Bai esalea eta Ez esalea
euskaratzailea: Antonio M. Labaien
japoitar «TANINO» antzerkitxotik
Arthur Walley'k inglesera
ta Arnold Brech'ren aleman itzulpenaretik
Antonio M. Labayen'ek euskeratua
Bai esalea
MAISUA
MUTIKOA
AMA
IRU IKASLEAK
KORO-SAILLA
(Antzeztokia zati bitan banatua: I Gela ta II Gela, tartean ate bat dutelarik).
KORO-SAIL AUNDIA: Ajola aundiena, gauza guzien aurretik, elkar-aditzen ikastea da.
Askok esaten dute, bai!
baiñan elkar-aditu gabe.
Askori ez zaie galdegiten,
Ta beste asko oker elkar-aditzen.
Beraz: Ajola aundikoena gauza guzien aurretik
elkar-aditzen ikastea da.
(Maisua Lenengo gelan; Ama ta Gaztetxoa bigarren gelan).
MAISUA: Ni naiz maisua. Errian eskola bat eta ikasle bat bertan aita illa duana. Ez du ama besterik zaindari. Orain aiegana joan nai dut, ongi bizi! esatera, laister mendira bait noa txango bat egitera. Emen izurte bat sortu zaigu eta mendiz arunzko irian sendagille ospetsuak ba dira. (Ate joka). Sartu al niteke?
MUTIKOA: (2 gn gelatik 1'gora joanez). Nor da or? A! Maisu jauna da. Maisua dator gu ikustera.
MAISUA: Zergatik ez aiz aspaldidanik eskolara etortzen?...
MUTIKOA: Ezin joan nintekelako. Nere ama gaxo bait dago.
MAISUA: Ez nenkitxean ire ama gaxo zegoanik. Esaiok, arren, emen nagola.
MUTIKOA: (Bigarren gelara otsegiñez). Ama! Maisu jauna da emen.
(II gelan eserita).
AMA: Esaiozu, arren, sar dedilla barnera.
GAZTETXOA: Mesedez, sartu zaite.
(Sar bitez biok II gelara).
MAISUA: Ez nintzan aspaldi izan emen. Zure semeak esan dit gaitzak jota zaudela. Obeto al zaude?
AMA: Damurik ez nago obeto. Nere eritasuna sendatzeko ez bait du iñork erremediorik ezagutzen.
MAISUA: Zerbait arkitu bear dugu. Ortara natorkizue, agur agitera: bigar mendiz aruntz noa ibillian erremedio ta sendabideen billa. Mendiz bestaldeko irian sendagille ospetsuak bait daude.
AMA: Menditik aruntz laguntza billa! Bai, nik ere entzuna dut an dirala mediku ospetsuak, baiñan baita ere entzun dut ori arrisku aundiko txangoa dala. Nere semea zurekin eraman nai al duzu?
MAISUA: Orrelako ibillitara ez diteke aur bat eraman.
AMA: Ondo da. Osasuntsu itzuli zaitezela opa dizut.
MAISUA: Ba-noa bada... ta ongi bizi!
(I'go Gelara doa).
MUTIKOA: (Maisuari lo gelara darraikiola). Nik ere zerbait esan bear dizut.
(Ama atean zeletan entzunez).
MAISUA: Zer esan nai duk?
MUTIKOA: Ba... nik ere zurekin mendietara joan nai dutala.
MAISUA: Ire amari arestian esan diadanez txango gaitza da ta arriskoz betetakoa. Ez daukak etortzerik. Gañera! ez duk bakarrik utzi naiko gaxorik dagon ama? Geldi adi emen. Ez intekek gurekin joan.
MUTIKOA: Nere ama eri dagolako joan nai dut bada, eta beragatik joan ere. Mendiz bestaldeko medikutara erremedio ta sendagaillu billa.
MAISUA: Berriz ere ire amarekin itzegingo diat.
(Ostera II g. gelara itzuliaz).
(Gaztetxoak atean entzunez).
MAISUA: Emen nazu berriz. Zure semeak gurekin etorri nai duala dio... Nik berriz ezetz. Zu ezin utzi zaitzakela gaxo zaudela. Ibillaldi zail ta arriskoduna bait da gañera. Ez ditekela gurekin etorri esan diot, baiñan berak baietz! Mendiz bestaldeko irira joan bear duala zure gaitza sendatzeko erremedio ta sendagaillu billa.
