Bi ta bat iru
(alegiaz)
Gaztelu
Bizia ta Miña besotik dabiltz,
bizitza-bidean bidelagun.
Bi anai bixki dira jaiotzez,
iñoiz ere bereiz-eziñak.
Betidanik alkar, adintsu;
nork daki bibien birunda osorik?
Ostoa danetik? belar-izpi bat
urra zaneko? Balinba betiko!
Mamiz, azalez, kuskutik bere din;
mai batean, azpil berean
janari, jan urri ala asean.
Otorduz, baraurik, egun ala gau,
zerupe batean solaskide.
Bientzat ari du goizean ollarrak
kukurruku, txoriek kanta,
Jondone lilien usaiz intzetan.
Euria ari badu, aizea
badabil, otzaroz, udamiñez,
batean goza, batean dute miñ.
Alkarri so egin eta bakoitza
norbere begi-antzari oartzen,
urdin denentz ala nabarxko,
noiz illun, noiz argi ta samurbera.
Norberak ba daki alkarren bearra,
bereiz-eziña ta ezin-bestea.
Noizean Bizia, noizean Miña
bada nagusi, ez andi-ustez
ez ilduraz eztira beartzen,
ba dakite aldarte-girorik.
Gazterik, ain sarri, ba zuten kezka
ta eziñ-ikusi poxi bat alkarri.
Biziak, nunbait, betiko uste oi
zoramena, ta Miñak bekaitz.
Laster baitara ziran, ordea,
ezin zutela alkar arteko
korapilloa ez eten, ez lasa.
Geroztik, ezkontide men dituzu
ala-nola erraztun eriko.
Ezkontza irmo, autsi eziña,
ondore bear, eta biitu.
Ga.u luzeetan, izarretara,
sendu ziran besarka miñean,
ezur berri izan zuten;
erdibi egin ziran, ta bien
seme bakarra Jakinduri:
alkargandiko bibien maitea.
zuaitz bat ba zan, bakar, ez aizu,
Izan ere, atsegin-baratzan
gaitz eta onaren etorburu.
Artatik jan nai, aren zitua
eder baitzan, tentagarri.
Erio-susmoa sar bazitzaien,
Jainko-izate ustea miñago.
Jan zuten, eta jauts begi-lausoa:
Jainko truk, gaitz eta onaren jakile.
Aita-amatu baziran, zer ere oberik?
Aurdun, guraso, ta bien errotik
aitonen seme bat ondorengo...
Ala zan, ala sortu da lurrean
bi-ta-bat iru Irukoitz bakarra.
|