Goiza...
Muniategi'tar Sabin
Goiza dator txintalari,
Udaberri usañez
egaka eta narrez
bideak betian
dantza-dantzari.. .
Oi, zein eder,
zein eder datozen bai
txoriak eta txori
goiak-goi,
inguma eta abar,
bizimiñez adarrik adar
ezetasun goriz,
zeruetako ametsez
egunakin bat,
goizian goiz!
Ego-otsian datoz egaka,
egun sentiz biziro, alai,
gora-goraka, saltari,
saltari eta maite-miñez
biziaren pozez,
izatekotan, izan!
Ai, ze bide ederrak bidez-bide,
berdiaren berdez,
biotzik biotzera,
eder-min, lorez,
ain usu eta erle!
Izaki guztiak danak-betian,
bultza-bultzaka,
alkarren lei, pozez,
bizia dator bizitzara, goi,
barne-muinetan sutsu,
bai azal eta, mamiz,
izatekotan, izan!
Alde guztietan tente,
maite-mizkeriz,
argi lapurketan
goiak-goi,
amesbera betian...
illargia agurtuz,
bizia dator gañezka,
saltoka, argi-gose,
eta, nabarmen,
txoriakin bat
inguma eder politakin
lorez-lore,
zenbatzu egadun lili!
Biotzik biotzera
egoak zabal,
txinta abar-otsian, egaz...
bizitzara datorz kantari
kabi lorretan lor,
neke pozkorrez
lurra zeruratzeko asmoz!
Ze lorketa zoragarri
goiberatze bedeinkatu;
aidean aide,
mokoz-moko,
maite begiratze bakoitzian,
mundu berriak sortu
eta, egaraziz!
Eta, bizi-bizi, mundu
oiek argi-dizdiraz,
minbera eta, ezti,
goraka eta narrez,
gure aurrian daude ernai,
biziari amore,
biziari eskeinka...
eskeinka eta, eske!:
zeru-lorretan gora,
xurrumur gozoz,
arnaska, urduri...
bideak aukeratuz,
bideak iriki ta zabalduz,
neke pozkorrez
bizitzara datoz deika
deika eta, zai,
besarkada aundi batian,
zeruakin lurra
biozkiro alkartuz,
izan-min batian
izatekotan..., izan!
Belarrak ere
ikusmin berdez, adi-adi,
adi-adi jarri dira
intz-tantoakin dantzari;
dantzari eta, tente,
goietara begira,
odeiakin ameslari.
Eta, olaxe,
bidez-bide,
goraka dator bizia arloz,
dei eta, atozte,
txinta, eresi beroz,
zerbaiten gurari,
zerbaiten egarri...
egoz-ego,
mokoz-moko,
bata-bestiaren poz,
bata-bestiaren nai...:
dana larrosa, dana lore,
geroa zer dan, zer eztan,
maite-lilluraz,
biarko pentsamentu gabe!
|