Aita Kandido Basabe, S. J.
euskal-idazlea
(1867 - 1928)
Eusebio Erkiaga
Larrea'ko Olerti-egunean irakurritako lana.
1962 Urriak 28.
Lekeitio-n, 1867 gn. urteko urriaren 3-an eguberdiko ordu batetan jaio zan seiñari, egun berean, izen bi ezarri eutsezan beteoan: Kandido Antonio. Alan bearrez edo, ez eban amabitxirik izan, eta guretariko askok txikitan jan izan oi genduan mokotz gozorik jateko aukerarik, ez eban izango, aurki. Aren aitabitxi, Pedro Antonio Gabiola abade jauna, Amoroto-ko semea, izan zan, eta erriko oiturea zalata, orra gure seintxua nundik nora geratu yakun amabitxirik bage.
Gurasoak, Pedro Migel Basabe Agirre, ta Maria Kruz Retolaza Aberasturi izan zituan, biok lekeitiarrak. Aitita-amamak, aitaketz: Migel Iñazio, erriko semea eta Madalen, Nabarnizko alabea izan zirean; eta amaketz, Geronimo ta Maria Karmen, biok lekeitiarrak oneek bere. Jatorriari men-egiñik, ume a, eta gerorantz gizon a, errimaite ikaragarrizkoa izan bear?
Orain illabete batzuk, jazoera bakan batek eskuetara euskun aren liburuetarik txikarrena. Axe izan zan guretzat ustekabeko zera! Mundi traskil onetan, gure erruz edota besteren griñaz, ara ta ona sakabanaturik, euskaldun askori leenaren aria sarri askotan eten egin yaku. «Eleiz-liburutxua» guregandu, ta, euskaltzale lez eta lekeitiar lez, zor andi bat idoro genduan guregan, eta bapatean asmo bat otu yakun: Aita Basabe zanaren gomuteari ta aren euskal-lanen nekearen saritzat, merezi izan dauanaren ordain aour au eskeintzea.
Ta liburutxu au soillik barik, beste ederrago bi bere ba zituala jakin genduanean, alako poza ta dardarea banatu izan yakun gorputzean eta gogoaren barru-barruan. Liburuon billa asi giñean, ta eskuetan erabilli ditugu. Gure barruaren janari gozo ta atsegin izan ditugu, bai mamiñaren ederrez, bai izkerearen txukunez.
Urduria ta eragiña, argia ta bizkorra izan zan bere bizitza osoan Aita Kandido. Sendi apaleko seme, dirudianez, mutiko zala an inguruan dagoan Olaldeko fabrikan ibilli ei zan. Txori-zale itsua zan, eta baso ta txaraketan eta mendi-bizkarretan ba ekian arek nun egozan txorilekurik egokienak. Amaika bidar ekin eutsen orretan, eta baita arraiñetan bere, gure Kandido-k eta gure R. M. Azkue-k, errikide ta txikitako lagunak. Ondo ekien mutil sostor aek Oleta, aingirak artzeko toki aunkerakoa zana, an zubipean-,eta!
Amalau urte zituala edo, mutiko biurri-samar areri dei-egin eutsan gure Jauna-k, eta okerreria guztiak eta munduazko ardurak alde batera utzi, ta gramatika ikasten asi zan, latin-ikasle Lekeitio-n bertan, Uribarrendarrak sorturik egoan Eskolan. Gerorantz, Gazteiz-ko Mintegira joan zan abade egitekotan, eta Filosofia antxe ikasi.
Ogetairu urte zituanean, Jesus-en Lagundia-n sartu zan, Loyola-n 1891 - VII - 27-an, eta Teologiako ikasketak Salamanka-n egin, irakasle Aita Txopitea, aulestiarra, Aita Iñiguez ta Aita Bascouret izanik.
Bai Filosofian ta bai Teologian ikasketak sakonagotu egin zituan, eta Maisu edo Doktore egin zan jakintza arlo bietan.
Beste batzuen artean, Aita Ogara izan zan aren ikaskide. Gure Patroi Andiaren egunaren bezperan, 1901 gnko. uztaillaren 30 gn. mezadun egin eban Oña-n, Burgos-ko Kardenal-Artxapezpiku Gregorio Maria Aguirre jaunak, euskaldun semea bera.
Bitartean, iru-lau urtez irakasle bere, jardun izan eban arren, arik arrezkerokoan, aren zeregiñik arduratsuena arimak bide oneratzen ekitea izan zan. Aren lanik beiñena ta bikaiñena, izlarikuntzea. Gazteiz, Salamanka, Loyola, Burgos, Oña, La Guardia eta Carrión: orra arek ezagutu zituan egotaldi-tokiak. Jauna-ren azi ona ereiten Euskalerrian egin eban lanik iraunkorrena ta jarraikoena, emendik kanpora bere jardunaldi onuratsuak egin zituan arren. Egotaldirik luzeena, ostera, Bizkaia-n, ta batez bere, Durango-ko jesulagunen etxean, Gogo-iñarkunak egiteko eregitako etxe guztizkoan.
