L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1963 III-IV Minezko ezpata (1963-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Gure bertsolariak

«Xenpelar» - «Uztapide» - «Basarri»

 

Zeleta

 

Xenpelar, zortzigarren gizaldiko bertsolari ospetsua, bertsolari osoa izan zala esan degu, amaika aldiz, orain baño lenagotik. Alaxe izan zan, izan ere. Eta IZAN ori argi ta garbi azaltzen digu, Jauregi jaunak, bere «XENPELAR» izeneko bertso-liburu atsegiñean.

        Etzan noski, eskolatua, errenderiar bertsolari paregabekoa. Bere doai arrigarri ori aundikiro azaltzen digute aipaturiko bertso-liburu zoragarrian Jauregi jaunak ematen dizkigun bertso disdiratsuak. Ongi tajutuak, mamitsuak eta esanai-aundikoak, bere bertso dan-danak. Bata baño bestea jatorragoak, bikañagoak! Naiz errikoiak dirala, naiz erlijioari dagozkionak dirala, apartak!

        Adibidez edo ezaungarri, ona emen, bere bertso txalogarri oietako bi:

«Zar eta gazte, pobre ta aberats,

                maizter eta nagusiyak,

                ez gaitzala, arren, desanparatu

                Jaungoikoa'ren graziyak;

                animarentzat kaltian datoz

                gorputzaren maliziyak?

                Emen utzita juanak dira

                oraindañoko guziyak.»

 

        Ederra, benetan! Eta beste au?

 

«Zer pena pasa zuan

                Jesus'ek gugatik,

                zintzilik iru ordu

                gurutze batetik!

                Lantza sartu zioten

                bular sagradutik,

                alare biziko zan

                oyek danak gaitik:

                borondatez iltzan

                gu salbatziagatik.»

 

Eskolatuenak ere, ezin kanta zezakean esanai jakingarriagoko bertsorik! Bein batean, bertsolarien aurkezpen edo presentazioa egiteko, Oyartzun'go plazan kantatu zuan bederatzi puntuko bertso bikain onek ere, arrigarrienetakoa dirudi:

 

«Panderia»-ko onek,

                memoria erne;

                «Lexoti» -k jartzen digu

                zerbait umore;

                txarrik ezin bota du

                «Ibarre»-k, naitare;

                —nik oiekin ezin det

                luzitu batere—;

                «Xorrola», dotore;

                baita «Bordondo»-re;

                «Ardotx», pare-gabe;

                «Arotz» kantore...

                «LARRABURU» jartzen det

                gobernadore!»

 

        «UZTAPIDE».— Oraindañokoan ez degu bere bertsodun euskal-libururik; baiña, gaurko bertsolari eskola-gabetuen artean, ez degu berau bezin bertsolari osorik. Jundaneko ogeitamar urte abetan, plazetan eta antzokietan kantatu dizkigun bertxo — jator — txalotuak, zabalkiro egizten dute gure baipen ori. Uztapide, bertsolari ziurra (segurua) izanaz gaiñera, berezko jatortasun eta itz-erorkera egokiduna, dana, nork eztaki? Orrengatik egin zaigu ain entzutetsu ta ain entzungarri.

        Bestek asieran jarritako puntuari, azkar eta egoki erantzuten, maixua degu Uztapide. Adibidez edo ezaungarri, ona emen, gure esan ori zabalkiro egiztutzen duten agerpen edo memostrazio bi:

 

        Eibar'ko txapelketan jarri zioten puntu bat:

 

Eibar'en egiten da

                eskopeta piña...

 

        Erantzuna:

 

Nik bandaukat aspaldi

                ementxe egiña;

                aspaldi izango dezu

                zedorrek jakiña:

                «oker» tirata ere

                «botatzen» dakiña.

 

        Beste puntu bat:

 

Tren onak erruberak,

                zenbat ote ditu?

 

        Erantzuna:

 

jakitia naidunak

                azpira begitu;

                jarritako guziak

                or izango ditu:

                baldin norbaitek,

                orain kendu ezpaditu.

 

        Oraiñago irabazi duan «txapela»; bere buruan ongi dagoela, zerbaitegatik esan zion Basarri'k, maiteki, zestuar bertsolari txapelduari!

 

        «BASARRI».—Bertsolari zoragarri onen gaitasuna nun asten dan eta nun bukatzen dan, bear bezela adierazi aal-izateko, ezin aurkitu degu bearrezko litzakigun itzik. Bidasoa'z andiko ez emendiko Euskal-E'rria'n, ez degu, gaur, Basarri bezin bertsolari dotorerik. Dotore itz au, ez diogu bere jantzizko apaintasunagatik; bertsoetako duen gozotasun eta ikasia'gatik baizik. Euskal-bertsolaritza, Sagardotegi'etatik Antzoki'etara altxa du Basarri'k!

        Basarri'k irrati-bidez astero-astero kantatu oi-dizkigun bertso-mamitsuak entzuten dituanak; errietako enparantza edo plazetan eta antzokietan berari entzuteko zoria izan duenak; bere iru bertso-liburu-zoragarriak ezagutzen dituanak; ezin esan dezake besterik. Eta, orrenbestez naikoa ezpada, ona emen, bertsoliburu oietako iru-bertso-eder, ezin obeak, AMASEI ALDIZ «bertsolarien txapeldun» izan dan bertsolari goralgarriaren aunditasungarri:

 

        Arrantzalieri-buruz:

 

«Kantabri zarra jartzen danean

                kopetastun da asarren,

                kristauak aixa iraultzen ditu

                bere olatu zakarrez.

                Gero sutondo jator askotan

                samintasunak indarrez,

                galdu zaioten aita maitea

                gogora ekarri bearrez,

                zenbat famili ikusten dira

                beltzez jantzita, negarrez!

 

                «Boga, bai, boga, mariñel onak,

                boga, itxas basterrean,

                aurrerantz ere jarraitu zuek

                lengo era jatorrean;

                Amabirjiña bitartekotzat,

                zuen oitura zarrean,

                arrai prexkoen itxaropenez

                zai gaudena legorrean,

                txapela erantzi bear genduke:

                arrantzalien aurrean!»

 

        Gaurko munduari-buruz:

 

«Bildurgarrizko aurrerapenak

                ditugula, an da emen,

                nik pentsatzen det sekula baño

                atzerago ote gauden...

                Erruki danak uxatu dira;

                indartsuena gogorren!

                Gaurko gizonen jakinduria:

                orra zertara datorren!»

 

        Bukatzeko, gure arrobitik:

 

«Xenpelar», «Uztapide»,

                ta gure «Basarri»

                orra or goi-mallako

                iru bertsolari;

                biotzak berotzeko,

                EUSKALDUN danori;

                eutsi daiogun, zutik!

                EUSKAL-ERRIA'ri!!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.