L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1962 III-IV Esku-azalak (1962-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Oriotarrak

 

Loidi'tar Paben

 

 

I. Arrantzale

 

Amexti eta Mendibeltzaren

kolkoan degu Orio;

eliz-inguru etxe-mordoa,

estu ta zintzilkario,

ibaiak laztantzen dio...

Bere gizonak itxas-burrukan

oitu dirala merio,

mariñel-griña nagusi eta

gezal-usaia dario.

 

Kaian giro da. Sare garbiak

ontzira biltzen gizonak.

Radio-Radar tresnakin antxe

ogei bapore bai onak.

Mariñel zarrak aiei begira

egiten duten egonak...

bale-arrantzan arpoiarekin

ibili ziran aitonak.

 

Erriak agur leiotik; min du

ontzi-motorren urruma...

Barra-buruan otoi eginda

arin dijuaz urruna.

Begiak zorrotz ezker-eskubi;

beitak eratzen al duna;

nun azalduko zimarroi edo

egaluxeak, atuna...

Arrai-kezkaren mende ur danak

aztertzen gau ta eguna...

 

Erne mutillak, babor-aldetik

arrai-soka dek luzea,

ur-axalean zalapartaka

ausartsu eta gosea...

Beita bizia bota orduko

amuan egaluxea...

Kaiuak lagun, burrundarekin

ontzia dator betea.

 

Udaberri goiz aldean

arraia sartzen danean

kostaren aldamenean,

bapore lirain txuri-gorriak

etxetik urbil lanean...

Gezal-usaia kalean;

dirua esku artean...

Ez da iñoren kaltean!

 

Goxoa dabil iparra,

ur-axalean aparra,

ontzia lirain azkarra...

Murgil-igari usaian dabil

izurdearen bizkarra...

Dirdiran arrai-zillarra;

sarea bota bearra...

Osa gizonen indarra!

 

Arria bota ondora,

begiak zorrotz albora...

Piztu dek arrai-polbora!

Sare-mordoa zabaldu eta

bota dezagun kanpora!

Arraia sare-kolkora...

sokatik eldu ta gora...

Bikaiña degu ardora! (1)

 

Kaian ari du txiliña...

oraintxe dator sardiña...

jendeak egon-eziña...

Arrai-eskean ixkanbilla ta

aldean otar ariña...

Baporien atsegiña...

txuri, gorri ta urdiña..

Beti onela ba'giña!!

 

Ontzia ustuz batera,

urakin parrastatzera,

arrantzalien legera.

Lemari eldu ta aupa, mutillak!

eragin bizi ostera,

goazemak ipar-aldera,

arrai-sokari eustera,

osatu arte kostera!!

 

Urrun ikuski dirdira...

abian arrai-kabira,

sardiñak antxe bait dira!

Ontzi taldeak leian dijuaz

arraia dagon tokira.

Bota sarea ta bira,

arrai biziak ontzira...

Irabaziak erdira.

 

Sardin-antxoa dala,

altuna elburu

Oriotarrak beti

arrantza seguru:

«Zeruko-Ama» edo

«San Nikolas» buru...

Oien izena dabil

inguruz-inguru.

 

Alditan arrai ordez

etxera negarra;

ekaitzaren igesi

baztartu bearra...

Bare-aldian artuz

olatu-bizkarra,

larri zilipurdika

igaro du barra;

arrantzale askoen

illobi zakarra.

Lemazaiak ez du an

begitan makarra.

 

Ekaitz-aldian larri,

nun arki babesa?

Bizi diranak aztu

dute arrai-eza,

gozagarri artuaz

etxeko ur geza...

Fedeak argi eta

biotzak erreza,

eskuan kandela ta

aldarean meza...

 

Arpoiak galdu ziran,

baleak nun dira?

Boga bai, mariñela,

zuaz urrutira,

Kantauri-txokotikan

Atlantik aundira;

itxaro-bidez jarrai

eguzki-dirdira,

zure aitona zarren

arrantza tokira.

 

Arretarekin zaituz

azterki-orratza,

ondo meatzen dezu

itxaspe-ondartza,

Terranova'tik gora

egiñaz arrantza;

Groenlandi otzetan

bakaillo-legatza.

Sendi laztanik gabe

bizimodu latza.

 

Oñez baldarra da-ta,

aatea ur-zale;

ainbat arrantzalea

nagi kalez-kale...

Arrai-otarrarekin,

beartsu-maitale,

dunean ase ditu

amaika eskale...

Txaloak zuretzako,

eusko-arrantzale!

 

(1) «Ardora»: Arrantza era berezia.

