Saia ta eperra
Igotz
Sai arroputz ta goseak illa,
Ipiña'raiño zan eldu.
Ta urki gainetik eper arrea
Garitzan eban somatu.
Aren aragiz bere zilbota
Ase nai eban gaiztoak,
Ta aiko-maikoka, iruzur utsez,
Azal eutsozan asmoak.
«Tira, epertxo! dirautso nare,
Ik soiñu bat dok betiko,
Ta didar ori, dei ertun ori,
Etxatak bape gogoko».
«Zer txarrik ete dagiot, jauna,
darantzutso leun eperrak
Zirkillu ontan askatu arren
Ene barneko sugarrak?»
«Bai, egia dok; askeak gozak;
Bakotxak nai dauna yagik.
Baiña ik, lendik be, tint zinkulinka,
Kezkaz naukak, gogaiturik».
«Zelan daiteke ori? Ni gaur naz
Araba-lautik etorri;
Nik ez dautzut gaur arte, bein bere,
Emen zankorik ezarri».
«I ez ba'intzan be, iretarrak bai
Izango zoazan ziur.
Eta, zast! mokoz lepazurra ausiz
Eperra zan aren zintzur.
Erru bageak zenbaten dozuz
Era onetan zeetuak,
Indar zakarra ta guzur motza
Dirala euren jainkuak.
|