Gazteleraz bere, egin zituan itzaldiak, gorago aitatu dogunez. Batez bere, 1921-22 aldian Gazteiz-en egon zanean. Orduko errege Alfonso XIII gn. aginduz jesulagun batzuek, egozan tokietatik erbestera bialdu zituezan: gure Aita Basabe, Gazteiz-era; Aita Jose Larrazabal, lekeitiarra au bere, Donostia-ra; Aita Horn Areilza, Burgos-eraiño. Aita Ibinagabeitia bere, gomutagarri da jazoera orretan. Deusto-ko ta Orduña-ko jesulagunen etxeak zemaipean eta ertsiteko arriskuan egon zirean unada aretan. Zirikatzailleak, bertoko seme jauntsuak izan zirala entzunik gagoz. Aitaturiko seme euskaldun jesulagun oneen obena ez zan besterik izan euren sorterria zuzen ta bidezko danez maite izatea baiño.
Arima-zale gartsua zan; gazteak zituan kutun, eta batez bere, mutil koskorrak. Bere jaioterrira agertu oi zanetan, joranez ta pozarren batuerazoten zituan mutikoak Konpañia-ko eleizea deritzanean. Alai baizen egizalea zan; beiñola an Lekeitio-n, esaniko eleiza orretan batzandu mutikoak, eta mutiko azartu ta sendo bat eskatu eban. Agertu yakan mutil sostor bat, gogorra ta okerra bera. Altara nagusi ondora igon-erazo, ta atzamar bat kandela-sutan ipini egiala agindu eutsan mutikoaki. Baita onek ezarri bere, ta ganera denporatxuan eukan euki, erre-usaiña ia asi arte... makala, oskilla ta bildurtia zala iñork esan ez egion. Onetan, bapatean, ai! txilio zolia egiñik, arrapaladan aldendu eban sutatik bere eskua; inpernuko suaren tayuzkoa zala jakiñerazo nai eutsan, su bildurgarria... !
Aita Kandido-ren alegiñik buruenekoa, kristau-doktriñea irakastea izan zan. Ao batez esan deuskue bera ezagutu ebenak: «Axe izan zan bai benetako apostolu ta mixiolari zintzoa! Ai, alako batzuk ba genduz orain bere!»
Jente apal ta lauari Ejertzioak egiñarazoten ekiten eutsan batipat. Arrantzale ta nekezariak izan oi zituan sarritan, bere artaldeko ardirik kutunenak. Eta orretan maisua zan, izlari leberra, arimazale itsua, zuur ta gurbilla, baiña egi biribillak esaten zalezalea edonori bere.
Gorputzez ez zan andia ez txikia, bardingoa baiño. Azken urte-etan buru zuri-zuria, gomutea doi-doi dogun arren. Alaia beti, azkorra, zorrotza, esangiña ta barreikarria. Sonatsua, Mogel-ek esango eukeanez. Gogoen izakera-neurri kontuan, sikologi zeretan, zolia ta artarakoa. Gizonezkoak ezagutzen zituan, eta baita emakumeak bere. Andrazkoezaz bai esan bere arek: «emakumeak, okerrak eta gogorrak dira, auntzaren adarren antzekoak».
Ipuintxu asko ekizan, arimen gorabeerak ta munduko zeren joan-etorri ta azi-orraziak. Gure mixiolari andia, andik eta ortik ibiltaldi luzeak egin ostean, Bilborantz agertu oi zanetan, emen egoten ziran Aita jesulagunak pozarren, eztegutan egon oi zirean aren esaera birtutetsuak eta gazi-gozoak entzuteko abagunea ebenetan. Zeruko ta zerurako gauzen artean, munduko amaika esan ta gertakari bitxi ta illunak jakinerazoten eutsezan bere anai laztanai.
Zintzoa zan edozein arlotan. Onbidetsua, biotz eder ta zabalekoa. Gizon ona, ao betean esateko.
Bezuzarik politena ta esku erakutsirik bitxiena lez artu ditugu aren iru euskal-liburuok, eta irakurri-ala, guk geuk beiñipein, aspaldion nabari izan ez genduan alako zer bat izan dogu kolkoan. Txikitan edan oi genduan iturri gozoko ur berbera edateko ereti atsegiña, aukera txolingarria izan dogulako. Barriren barri irakurri izan ditugu txikitan ikasi genduzan betiko egiak, ta batez bere, jaioterrian egin oi genduan izkera bardiñean, gure erritxuko euskera bakanean. Ez dogu orrelako iturbururik susmau, R. M. Azkue-ren «Bein da betiko» liburuan izan ezik. Orduan bai, Azkue andiak, angoxe izkerea emon euskun. Arik gorakoan, ostera, gure berbetearen bizi erkinduari eutsi bearrez, batasun aldeko lanari amoremonik, lan goragarri orreri ekin eutsan batipat, eremu txikietako izkera bedegarrak alde batera utzirik. Gure Aita Kandido-ren idazlanak angoxe berbetea batu deuskue, ta lekukotzat utzi.