AMA: Aren itzak entzun ditut bai. Mutillaren esana sinisten dut, alegia, zuekin pozik egingo lukela txango arriskatu ori. Ator barnera, seme!
(Gaztetxoa II gelara sartzen da).
Ire aita zana galdu genduen ezkero i bakarrik aut ondoan. Ez aut beñere nere begi-biotzetik baztertu iretzat jana ta soñekoak atondu ta dirua sortzeko ez ezik.
MUTIKOA: Guzia zuk esan bezela da, ama. Baiñan alare ez nau ezerk nere asmotik atzeraziko.
MUTIKOA, AMA, MAISUA: Ibillaldi arriskatua egingo dut.
MAISUA: Emen nazu berriz. Zure semeak
(Ibillaldi arriskatua egingo du).
Eta zure (nere) eritasuna dala-ta mendiz bastaldeko irira mediku ta sendagaillu billa joanez.
KORO AUNDIA: Ez duala ezerk atzearaziko ikusia dago. Ori diote ama ta Maisuak ao batez.
MAISUA ta AMA: Asko oker datoz iritzi batera, ez gaxotasuna dala-ta, gaxotasuna senda ditekela ustean baizik.
KORO AUNDIA: Amak, ordea, onela zion:
AMA: Ez dut geiago indarrik. Ala bear bada oa maisu jaunarekin. Baiñan aguro, aguro lenbaitien arriskutik itzuli zaitezen.
KORO AUNDIA: Jende-taldea mendiruntz abitua da, aien artean Maisua ta Gaztetxoa arkitzen dira. Mutilla ordea ez zegon nekera oiturik; biotza lertu zitzaion eta bereala itzuli nai izan zuen etxera. Egun sentirako, oraindik mendi-oñean ezin zituan bere oñak arrastaka eraman ahal izan.
(I gelan sartzen dira: MAISUA, Iru Ikasle, azkenean GAZTETXO pitxar batekin).
MAISUA: Laister igo gera. Or dago aurreneko txabola. Bertan atseden pizka bat artuko dugu.
IRU IKASLEAK: Zure esaneko gaituzu.
(II gelara sar bitez an dagon koska baten gañera igorik: GAZTETXOA'k MAISUA atzean geldi arazten du).
MUTIKOA: Zerbait esan bear dizut.
MAISUA: Zer esan nai duzu?
MUTIKOA: Ez dudala nere burua ongi arkitzen.
MAISUA: Ixo! Ez dik ori esan bear onelako ibillialdi batera doanak. Agian nekaturik ago mendira igotzen oiturik ez agolako. Pizka batean geldi adi ta ar zak atseden.
(Koska-mallara igoaz).
IRU IKASLEAK: Mutikoa malda gora igotzen nekatu dala dirudi. Maisuari galdegingo diogu.
KORO-SAIL AUNDIA: Bai! Egizute ori!
IRU IKASLEAK: (Maisuari). Mutiko ori malda gora igotzen nekaturik dagola entzun dugu. Zer gerta zaio? Kezkarik ematen al dizu?
MAISUA: Ondo ezik dago; baiñan bestela ez du ezer. Malda gora igotzen nekatu dala.
IRU IKASLEAK: Beraz, ez al dizu kezkarik ematen?
(Isilune luzea).
IRU IKASLEAK: (Bata bestearen ondoren). Entzun al duzute? Maisuak dionez mutikoak ez du igotzen egin zaion nekea besterik. Ez al diozute itxura txarrik ematen? Txabolatik bereala mendi-bizkar mearra dator. Bi eskuakin arkaitzari elduaz bakarrik garaitu ditekena.
Ez omen dago gaxorik-ta...
Baiñan ezin ba'du aurrera jarraitu emen utzi bearko dugu.
(II Gelara otsegiten dute eskua borobilduta aoan jarririk).
Gaxorik al zaude? Ez du erantzuten. Maisuari galdegingo diogu. (Maisuari). Arestian galdegin genizunean, mutikoaz, malda gora igotzeak eman nekea besterik ez zuala esan zenigun, baiñan orain arpegia zurbildu zaio. Eseri egin da.
MAISUA: Gaxotu zaigula ikusten dut. Leia zaitezte mendi bizkarrera eramaten.
IRU IKASLEAK: Aleginduko gaituzu.
