Juan Basurko Ansola «Baxurko»
29-5-1890 25-12-1957
Bordari
«Entzun ba, nere anai maiteak,
Ta ondo sartu buruan
Gure izkuntza iltzen bazaigu
Zertarako gera munduan».
Oi, ura nolako!
«Ez zan ez ttipi, ez andi, bai bien arteko». Erbiñude-begiak; urdin antzekoak. Arpegi alai borobilxka. Sudurpeko arin bat, txuritzen asia. Sendoa, betea, baño ez gizen eta lodia. Ibillera jantzia, sotilla. Burutik oñetara era bat txukuna, garbia. Olakoa zan kanpotik. Barrutik? Esan oi da animaren antzikurra, espillua dala arpegia. Baxurko'nean bai, beintzat. Zintzoa, oso zintzoa zan. Leiala, txit leiala. Ona, ezin ta obea. Apaletan apalena. Goxakai eztia. Gizonetan gizon!
Juan Basurko Ansola. 1890'ko, Loraillak 29 zituala jaio zan. Goizeko amaika t'erditan; Bidasoa-ibaiaren ipar aldeko itsas-egalean. Ondarribi izeneko uri, antziñako erri polit, erri kuttun, erderaz Fuenterrabia deritzan, erri aipatu, erri goxo, erri zoragarri, erri panpox, erri... mariñel, erri jatorrean. Nire jaiot-errian.
Ez pentsa gero Ondarribia txori k. k. danik. Leendik ere berea du fama. «Kaiola ona ta ederra, txoriak zitalak». Kaiolari gagozkio ordea, eta ez dut uste Baxurko txori zitala zanik. «Bordari» ez-izanik txori-xital guti da Ondarribian.
Iparragirre bizar aundiak, arako:
Ara nun diran mendi maiteak,
Ara nun diran zelaiak.
Baserri eder gxuri-txuriak
Iturri eta ibaiak...
Endaian zoraturik abesterakoan; zabal-zabalik begiak, (biotza zabalago) Ondarribi'ko erria zekusan eta zedukan aurrez-arrre.
Jaizkibel mendia, Olearso zaarra, Arkollako zelaiak, Jaizubiko iturri ta ibai, Arkartegiko baserri txuriak...
Ain xuxen, baserri oietako batean jaio ta bizi izan zan aurtzaroan, gazte denboran, Baxurko.
Loraillean jaioa, udaberriko lora apain eta apal bat izango zan beti. Guraso kristauak, Jose Joakin, motrikoarra, ta Joshepa Anttoni, Mendarokoa. Bi egun barru Zeru-bidetan ipiñi zuten semetxoa, Ondarribiko Eliz-nagusiko ponte ederran bataiatuz.
Elizako gauzak bear bezela egin bazituzten ere, zerbait aantzi zuten, aatik. Zer? Erriko-Etxean agiria ematea. Ondarribiko Autzitegian bere Ama zana, Josefa Antoni Ansola Jauregui (Mendaro'ko bizkotxa gozoa iñundikan) 1910'gngo. abenduaren 22'an ikusten degu. Adieraziaz, ogeitsu urte lenago, semetxo bat izan zuela eta arren, Erriko-Etxe'ko Arki-bidean jartzeko.
Norbaitek geiago jakin nai badu, ikasi detan ezkero, esan dezadan. Aitaren aita-amak, Erramun eta Joxepa-Anttoni zirala Motriku ta Bidanikoak. Amarenak berriz, Felipe ta Joxepa-Anttoni, Mendaro ta Itxasoleor'ekoak.
Ondarribiak goitizenakin ari naiz «Jaungoiko», «Aingeru» ta «Deabru» ez-ezik, badauzka basetxetan «Zeru», « Purgatoriyo» ta «Inpernu». Eta iruak inguru-minguru, ain xuxen.
«Zerua», Ama Guadatupekoa'ren Elizatxoa, noski. «Inpernu», «Borda-Txiki» deritza jatorrizko izenean. «Purgatoriyoa» berriz, «Ondartxabaleta» baño ez da. Artzai-borda egokia. (Txaboleta izango da Txabaleta ori).
Batzuek uste dute gure «Baxurko» «Inpernun» jaio zala. Gauz au gaizki zabaldua dago. Baserri au Guadalupe beko errekatxo batean dago, ez leizean, baña bai amiltegi, gain-bera gotor baten azkenean. Eta «Inpernutik», «Purgatoriora» pasa zala, Ama Guadalupe'koaren mirari baten bidez... Ez, ez. «Inpernutik» ez da iñor ateratzen.
