Udazkena
Enbeita'tar Balendin
Orri ta loraz apain zirian
Zugazti, baso, zelaiak,
Zoragarrizko abesti gozoz
Pozez jolasten txoriak.
Ames zorotan jarten ginduzan
Bai zarrak eta gaztiak...
Uda azkenak billoiztu eta
Mututu ditu guztiak.
Uda azkena izaten dogu
Negu zarrerako atia,
Udako gauzai elduten jake
Eriotzako epia.
Krabelin gorri eta larrosak
Ez dabe emongo eztia,
Ez da entzungo birigarro ta
Sosoaren abestia.
Mendiak gorri, zugatzak billoiz,
Txorien ixiltasuna;
Zelai-baratzak galdurik euren
Udako edertasuna.
Negu bildurrez jarten dituna
Aitona eta amona.
Orixe dogu uda ondoren
Yatorkun Uda-azkena.
Gaztetasunak ez dau ikusten
Ondorengo arriskurik,
Lorak lez bere gorputza apaintzen
Ez dau beste ardurarik.
Uda-azkena ixillik dator
Aizto zorrotza arturik...
Zerbait giñanak ez gara izango
Lur apurtxo bat besterik.
|