(Teknika: Iru ikasleok leiatzen dira mutikoa «Bizkar-mearrera» eramaten. «Bizkar-mear» au antzeslariok eskallera, koska, alki ta olaz eraikiko dute. Iru ikasleok banaka igo al izateko eran baiñan ez mutikoa berekin daramatenean. )
IRU IKASLEAK: Ezin dugu galurrera gurekin eraman al izango, baiñan ez dezakegu berarekin emen gelditu. Dana dala, aurrera jarrai bear dugu, ezen Erri oso bat gu billa goazen sendagailluen zai bait dago.
Gogorra da esatea, baiñan gurekin etortzerik ez duan ezkero emen mendian utzi bearko dugu.
MAISUA: Ala bearko du. Ez dizuet ezetzik esango. Baiñan bidezkoa derizkiot gaxotu danari galdegitea, ea beragatik guziok atzera itzuli bear dugun. Gizarajoak min aundia ematen dit biotzean. Berarengana noa alik eta leunena gauza gertutzea.
IRU IKASLEAK: Egin! egin ori!
(Elkarri arpegira begiratuaz).
IRU IKASLEAK. KORO-SAIL AUNDIA: Galdegin nai diogu (Galdegin diote) baldin ea eskatzen duan berarengatik atzera itzultzea. Baiñan eskatu ala ez, guk, ez dugu itzuli nai (Ez dute itzuli nai). Baizik bera emen utzirik aurrera jarraitu.
MAISUA: (Mutiko'rengana I Gelara joanez). Entzun zak ongi! Gaxo ago ta aurrera ezin joan intekenez, emen utziko augu. Baiñan, alare, zuzena duk gaxo dagonari galdegitea ea beragatik guziok atzera itzuli bear dugun ala ez. Eta oituren arabera gaxo dagonak erantzun bear omen dik: «Ez zaitezte itzuli».
MUTIKOA: Aditzen dut.
MAISUA: Eskatzen al diguk iregatik atzera itzul gaitezen?
MUTIKOA: Ez zerate itzuli bear!
MAISUA: Aditu duk, beraz, emen utziko augula.
MUTIKOA: Gogoan artu nai dut. (Une batean gogoeta egiñen). Bai, elkar-aditu dugu.
MAISUA: (I Gelatik II gelara otsegiñez). Bearrak agintzen duan arabera erantzun du.
KORO-SAIL AUNDIA ETA IRU IKASLEAK: (Irurek I Gelara joanez). Baietz esan du! Zoazte aurrera! (Iru ikasleak zutik gelditzen dira).
MAISUA: Zoazte aurrera! Ez geldirik egon, bidea jarraitzea erabaki dezuten ezkero.
(Iru ikasleak geldirik oraindik).
MUTIKOA: Zer edo zer esan nai dizuet. Nere eskea da, arren eta arren ez nazazutela utzi emen, baizik menditik gain bera jaurti nazazutela. Emen bakarrik il bearra beldur bait naiz.
IRU IKASLEAK: Ez dezakegu, ordea, ori egin.
MUTIKOA: Bai! ori eskatzen dizuet.
MAISUA: Bidea jarraitzea erabaki duzute bera emen utzirik. Orren azkena ikusia dago naiz bete bear gaitza izan. Menditik bera botatzeko gertu al zaudete?
IIRU IKASLEAK: Bai! (Iru ikasleok mutikoa besotik artu ta II Gelako oltza ta koska gañera daramate. )
Burua gure beso gañean etzan zazu. Ez estutu. Arretaz eramango zaitugu-ta.
(Iru ikasleak Oltzaren mailletara igoaz aurrean jartzen dira Mutikoa atzeko aldean utzita ezkutatzen dutelarik).
MUTIKOA: (Ageri ez dala). Ibillaldi ontan nere bizia galdu bear nuala ba nenkian. Nere amaren gogorapenak bultza nau txango ontara. Ar zazute nere pitxarra (pegarra), bete zazute sendagailluz eta etxerakoan eraman nere amari.
KORO-SAIL AUNDIA: Bide lagunok pitxarra artu zuten munduaren neke ta lege garratzez errukiz beterik. Eta mutikoa amildegira (tulunbiora) jaurti zuten. Oñak tinko amildegi ertzean, begiak itxi ta menditik bera botiaz. Ez ziran bata bestea baño errudunago. Lur-zotalak eta arri zapalak jaurti zituzten ondoren.