Begira zer dion Erriko-Etxeko agiriak: Bataio-agiria ez dut ikusi, «Que no fue inscrito en el Registro Civil a su tiempo por ignorancia y que nacio a las 11 y media de la mañana, en una cantina de Guadalupe».
Onatx nun dagon egia.
Aldi artan 1900 amaitu zan Guadalupeko «Fuertia» egiten ari ziran. Ordurako etzan nolanaikoa ta ainbeste langillek, bearrezkoa zuten oatze ezik, indarberritzekotan; txurrut, pipa ta kafia! «Kantina» ugari ziran Guadalupe inguruan. Ikusi zituztenak esan didate. Oietako batean jaio zan gure Baxurko.
Ikusi dezutenez, aita motrikoarra zan. Ez ordea, arotza, zurgiña, izparringi ta aldizkingietan, Baxurko'ren eriotza dala ta esan dan bezala, ez. Argiña zenuten Jose Joakin. Arri-jotzen ibiltzen zan, eta olako zerbaitetan esan dit bere lenengo emaztearen aizpa batek. Larogei urteko andere itxu xaar batek; Mikela du izena.
Ondarribira etorri aurretik, Errenteri'ko «San Markos» «fuertean» lanean ibillia. An ere bat edukiak. Ama, gaztetan, Karlista'kin kantinera ibillia, zan ta... ardandegitan txanpon batzuek errexago irabazten eta... ixil-ixillik esan dezagun Joxe Joakin gure olerkariaren aita apur bat «dexkuidatzen» zala.
Ama izan bear zun paregabea ta ona; gure «Baxurko'k»:
Antxe goiko mendiyan
Baserri aldean
Jaizkibel maitearen
Egal-egalean
Itxas gañean dagon
Zelai zabalean
Antxe eukitze nindun
Amak magalean.
Gauz berezia. Baxurko munduratu zuanean bere ama Joxepa Anttonik (Mendaroko bizkotxak) 50 urte beteak zitun. Ordu ezkeroz «Ama-xar» deitzen omen zioten Ondarribian. Eta nolako Ama! Zeztuatik ekarri omen zioten beste aurño bat, aren amak bularrarik etzeukala ta. Bi-biak azi zituan Ama-xar'ak. Ez da gaizki.
Aitak. «Nerea ez dek aur au!», esan omen zun, Juanito'rengatik. Eta «Erretratu igualagorik eziñ zitekean egiñ» esan digu leen aitatutako Mikela'k. Beraz, «Baxurko» ezagutu genunak bere aita nolakoa zan igerri dezakegu.
«Fuertea» amaitua, argin eta argin-peoyak iges egin zuten Guadalupe'tik. Kantinak bakandu egin ziran. Jose-Joakin eta Joxepa Anttoni, Kantina utzi ta «Purgatoriyora» pasa ziran, «Ondartxabaleta»'ra, euren aur, lau aurrekin. Karmelo. Primitiba, ta Modesta, gure Juan'en anai-arrebak.
«Ondartxabaleta» esan dezakegu Guadalupe ber-bertan dagoala. Esku-abill batzuek arrika, Amabirjiñaren elizako tellatua iritxiko lukete beintzat. Gaur, ardi-borda egokia degu. «Itxas gañean dagon zelai xabalean». Aurtzaroa emen igaro zuan Baxurko'k. Guadalupe'ko Ama'ren babes-babesean, «Txotxak biltzen», «Ur.karriatzen», «Pillotan jostari»... Bein baño geiagotan entzunak gera berari; onatx ordea, bertsotan esana.
Zenbat alditan joan izan nintzan
Beko oyan zabalera
Aman ondoan berotutzeko
Egur-txotx batzuk biltzera;
Baita askotan iturritxora
Ur-prexkua ekartzera.
Mendi aretan ikasi nuan
Ain maite detan euskera.
Lourdes'ko Bernardeta-txo bat bezelatxu, txotxak biltzen. Amabirjiña, bear bada, etzizaion agertu; berak, ordea, zenbat ikertaldi bero ez ote zizkion egiñ Ama Guadalupekoa'ri. Jaiera bizi-bizia geratu zitzaion, ondarribitar zintzo bezela, betiko.
Baño zer une oroigarriya
Meza bukatzen danean
ta, aingeruen Erregiñari
abesten diogunean...
nik ez dakit zer gertatzen zaiten
nere biotz barrenean.
«Salbea», ain maitea zeukan eresi bioztuna gatik esaten du ori. Doñu orrekin bein baño geiagotan abestu oi zitun bere bertsoak. Jaizkibel'go «kamomilluak» gure alderdi aietan badu entzutea; amaika pañuelotxo bildu omen zitun.
