| 
 
 
Uztapide txapeldun
 
 
 
Enbeita'tar Balendin
 
 
 
Nik Uztapide ezautu neban
 
bertso kantari beñola,
 
bertsolari lez onena zala
 
erri guztiak diñola.
 
Aundia dogu, baña apala,
 
ez da arrotuko iñola.
 
Uztapide da Euskal-erriko
 
txapeldun urretxiñola.
 
 
 
Bertsolariak zartuagaitik
 
jakitun antzo eztena.
 
Gure Uztapidek danentzat dauka
 
sentzundun erantzupena.
 
Orretan beti agertu yaku
 
Euskaldun eta gizona.
 
Ori dalata erriak diño
 
Au da gure txapelduna.
 
 
 
Jakituriak ez dau egiten
 
bertsoetarako grazi.
 
Orretarako jaio ez bada
 
alperrik egin garrazi.
 
Manuel jaunak eskola asko
 
etzuan eingo ikasi,
 
au ta guzti be ernen daukagu
 
Euskal-erriko nagosi.
 
 
 
Ikusten dira filosofoak
 
gizon argi ta altsuak,
 
tenika eta rima kontuan
 
bertso zale jakintsuak.
 
Baña gatza ta piperra palta
 
ez dira orren gosuak.
 
Erriak askoz naiago ditu
 
Uztapideren bertsuak.
 
 
 
Bertsoetako bear ditugu
 
berezkoa eta biotza,
 
onek ez ditun bertsolariak
 
alperriko dau jakintza.
 
Gure Uztapide berezkoz eta
 
biotzez da aberatza.
 
Jakitun askok artuko leuke
 
onen piper eta gatza.
 
 
 
Donostiako Astorian zan
 
argi ta garbi ikusi.
 
Danen gañetik, kostata baña,
 
zelan zendun irabazi.
 
Batzuk zalantzan ibilli arren
 
zu zara danen nagusi.
 
Euskal-erriko bertso txapela
 
ondo zenduan merezi.
 
 
 
Omen jai asko merezi ditu
 
Uztapidieren txapelak.
 
Frutu ederrik asko emon dau
 
gaur arte bere arbolak.
 
Ikasbidetzat artu daiguzan
 
bere bertsozko eskolak.
 
Bera da gure arbola eta
 
gu gara bere orbelak.
 
 
 
              
             |