 

 

II. Arraunlari

 

            1) Olaizola

 

Olaizola zan gure

lemazai aurrena,

Kantabriak izan dun

patroi bikaiñena,

Donostian banderik

galdu etzuena.

Aren eskola da gaur

Orio'n dutena.

 

Milla bederatzireun

lenengo urtia,

Donostin jarri zala

estropa-legia.

Mañuel Olaizola'k

du irabazia,

Luis Karrillen aurretik

lenengo saria.

 

Bederatzireun eta

amargarrenean,

(ez bait zan estroparik

joka bitartean),

Olaizola'k ekarri

zitun bi urtean.

Iñork etzuan artu

patroi au mendean.

 

Amaikagarren urtean lasai

etorri giñan kantari,

Santa Klara'tik sarrerakuan

Mañuel zala gidari.

Berrogei pala kendu genizkan

bigarren sartu zanari.

Urrengo jaian gu ez joateak

gaillendu zuan Getari.

 

Amabostgarren urtekoa zan

Donostiaren aldiya...

Kaia-gaiñetik urduri zegon

Olaizola'ren begiya.

Esan zuan: Nik patroituko det

gaur galdu duan ontziya;

goguan izan: Oraingo parrak

ekarriko du antsiya!

 

Amaseikuan ba-zan Orio'n

bere biziko indarra;

mutil bikaiñak tosta-gaiñean;

treiñerua zan baldarra.

Ala ta guziz Donostia ta

danai jo zien adarra.

San Nikolas'ek bedeinkatu zun

Olaizola'ren gabarra.

 

Arraunlariak ezin zutena

urteak zuten ausiko.

Emeretzian txalotu gendun

Manuel zarra betiko.

Azkenik bere txoko maitea

etzuan miñez utziko...

Markak ausita ikurriñakin

garaitu zuan Kiriko.

 

Txalopa egin Ondarrua'n da

ezin ekarri etxera,

egun artako barra gaiztoak

itxi bait zigun sarrera.

Bizkar gaiñean ekarria da

Getari'tikan onera...

Ensayo gabe jun da jai artan

ekarri gendun bandera.

 

Gora Mañuel buru-txuria,

gure lema-zai zuzena,

iñork kenduko etzion eran

txapela jantzi zubena.

Gaur San Nikolas txaloparekin

zeruan dabil aurrena.

Orio'n kale batek bear du

Olaizola'ren izena.

 

            2) «Orio'ko Aundia»

 

Orio degu gizon bikaiñak

sortu dituan erria.

Bi metro luze, indar biziko

zan Oribar'ko Aundia.

Palanka-beso, gerri biguna,

erraldoi-arraunlaria.

Aren indarrak ikaratu zun

Kantabri-kosta guzia.

 

Arraun-lanean danak ausita

etsairik gabe gelditu,

neurriz kanpoko borrokaria

gizonak ezein garaitu.

Itxas-olatu aundiak ere

ezin zioten jarraitu.

Aren garaian batel-estropak

erabat ziran amaitu.

 

Erraldoi ori menderatzeko

ba-ziran asmo zorrotzak;

bear zirala iru gizonen

beso, gerri ta biotzak...

Agertu ziran indar aundiko

bi arraunlari batentzat:

Donostia'ko Erdozia ta

bestea Pasaiko Artzak.

 

Orio'tikan Donostiraño

eratu zuten borroka.

Zubi-aurretik abitu ziran

arraun-indarrez orroka...

Aundi bakarrak bide erdiraño

erakutsi zien popa,

azkenik larri ontzi bikoak

irabazi zun estropa.

 

            3) «Txokolate»

 

Milla bederatzireun

ogei ta zortziyan

arraunak egin zuten

soiñu Kantauriyan...

Bi gizon burrukatzen

mundu bat antsiyan...

ez da beste bat sortu

gure gorantziyan.

 

Erronkak nastu zuan

itxaso ta legor:

Euskaldun gauza danik

baldin bada betor,

arraunakin zai dago

irrintzika gogor

Ondarribi'ko seme

Araneta Todor.

 

Gizon kementsua da

arrokeri gabe

Iñaki Manterola,

gure «Txokolate».

Onek erantzun zion:

Ikusteko gaude,

Kantauri-barrutian

zein geran alkate.

 

Txokolatek orduan

omen zion esan:

Euskalerri guziak

gaur ikusi dezan,

jo zagun, Araneta,

bear degun eran,

ekin dezagun ea

geiago zein geran.

 

Iritxi zan eguna

borrokatzekua;

aize otzetan larri

bildu zan mundua...

Ezin joka ziteken,

ain zegon gaiztua

ur-mendia zirudin

itxaso nastua.