Euskal-Erriko oitura eta fedeak nai du eta eskatzen du Dotriña jakitea. Txintxo aski etorriko zan naiz dotriñara, naiz eskolara. Obea dana; ikasi naia zuan eta gogo onez, zabarkeririk gabe, urreratzen zan eskolara. Eskola'n On Franzizko Lizarazu maixu prestuak mutikoari bide eman zion, eta nolako izkia'ren jabe
egin erazi zion! Ederra, garbia, txukuna. Esker-onez bertso batzuek zuzendu zizkan, koplari biurtu zanean, eta maixu aipagarri oneri omenaldi bat egin zitzaionean.
Gure mutikoa azitzen dijoa, ta begira nola pasatzen duen denbora. «OROIMENA», beronen olerki gozoatik artua. 1925'gn egiña.
Ondarribiko Jaizkibel mendi
Zabal artan jaio nintzan
Nik ez nekien gazte denboran
Erriko bizitza zer zan
Artzai txistu ta txori abesti
Besterik entzuten etzan
Jai egunetan erritik gora
Nor edo nor irixten zan
Gañerakuan jolasten nintzan
Eliz aurrean pillotan.
« Zenbat alditan eraman nion nere amari gobara». «Gibel urdin eta xixa goxoak bildu izan ditut kolkora». «Eliz-aurreko zumar maiteak, arren, egon bitez zutik!».
«Ondartxabaletan» («Purgatoriyon») baserria zer zan, baserria maitatzen ikasi zuan. Gero, bein baño geiagotan balituko zan onetzaz, olerki sariketetan irabazteko. «Baserria», Baxurko'k bezala gutxik kantatuko dute!
Bizi bearrak ordea, argiña zana kaleratu egiten du. Jose-Joakin bere famili osoarekin Ondarribiak arresi aundiak dauzka inguruan murru-zar artean dagoan «Patxikotze»nera etorri zan bizitzera. Emen aal dala biziaz, kale nagusiko Casadevante zanaren botikan mutil egon zan aldi batean. Gero, argintzan asi, baña arotzerako zeukan ixuria ta langintza orri eutsi zion betirako.
Kalean, Eskola, Eliza ta pillota-jokua urbil dauzka. Iruataz baliatuko da aal duen guzitan. Gazte-aroa, arrabots aundirik gabe igaroko du. 18 urtetan, «Bertsolari» paperak ditu gogozko. Pello Mari Otaño'k bereala bereganatuko du. Buruz ikasiko ditu bertso sakonak.
Ez dakit Elizatik-Konbenturaño, baña, bizilekutik lanera bidean du bere «galtzara». Indart'en etxean Jaun eta Dama ezik bazegon neskatxa apain bat, neskame, mokaru goxoak jartzen zekiena. Ondarribitarra. Uraxe izango du leenbiziko kuttuna.
Bitarte onetan Ondarribian lana urri, Irun'go bideak egin ditu. Bere kuñatuak (orain il berria) Soreasu'ko Eleuterio'k lana billatuko dio. Egunero-egunero Irun-Uranzu'ra joango da lanera. Irun'go garai artako kutsuak artuta bait-zeukan, amak bi aldiz esan bear omen zion mezatara juateko, Pazkozkoak egiteko... Lanak eta bizi-bearrak berea du arrixkua. Santu aundiak ere izan dituzte bere akatzak. Igazkor, Jainkoari eskerrak, otztasun au.
Irun'a joango dira bizitzera. Rosario Gaztelumendi, arotza nagusia.
Leenengo aldiz ogei ta iru urtetan 1913'ean ezkonduko zaigu.
Kontxa Auzmendi Arteaga, emaztearen izena.
Iru urte barru alargundu, oñordekorik utzi gabe.
Bigarrengo aldiz ezkonduko da.
Juana Gutierrez Echebeste, Irundarra'rekin. Onengandik seme bat izango du. Eleuterio Basurko Gutierrez (15-9-1921'n jaioa).
Irun'en bizi da ezkondua. Aztarren batzuek berak eman dizkit gogo onez.
Jainkoak ala nai ta 4-1-1932'gn., il egingo zaio emaztea. Mutikoak, semeak, amar urte dauzka. Aita «Baxurko», tifus gaitz izugarriakin oean. Ama, illik datza. Senarrak ez du emaztea illotzik ikusiko. Semeak, bai. Irun'go Junkal kalean bizi izanak, Korrokoitz kalean bizi dira; etxetxo baten jabe egiña zan 1929'gn. urtean. Bigarren aldiz alargun, Ondarribian daukan arreba Primitibari so, eta ots egiten dio. Onek biotz-zabalez erantzun ere bai, ta guziak Irun'a doaz bizitzera.
