|  
              
               
  
 
«Txirrita» 
 
  
 
Zeleta 
 
  
 
        Ain begiko zaigun Tolosa'ko AUSPOA LIBURUTEGIA'k argitara eman digu, bere sailleko 19'garren euskal-liburua; «Txirrita» izenaz Aita Zabala agurgarriak idatzi ta tajutua. 
 
        Txirrita bertsolaria Jose Manuel Lujambio Retegui, jatorrizko izenez nundarra zan, noiz jaio zan, zenbat urtetan bizi izan zan, bere bizitzan nundik nora eta nola bizi izan zan, bere bat-batetako zenbait bertso, ateraldi ta jokerak zer-nolazko izan ziran, xeetasun edo zertzelada ugariz adierazten digu, Aita Zabala'k, aipaturiko euskal-liburu mardulari trebeki bear bada trebekiegi... ezarri dizkion lerroetan. 
 
        Nolanai ere, XX'garren gizaldian gure Euskal Erria'k izan zuan bertsolaririk ospetsuena izango gendun Txirrita; baiña bere ospe edo fama etzan ain entzutetsu egin, bertsoetarako zuen gaitasun eta etorri arrigarrizkoagatik bakarrik. Bere ateraldi irrigarri eta mingain-zikiñeko esakun lardats eta lizunengatik, ez gutxi. 
 
        Bere giza-izaera, beraz, etzan naigarri izatekoa izan, alde ortatik. Etzan, tamalez, gure Enbeita zana eta gure gaurko «Basarri» ospetsua bezin gizon zuzen, zintzo eta kristau eredukor (ejemplar) izan, Aita Zabala'k beratzaz idatzi duan edesti edo ixtori ortan ikusten danez. 
 
Alperra zan, lanerako; eta otza, erligioko arazoetako. Parranda zuen bizi-bideko; sagardotegi ta tabernak, bizi-leku kutun; jan-edanak eta lasaikeria, iturburu. 
 
        Azterkatzen ari geran liburua sortu baño lenagotik ere, ezagutzen gendun, ondotxo, Txirrita zanaren izaera arlotea. Bertsolari yayua, bizkorra ta etorri aundikoa zala, ezin ordea ukatu! Baiña, bere zenbait bertso likitx eta lardats, euskaldun-fededun danak, ezin iñolaz onartu. 
 
        Aurreko egun batean, errenderiar euskaltzale sutsu ta kristau zintzo, bi seme apaiz ditun batek, larriki, onako galdera au egin zigun: 
 
        Aizu, «Zeleta»: «TXIRRITA» liburua, ze iruditu zaizu? 
 
        ONA ta TXARRA! 
 
        Nola, nola?... galde zigun berriz. Eta: 
 
        ONA, euskera'ren aldetik; TXARRA, moral-aldetik... erantzun genion. 
 
        Orrela mintzatzean, ez degu uste oker egon giñanik. Ondoren agertuko ditugun Txirrita'ren bertso ta ateraldi batzuk egiztuko dute, gure esanak baño argiago, irizpide ori. 
 
        Bein baten, parrandan ibilita etxera zanean, bere gurasoak erritan egin zieten Txirrita'ri, eta onek, seme-ajolagabeak, bertso au kantatu zuen: 
 
  
 
                Gure etxian asarre daude, 
 
                jaunak, ez dago atsegin, 
 
                udaberria badator eta 
 
                pentsatutzen det zer egin: 
 
                aitzurra eta pala artuta 
 
                Naparroa'ra tellegin, 
 
                aberastuko ezpanaiz ere
 
                begin bistatik aldegin. 
 
  
 
        Beste bein bere aita'gatik: 
 
  
 
                Ezagutzen aldezute 
 
                Joxe Latze'kua? 
 
                gizon txiki-xamar bat 
 
                pizkor antzekua, 
 
                ni aren semia naiz 
 
                olako trapua, 
 
                aitak etxetik aurrian 
 
                bialdutakua. 
 