Lekeitiar izkeraz jardun arren, Bizkai-aldeko idazleen artean mende onetan beintzat, aurrenengo mordoan jarri leitekezanen pare bere, ezarri giñei Aita Kandido. Barruko nasaipidez ta atsegin pozkorrez adierazo nai dogu gaur. Mamiñean, gunean, egokiak izan zirean liburuok; jantziz ta azalez, mintzakeraz jatorrak ditugu.
Izan bere, erabateko gaitasuna agertzen deuskue, ta ainbat gauza bakan, bikain eta ikasgarri. Bear ba da, arek daukan idazkera jatorrik ez darabilgu geienbat, gaur eguneon Bizkai-aldekoak; gure izkelgiko lanik geienak izkera ortik-emendikoa dauke sarritan, guztia bearrekoa. Asmoak sakonakoak dirala-ta batzuetan, eta beste batzuetan idazleak euskeraz zuzen ta jator ez dakialako, artikulu ta liburu egosgorrak eta arrotz-usaiñekoak agertzen ditugu. Labur esan: lanok aituteko edo ulertzeko, gaztelaniaz pentsatu bear dala; au da, erderaz burua erabilli ta orduan euskeraz idatzita dagoana ulertu. Orrelango literaturea ez da izango, ausaz, euskaldun utsarentzakoa... euskaltzale dilettante diralakoentzakoa baiño. Garbi (?) miñak jota batzuk, garbitu bearrekoa ez dana bere, garbitzeko setakeriaz: eta beste aldekoak, gure izkuntzaun ditugun itzak alde batera baztertu, eta itz arrotzak parra-parra ta iñoiz joskereaz edo itzurrenaz sekulako itxulaspenak egiñaz, egundoko morokildua ipiñi nai eukue euskerea, gure aitita-amamena zanaz txit bestelakotua.
* * *
Azterpen luzeetan jarduteke, ereti onetan, burutu dagiguzan iru zer oneek, Aita Basaberen lanaren erakusburutzat.
1) Aren esanaldien estekatzea, eretza ta itzurrena, esanen lokarria ia betiro, esaleen aotik jasorikoa da; izkera bizia, errikoia.
2) Itzen aberastasuna ugari samarra, eta eurak erabilteko eukan sena ta eskua.
3) Beste izkuntzetatik egin zituan itzulpenetan ezarri eban egokitasuna. Egia da iztuna zala, idazlea baiño areago. Baiña argi ta garbi esan giñei, bere aldi aretan, aren irakurlea naiz aren entzulea ez zala geratuko guzti guztia ulertu bage. Aren itza, ta aren idaztortza argi ta errez ibilli zirean: izlari onaren ezaugarria, etorria dauan iztunaren agergarri ziurra; idazleak bere buruari opa deutsan zeruko doe estimagarria.
Esaterako, otoi ezagun onen asieran, ikusi zelan jardun eban: «Artu, Jauna, ta zeuretu egidazu nire lakemen osoa...» Edota arako beste itzulpen au: «Si ascendero in coelum, tu ilic es... Zerura igoten ba naz, diño Salmogiñaren agoz Espiritu Santuak, an zagoz; inpernura jatsiten ba naz, aurrean zaukadaz; egoak artuta, itxasoaren andiko aldera igesten ba naz, an be, zeure eskumeak eutsiten deust...» (Gogarteak, 80 orr.).
Aren liburu nagusiok Andra Maria-z bere, zerbait idatzi eban baiña, oneetxek ditugu:
1. «San Iñazio-ren Ejertziuak. Ondo konfesau ta komulgauteko Irakaskizunak», 1910. 266 orrialde ditu, ta auxe da, an iragarten danez, baserrietarako, meza-liburuen artean egokiena Bizkaian. Liburu onetan fonetika taiuak, bere sorterrikoak darabiltz.
2. «Eleiz-liburutxua», 1914. Iru-lau bidarretaraiño ekaztua, gutun polita, 158 orrialde ditu. Emen bere, sorterriko fonetikea darabil.
3. «San Iñazio-ren Ejertzioetarako GOGARTEAK» Bigarren irarkintza. Libururik mardoena, 333 orrialdekoa. Liburu onen izkel-jantzia otsazal bage dago, fonetika agerkaiak ments ditu; berbeta ta esaera beteagoz, etorriaren agertzaille, ta iñoiz eleder ikutua igarten yakalarik. Batasunerako leenengo urratsa lez da, fonetika kontuari dagokionez, nunbait ordurako, Euskaltzaindia sorturik zala-ta, jazoera orren ondorena bai litzan.
Ba leiteke luzaro baiño leen liburu auxe barriren barri argitaratzea, esan deuskuenez Kerexeta abade jaun ta idazle azkorra asmo orretan dabillelako.
Gogarteok, jakiña, Aita San Iñazio-ren eraginpean idatziak izan arren, ta bear ba da, beste idazleren baten ikutua ba lebe bere, Aita Basabe-k oretu ta mamindu zituan, aren azur-mamiñak ditue, aren etorri ta arnasa beroa, aren eragin ziztagarria.