Primitiba'ren familiak, Ondarribiko sendi jator bezin euskaltzaleak, ondo artuko ditu Irungo aizeak. Joxepa alaba, monjatxo Madrid'en zer edo zer ikusia komentu-erretze eta pralle ta moja jazarketan, laister etxeratuko da miñ aundi baten mendean erortzeko arrixkuan. Osaba-illobak ondo artzen dute. Pakean bizi dira. Errepublika garaian, itxarkunde zale, olerkari gorengo azaltzen zaigu ainbeste lekutan. Begira «Ama maiteari»'ren zatitxo bat, Irun'en kantatua.
Ate ondoan ara non dagon
Errañu baten antzera
Ille zuri dun amona xar bat
Guziz polita da bera
Lotsaz bezela kezketan dago
Azaldu nairik aurrera
Zerengatikan urte askoan (bis)
Utzi degun baztertzera
Atoz ama maitea ta utzi negarrak
Noizbait entzun ditugu zure deadarrak
Begira zenbat anai
ta arreba jatorrak
Gaur Irun'en bilduak
Danak euzkotarrak.
Donostin, Donostiko irratsaiotik. Bidasoa-beste-aldeko anaientzat, Errenderin eta abar amaika bertso eder abestu zitun gure biragarro kantariak.
Ala bearrez, tximist-argiak dunbotsa berea dun bezela edo ta txanpañak aparra bezela, zurrunbilloan danak arkitu giñan guda ikaragarri batean nastuak. Nai zuana eta nai etzuana, aurretik zebillena bezelaxe atzetik bildurti zebillena ere, danak sartu giñan dantza izugarrian. Pake txarra obea dala gerra ona baño esan zuanak egi aundia esan zun. Pake zalea naiz..., gerra nai duenari Xenpelar'ekin nago, «Bala bat sartu buruan, aspertuko da orduan».
Ez ditut aitatuko orduko gora-berak. Ni, Baxurkotzaz mintzatzera etorria naiz.
«Baxurko» gudaren auiñetan Irun'go errian zilipurdi batzuek egiña, berak esango digu ondorena:
Ain maite nuan txokoa utzi ta
Eriotzaren igesi
Oroigarri dan egun batean
Endaia'ra nintzan iritxi
Jateko ogiya, nere lanakin
Nola nai nun irabazi
Orretarako, basarrirenbat
Billatutzen nintzan asi...
Ala bear ta Urruña aldera
Artu nuan lendabizi.
Antxe Urruñan, billatu nuan
Biotz oneko jendea.
Leku askotan saiatu arren
Ezin arkitu obea.
«NERE SAMINTASUNA» (Bidasoa aruntzko aldetik). Olerki sarkor, unkigarri ta bioztia, auxe bat, Baxurko'k bat baldin badu.
Guda gogorran mendean daude
Gure lur maitagarriyak
Ta zenbat gera Bidasoa onuntz
Gudan iges etorriyak
Bizi geranak naigabeturik
Malkoz beteta begiyak
Ikusirikan zer txori txarrak
Dituan gure erriyak.
Arreba bat det Irun'en eta
Bestea dago Baionan.
Illoba batzuek Prantziyan ditut
Beste asko Kataluñan.
Seme maitea nigandik berex
Emen bizi da Urruñan.
«Okelar'ek» artua du bere etxean. Pakean biziko da «Auskiñen-borda» baserrian urte batzuetan. Baserritik Elizara, Elizatik baserrira. Arteka, pillota partida batzuek ikusiaz, Leon Dongaitz, pillotari famatuari, bertso ederrak egokituko dizkio. Paris'a ere ikertalditxo bat egiten du. «Gauz eder ugari nonai det ikusten, baña ez dit ezertxok biotzik poztutzen».
1940'ko udaran Urruñari agur egiten dio.
Agur, azkenik «Auskiñen-borda»
Agur, Okelar maitea,
Bi arreba on, oien ondoan
Luzaro bizi zaitea
Iñoiz edo bein gogo badezu
Irun aldera yoatea
Zuretzat beti zabal izainda
Gure etxeko atea.
Agur ederra. «Yoatea», «Izainda», erraten digu, ondarribitarrak ango kutsua artu ta.
