«Txindurri» berriz ere
Dundunzar
Bai, «Txindurri» berriz ere. Ia gizaldibete, alai ta gazteki, bizkar gaiñean daraman aspaldiko Txindurri zarra, Gillermo ermutar jatorra, euskaltzale zintzoa, bersolari fiña, kontulari argia, ta oien danen gaiñetik adiskide leial gogokoa, iñoiz iñori kalte egiteko gauza izan ez dan gizona.
Txindurri paregabeari entzunda, Iparragirre'n bertso ta gertaera bat edo beste aitatu genitun beiñola; baita Txirrita'ren ateraldi ta zelebrekeri batzuk ere. Oindio ere, zeñenak diranik gabe, baditugu ari entzundakoetatik beste edozenbat bertso. Gaurkoan, ordea, jabebako oiek alde batera utzita, Txindurri berarenak jarri ditzagun.
Bere illoba Agurne ezkondu zanean, eztai-bazkarian an zan osaba Txindurri larogetaka urteko aiton zarra. Tarteka bertsotan ekiten zion illoba maiteari. Ona emen aietatik batzuk:
Aspalditxuan alkarren billa
egin zerate ibilli
amodiozko maitetasuna
erakutsiaz alkarri
lan oiek danok amaitu dira
guztiontzako pozgarri
ludia ludi dan arteraiño
gaur ein dozue buztarri.
Pozikan danok aurkitzen gera
biok batez be zoruntsu
Eleiza deunak agintzen daun lez
ein zarelako buztartu
Orain eztago beste gauzarik
Jaungoikoari eskatu
urte askotan buztarri ori
ez deilla arren apurtu.
Amodiua garbia bedi
eta kariñua fiña
ojala beti il arteraiño
orlan izango baziña
bitartekotzat arturik beti
Zeruetako Erregiña
alkar ondo estimatutzen
egizue alegiña.
* * *
Milla bederatzireun eta ogetama... eztakit zenbat izango ziran. Txindurri, artean sasoikoa, ta erriz-erri ibiltzen zan. Egun baten, Markiña-etxebarri'ra deitu zioten, «Bizkai'ko urretxindorra» Enbeita'tar Kepa zanarekin bertsotan egitera.
Etxebarri'tarren atsegingarri saio luze bat egin da gero: Bota daigun beste bana, azkena emoteko, esan omen zion Txindurrik Enbeitari. Ordukoak dira auek:
Enbeita'k:
Bida España esaten dabe
geuk be bida dirautsogu
iñorendako gorrotorikan
sekulan bere eztogu.
Baiña bestiak bizi diran lez
geuk bere bizi nai dogu
orregatikan nunnai ta beti
gora Euskera diñogu.
Txindurri'k:
Maite dezagu biotzetikan
Jaungoikoaren legia
Bera dalako neronen ustez
bestiak baiño obia,
Berak dirausku emon deixoula
guk bakoitzari beria
iñonik bape eztogu eskatzen
bakar-bakarrik geuria.
Ogei bat urte lenagokoak dira beste auek. Gu baiño zarrago diranak goguan izango dituzte garai bateko «Marqués de Acillona» batetik eta Allende jauna bestetik aukeratzeko zirala, Kortietarako egin ziran auteskunde edo botazioak. Orduko goraberak astindu zitun Txindurrik urrengo bertsoetan. (Bertan aitatutzen dan «Iralatxo», Santiago Irala, Ondarruko sekretarioa zan):
Doiñua: Nagusi fauna, auxeen da lana...
Bertso berri bi nai dodaz jarri
Markiña'ko Karlos Txabarristeri
Botuak bilduaz Alienderi
ibilli dira oso larri
gezur ugarri
sinistuaziaz jendiari
orain tristura zaie etorri.
Kalian eta baserrietan
saiatu dira euren ustetan
dirua botuen trukietan
Aliende jartzeko Kortietan
euskaldunetan
ain gizon kaxkarrak emen bertan
sarturikan erdaldunetan.
Etorri zaie euren berria
boton batzukin triunfo aundia
gezurraren ondoren egia
kazikisten orduko gloria,
ura larria!
bizirik uste ta agonia...
Azillonantzat dok bitoria.
Atera ori, galera ori
itxasaldetikan dirade ibilli
borroia egiñaz papelari
kulpia eman nairikan guri...
Iralatxori!
igarri dizue tranpa ori
orrek darabil praketan larri.
Agur Aliende, ondo izan beti
Ebroz aruntza zuaz igesi
zu gabe naiago dogu bizi
Kastilla aldian ondotxo ezi
milla gorantzi
euskaldunari bakean utzi
ta bibotia ondo igurtzi.
* * *
Gaur galdu da baiña, gure erri askotan bazan gazte-taldeak, Aratoztetan, kalera kantari ateratzeko oitura. Amaika parre gozo eragin zigun Azkoiti'ko umekozkorrai «Samartin» batek, bere zelebrekeriak zirala ta etzirala. Ermu'n ere egiten omen zan gazteen urteroko kalejira. Mutilletako bati, ardi-narruz eta abar, ematen zioten pizti itxura parregarria, ta ura erdian arturik, or zeaztek kalerik-kale musika joaz eta Txindurri'ren onoko bertso jolaskari auek abestuaz:
Patxi Urko'ko etorri jaku
lengo egunian esaten
animali bat an ebillela
baztar guztiak apurtuten
eskopetekin ara juateko
pizti ura arrapatzen
inguru artako basarritarrak
etzutela lorik egiten
ara juan giñan aldra eder au
zer jazoten zan ikusten.
Basobaltz eta Urkoerreka'ko
sastrak genduzen jorratu
baiña guk ezin izan genduan
animalirikan billatu
soñeko erropak apurtu arte
aurrera gendun jarraitu
¿nun uste dozu, adiskidea,
ein genduala arkitu?
Maiña'ko leizan sartuta euan
antxen genduan guk artu.
Animali au eztakigu ba
dan artza ala basurdia
begiratuta beronek dauka
errukarrizko plantia
onek pasa dau basamortuan
egarri eta gosia
beroni iaten emotiarren
eskatzen dogu limosnia...
Jente txit ona, erruki zaite
bete deiogun tripia.
Animali au atxaki bat da
guk diru pixkat batzeko
onen kontura gaur arratsian
jan da edan egiteko
borondaterik baldin baukazu
guri zerbait emoteko
saku ederrak emen daukaguz
emoten dana artzeko.
Onek naikua dira aurten da
danori eskerrik asko.
Guztizko doñu polita dute bertso auek, dantza librerako jo oi dan musikaren gisakoa. Begiratzekoak izan bear nolanai ere piztitzarrak, eta arekin batean beste aldrako gazteak, egiten zituzten jirabira ta dantzak. Pentsatu besterik eztago, barregarri ez ezik ikusteko polita izaten zala Ermu'n, garai aietan, Aratozte egunez, egin oi zan Artzaren kalejira.
|