Ez esalea
KORO-SAIL AUNDIA: Ajola aundikoena gauza guzien aurretik Elkar-aditzen ikastea da.
Askok Bai esaten dute, elkar-aditu gabe ordea.
Askori ez zaie batere galdegiten.
Ta beste askok oker dute elkar-aditzen. Beraz,
Ajola aundikoena gauza guzien aurretik
Elkar-aditzen ikastea da.
(Maisua I'go gelan, Ama ta Mutikoa II'n gelan).
MAISUA: Ni naiz maisua. Irian eskola bat dut; eta bertan ikasle bat aita illa duana. Ez du ama besterik zaindari. Orain aiengana joan nai dut agur egitera, laister mendira txango batera bait noa (Ate joka). Sartu al niteke?
MUTIKOA: (II garren Gelatik I'gora joanaz). Nor da or? Oh! Maisu jauna da. (Amari). Maisu jauna dator gu ikustera.
MAISUA: Zergatik ez aiz aspaldi iriko eskolara etortzen.
MUTIKOA: Ezin joan nintekelako. Nere ama gaixo bait dago.
MAISUA: Ez nenkitxean Ama gaxo zegoanik. Esaiok, arren, emen nagola.
MUTIKOA: (II garren gelara otsegiñez). Ama! Maisu jauna da emen.
AMA: (II garren gelan alki batean eserita). Esaiozu, mesedez barnera sar dedilla.
MUTIKOA: Arren sar zaite! (Biok II gelara sartuaz. )
MAISUA: Ez nintzan aspaldi izan emen. Zure semeak esan dit gaxorik egon zerala. Obeto al zaude?
AMA: Ez izan kezkarik nere eritasunagatik. Ez du ondorengo txarrik ta.
MAISUA: Ori entzuteaz poztutzen naiz. Zuri agur egitera nentorren, bada laister mendira azterketa txango batera noa. Mendiz arunzko Irian maisu aundiak bait daude.
AMA: Mendira miaketa txangoa egitera! Orra bada, nik ere entzuna nuen sendagilla ospetsuenak an bizi dirala, baiñan baiki arriskudun ibillaldi galgarria dala. Nere semea ere eraman nai al duzute?
MAISUA: Ez da iñondik aur bat eraman moduko ibillaldia.
AMA: Ondo da. Osasuntsu itzzuli zaitezela opa dizut.
MAISUA: Orduan, banoa... Eta ondo bizi!
(I'go gelara doa).
MUTIKOA: (Maisuari I'go Gelara darraikiola). Nik ere zerbait esan bear dut.
(Ama atean entzunez).
MAISUA: Zer esan nai duk?
MUTIKOA: Nik zurekin mendira joan nai dudala.
MAISUA: Ire amari esan bezela gauza galgarria, arriskuz betetako txangoa duk. Ez daukak etortzerik. Gañera, nola utzi ezakek gaxo ta eri dagon ama? Emen geldi adi. Ez inteke gurekin etorri.
MUTIKOA: Nere ama gaxo dagolako joan nai dut ba... berarentzat, mendiz arunzko iritik, sendagilllle ospatsuengana, erremedio ta sendagaillu billa.
MAISUA: -Baiñan, jabetzen al aiz ibillaldian gerta litzaiken guziaz?
MUTIKOA: Bai!
MAISUA: Orduan, ire amarekin mintzatuko nauk berriz.
(II garren Gelara Azuliaz. Mutikoa atean entzuten gelditzen dalarik).
MAISUA: Emen natorkizu berriz. Zure semeak gurekin etorri nai duala dio. Nik, ostera, ezetz. Ez zaitzakela gaxorik zaudela baliarrik laga, ibillaldi galgarri ta arriskoduna bait da. Ez ditekela gurekin abitu adierazi diot. Berak baietz, zure eritasuna sendatzearren mendiz arunzko irira erremedio ta sendagaillu billa.
AMA: Aren itzak entzun ditut. Ez dut ezpairik, mutikoak esandakoaz, alegia, txango galgarri orretara, gogoz zurekin joan nai duala. Ator!, ator barrura, ene seme!
(Mutikoa II garren Gelara sartuaz).