Irun'a etorri bezin laister, berriz ere «Purgatoriyotik» pasa bear izan zun. «Ondarreta'ko» itzalpean egon zan iru bat illabetez. Purgatoriyuan bizi izana, Purgatoriyuan garbitua. ¿Ez ote dago orain ere gure Baxurko, Purgatoriyuan? Erreza ezaizkiozutea batez ere zuek, apaiz ta pralleak, irurna Ave-Mari, zeruan ezpadago, zeruratu dedin.
Leen esan degu osaba-illobak ondo artzen zutela. Ba, ezkontzea erabaki zuten. Irun'go bikario Jaunak nola edo alako eragozpenak jarri nai dizkio; baña gure Basurko'k bazekien nundik zebillen.
11-2-1942'gn. berriz ezkonduko da. Irugarrengo aldiz.
Oraingo emaztea bere illoba zana, Josefa Zulaika Basurko.
Andre prestua, zintzoa ta ezin obea. Anai-arreba bezela biziko dira; ez, gaizki ari naiz; senar-emazteak bezala amabost urtean. Seme-alabarik ez dute izango.
Amaika bertso eder egiñaz. On Roman Gaztelumendi arotzarekin lanean, xirpillak egiñaz, gure gauz guzioi arnas emanaz.
Irun'en ez da Euskal-Festarik, Baxurko tartean ezpada. «Irun'go-Atsegiña» deritzan bazkun bateko batzordekoa izango da urte askotan.
Utzi zadazute orain, aurrera jarraitu baño leen, bere gizatasuna goratzen, bere biziari buruz laburpen batzuek ematen; gero jarraituko degu «xero-por-xero» eriotz, eortze, omenaldi ta olakuak kontatzen.
Juan Baxurko Ansola. «Baxurko» deitzen genion guziok. Arteka egiñ oi genitun kide-batz, lagun-alkarte, sendi-biltzar eta bazkal-ondoetan (Bordari'k eziñ egona du olakotan, txurrut egiten bait-du) kopetan muxuka asten nitzaion. Alako koplaria, alako olerkaria, alako gizon-gizonak merezi zun ainbeste.
«Baxurko»'gan Euskal-abenda zaarra ikusten nun beti. Baxurko'gan «humilliate capita vestra Deo» axuri antzeko izate otzan bat besterik ez nekusan. Maltzurra! Bai, ta ez. Zuhurra beti, jakite aundi gabea agian, baña... asko zekiena.
«Baxurko», erri-maitale gendun. Kutxa zaarrean gordetako oial, artille oial-on bat. Aritz-zura bezin gogorra, gaztanbera bezin guria. Baxurko'k, anima garbi; etzeukan arte txarrik. Jaungoikoa aurrena, lege zaarrak gero; gizon azalduko zitzaigun beti. Nola esango nuke: Kristauetan-kristau. Lagunetan, lagun. Euskeldunetan euskeldun.
Gerratean, ikusi dezuten bezela, Lapurdin egona. Zergatik iges egin zun? Ba-ezpada ta, gizatasunak ola agintzen ziolako. Pake zalea zan, leen esan dut; egin al duke bildotxak gerlarik, belar gozo apur bateri ezpada? Nor asarreraziko du xoxoak, zizaria besterik? Larrosa'k ere arantzak dauzkala? Ta, zer! Ba, Baxurko larros bat zenuten eta gauz arraroa, arantzarik etzeukana. «Zurgin-apal» zenuten Juanito; zarata gabeko luma, soñu gabeko xirpil kixkur-kixkir bat. Errozkilla bera baño borobillagoa zan illargi betea. Nik Euskal-Erria, onela ikusi gura nuke. Ispillutzat, eredutzat Baxurko artuko nuke. Amaika pralle ta apaizek artuko luteke aren gizatasuna, aren esku-exkerraren joku-bidea, aren Santutasuna.
Bertso-zale porrokatua; ez zan bertsolari. Bertsolariak dadukaten bat-bateko «zera» ori etzeukan, koplak errex egingo bazitun ere. Baña bertsolari onenari zor etzion eta ez dio Baxurko'k bertsoak paperan antolatzen. Onetan maixutan-maixu gendun. Erakutsiak eman zitun ainbeste sariketetan.
Neurritik kanpo etzuan tanta bat edango. Sagardo onaren arraberiak, txinpartak lagun eta adixkide bazuten ere sagardo zalea zan Baxurko begirari on batek bezela, bertan, Alto! esaten zekiena zan.
Zurgiña zan, etzan margolaria; baña nola margotzen zituan sukal-bazterrak, amoñaren ximurrak, saltar-ximelaren errekatxoak, taloaren arrokeri-anpatuak, mamiyaren guritasunak, pertzaren beltza, erreberoaren gozotasuna, familiaren batasuna, Fedea'ren aunditasuna!
