L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1963 III-IV Minezko ezpata (1963-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Lizardi - oroiz

 

N. Etxaniz

 

                I

   Illunpetik argitara

 

Itxasoak garratz ura,

animak aren mindura;

zure eriotzak piztu ninduen

euskal-olerti-mundura;

argatik nere lanak ba-dute

kanposantuko tristura.

 

Zeru-ertzetik ertzera,

izarra doa galtzera;

ala jo zendun gure artean

sortu-orduko illuntzera,

argi bizizko diz-diz laburrez

gora jasoaz Euskera.

 

Oi, Paris'ko txolarrea!

Nun galdu dezu bidea?...

Eriotz-deiak lañotua du

orta portu-gañeko aida;

naigabe miñak itxia dauka

biotzetako atea.

 

Gure biziaren latza!

Oztu da otartxo utsa!

Aita alargunak biotzean du

alabaren eriotza;

ta ari jarraituz, aterpe-ordez,

utzi digu negar beltza.

 

Zeru-azpia, izarrez;

zeru-barrua, areago;

goi-argiaren itxaropenak

egan narama arutzago,

ekaitz-orruak jaiotzen diran

alorrak baño gorago.

 

Amonak egin zun jira,

Egun Aundiko argira;

Xabiertxo'ren Gabon-negarrak

jo zuten bizi berrira;

aita ta ama, etxekoakin,

zeruetan batu dira.

 

 

            II

   Oroi-bidetan

 

Ames-min diat,

joan-egunak

nere baitan berritzeko;

otalorea negu illean,

erregin elur-gañean,

buru-begiz ikusteko.

 

Elurpean lo dagoen lurra,

illobi aundia ote?...

Ire ezurrak betirauneko

arnasez iraun-azteko

maindirepea, dala uste.

 

Orra, pagoa,

etsigaitz, bere

azken-ostoak galtzeke!

Ire oroipen maitagarriak,

ala zirautek josiak...

Ai, gurekin ba-intzake!...

        Oi, elurraren zuria!

        ire arpegi illotzaren

        iduri bizia!

 

             * * *

 

Bizia berria

lotatik esna

zaiguk baso-mendietan.

Udaberria eztaietan dek;

sorgin-lana norbaitek

egiña dik zugaitzetan.

 

Or zegok

ire sagar-lorea,

aidea zuriz arrotzen...

Elur-maroak?... Pinpilinpauxak?...

Maitagarrien mamuxak?...

Orrela itukan amesten.

 

Zeruetan erne zaikan

argi berriaren antza,

zetorrek lur-azpitikan!

 

             * * *

 

Eguzki-sua

erretzen ari

dek gurdibideko larra.

Sasiak esker ona agertu dik

masusta-lorez jantzirik

goitik datorkion garra.

 

Eskerrak ire

Baso-Itzalari!

An ager zitzaidakan

ostope illun azpian lerden

esku emanez erregin baten

gisa bere etxe-atakan.

 

Gogoan dik ark, i

rekin izan

zuen egonaldi ura;

ire alboan eseriz gero

gozatuz bion ardura.

 

Ai, maite-minduen itza!

ta bai laburra izaten dala

berekin dakarren atsa!

 

             * * *

 

Ondar gorritan

galdu nauk, lagun;

Udazkeneko bidetan

itxas-ertzeko arkaitzak

gorri agiri dituk, izurrietan.

 

Zartzaroaren

Oinatz baldarrak

jo dik etxeko atea.

Ego-aizeak astindu dizkik

orbelak adarretatik...

Gañean dek negutea.

 

Ai, gure beera-bearra!...

Odolean zetorkiguk,

galduko gaituan arra!

 

 

                III

         Garaipena

 

Kanpai alaien otsa ari dek,

dilin-dalan...

Ogi berria gordea zegok

gari-balan...

 

Iñularreko negarrak ba-dik

ama gabaren azia;

ozkarbiko izarretan,

zetorrek egun berria.

Ernio'pean aldarrika dek

Urkizu'ko oroitarria.

IRE KOPETAK AGIRIAN DIK

ILLEZKORREN GOI-ARGIA!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.