Bizkaieraz egin zituan iru lanok, barruan erabillen asmoa ta arloa burutu bearrez. Izan bere, beste lurraldeak aaztu ezarren, bere Bizkaia eban gunetaraiño sartua, ta arentzat zirean bere kutunketa bedegarrak, eta neurri izugarrian. Emengo beste Aita jesulagunei gure eskualde onezaz izan egiela ardurarik zoliena ta arretarik beiñena, eskatu oi eutsen, kezkarik miñenaz bai bizitzan, bai eriotzan.
* * *
Euskeraz idazten dabenak oraindiño bere gainditu ez daben eragozpena, izan izango eban zalantzarik bage, Aita Kandiko-k bere. Kezkaz ta arrenkuratsu, zalantzaz ta arbin, batean eta urrengoan zelan idatzi bearko ete eban. Fonetika-aldakuntzak, guztiak aintzat arturik? Norbere euskalkian, ta ganera, bakotxa bere baztertxuko izkereaz? Errialde batzuetako berbeta naastauenean, ta ganera, gramatika-arau zuzenai etxaramon egiñaz? Izkera sortubarriez, abstraktu-bideetan zear?
Itxasoko ugiñen gain dabillen ontzi umezurtzaren antzera jo ara, ta jo ona, batera zanbulu, bestera zanbulu eragin bear ete deutsagu gure berbeteari? Gizon baten ala besteren gogara utzi bear ete dogu? Errian ala gure literatuen emoietan sendatu bear ete dogu oiñarria, ta ganera, etorkizunaz eta euskerearen etorkizunaz, ez ete dogu gogoeta sakonik egin bear? Ez da bidezkoa gurea antzu-arriskuan jartea; ezta besteen itz orokarrak, eta erabatekoak ontzat ez artzea bere.
Izkuntzen gorabeerak, otz-otz artu bear ditugula gomendatu ta artamendatu deuskue, baiña erio ta geiso dagoanak, indarga ta vitaminagabe dagoanak, ezin iraun dagike luzaroan egoera ta bizimodu orretan. Guztion obenak eta zabarkeria aillagiñakoak ditugu. Or dabiltz irlandarrak, or diardue zetan edo atan urduri; baiña aen berbetea ezarian-ezarian ondamendirantz doa, ta ori, estaduaren laguntasun ta guzti.
* * *
Dana dala, idazle ona izateko bear diran asmo ta zolitasunaz ganera, izkerearen ezaguera sakona bear da, ta izkera orren bidez egin, buruketak eta gogaketak. Jatorriari jaramon urri egiñaz, norbere iturburutiko askan egotaldi gitxi egiñaz, eta ordez, auzoko iturritik zanga-zanga edan ba dagi noiznai, idazleak emon legiskuna erderea izango da, euskerazko adabakiz egiñiko erdal-oialez eundua; ta ori, garbi-miñezkotar ameslaria izan, ala prestamu-zale amorratua agertu.
Aita Basabe-k, bere irakatsia emon euskun arlo onetan.
Ez da zillegi idazleak, erritar arruntak baiño izkera baldarragoa erabiltea, batez bere, itzurrenean; eta erriak ulertu ezin legiona.
Aita Kandiko-k izkera bizi, argi ta errimea erabilli eban betiro. Aditzean, joskeran legetxe, ale bakan ta ikasgarriak daukaz. Aditzeretan, belarrondoko galanta damosku oraingo aldiko idazleoi, arako apofonia dala-ta.. Azkue-k ber «Morfologian» berariz jakinerazo arren, orren barri izan ez dabenak, eurrez dira gure eskualdean. Ikusi daigun arek zer iñoan: («Morfol. 795, 560 gn. orr. )
«Aquel fenómeno de apofonía propio de la Declinación (&61), consistente en la permutación de la final o de un tema en a (de mando, mandazain; de zoro, zoratu, etc. ), se observa también en este campo de la conjugación.
Las flexiones bizkainas dirautso (Zabala, fáb. 11) egin deutso, dauko (Añib. Esk. 32-16) y otras por el estilo, al sobrevenirles otro elemento cualquiera permutan su o final en a. Dirautsat (Apoc. bizk. II-XXII-18), biar yarraituko deutsagu (Per. Ab. 110-26), daukanak eztaukanari (Per. Ab. 123-8). Empeñarse en decir y escribir daukona, daukola, dirautsogu, como hace la nueva escuela, es luchar contra el genio de la lengua. Es de tal uso esta apofonía de las flexiones de recipiente y en las meramente objetivas del verbo eduki, euki, que hay algunas zonas vizcaínas en que se oye la a por o aun sin que se le agregue otro elemento de conjugación. Se oyen por lo menos en Marquina y Bérriz, dauka (Bart. Icas. II 222-18), eztauka (Per. Ab. 115-11), deutsa (Zabala, fáb. 11)... etc.»
Gure idazleak jatortasun orixe bere, polito batean zaindu dau. Eta arako adizkerak, esaterako yako, orrelantxe darabil beti, Mogel-ek eta Txomin Agirre-k oi eben lez; baiña gero bai yakon ta bai yakan idatzi oi zituan. Eta yakanean, yakalako, yakaz... Pedro Astarloa-ren antzera. Iñoiz ganera, ba dirudi yakon, oraingo aldiko lez ezarri nai dauala, eta yakan leenaren ezaugarri, semantiku banaketea egin gurarik edo. Baiña beste forma oneetan beti dabil zintzo ta batean, (Aita Uriarte be sartu giñei talde onetan); deutso; gramatika-gei barriren bat iraztean, ostera, deutsan, deutsanean, deutsazan, deutsaneko, deutsanetik... Azkue-k iñoan legetxe.