«Xoska-xoska», laurlekoa osatzen oitua, langille ororen lagun zan, arrantzalien adixkide, nekazarien anai. Eta gizon ospetsuen erdian ez al zan bera ospetsuena? Erderaz «digno siempre» esango nuke, euskeraz «gizonetan-gizon».
Ez jakiña al zan?
Zer da jakitea? Ez-jakiñaren ukoa? Ori ola bada jakintsua zan Baxurko. Fede zakonak ematen duen ziurtasuna'ren jabe zan. Graziak dakarkigun poz-jantziaren txairoa berea zedukan. Bat jasoa sortzerakoan, iltzerakoan milla eraman zituena zerura.
Ez jakiña deitu, geien zekienari? Ainbeste ba-aldakigu besteak. Egizko jakitea zekien beraz, barru-barruko menduaren ikasle gorengoa. Eskolan gutxi ibillia, ezin esan dezakegu ta berak ondo zekien kultura aundirik zeukanik. Baxurko'k xirpillak egiten zitun, etxe-trastiak, oeak, seaskak, il-kutxak... zurgiña zan, ez Unamuno bat. Oneri etzion, ordea, zorrik egizko ezagueraren jakitean. Ze arrayo!
Olerki sariketak zirala ta, bein baño geiagotan bide eman nion. Esan ere bai. Zuk diozu eskolarik ez duzula; jakite aundiaren jabe zera ordea; Jainkoak asko eman dizu. Zu olerkari aundi bat zera, baña begira: Satarka'k: Lau, ta lau, bost eta bost. Iru ta iru. Lau ta lau.Txardiña bakallau! Zuk: Amar ta zortzi... emezortzi. Edo zazpi ta sei; amairu. Beti zortzikoak. Olerki sariketarako ez zortzikoak txarrak diralako baña gaur egunean neurriz aldatu bearra dago arteka. Alperrik nenbillen. Otalorea beti, mendi lora. Garoa, beti iratze. Nai eta ere besterik eziñ egin. Berriz jaio bear orretarako. Eta Baxurko berriz jaioko balitz, pralle edo apaiz zintzoren bat zitakean, olerkaririk garaiena agian, baña, «Baxurko» zan «sagar-kanpandojik», Euskal-Literaturak etzun ezagutuko.
Gagozkion ordea, bere azken urteaki. «Korrokoitz» kalean bizi da. Etxea, apainduriz betea, alako goxotasun bat nabaritzen da. Txorimueta asko kaioletan. Txoririk egokiena, bera. Abots politaren jabe zan ta kantatzerakoan ipintzen zuen sentimena, berezia, aparta.
Herria, Egan, Eusko-Gogoa, Argia, Arantzazu, Karmel, Gernika, Learso ta El Bidasoa'n argitaratu ditu bere olerki asko.
«Gernika» aldizkariak 15 zenbakian «Ondarribitar bat»'en izenean Baxurko degu dudarik gabe.
Euskal-Erriyan ikusten dira
Euskotar kaxkar ugari
Beren zañetan eusko odolik
Ez daukatela irudi.
1945'gn. Zalbidiko erriak Iztueta bere semea goraldu zun. Antxe agertu zan Baxurko, bere biotzetiko olerki batekin. Egiazki txalotu zuten.
Sariketa aunitz irabaziya. Aipamenak aparte. Onatx batzuek, edo ikasi ditugunak.
«NERE BASERRI TXURIYA». Biarritz' en. Lenengo saria.
«AMA BIRJIÑA EGUNA». Ondarribi'n. Bigarrengo saria.
«AGUR SORTZEZ GARBIA». Herria astekariak. Lenengo saria.
«AXULAR'EN OMENEZ». Sara'n. Lenengo saria (bertso-saillean).
«BASERRIA EUSKERAREN ZAINDADARIA». Buenos Aires.
Perio Regino Galdos. Lenengo Saria.
«Arantzazu'ko BIRJIÑAREN EDESTITXOA». Arantzazun. Lenengo Saria. (Bertso-saillean).
Baserria'ri jarriak. Buenos Aires'ko artan sarituak, benetako ederrak dira. Basurko'k egiñetarik onenak ezpadira, onenetakoak, bai.
Jaunari eskerrak emen bizi naiz
Mendi goiko baserrian
Zorion eta pake gozoa
Daude neretzat mendian
Batzuk diote askoz obeto
Bizitzen dala Errian
Neretzat ez da leku oberik
Au baño mundu guzian.
Ogei ta bost apaldi dauzka, bat baño bestea obea. Ona azkenekoa.