Ire aita galdu gendun ezkero ez aut i besterik ondoan. Ez aiz iñoiz nere begi ta oroimenetik atera, ez bada bearrezko nuanean dirua irabaztea iri jaten eman eta soñekoak antolatzeko.
MUTIKOA: Zuk esan bezela da guzia, baiñan orrek ez nere asmotik atzera araziko.
MUTIKOA, AMA, MAISUA: Ibillaldi arriskatua egingo dut. (Egingo du). Zure eritasuna dala-ta mendiz aruntzko irira, erremedio ta sendagaillu billa.
KORO-SAIL AUNDIA: Ikusia dago ez duala ezerk atzera araziko. Ama ta Maisuak ao batez diote.
MAISUA, AMA: Askok oker elkar aditzen dute, baiñan mutikoak ez du gaxotasunaz ezer aditu nai, sendatu ditekela baizik.
KORO-SAIL AUNDIA: Amak, alabaiña, ziotsan:
AMA: Ez dut geiago indarrik. Ala bear bada, oa maisu jaunarekin, aguro, aguro, ordea, arriskutik itzuli adi.
KORO-SAIL AUNDIA: Jende-taldea mendi ibillaldira abitua da. Aien artean Maisua ta Mutikoa zeuden. Mutikoa ez zegon neketara oitua ta biotza bearturik bereala etxera itzuli nai zuala asi zan.
Goiz-txintan, mendiko oñean oraindik ezin zituan bere oñak arrastaka eraman.
(I'go Gelan sar bitez: Maisua, Iru ikasleak eta azkenik Mutikoa eskuan pitxarra dualarik).
MAISUA: Laister igo gaituzu. Or dago aurreneko txabola. Bertan atseden pizka bat artu genezake.
IRU IKASLEAK: Zure esaneko gaituzu.
(II Gelan dagon malla-koskara igo bitez; Mutikoak Maisua atzean geldi arazten du).
MUTIKOA: Ondo ezik nagola.
MAISUA: Zer esan nai didak?
MUTIKOA: Ondo ezik nagola.
MAISUA: Ixo! Onelako gauzak ez dizkit esan bear ibillaldian doanak... Agian nekaturik ago, ez bait duk mendira igotzeko oiturik. Une batean geldi adi ta ar zak atseden.
(Maisua ere oltzaren koskara igorik).
IRU IKASLEAK: Mutikoa malda gora igotzen gaxotu dala dirudi. Maisuari galdegin zaiogun.
KORO-SAIL AUNDIA: Bai, egizute ori!
IRU IKASLEAK: (Maisuari). Mutiko ori malda gora igotzen gaxotu dala entzun degu. Zer gerta zio? Kezkarik ematen al dizu?
MAISUA: -Ondo ezik dago, baiñan bestela, ez du ezer txarrik. Mendira igotzen nekatu dala.
IRU IKASLEAK: Beraz, ez al dizu kezkarik ematen?
(Isilune luzea).
IRU IKASLEAK: (Bere artean). Entzun al duzute? Maisuak esan duanez mutikoak mendi gora igotzen nekea besterik ez dizu. Ez al diozute itxura txarrik arkitzen? Txabola ondoren mendi-bizkar meharra asten da. Bi eskuekin arkaitzai elduaz bakarrik garaitu ditekena. Ezin eraman izango dugu arrastaka. Oitura zarrai jarraiturik menditik bera amildu ote dezakegu?
(I'go Gelaruntz otsegiñez eskuok txonilla enbutuda antzo ao-aurrean jarririk).
Malda gora igotzen gaxotu al aiz?
MUTIKOA: Ez! Zuek zutik zaudete, ni ere bai zutik nago.
Gaxorik ba'nengo ez al nintzake ba eseriko?
(Isilunea). (Mutiko eseri bedi).
IRU IKASLEAK: Maisuari esango diogu: Jauna, Mutikoaz galdegin ginduzunean, nekea besterik ez zuala erantzun zeniguzun. Baiñan orain baezpako itxura du. Eseri egin da. Aitatzeak ere izutzen gaitu, baiñan aspaldidanik oitura galgarri bat da emen nagusi: ots! bidean aurrera joan ez ditekena, menditik bera tulunbiora jaurtitzekoa...
MAISUA: Nola?.. Mutil ori amildegira bota nai dezutela?
IRU IKASLEAK: Bai, ori nai dugu.