 

Astearte goizetik

zan ikustekua

Igeldo, Kontxa-aldia

eta Gaztelua;

larri zegon jendea

egon-aspertua.

Batelak irteteko

ba-zuten ordua.

 

Zunpeteko larria

lertu zanarekin,

salta ziran batelak

biak berdin-berdin...

Legorreko piztiak

irrintzika ekin;

bide luzean dira

biak alkarrekin.

 

Ta rau egiñaletan

igesi dijua...

arraun-palak egetan,

biotzetik sua...

legunki zirudilla

aidean kaiua...

Irriparrez iritxi

zan Oriokua.

 

Ura zan Donosti'ko

bapore-txistua;

ura Ondarrabi'ko

ezin siñistua...

Oriok mereziya

du errespetua,

arraunerako jaio

bait zan ijitua.

 

Ezpaiñetan pitsa ta

izerdi musua...

begi-zuloak goibel,

makurtuz burua,

tostartean jausi da

nekeak lertua,

estropa galdu duan

mutil gizajua.

 

Ogei milla peseta

arraun da batelak

jaso zuten indarrak

etziran motelak...

Ondo dantzatu dira

jokoan orbelak...

elizan otoitza ta

erretzen kandelak.

 

            4) Sarasua

 

«Txokolate»-ren urrena

Sarasua'ren izena

zabaldua da geiena.

Arraun-soiñua dantzatua da

Kantabriaren barrena...

Pasaian arro zezena,

Oriok sartu eztena...

Ori dek ori kemena!

 

San Pedrotarrak onela

zioten, ezin zeikela

aieri kendu txapela.

Talo-jaleak ez du ausiko

mariñelaren batela;

Paulino ez da motela,

baizik indartsu zimela,

Pasaitarra dan bezela!

 

Balitzetan ziran jarri,

begiratuaz alkarri,

arraunketaren egarri.

Txapela kendu, oiñeko tostan

soka-muturra ezarri;

tiruak lertu belarri,

arraunlariak jo xarri...

Etzeuden aiek elbarri!

 

Bigarren jo-aldikuan

Paulinok bere musuan

odol-tantorik etzuan.

Arnas-estuka iritxi eta

jausi zan batel-barruan...

Oriokuak orduan

ba zeukan gatza besuan

ta arraunak jaso zituan.

 

Gora Sarasuatarra,

estropalari azkarra.

Ba-gendun zure bearra.

Erronkak zion: Betor nigana

gauza dan gizon bakarra.

Kantari zegon oillarra...

moztu diozu kalparra...

Taluak ba-du indarra!

 

Ezin bait zuten sumatu

Iñaki nola baztertu...

Ez dira errez aspertu.

Urte guzian ibili dira

ondo jan, arraunak artu.

Tolosa'n ez dira agertu,

Irun'a joateko gertu...

Oien ametsak an gertu!

 

Itxaso naiz ur-geldian

bide motz eta luzian

ibilie dute neurrian...

Borrokalari onenarekin

irabazi du legian.

Bein gelditu zan pelian

«Txokolate»-ren atzian

Bidasoa'ren erdian.

 

Gora Txokolate ta

gora Sarasua...

Amaika bider oien

gerri ta besua

etsai danak garaitzen

degu txalutua.

Munduan ez da sortu

olako bikua.

 

Agur Oriotarrak

eta Ondarrabi,

arraunlari bikaiñak

sortu diran kabi;

Donostia, Ondarru,

Pasai ta Getari,

estropaz kanpo lagun

bata besteari.

 

Oriotarra beti

borrokari latza,

arraunlariak sortzen

erri aberatza...

Solaberrieta'kin

Ubegun Makatza.

Ezin aztu det oien

arraunaren gatza.

 

Oliden lau anaiak

iñork ez bezela,

beti bai talde ona

osatu dutela...

Batean txalopa ta

bestean batela,

aien burutik ez da

erantzi txapela,

 

 

III. Estropada

 

Goiz-erdian igo naiz

Igeldo-mendira,

zeruak bere puxka

utzi dun tokira...

Itxas-ertze ta mendi

obeak nun dira?

Paradisuai nago

andikan begira...

 

Iparrak ur-axala

dardaraz dabilki..

eguzki lotsatiak

laiñoa estalki...

arkaitz loretua da

jendearen aulki...

Arraun-jaiari danok

ateak iriki!

 

Au goizaren

erne alai!

Ondar gaiña,

mendi ta kai

dana margo,

dana dirdai...

bultzaka ta

leia nunai.

Tokia nai!

Ontzi milla

pestaren zai.

Arraunketa

da gure jai.