Euskal Erria euskera gabe
Ez litzake Euskal-Erri
Ta gaur euskera bizi bazaigu
Zor dio baserriari
Oitura garbiz inguratua
Gure izkuntz eder ori
Basarri zar bat zutik dan arte
Ezin liteke erori.
Eta auek bezela, zenbat olako. Kuadernotxo batean «Eusko-Lore-xorta» berak izendatua eta bere alargunak daukan beste kuadernotxo batean, amaika olerki eder irakurri ditugu. Noiz argitara dira guziak?
Esku onetan daude ta ez dira galduko, noski.
Ontara iritxi geran ezkero, guziak dakizuten bezala, liburutxo batzuek ere argitaratu zitun gure arotzak.
Gaxo aldi batean, Irun'go apaiz On Juan Irizar'koak eraginda (berari eskeñi zion liburotxoa).
JESUS'en bizitza jarri zun bertsotan.
«Ederrak gaiz, ederrak neurriz; ederrak azalez, ederragoak mamiz».
Onela goratu zitun, On Manuel Lekuona Apaiz argiak, apaiz santuak.
Ta, On Manuel'ek nundik dabillen badaki.
IÑAZIO DEUNA. 171 apalditan, Iñazio gure patroiaren bizitza kantatu zigun. Ayalde'k, On Antonio Valverde'k irudi aipagarriak egin zizkion.
ARANTZAZU'ko BIRJIÑAREN EDESTITXOA. Arantzazu'ko prantzizkotarrak liburuxka bat egin zuten bertso-sail onekin. Gustagarria.
IBILKARI BIKAIN BAT. Sebe Peña Albisu, Tolosar jatorrari jarriak. Oso ondo, oinkadatik-oinkadara bere xeetasun guziak argi ta garbi ematen dizkigu.
Ta nik dakita zenbat bertsu, kopla edo olerki.
Onek esan nai du, norbaitek lenago eragin balio, Baxurko'k izugarrizko lana utzi al-izan zezakeala Jaungoikoa ta Euskal-Errientzako, gu ordea beti arrastaka... ta orain arrapazak!
Jaiotzak, eriotza zor.
Nire gaxorik nabil
aldetan bezala.
Esaten du bere azken olerkian, «PARDO MAITIARI», Irungo olerkari bat zan, gazterik illa, erdelduna.
Gaxo-aldian jun nitzaion bein baño geiagotan ikertalditxo bat egitera. Usotxo bat bezelaxe, pake-pakean zegoan, Jaungoikoarekin bat egiña.
Eguberri egun batez itzali zan. 1957'en. Jesus aurtxoak otz izan nunbait eta gure arotz-olerkariaren biotzaren beroa nai.
Eortzetara jende aundia etorri zan. Olerkari ta idazle asko. Irun guzia. Mueta guzitako oztea. Lagun batzuen izenak aipatzeagatik, lerra ditzadan. Aita Larranaga. Pinpliango Gotzaia. Aita Manuel Lekuona. Jose Arteche. Antonio Valverde «Ayalde». Loidi. Mas. Artola Apaiza. Aita Beizama; nik dakita
Egunkariak gora aipa zuten. «La Voz de España»'n «Al poeta humilde, sencillo, bueno que fue mi amigo» Artetxe.
JUAN BAXURKO. Ayalde'k. El Bidasoa'n. Idazki argi ta goxoa, iduri polit batekin. El Bidasoa berok, orri alde bat. Tauer'tar Norberta'k-Tcheko ospetsuak; El Bidasoan.
Euskaldunen begien aurrean ipiñi bear degu gure Basurko.
Herria, astekarian. Boletin de la Real Sociedad de los Amigos del Pais'en. San Marcial aldizkarian: Nora. ZERUKO ARGIAK.
Bidasoa aldeko olerkari guziok zertxo bat eskeñi zioten Basurko olerkari lagunari.
Onatx Illeta orien aipatzca.
Joaquin Aldabe. IN MEMORIAN.
Nere itz motelak
ezertxo ez dira
Ai! Bikaiñaguak
Neurtuta balira
Orain biyaltzeko
Zeru goi garbira.
«Kutx». Olabeaga Anaia. Lasalletarra. BAXURKO ZANA.
Zaude Basurko pozik
Zorion orretan
Aingeru ta Santuen
Soñu ederretan
Kantatu ezazu alai
Betiko pozetan
Bederatzi puntoko
Bertso berrietan.
Ignacio Larramendi.Bera'koak. JUAN BASURKO MAITEARI.
