Jose Agerre olerkaria il yaku
O.
Bat gitxiago, ta azkarren artekoa, gure olerki-saillean. Jose Agerre napartar ta euskaltzale zintzoa itzali yaku. Jainkoak maite, nunbait, euskal-olerkariak eta Beregana aldatzen dauskuz, bat orain, gero bestea. Euskal-lorategiko bitxi aiztu-eziñok beitez gure bitarteko zerutar!
Jose Agerre Santesteban, euskal olerkaria, Iruña'n jaioa genduan, 1889-XII-29'garrenean; beraz, 73 urte egiteko geunkan. Baiña bat-bateko geixoaldiak eroan dausku, gure biotzak samin-zuloan itxirik.
Gizon on, leial, langille ta laguntzeko beti gertu egoana zan, ar-emonetan zerbait ezagutu gendunok askorik ondo dakiguneze. Itzez, egitez ta idatziz beti agertu yakun kristau fededun. Jainkoa, Andra Maria ta Mikel Goi-aingerua sarri aitatu ta goretsi zituan olerki gartsu ta ahapaldi borobilletan. Onegite orren eta fede bizi orren saria Jainkoak emona dautso, onezkero, an argi ezilkorreko atseden gozoan. Bedi orrelaxe!
Gure Olerti maite eban. Ainbat arpide barri egin eustazan Iruña'n bertan. Eta onen orrialdeetan sarri agiri dira arek, olerkari guren antzera, eratutako bertso-lan asmotsuak. Ba-eban edermenaren ezkutu-sena, ta beti jokatu oi eban gizonki bere biotz-zirrara, idurikizun txanbelin eta asmaketa sakon goitarrak adieraztean.
Napar euskelkia batez be, susterretik ekian. Eta ortik eta ortaz oretua eukan olango idazkera bete-umotua, bere-berea ziurrik asko. Gauzak alderdi asko dabez, ta berein alderdiokaz konturaturik, eurotan aurkitzen eban ederra jaso, ta ondoren, bere gogo-irazkian irazirik, guri eskintzen euskun. Or bere idatziak.
Bai euskeraz bai erderaz, asko idatzi eban, euskal aldizkari ta egunerokoetan batez be. «Gurbindo» izengoitiz izenpetzen ebazan sarri bere lanak. Guda aurretik, «La Voz de Navarra» egunerokoaren zuzendari izan zan.
Euskaltzaindia'k urgazletzat eukan irakasle gorenengo au. Ta azken-urteotan, «Principe de Viana»-k eta Euskaltzaindia'k eratutako ume-txapelketetan berea zan buru.
|