  
 
        Bere ama'gatik, beste batean: 
 
  
 
                Atso lepa-luze bat 
 
                dala nere ama, 
 
                Errenderi'n dauka 
 
                sorgiñaren fama, 
 
                soñean jazten ditu 
 
                lau edo bost gona, 
 
                ni gaiztua naiz baña 
 
                bera ez dek ona. 
 
  
 
        Bere andregaiagatik botatakoa: 
 
  
 
                Andregai bat banuen eta 
 
                esan biar det zein ere, 
 
                mantal-txuria jantzitzen zuan 
 
                da ibiltzen zan dotore; 
 
                amaika bider eskatu nion, 
 
                etziran emen beñere, 
 
                geroztik iru aur izan ditu, 
 
                Paris'en dabil iñure. 
 
  
 
        Tabernako nexkatxari: 
 
  
 
                Auxenda dama kopet-illuna, 
 
                nork etorri biar du zugana? 
 
                Kamixa-zarra, zikiña gona, 
 
                garbitutzeko falta jabona. 
 
                Ezta lan ona: 
 
                txerritegian dago zure laguna, 
 
                urde zikiñen bandera duna. 
 
  
 
        Altza'ko Erretorea'gatik: 
 
  
 
                Gure erriko bikario jaunak 
 
                kulpitotikan esan du: 
 
                konztzientziko kargun gaudela 
 
                ez giñalako ezkondu; 
 
                gazte denboran sayatu nitzan, 
 
                etzan neretzat izandu, 
 
                gazte polit bat artuko nuke
 
                zuk topatuko bazendu. 
 
  
 
        Altza'ko bi Mediku'engatik: 
 
  
 
                Zabal dagola ikusten badet 
 
                nik tabernako atia, 
 
                iruditzen zait pekatu dala 
 
                an satu gabe juatia. 
 
                Gure erriko bi Medikuak 
 
                bart arratsian bialdu naute 
 
                pikaro xamarrak tia 
 
                pipa bezela betia. 
 
  
 
        Altza'ko bi osalariak elkar-arturik, zenbaterañoko jale ta eralea zan ikusteagatik, apari aundi bat eman zioten Txirrita tripazaiari, eta ark orrengatik bota zuen aurreko bertso ori. Beste bein tabernan zegola, xentimorik gabe, nork konbiatuko, beste batzuen tartian sartuta ondo jan da edan egin ondoren, onako bertso onekin ordaindu zuan egin zuan gastua: 
 
  
 
                Jan eta edan bapo 
 
                egin dedanian, 
 
                tripa-larrua jarri zait 
 
                iya etenian; 
 
                ni gustora aritzen naiz 
 
                olako lanian, 
 
                berriz ere abixatu 
 
                nai dezutenian. 
 
  
 
        Beste batean, mezanagusi aurrean, «amaiketakua» egiten ari zala, Azkoiti'ko Madariaga auzoko taberna batean, mezarako organo soñua neskatxak entzun zuanean, kontuak egiten 
 
asi zan, salda artzen zeuden guzieri. Dirurik gabe, orduan ere, gure Txirrita, eta ordaintzealde, bertso au bota zuan: 
 
  
 
                Elizatik ujuka 
 
                asi zaizkit ontzak, 
 
                ez ditut ikusten bañan 
 
                aitzen ditut otsak; 
 
                dirurik ezdun gizonak 
 
                artu biar ditun lotsak, 
 
                xentimorik ez dauka 
 
                Txirrita'ren boltsak. 
 
  
 
        Bertso-saioketa batean, Saiburu bertsolariak, aspaldin mezarik entzun gabea izan bear zuala puntaratxoa bota zion Txirrita'ri, eta ark onela erantzun bertso onekin: 
 
  
 
                Meza entzutia, guztatutzen zait 
 
                kristau formalaren gisan, 
 
                bañan nai arren beti neretzat 
 
                ezda oso errez izan; 
 
                esan dirazu aspalditxoan 
 
                ez naizela izan Elizan, 
 
                Meza-Nausiya eman balute 
 
                gaur entzutekotan nitzan. 
 
  
 
        Paskoako garaian, Altza'ko Erretorea'k deitua izan zan, Sakristira, txartela nai bazuan. 
 
