L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1962 III-IV Esku-azalak (1962-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Olerkari bati

 

Jautarkol

 

                            I

Oroituko zera, noski... Udaberri egun batez,

bidean alkar topatuz, lotu giñan maite-katez.

 

Parnaso-bidean gora, neke-izerditan nijoan;

eldu nintzan pagadira, t'eseri iturri-ondoan.

 

Laister an ziñan zu ere, gazte ta ametsez betea,

eskuan zenekarrela garaipenaren lorea.

 

Olerkarien koroia jarri zizuten buruan,

ta txaloz sartu zinduten euskal-Parnaso-barruan.

 

Geroz etzaizu zimeldu zure garaipen-lorea:

geroztik dirdiratsugo zure koroian urrea.

 

Eder-miñez gaxotuta jo zendun urduri egan,

zure miña senda-nairik gallurretako aizetan.

 

Murgildu zenitun egak euzkiaren goi-argitan

t'eres sorgin izkutuak gauai oztu kolkotikan.

 

Zure kantaz baso zarra dar-dar jarri zan orduan;

txorik esna, ta ari ziran kantari zure inguruan.

 

Maitez zauritutako uso urrumakorren samiñez

sartu ziñan bizitzaren baratzean berriz miñez.

 

Ta maitasun-bide-ertzean eseri ziñan egarriz,

ta ikus zenitun maiteak ase-eziñaren min larriz.

 

Maitaleen lore-barnean ikus zendun ar zikiña

ta urrezko maite-edontzian nasturik ezti t'ozpiña.

 

Zure maitale kutuna etzenduan arkitu iñun:

Eder-iturrietaño ega ziñan biotz-illun.

 

Zure biotz-irudia zendun irarri kantetan,

bizitza-zatiak bertan lagaz bizik odoletan.

 

                            II

Gaur jostallu ta urduritsu, mitxirrikaren antzera,

bizitza loretegian, olerkari, sartu zera.

 

Loraen alkar-izketak entzun dituzu arretaz:

biotza gantzutu dezu arratsaren malkoetan.

 

Loretegiko esian arrats-beran eseriaz,

ikusi dezu igarotzen giza-gurdia kirrinkaz.

 

Ardo-zatoak eskutan, poz-irrintziak airean,

odol-tanto, lore-igarrak gurdi-atzetik bidean

 

Zure barnetik kanpora jo dezu gaur, olerkari,

bertso arin-jostallutan gizarte-eresak kantari.

 

Lurrak bere beatz leunez ikutu dizu biotza,

ta irauli bertsotara zuk, lurkoi pozak ta mingotza.

 

Begitan josi zaizkitzun lurkoi-bizitza-argazkiak

kolkotik irten dituzu biurtuz kanta biziak.

 

Beren ega ñabar-meetan dakarte bizi-dardara,

kabi-ertzean ama-zai txorikumeak antzera.

 

Eder-izpien dirdira dute luma nabarrean,

euzki-izpiena arrats-beran, odeiak duten antzean.

 

                            III

Olerkari, zure kantak sartu utsez nere gelara,

utzi dute usai gozozko alako ikutu-dardara.

 

Izkutuzko ots eztitxo bat entzuten diet kolkoan,

ta azi mardulak ikusten dizkiet ega beroan.

 

Gutxik nabaituko dute zure lanaren sakona;

gutxigok egingo die zor zaien abegi ona.

 

Aiskide, ez dio ajolik: zure kantak uxa gora...

Zure kolkoko txoriak bialdu euskal-basoaa.

 

Nik bezela, aiskide batzuk, irikiz gela-leioa,

emango baidietegu aterpetxo bat goxoa.

 

Egoetan daramaten azia noizpait lurrean

ez ete da ernaituko elurra urtutzen danean?

 

Txoriño egalariok, ekin txioka basoan,

t'egal-ikutu goxo bat utzi dardaraz gogoan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.