Ona emen beste itz bat: dauko; baiña gero, daukan, deukanetik, daukalako. Orobat beste oneetan: yagokaz, joakanez.
Eta itz ikasgarriak edota bakanak Aita Basabe-k? Bai batzuk! Ainbat bidar irakurri deutsagu «allagiña»; itz au ez darabil orain iñork, oker ez baldin ba gagoz. Orra or Azkue-k dakarrena bere Iztegi nagusian: «ailadin, ailagin», todo lo posible, sobremanera». Beste askotan, frutua esateko «ekarria» idatzi oi dau. Mene-menetik, berbarako, onik-onenean, ekandu, iñoren ederra egin, zure ederragaitik, ilteko arian, toki sorrena, toki minbereena, gauzarik-gauza... Eta ereti itza, edonoiz; gaur bere bizirik dirau berba orrek, gitxienez Bakio-tik, (emen erderaz berbaegitean bere esan oi dabe: «ahora viene el ereti») eta Lekeitio-raiño. Egin aditza, =esan edo norbere-kolkorako danean; beste batzuetan, egin = uste izan. Eta esana =onua, agindua; esana egin= «obeditu»; esanekotasuna...
Beste zertxu bat, zer esan andikoa izan zana. Lenengo liburuetan Aita Kandido-k itzera oneek eurrez samar ezarri zituan; ta gero bere iñoiz oartu gatxakoz: Aitiari (13) Aitiaren semea (15) Aitiaren eskuman (15) Aitia Betikuak (17); «Gogarteak» liburuan bere bai: Aiteari, Aitea-gana (90 orr.) Aitea (197 eta 217)... eta abar. Izketa arruntean ez dogu iñoiz guk esan, pertsonakaitik; baiña bai txorietan; txori-abian, kumak eta aitea ta amea. Osterantzean, iñoiz bere ez. Ostera, orra or Bizkaian beintzat, bilbotar erdaldunak bere bardin esan oi dabelarik: «Aitearen, Semearen...»
Antziñako erak bere agertzen ditu aditz forma batu eclo sintetikoetan: dakusgu, nenkusan, zakustaz, darijat, dariadazan, dariakuz, zirautsan, yagokat, eztakutsu; darrayokan...
Gure lan au ain latz eta zail izan ez dedin, erraldatu daiguzan orain, Aita Basabe-ren esanaldi, biribil, bizi, koloretsu ta zirigarri batzuek. Baiña azaldu daigun lendabizi, ez ebala arek anafora ospatsu orreen premiñarik izan, euskeraz parra-parra ta argi idazteko.
Beste oar bat: lenengo lanetan, aditz lagungarrietan epentetikak erabilli zituan arren, gero, verbua batasunerantz bultzatu guran-edo, geienbat ez zituan jarten.
* * *
«Gogarteetako» zerbait ezarriko dogu emen lenengo, «Berbaurrea'ren» puxketa bat. Kristau, arimazale, euskaldun ta euskaltzale agertzen yaku beti bere, gure Aita Kandido.
Ona «Berbaurreko» atal ori:
«...Ganera, arrigarri da ze gitxi diran Euskaldun artean, gogarte (meditaziñoari) yarduten deutsenak: orregaitik edo, izango ete da gure artean ain santu gitxi aurkitzea? Egia esan, libururik be eztaukagu orretarako, kaskar batzuk baño-ta. Gogartera zaletu zaitezan ba, emoten deutsugu liburu au, Euskaldun kristiñau maite orri. Artu, irakurri, erabilli, sartu, buruan baiño be biotzean geyago, gure Erlejiño santuko egi mamintsuen onek, eta laster zeurorregan ikusiko dozu ze onuratsuak diran... Eta onelantxe zure gogo edo arimeak eukiko dau ia urte guztirako jakia.
«Artu egizu ba, mardo, sendo, loratsu; eta bere ekarriz bete dagizula, ez bakarrik zeure burua, baita zeuen etxeko ta beste ingurutako guztiak be. Auxe da biotz-biotzetik opa deutsuna EGILLEAK.»
Beste esanaldi politik ugari ditu, eta ezin ba, banaka batzu baiño ona aldatu. Asko berexi izan ditugu, baiña dozena ta erdi inguru berrezarriko ditugu emen.
* * *
«Asko jateak gorputza sendatzen ez daben lez, jaten dana ondo egosteak baiño...» «Zorionekoa, zer nai ta axe daukana da.» «Baña gauzen didarretara gortuta, neure griña zitalai jaramon eginda, gauzarik-gauza ibilli naz, neure zoriontasunaren egarria nun asetuko... Eta olan da guzti be, euren, gauzen atzean nabil, gau ta egun geratu barik, ainbeste alegiñegaz, beste zeregiñik ezpa neuko lez, neure arimatxo au zokondo batean, mantar zatarra lez bazterturik itxita...» (Gol. 33 orrialde).