MAISUA: Antziñako oitura da ori. Ez dizuet ukatuko. Baiñan oitura garratz orrek agintzen du gaxo dagonari galdegin bear zaiola beragatik etxera itzuli bear dugun ala ez. Gizarajoa errukarri zait eta arengana joan nai dut oitura orren berri ematera.
IRU IKASLEAK: Egizu bai, ori.
(Arpegia bata bestearengana itzuliaz. )
IRU IKASLEAK. KORO-SAIL AUNDIA: Galdegin nai diogu (galdegin zioten) ea bera dala-ta etxera itzuli bear dugun. Baiñan ori eskatuko ba'lu ere ez dugu atzera itzuli nai (ez dute), baizik amildegira botako dugu.
MAISUA: (I Gelara mutikoarengana jetxiaz). Entzun ondo! Aspaldidanik da emen legea: alegia, norbait txangoan gaxotzen baldin ba'da menditik bera jaurtitzekoa. Onela bereala ilko da. Baiñan legeak ere agintzen du, gaxotzen danari galdegin bear zaiola arengatik etxera itzuli bear dugun ala ez. Eta oituraren arabera, gaxotzen danak erantzun bear du. Ez duzute itzuli bear. (Mutikoa'ri). Zure lekuan ba'nengo gogoz ilko nintzake.
MUTIKOA: Ulertzen dizut. (Jabetzen naiz. )
MAISUA: Zuregatik etxera itzuli gaitezen eskaria egiten al diguzu?... Edo ta bestela konporme al zaude amildegira bota zaitzagun antziñako oitura agintzen duan eran?
MUTIKOA: (Une batean gogoeta egiñez). Ez, ez dut ontzat artzen.
MAISUA: (I garren Gelatik II garrenera otsegiñez). Atozte, atozte barrura! Ez du oituraren arabera erantzun!
IRU IKASLEAK: (I garren Gelara etorriaz). Ezetz esan du! (Mutikoaki). Zergatik ez duk erantzun oiturak agintzen duan arabera? «A» esan duanak «B» ere esan zezakean.
Aldi batez galdegin zidatenean txangoan gerta al litzaiken guziaz konporme ote intzan, baietz erantzun uan.
MUTIKOA: Nik eman nuen erantzupena palsoa zan baiñan zuen galdera areago. «A» esaten duanak, ez du «B» esan bear. «A» palsoa zala aitor dezake. Nik nere amarentzat sendagaillu billa joan nai izan nuen, baiñan orain gaxotu naiz eta ez dezaket txango ori egin.
Orregatik etxera itzuli nai dut ala bearrez. Zuei, nerekin etxeruntz itzultzea eskaria egiten dizuet elkarrekin joan gaitezen. Zuen ikasi-bearrak itxoin dezake. An zerbait ikasterik ba zenduten, auxe da; olako egokieran atzera itzuli bear dala.
Eta antziñako oitura garratzari ez diot arrazoirik arkitzen. Beste oitura berri bat sartu bearra dago: egokiera berri bakoitzari oitura berri bat dagokiola.
IRU IKASLEAK: (Maisua'ri). Zer egin bear dugu? Mutikoak esandakoa bidezko, arrazoizkoa da, ez ba da altxagarriena.
MAISUA: Mutikoarekin zer egin zuen esku uzten dut. Baiñan etxera itzultzen ba'zerate par eta isekaz artuko zaituela esan bear dizuet.
IRU IKASLEAK: Nor bere buruaren alde mintzatzea lotsagarri al da bada?
MAISUA: Ez, ortan ez dut lotsarik ikusten.
IRU IKASLEAK: Orduan guk itzuli nai dugu. Eta ez par eta ez isekak ez gaituzte atzeraziko arrazoizkoa dana egitez. Eta ezta aintziñako oitura zaarrenak ere galeraziko bear dan erabaki zuzena artzez.
(Mutikoa'ri).
Jarri zazu (zak) burua gure beso gaiñean.
Lasa zaite arretaz eramango zaitugu-ta.
KORO-SAIL AUNDIA: Onela artu zuten lagunek, laguna eta oitura berri bat, lege berri bat sortuaz. Mutikoa berekin zeramakiten; besoz-beso elkarrekin joanez, begiak zabalik, par, iseka ta lotsaren beldurrik gabe.
Ez da iñoz auzokoa baño koldarragorik.
|