| 
 
 
Argi oneko poema
 
 
 
Aita Gandiaga
 
 
 
(Larrea'ko Olerti-sariketan saritua, 1963)
 
 
 
 
 
EMON NINDUN lurrak
 
asperen bainindun.
 
Dardaraz bizi naz,
 
Azkartza'ko lertxun.
 
Ta gero, baiña noizbait,
 
ta, udazken bat lagun,
 
egoiak jasoko nau,
 
aidez gora, zurrun.
 
 
 
Ta gero, geroz gero,
 
ta, Azkartza'tik urrun?
 
ta asperen altu onen
 
yoran bako oiartzun,
 
lertxun edatu bat lez
 
ta aideko edonun
 
biziko naz dardara
 
eta asperen-lurrun.
 
 
 
ORMA ONDOAN larrosa-aiena
 
lorez jantzirik ta usaiñez.
 
Nire ezpanetan irribarrea
 
iratzarri da atsegiñez.
 
Alan eiteken inguma aratz bat
 
lotatik jagi, eguntzez.
 
Nire ezpanetan irribarrea
 
iratzarri da atsegiñez.
 
 
 
Musu gorridun larrosa apaiñak
 
orma zaarraren ondoan.
 
Ba-dira aingeru maitetsu edo
 
jainkosa arraiak saldoan.
 
Zer zoriona begiok aien
 
taju gozo ta margoan!
 
Ba-dira aingeru maitetsu edo
 
jainkosa arraiak saldoan.
 
 
 
Et'ezpanetan irribarrea
 
ta itxaropena bidean.
 
Larrosen jaiak lillura-argi bat
 
biztu dau nire zerean.
 
Lorez jantzirik ta usain gozatsuz
 
t'orma zaarraren parean,
 
larrosen jaiak lillura-argi bat
 
biztu dau nire zerean.
 
 
 
IKUSI DITUT, mendi- bidean,
 
gaztedi-talde argiak.
 
Argi-pausoak...
 
Zantzo ta arago.
 
Kolore ta argi biziak.
 
Jerse gorridun, jerse...
 
Jerse zuridun, jerse...
 
Jersedun... Zenbat jersez
 
ta zenbat kolore!
 
Edertasuna jersez
 
dator erromerira...
 
                        ...Ilusiño-aide.
 
 
 
............................
 
 
 
«Erromeriak, pozezko deiez,
 
ikutzen gaitu bidean.
 
Ez dogu nai berandu
 
iritxi gaitean.»
 
 
 
Eta bideak, erromeriko
 
bide maite ta gardenak,
 
eta bideak luzatzen dira
 
eta luzatzen yoranak.
 
 
 
T'erromeria, pozezko deiz,
 
ilusiñoak betean.
 
«Ez dogu nai berandu
 
iritxi gaitean.»
 
 
 
EGUN ZABALA eguzkiz.
 
Zugaitzak zabu orlegiz
 
Aizea landak igurtziz.
 
Eta elaiak eta elaiak
 
eta elaiak irririz.
 
 
 
Eta garitza beillegiz,
 
erlus-uiolak, urduriz,
 
mari-gorrien aitzakiz.
 
Eta txiritak eta txiritak
 
eta txiritak txiribiz.
 
 
 
Eta sasoi ta pozkariz,
 
segalariak belardiz,
 
arri ta burni-gorantziz.
 
Ta arto ta babak landara-kondo,
 
ta, alkarganako maitariz.
 
 
 
Eta poxpoliña, arrandiz,
 
mokil ta ildoen ozkirriz,
 
«botan bost» baietz ozenkiz.
 
Ta ale gorriak gereziz ta ale
 
ta ale gorriak sagastiz.
 
 
 
Eta sanjuan-sugarriz,
 
eskola-umeak, beresiz,
 
zantzo-gurazko karraxiz.
 
Eta langillez solo naroak
 
eta bideak buztarriz.
 
 
 
Eta kakoak zitoriz,
 
milla zurizko mirariz,
 
etxeko-andrak goretsiz.
 
Ta Udara apaiña ta uzta betea
 
ta itxaropena baserriz.
 
 
 
ZERUA OZTIN eta itxasoa
 
urdin-orlegi ta zuri.
 
Eguerdiko garai betean
 
aide ta aidezko eresi.
 
Sukarrieta-n ondar garbia,
 
Mundaka-n urak lo-aldi.
 
Bermeo-rakoz aize-oialdun
 
ontzi labanak urduri.
 
 
 
Liñuzko galtzak daroaz arek,
 
gerriaz gora eguzki.
 
Neskatxak apar-eunezko zerbait
 
ta ale gorrizko gorantzi.
 
Pozarren doaz urgaiña apainduz
 
eta ain jataz gustagarri,
 
itxas-ertzetik agur dagitsat
 
une eder onen Jaunari.
 
 
 
        ALDAPA ezean,
 
        Kanala eta Antzorak
 
        beti abantean.
 