«Zer deutso gizonari, mundu guztia irabazi arren, bere arimea galtzen ba dau?»
«Osasuna nai ondasuna galdu arren, itxaron neike nundik edo andik barriro etorri leikedazala. Baña arimea, bein galtzen ba dot betiko galduko dot. A, salbaziñoa bein bakarrik jokatzen da. Eta arima bat bakarrik euki, ta bera bein galtzen ba dot, betiko galdua egon, guztia galtzea izan...» (Gog. 35-36 orr.)
«Durundi egiten deust neure belarrietan juizioko turuta ikaragarriak...»
«Espiritu Santuak emongo deutsu ziurtasuna, onako gauzetan euki leikeanez, bakean biziteko bestekoa. A, eztago ziurtasun ori lako eztegurik! Munduko jolas eta atsegin guztiak baño gozoago ta eztitsuago da» (Gog. 41 orr.)
«Gogoratu dagidazan gauza bi, ziñismen apur bat daukanari odola zanetan leituta iztekoak...» (Gog. 74).
«Zer erantzun neikizu, Jauna, lotsearen lotsaz, berbea eztarrian itoten ba yat?» (Gog. 84). «Begietatik dariadazan negar-malkoak dirautsue, ene Jaungoiko maite ori, nire berba guztiak baño obeto..» (Gog., 84).
«Zenbat bidar, ene arimea, dardar ipiñi zaitu gomuta onek: Salbauko ete naz? Zenbat bidar loa galduerazo deutsu? A, ezagun da, motela dala zure ziñismena. Zelan bizi gara zabal-zabal, zelan lo egiten dogu bake-bakean, pekatuan egonda? Lorik be egin ezinda...» (Gog. 40).
«Inpernuan, zer da dakutzuna? Laba gori, luze, zabal, sakona; goyan sua, albo guztietan sua, ta erdian suzko itxasoa; ta bertan, gora ta beera galduak, arrañak uretan, eta lapikoan babak lez» (Gog. 110 orr.)
«Ze errukior, biotz bigun ta maitagarria dan, allagiña iraindu dogun Jaungoikoa!» (Gog., 179).
«Aita, barriz, ze ona! Onegia esaterako! Zatitu ondasunak, eta gazteenari yagokana emoten deutso... (Gog., 180).
«Aragiaren gosea bete nairik joan nintzan erbestera. Baña ezin bete! Zelan bete aragia? Ezin lei. Usana lez, beti dago «betor,betor!» iñoiz «naikoa!» esan barik. Salomon-ek ez eban bete, nai eban guztia emon arren; ainbat gitxiago, berak beste aukera ez daukanak. (Gog. 183).
«Baña ikusi ebanean bere burua bakarrik, lagun barik, eztla amaitutakoan euliak izten daben ezti-lapikoa lez; otsein, arizpean, txarrizain, zartea eskuetan, etxetik atera ebazan soñekoak urratuta, ortosik, ugazaba gogorra, dirurik ez, gosea barruan; gogoratzen da etxeko ugaritasunaz, eta egiten dau: «Amaika otseñek ba dauke ugari jatekoa nire aitaren etxean! Eta ni emen, goseak ilten!» (Gog. 187).
«Eleizara joaten ba zan, iñoren ederragaitik joaten zala.»
«Andra Maria, neure Ama maite ori! Zeu izan zara bakarrik Adan-en seme-alaba guztien artean, pekatu ariñen gerizarik be euki ez dozuna; beti egon ziran zure gorputz arimak argia baño garbiago, ta aizeak eztarabillen urazala baño baketsuago...» (Gog. 102).
* * *
Ez euskun agertu gramatika-zaleegien artean oi dan zailtasun ta gogor-antzik, arauak premiñazko ditugula autorgarri dan arren. Aita Kandido bere aldiko gizona izan zan, eta orduan ebillen garrak ikutu eutsan areri bere, eta orregatik, itz barri batzuk aintzat artu eta bere liburuetan ezarri zituan, geienetan ordezko erderazkoa abarrartean alboan ezarririk.
Aren jardunok ez ziran izan eder-lanak, elederrari buruzko soillak direanak; interes bako letrak, orain esan oi danez, txukuntasunari ta gogoaren kirolari berariz eskeiñiak. Arimen aldeko liburuak utzi zituan, ain zuzen, ta aldí aretarako, gunez egokiak zireanak; nai-ta gaurko mundukoek beste asmo ta urduritasun ugari izan ta nabari. Ez eban jardun, beraz, idazle jaioak, jasoak eta buru-eretxiak, euren kereaz ta estiluaz oi dituen ardura ta buruausteetan. Txukun-ikutua, gun fiña, idazlegiarra ta iztun-etorria, ostera, nabarmen ta ikusgarri azaleratu euskun. Txalogarria, ba, milla bidar Aita Basabe, euskereari utzi eutsazan esku-erakutsi marduokaitik.
Teatru-lanetarako zaletasuna, gogoa ta eretia izan ba litu, literatura-zelai orretan lan gazi-gozorik egin eukean, orretarako gatza ta etorria, jatortasuna ta modu berarizkoak izan zitualako.