 

Zuzentzailleak marruz

bideak iriki.

Baporeak sokatzen

poliki-poliki...

Jende-pillak zintzilik

kirola irriki.

Danean txuri-gorri

eta kikirriki...

 

Estropa da estropa.

Goazen kai-aldera,

arraunlari bikaiñak

leian ikustera;

txalopak olatuan

gora eta bera...

Zeñek eramango du

aurtengo bandera?

 

Jendearen emana

etorri eta jun.

Amarrak ba-dirala

eta txalopak nun...?

Azpiz-gora goxoki

lapitz eta berun

autsa labaingarriaz

jarri dira legun...

 

Orio, Donostia,

Pasai, Ondarrabi

boga-aldi baterako

balizetan jarri...

Arraunlariak sutan

burruka egarri;

mundu guzia erne

begi ta belarri...

 

Arroxa du Pasaiak,

Oriok oria,

Ondarrabik muskarra,

txuri Donostia.

 

Besoak luzatuta

egon eziñean,

mutillak erne daude

tostaren gaiñean.

Jendea lepo-luze

inguru danean,

arnasa geldituaz

kezkaren mendean.

 

Egonaren luzea,

ta sokaren motza.

Arraun aien gosea...

brankaren zorrotza!

 

Zunpetekoa jo du

eta bat bi iru lau!

Arraun-paladak orru

bizian rau ta rau!!

 

Lenengo ekiñaren

eztenkadarekin

an dijuaz txalopak;

zein buru ez jakin...

Erriak itxasora

irrintzika ekin

tximista, trumoia ta

mendebalarekin.

 

Urrutiratzen dira

amorruz beteak

amalau zanko duten

pizti ur-zaleak.

 

Arin-arin saltoka,

ur-gaiña lertuaz,

olatuai agurka

dotore dijuaz...

 

Bagaren bizkarrean,

buruz gaillendua,

aurreratzen asi da

gure treiñerua!

 

Berrogeiko

arraunketan

Oriyo da

balizetan.

 

Palada bat,

palada bi,

Pasayakin

Ondarrabi.

 

Griña dabil

biotzetan.

Diru-otsak

«Portaletan».

Irratsaioz

berriketan.

Txaloak zai

ondarretan.

 

Arraun-egoak blaitsu

tenkatzen indarra,

txuri-txuri uzten du

albotan aparra.

Ukabilka patroiak

mutillai diarra...

Alkar ausi eziñik

pasa dute barra.

 

Griñak artuta dago

sutan Donostiya,

itxas-aldera larri

josirik begiya.

Treiñeruak ba-datoz

«Bi Punetan» iya.

Orra lantzak artuaz

dakarten abiya...

 

Rau! Rau! Rau!!

dotore datoz arraunean..

Rau! Rau! Rau!!

ori-oriak amalau...

 

Oraindik aspaldiko

bikain Sarasua

lemazai trebea da

ta gure maixua.

Oliden aurrelari

Portu ankekua,

tostan bi aldetatik

indarra naikua.

 

Orpoz-orpo jarraiki

burrundan motorrak.

Bai politak garaille

datozen atorrak...

Begira bagak juaz

amalau zigorrak,

ta ontzi-azpitik iges

olatu pizkorrak.

 

Txanpak menderatu du

azken-olatua...

Oiuka goitik bera

dator Gaztelua.

 

Agak urpean ausil

azkatu indarrak!

Aupa! Gu gaituk nausi!!

Gora Oriotarrak!!

 

Arraunak

gora...

Erria

zora...

Txalopak nagi

ta arraunlariak

etzan albora...

ura kolkora...

 

Kaian zurrunbilloa...

Ik neri! Nik iri!

Sedazko zapitxoak

aidean agiri...

Estropak berea du

Galduak inbiri...

ixkanbilla ori.

 

Danok nekatu gera,

griñaz arraunlari;

besoak ezin geldi,

gogoa bultzari...

Biotzak eman digu

palada ugari...

Orain garailari,

zoriona, txaloak

ta bertso kantari...

 

Or dijuaz...

txapelduaz...

arraunlariak

musu-gorriak...

Or dijuaz, or dijuaz

arrauna bizkarren artuaz...

 

Pozak gañeztu du gaur

erri-enparantza...

Ikurrin-itzalpean

arraunlari-dantza...

 

           * * *

 

Ontziak urrun doaz

igesi jaiari,

zelai-urdin biurtuz

Kontxaren atari...

Kaiuak ur-jostaillu

pesta-ordezkari...

Kantaurik urrumaka

maite-min du ari

Donostia ta bere

urre-ondartzari.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.