 
 
        Bizkaia itxaso-zear,
 
        Bizkaia mariñela!
 
 
 
        Kanala eta Antzorak
 
        beti abantean.
 
 
 
        Kresal-usaiña dabil,
 
        belardi ta zugaztiz,
 
        Bizkaia ezean.
 
 
 
ALDI ONARI arri bat
 
jaso gura neuskio
 
pagadi aundi onen gerizpe gozoan.
 
Orrien orlegiak
 
baetutako argiz,
 
ementxe dagoela
 
ikusi gura neuke, nik neure arimari
 
eskeiñi oi deutsadan anpor onen ondoan.
 
 
 
Bedar igartueri eroritako aziz,
 
iñurriak, emen-or eta sustrai zedenduz,
 
baltz ederrez dabiltzaz
 
zulo ta zirrikuz.
 
Nik, barritz, opor eta,
 
esku bete paperez, ementxe jesarri naz
 
leen nekeak askotan eskatu deustan anpor
 
muskildu onetan.
 
 
 
Giroaren arira, larre-bei etzun au lez,
 
argiari zabaldu naiako zearo,
 
ta, atsegiñak artu nau
 
gozoki, ta banauka
 
aur bainindu, gauzeri
 
berezko irribarreak
 
t'olesak egiñez.
 
 
 
Ezer ez dot egin egun onen alde
 
ez barruan dodan poza irabazteko.
 
Nunbait inguruan da
 
gauzak edertuten
 
deuskuzan aldi ona,
 
ameseta aidea
 
arimako barrunbe t'ertzetara igorriz.
 
 
 
Gerora sarriago
 
oneratu dedin
 
ta idarteko odoldi
 
t'orbelen ganean,
 
arri bat jaso gura neuskio, oparri gisa,
 
eguzki-pean datzan pagadi ixildutako
 
itzaltsu onetan.
 
 
 
Aldi ona egoak
 
ustegabeko ongille,
 
gorasarreen ama,
 
ementxe nai zeunkidaz
 
(nik neure arimari eskeiñi oi deutsadan
 
anpor onen ondoan),
 
yoranen gozagarri betiko zakidazan.
 
 
 
MENDIRA DITU eraman
 
zerk?, pozez bete, gazteak.
 
Mendira ditu eraman.
 
Bejon begie aizeak.
 
 
 
Aldapan gorantz, Urbia-raiño.
 
Bejon begie aizeak.
 
Mendira ditu eraman.
 
Lillura-giro aizeak.
 
 
 
Aien algara pagadi-bidez,
 
aien ustezko usteak!
 
Ai, amesetak iraun begie,
 
bejon begie aizeak.
 
 
 
Mendi ganean, bideak, beerantz.
 
Mendian beera gazteak.
 
Zerk mendi goien ganetik gorantz,
 
zer eten zitun bideak?
 
 
 
Ai, amesetak iraun begie,
 
bejon begie aizeak.
 
Aldatz-beerako pagadi-bidez,
 
beera ta beera gazteak.
 
 
 
Erroitegi-ko arkaitz leioan
 
kua ta kua beleak.
 
Gazteak azken-pagora dira.
 
Begie lagun usteak.
 
 
 
ILLARGI, zeruaren zeru bailitza lez,
 
        ta, iru torre aszeta,
 
        ekstasi ta ameseta,
 
        ziargi barrenez.
 
Inguruan ixilla, kardabera-lorez,
 
misteriozko giro samurraren onez.
 
 
 
Illargi mintzunari erantzun bearrez,
 
        mendi ta baso-egiz,
 
        arkaitzak izla zuriz
 
        ta azpildura ubelez.
 
Urkiak, mugaz-muga, zidar orbangabez,
 
ta, argizta zabaldia ta aide zurrun batez.
 
 
 
Ameluta gozatsuz egindako eunez
 
        zentzumenen lillura,
 
        ulezko geldidura,
 
        leku ta bazterrez.
 
Ta gauaren egada oian-saillen gaiñez
 
ta izarrei autsa kenduz, osiñen amorez.
 
 
 
Orduaren goidura edegi t'ederrez
 
        begion goi-griñari
 
        ta antsi ase-gaitzeri
 
        eskubide emonez,
 
aidera gura neuke, arranoen pozez,
 
Jaunaganako bide aundi ta gardenez.
 
 
 
        BARRI EGUNA ta argi.
 
        Garbi gauzak oro:
 
        Zerua aundi t'ozkarbi,
 
        lurra zabal t'orlegi
 
        ta aizea maitero.
 
 
 
        Ta sentikizun bare
 
        ta unkiak edonun,
 
        ta aroen maitasarre
 
        ta Jainkoaren barre
 
        t'oñatzen oiartzun.
 
 
 
        Ementxe ta oraintxe
 
        nai neuke zoratu
 
        ta, kirkillaren pare,
 
        ego ta goratzarre,
 
        intza lez agortu.
 
 
 
              
             |