Akatsak? Oben arin batzuk, ez oben ilgarririk, berak esango eukeanez. Euskeraz jator ez dana, iñoizka esanaldiak, itz soilleko adizkera batzuk, itaurreko barik ezartea: Dator arerioa... Doa gizon bat... ba-dator... ba-doa ta abarren ordez. Baita gerundio dalako asierak bere: Ikusirik an egoala... Entzunik alako gauzak,... an egoala ikusirik... alako gauzak entzunik, idatzi bearrean.
Errian zabal samar direan forma batzuk bere, agertu oi zituan batean batera, urrengoan bestera, esangura bardinak dituenak: eutsaguzan = geuntsazan; eustazuzan = zeunstazan, eukazun = zeunkan, etabar. Kera orren barri ba damoskue Azkue-k, eta ugariago, Altube-k.
Baldintzetako formetan bere, ba dabil anarkia apur bat eta ori orduan be bai, baiña gaur areago, nunbait. Ba zeunke = ba zendu-ren ordez; ba leuskit = ba leust esan bearrean; jakin izan ba neban = jakin izan ba neu; etorri ba zan = etorri ba litz...
Izan bere, ba dogu oraindiño alkarreri zer ikasirik, «Orixe» zanak azkenengo idazkietan esan oi eban lez... apaltasun apurra ba gendu!
Leengoen artean bere, ba zirean antza, akatsok, ainbakorik iñor bere ez gara-ta. «Peru Abarka»-ren orrialdeetan zear ibillalditxu bat egin barri gagoz, eta an bere, ale ezegokiok aurkitu ditugu. «Aserratuko ezpalitxakio (28,9), ezpalitxako-ren ordez; «Askora bat emongo ba litxakezu» (33,10), ba litxatzu-ren ordez; «deituko ezpanenduke (175,19), ezpanendu idatzi bearrean. An bere txakurrak ortosik! antziñakoaren esana. Ezta ba, mirari, maisutzat ez ebillenari bere, obentxuak eriotea.
Itzurrenari buruz, Aita Basabe, gure eredu Txomin Agirre-ren prosa parebagearengandik urrago ebillen, « Peru Abarka»-n irutarik bat agiri sintaxis zazkelagandik baiño.
* * *
Gizon lez zelakoa zan, eta orobat kristiñau, euskaldun eta jesulagun lez, laurok batera jota, zeatz eta sakon ikasi bear litzateke Aita Basabe; orretan gaituak eta zaleak diranak or dauke gizon andi baten irudia, eta tamala izango litzateke ainbat zeetasun ta jakingei galtzea, denporeak gauzak eta inguruko pertsonak iruntsi oi ditualako.
Aita Kandido-ren ekarri eder bat, txirlarri apaiña bera, adierazo bear dogu orain.
Beste askoren artean, ona emen zelako arrain eder ta bana-banakoa artu eban bere sareetan Aita Basabe-k, zeruko ur atsegiñetaraiño eroateko. Ainbat urtetan eta tokitan jardun izan eban mixiolariak, zenbat arima ez ete ditu gorako bidean ezarri, ta bultzada sendoa egiñaz, betiko zorioneraiño sartu? Oneen artean auxe bat.
Bein batean, Gazteiz-ko Mintegi edo Abadegeien Etxean, ango gazteei gogo-iñarkunak egiñerazo eutsezan gure Aita jesulagun onek. Talde mardo aretan, ba zan abadegei bat, filosofiako bigarren urtean edo, apal eta nagi, bear ba da otz samar bere bai, ango zeregiñetan kili-kolo ta guztia bearrean ebillen gazte bat. Ejertzio aetan, enuxu banuzu sartu zan; baiña, aldatu zan bai, aldatu! Biotzaren zirkilluetaraiño elduerazo eutsan urduritasun bero ta suarra Aita Basabe-k; jainkozko garretan jarri eban gazte epela, lekeitiar jesuita azkorrak.
Arrezkero, gazte aura aren ikaskide ta lagunak autortua, beste bat zan; zearo aldatu zan abadegei epela zan a. Gogoa erne, burua adi, biotza su. Abade eginda gero, Seminario-ko gogo-artezkari izateraiño eldu zan. Geroago, Misioneras Evangelicas eritxenak (gaur Instituto Secular) sortu ta eratu zituan. Eta gazterik oindiño, 1954 gn. santu-ostean il zan apaiz aura: Rufino Aldabalde eta Treku, giputza, Aya-ko semea...
Bera izango da, beste askoren artean nunbait, Aita Basabe-ren zeruko koroian dirdizari diarduan txirlarri ederrenetarik bat.
* * *
Euskaldunak euren aldizkaririk bage bizi ez eitezan, 1917 urte inguruan, «Jesus-en-Biotzaren Deya» sortu ebenen artean, Alta Kandido izan zan buru ta eragillea. Idazlan txanbeliñik eta irakurgarririk agertu eban bertan.
* * *
Ainbat lan egin ostean, eta gure munduko esaeran zaarregi egin barik, areri bere eldu yakan negar-ibar au uzteko unea.
