L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1963 III-IV Minezko ezpata (1963-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Olerkariak

Donapaleo'ko gazte bati erantzuna

 

Txomin Peillen

 

        Hona OLERKARIAK nere leengusiña Marie Garricaburu eta Aguer-ek igorria. Haren bearnes adiskide batek Indiako hizkuntzeri buruz egin liburu baten barnean, beste euskal izkiribu batzuekin arkitu du. Hau da nere eskuetaratu den paper bakarra, Donapaleo'ko gazte bati zuzendua.

        Bertso horien egillea nor den ez dakit. Donapaleotar gazteak berriz, duela hamar bat urte euskaraz idazten entsaiatu zen. Lousteau izeneko batek izan bear du. Lousteau horrek garai hartan Poesi sari bat irabazi zuen; orduan nuen ezagutu Parisen legeak ikasten zegoalarik.

        Daukadan bertso zerrenda karta paper txikitan, bi orri et'erdi luze da; bi aldetatik eskuz ezkiribatua salbu eta azken orri erdia alde batetik baizik. Izkiribu irakurerraza da ta eskuaren oitura ona salatzen du.

 

Adiskide berri bat, ezagun gabea,

                Naparran sortua zait, alai ta gaztea.

                Letra bat egiña dit, gezur gabekoa,

                Goizean goiz artzen dan aize eder prexkoa.

 

                «Zure bertsoak ditut ezagutu berri

                —dio— ta nik ere nai izan olerkari...

                Bañan ez ditut, yauna, bertze yakiterik

                barneak egin didan, irrintzina baizik.

 

                Oro zait ene Errian eder ta maitegai

                Errez ituntzen ba'naiz, utsak biur alai.

                Ene biotz-ikarak nai nituzkela ager,

                ezin yaiorik ditut ni baitan itz eder!

 

                Egunez aitarekin irtetzen lanera.

                Gauaz... ixilki nabik ikasten euskera.

                Txistua yotzen dakit, eta igande garaiz

                mendian artzaiekin dantzan ibiltzen naiz...

 

                Ene Erria maite dut barne sakonaño

                ta aren oñazea zait biotzean laño.

                Nere inguruan oro nukela bertso-gai,

                txori-kumea nauzu ta abesteu asi nai!»

 

                Eta biotz ikaraz, ari nik erantzun:

                «Zorion! Alai zaite, napar gazte lagun!

                Eldua zaizun oyu atean yotzera,

                Goi-etorria dezu! Olerkari zera!

 

                Bertsoak nola egin? Edonoiz, nolanai.

                Zoinbat lore bezala sortuko dira bai.

                Sartu zaite zu baitan. Landu zazu lurra,

                Goikoari utzirik emaitzen ardura.

 

                Zaindu zure landara, ximeldu ez dedin,

                t'eruzki emaiozu, edariz, eder-min.

                Zure gorputza, gazte, loian ez erabil,

                esnai duzun gogoa lotsaz ez dedin il.

 

                Iturriak ur eder, biotzak bertsoa,

                nik olerkia maite garbi ta prexkoa...

                Ez bainaiz olerkitan iñun ikasia,

                Kantari artzen diet bertsoei neurria.

 

                Egizko olerkariak ez bear, —ez uste!

                begi kizkur itxiak eta ilea luze,

                izkeraz arroputza, yakinkeri usain,

                iñor atzeman ezik norberarentzat lain...!

 

                Ez. Gure Erriak bear ditun olerkari,

                maitasun barne suak egin ditzala aundi.

                Aiek bear bai dute gure Erri goratu

                ta Amaren magalera seme oro batu.

 

                Gurerat olerkari malko-merkerik ez!

                Erriek ez baitira yasotzen negarrez.

                Nonai bizi dan Eder arturik maitegai,

                izan zaite, ene lagun, olerkari alai.

 

                Ixilik egin zazu gauean negarra

                —lurrari euri orrek ematen indarra—;

                gogoa xirimiriz busti izandagero,

                egiozu Yaunari otoitza goizero.

 

                Ta zoaz aitarekin kantari lanera

                izardietan, lagun, ederrago zera.

                Ara amen olerki bat: Lan egin ondoren

                zein eder aitarekin yatorduz atseden!

 

                Iluntziz, etxeratuz, bakean afari.

                Anai-arrebak maian ta ama serbitzari.

                Pozik ez artzekotan etxeko maiari,

                ez zaitut, ene lagun, egizko olerkari.

 

                Zuk diozuna eder, «Oro zait bertsoa»:

                Neguetako laño ta udazken-egoa,

                atso zarraren ipuin, aurraren yostaldi,

                etxe barneko giro ta artzaien santzaldi...

 

                Euskal neska garbien begi-beltz eta urdin,

                ezpanak odoletan eta soiñak arin;

                aizkolarien indar, usoen igaro,

                Urli'ko gazna zarra ta napartar arno...

 

                Nik ere maite dizut ortzian izarra...

                Sasi-olerkarian beti gai bakarra!

                Egizko olerkariak edertu dezala

                Gure eguneroko lan errikoi ta apala.

 

                Zato, lagun, enekin. Goaz! Gertu zaite!

                Neure inguru nai dizut olerkari gazte.

                Goaz erririk erri txistu doñuakin,

                su-gartu arazitzen euskal maitasun min!

 

                Gertuan bai ditugu seaska ta ilobi

                tximistaren argia, gizonaren zori;        

                oraingotzat ar zagun asaben langoa,

                izanaren oroitzez landuaz geroa.

 

                Yun ta datozenekin izan gaitezen bat,

                erriaren sustraiak artu itzagun gaitzat,

                Euskalerri zarraren betiko mintzoa

                guk azaldu dezagun eginik bertsoa...

 

                                * * *

 

                Gauaz asia nauzu ta... leioan egun.

                Oartzeke luzatu bai zait ene erantzun.

                Donibane'rat ia noiz zatozen, lagun,

                alkar ezagutuaz bazkaldu dezagun!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.