Uste osoa detan bezela
Baldin bazaude zeruan
Egiten dedan eskariya
Artu dezazu goguan
Bizi laburra seguro daukat
Arkitzen naizen moduan
Leku polit bat gertu zaidazu
Zurian inguruan
Beti pozkiroz bizi nadiyen
Lagun onaren ondean.
«Pagogaña'k» Thalamas Apaiz Jauna. OYANAREN NEGAR OTSA.
Nun dira nere liliak
Nun, nere txori alaiak
Nun, neregan poztutzen zan
Baxurko bertsolaria.
«Satarka'k».BIOTZA LERTU ZAIT.
Ni gaxorik eta... zurekin egon ezin
Azken agur gabe, zuk nigandik aldegin
Billagarroa il da. Ill da euskal txoria
Gure mendietako abeslari zolia.
Bordari'k. ZERURA ARTE.
Negarrez biotza ta malkotan begiak
Bertsotan asten naiz euskeldun maitiak
Eguerri-egunean txori kantariak
Egan egin dizkigu zeruko bidiak.
Bidasoa-inguruak. Jaizkibel-mendia. Gure basterrak beltzez jantzi ziran. Eta Basurko goratu naiez, bere erriko gazte batzuek «Oargitarrak», Olerki sariketa bat eratu zuten.
Jaizkibel inguruko tximista bezala bertako ortotsa baño etzan izan. Legazpiar trebe batek saria eraman zun. «Zeru goiak olerkiz» izeneko lanarekin. Ugarte'tar Martin, bera. «Basurko» gaiari elduta, izar mordo aña bertso igorri zitun, txit ederrak. Olabeaga Anaia, bigarren gelditu zan. Egun artan 6-7-1958, Bidasoa-ibaiako txalupak kulunkan, zillarrez ibaia, lañoki zerua, gori-gori biotzak, Danok-bat'eko egun izan gendun. Larrañaga Jaun apezpikuak itzaldi eder bat egin zuen. Egun orretako xeetasunak neronek jaso nitun, baña etzuten argitaratzeko suerterik izan.
«Ondarribi» aldizkariak 19-7-1958, egun orren berri eman zuen zeatz.
1958'ko Apirillaren 13'an, Urruñako erriyan berebiziko omenaldia egin zitzayon Baxurko olerkari zanari. Meza-Nagusi ederra. Larzabal Jaun-apezak itzaldi gorengo bat eskeñi zigun bertsolaria zeru goian jarriaz. Ondarribiko abeslari talde batek abesti biguñak otoiz antzera kantatu zituen. Ernandorena Jaunak itzaldi xamur bat. Eta Basarri, Xalbador, Mattin, Uztapide, Aintziart, Errezil, eta Txanpun'ek saio ederra egin zuten bertsotan egun artan.
Basarrik ederra bota zuen asierakoa ta merezi ta merezi du emen esatea.
Gure Baxurko maitagarria nola ez izan goguan
Oraintxe dala ogeitamar bat urte ezagutu nuan
Toki askotan ibilli gera biok beti inguruan
Pentsamentu bat zun biotzean
biotzean pentsamentu bat buruan
Bere euskera maitagarria nundik jasoko zuan
Ua garbi agertutzen zan etxean eta auzuan
Euskera zeruan ametsetan eta euskera pausuan
Berdin kafean eta kalean ta berdin basuan
Ta nere ustez pekatuaren arrastorik etzuan
Iñor badago ni seguro naiz au daguela zeruan.
Bertso ederra. Egun ederra. Denak, mereziak. Esker onekoa gendun bera. OROITZA deritza olerki aberats-aberatsean dakusgu argi ta garbi Baxurko'ren biotz ona zenbaterañokoa zan. Gipuzkoarrak zorretan gaude. Nik lantxo onekin apur bat kitatu det nerea.
Nik ere esker oneko izan gura nuke. Bere alargun Joxepa'ri biotz-negarrean lagunduaz damaiot lendabizi, gero bere seme Eleuterio'ri samiñ agurra erreberrituaz. Fermina bere illoba' ri. Mikela ta Lorentxa, Baxurko'ren koñata biek. Eta aantzi gabe On Nikolas Alzola Gerediaga, Balentin Barriotxoa, La Salle'tar Anaiari; beraren laguntza baliosoagatik.
Ta besterik ez.
Otzana ziñan eta nola dan uxua
Katazka-soñu gabe artu dezu lua
Ez dut sekula aztuko, leen-azken muxua
Ain ziñaden Baxurko, ain, gizon goxua.
Larrea'n, 1961-X-29'an. ospatutako olerti egunean irakurria.
|