        Ba Erretorea'k esan zion dotriñari urtean bein pasaratxo bat ematea komeni izaten da ta ortarakoxe deitu dizut. 
 
        Egin bitza, ba, nai dituan galderak erantzun zion Txirrita'k. 
 
        Ia, ba: nor dira mansoak? izan zan Errotore jaunaren lenen-galdea. 
 
        Irurogei urtetikan larogeira dijuazten agure ta atsuak Txirrita'ren erantzuna. 
 
        Orduan, asarre-xamar, Erretore jaunak esan zion: 
 
        Zu beti onela... Ara beste galdera bat: ZER DA ELIZA? 
 
        Galdetu bazion, galdetu zion! Begira nolako erantzuna: 
 
        Beorri ta berori bezelako alper asko mantentzen dituen tximinigabeko etxia. 
 
  
 
        Gibela bear da olako erantzun zentzukaitz bat apaiz jaun bateri emateko, baiña olakoxe mingain-zikiñeko gizakia zan, zoritxarrez, gure bertsolari aundia. 
 
        Ostera, erlijiozko gauzen etsai etzala eta sinismenduna zala ere beste egikera batzutan azaldu izan zuan. Ara: 
 
        Egun batean, taberna batean zegola, mingain-txarreko gizon bat Jaungoikorik eztala esaten ari zala oartu zanean, bertso au bota omen zuan: 
 
  
 
                Munduko gauzaz agertzen digu 
 
                gure Jaungoiko bakarrak, 
 
                ark egin zitun Zeru eta lur 
 
                oroyak eta izarrak; 
 
                lur utzetikan gorputz ta anima 
 
                kristauen mami-ezurrak, 
 
                entendimentu edo juiziyo 
 
                memoriya ta indarrak, 
 
                zuri zer pena ematen dizun 
 
                aren mende egon biarrak! 
 
  
 
        «TXIRRITA» liburuak, 173 bertso dakarzki, olako ta alakoak, bere 251 orri-aldeetan, zenbatu ezin beste ateraldi polit eta maltzur artean; eta oietaz gaiñera ba-dakarzki beste 37 bertso eder ere, anemen, Txirrita'kiko bertsosaioetan garai aietako beste bertsolari batzuk kontatutakoak. 
 
        Ba'degu, beraz, ze irakurri eta ze kantatu Aita Zabala'k tajuturiko liburu mardul onetan! Orrenbeste bertso ta esaera biltzen eta txukun jartzen, lana pranko egin du, arranopola, bere
 
egille agurgarriak: baiña erreza ere ezta-ta ez ditu, noski, Txirrita'ren bertso ta ateraldi guzik bildu aal-izandu. Esaterako, ona emen Udarregui bertsolari bikaña zan omen-egunean Txirrita'k botatako bere bertsorik ederrenetako bat: 
 
  
 
                Usurbil'kua zala 
 
                Udarregui zana, 
 
                amaika egi eder 
 
                munduan esana; 
 
                bota balitu ere 
 
                kolpian dozena... 
 
                ezin buka zeikian 
 
                aren almazena 
 
                gu ez gerade iñor, 
 
                ura zan gizona! 
 
  
 
        Liburuak dakarzkin bertsoen artean, Aita Zabala'k kontatzen dizkigun gertatuen artean, «alper-apustua»-ri buruz kontatzen diguna, beste era batera entzuna eta esana degu guk. Au idazten duanak, Donostia'ko URKIXO MINTEGIA'n «LASARTE ORAIN 50 URTE» buruz eman zuan itzaldian zertzelada ta xaltxa ondotxo geiagorekin kontatu zuan. 
 
        Eta bukatzeko, bijoa Txirrita zanaren azken-bertso eder au: 
 
  
 
                Gazte gazterik asi nitzan da 
 
                oraindaño bitartian, 
 
                zenbat umore eder jarri det 
 
                Kantabria'ko partian; 
 
                pixkabatian ez naiz aztuko 
 
                sartuagatik lurpian: 
 
                nere aitapenak izango dira 
 
                beste larogei urtian. 
 
  
 
              
              |