Ortzadar
(Pake-eresi)
Gaztelu
Milloika bular ludian barrena
arnas dagite, denekin nereak.
Milloika biotz pilpira dira,
batzuk negar, besteak irri.
Aberats, txiro, zuri, beltxeran,
ori ta gorri, mintzoz ez-berdin;
animaz kide, esanaz anai,
bañan egintzaz alkar otso.
Goian daudenak bekoei aier,
bean daudenak goikoei otin.
Denak eskuko nai dugu izan,
baña, nor buru, ta nor menpeko?
Altsua biotz-beltz, aunitz erbal
itxian goibel irtera eske.
Pake-usoa ezin da koka
lurrean, aidean bi egalez
or dabil, olio-abarra mokoan,
noizdanik? noiz arte? zazpi margodun
ortzadar tartean kabi ta ume
noiz egiñen... Baiñan ortzia
illun, ekaitzez noraezean
lerrenak eginda, ez argi, ez izar,
larri beltzean illurran dagozu...
Itxas gaiñez, ontzi lirain
arat-onat zebillen olatuz.
Barnean abere ta pizti binaka;
Noe zintzoa denen nagusi,
arekin emazte ta seme-alabak.
Ta ara... euri-abarra goitik
asi zan jausi ta jausi erruz.
Egunez, gauez, berrogei aldiz,
ari izan zan atertu gabe.
Urak aundi, jendea murgil,
oiu ta negar nunnai ugalduz.
Azkenik, aterrune... Urberan,
erio-sunda kresal t'aparrez,
lurra loietan inguru dena.
Tontorrez, kutxa zuri igeri;
aidean zearka bela beltza,
gorputz ustelen ingurubil.
Gero uso bat, gero bestea,
kutxara jun-etorri abardun.
Eta bertan, egurats zabalez,
zeruko zubiaren makoa
zazpi margotan kikirriki...
Azpian, sutan, mai bat opariz.
Gero ere, gizonak gizon,
jostetan dabiltz nor-geiago.
Lenago zizpa? Orain egazkin,
ta ela-suaga ainbat obe.
Bitartean, kurinto azpian,
txiki ta aundi, zar eta gazte,
ler eginda auts biurturik.
Bai bitxi! Gizonek asma bear!
Ta lurra nunbait ez aski eta,
orain beste izarretara
dute elburu... Eta tartean,
soñua betibat gauean mudurri
abardun usoa, ekaitzez ekaitz,
or dago odol-jario dardara...
Alere... eldu, bildu lenbailen
aldare inguru, arnas dagigun,
pilpira geran biotzak oro!
Anai gera! Eutsi alkarri!
Beera iskillu, kateak eten,
besarka estuz jaso anaigo!
Ekarri bei, bildots, txekor,
pake-opariz mai saindu gañera.
Eman burura untzorri, ereñotz,
eskuz esku artuta, egin
kalejira... Aintza zuri,
zazpi margotan eder zerana!
Mundu-erreztun, pake-usoen
atseden-kabi ta Axaropen!
|