren antzean,

jarraitu nai zaitut

gurutze-bidean,

ta, ark bezela askotan

baizaitut ukatu,

gaurtik, ta betiko,

nai zaitut maitatu.

 

Pedro'k bezelaxe

nai zinduket maite,

Zugatik bizia

pozik eman arte.

Ortarako, bada,

begira nazazu,

nere Maite bakar

izan zaitezen Zu.

 

Beira nazazute,

Jesus'en begiak,

maitasun-dirdiraz,

errukiz josiak...!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.