Aren ilbarriko idazlanean, «Jesus-en Biotzaren Deya», 1928 Epaillerako zenbakian, Aita Zubiaga, S. J., ren lerro oneek aurkitu ditugu:
«Zeanuriko mixiñoetan ebillela, biotzeko gatxak jo eban AIta Basabe. Ia amar illabete emon eutsazan Jaunak, Loyola-ko leioetatik betiraunera adi-adi begiratu egian. Aita Basabe kikildu? Bai zera!
«Zer egiten dau bedorrek, bakar-bakarrik gau ta egun? Ez da aspertuten, ala? beñola Anai Geisozañak esan bere.
«Aspertu diñozu? Jesus eta Maria-ren Biotzetan sartu, ta antxe eskeko umetxu bat legez bizi izatiaz aspertuko naz, ba? Esatia be!»
Goazan orain, Aita Juan Jose Goikoetxea-k leengo batean idatzi dauana irakurten eta gozartzen:
«Aita Kandido Basabe mixiolari errikoi ospatsua izan zan. Jesus-en Biotza-renganako eraspenaren zabaltzaille asperreziña, apostolu ta erlegiño idazlea Bizkaia-n. Oraindiño gogoan ta bizi-bizi diraue gure erriko askorengan, aren berba ta esaera ta idazlan ta jarraibide ederrak. Guri dagokigu zer guzti oneek batzea, Aita Kandido-ren irudia ta nortasuna, zan giñoan eta zan lakoxea ezagutu ta jakiñerazoteko. Nik neuk darraio Aita Goikoetxeak itzaldi askotan ezagutu neban Aita Kandidoren asmo ta guraria, baiña batez bere, aren azkenengo geiso-aldian. Errege-egunez iztarra ebagi eutsen, pasmuak arturik eukalako. Bere geisote orretan beti egoan alai, ta kantari bere bai, zerurik urre-urrean egoala uste ebalako. Jaungoikoa ikusteko gogoz egoan, ta baita berak, bere apostolukuntzan salbau zituan arimak bere. Arako eskelea dalakoa, eriotzea iragarriko eban il-barriaren idazkunea, berbere eskuz idatzi eban. Bizkaiaren salbakuntzeagaitik eskintzen eban guztia.
«Errialde orretan ordezkoa aurkituteko eragozpenak-edo izango zireala susmaurik, esan eban: «Arazo ori, zeruan erabagiko dot.» Eta an egoan Aita jesulagun bateri esan eutsan: «Berori izango da nire ordezkoa, oiñordekoa». Eta olantxe jazo zan. Arik ganeko 23 urtetan, oiñordeko Aita arek, 108 erritan egin zituan bere itzaldiak, erri bakotxean 15 egun inguru emonik, arimen aldeko lan mamintsu orretan.»
Il-aurretiko egunetan, bere Lekeitio laztanagaz ta ango Antiguako Ama kutunaren maitetasunaz irakiten eukan biotza, ta ara bialdu eban egaz bere gogoaren intziri samurra. Errian oi dan lez, Salbe bat abestu egiela ango abadeak, agindu eban Aita Kandido-k. Aren gurari ori bete bearrez, izan zan Salbe erregu bigun ori, ta erakusmeneko eleiza zabala lagunez bete-beterik egon zan.
Jo daigun barriro Aita Zubiaga-ren lerroetara:
«Astiro astiro, urtarrillaren 11 gna., ezteguetarako egun zoragarria eldu yako. Oge zurian luze luze etzunda...»
Gure Jauna, aingeruen Ogia, elizako lez, Loyolako etxeko kapillan emon eutsen, Aita Kandido jesulagun jantzirik egoala. Akolitu dalakoa Aita Ajubita (Antonio), lekeitiarra, izan zan.
Onelan diardu A. Zubiaga-k:
«Aren gexozain Etxabe-tar Luis Anaiaren agoz, egun axe ekarriko ez ete ebalakoa aitu orduko, a bai poza gaixoarena!
«Zeruan be, alako alkar-izketarik!...
«Benetan diñostazu ori, laztan orrek?
«Baietz, Aita. Baietz ba!
«-Auxe da emoten deustazun atsegiña, Luis maite orrek! Gomutau be, poz andiagorik!... Eriotzearen ederra! Azken-egunaren maitagarria!... Orren errez il biar ete dot, ba, nik?
«Arratseko iru-iruretan iltamukoen argia biztu, Aita Nagusia-k ur onetsiaz ogea txipristindu, eta Eleiz Amaren azken-otoyak egiten asi... Aperiantur in coeli... Subvenite Sancti Dei...
«Basabe-tar Aba, orduan, euskerazko otoitxuak ezpan baltzituetatik erioazala, ta kurutzeko Jesus-eri alboko zaurian mun istu-istu egiñaz batera ilten da...»
Idazlan onen amaitzat, Aita Kandido Basabe-ren esanaldi biribil ta mamintsu auxe geldi bedi: «Guztiak, okerrik geyen dakaren gauzak, aize gogorra poparian daroan ontziarentzat lez, Zeure kai gozatsura ariñago eroateko baiño eztira, Jauna!...»
|