L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1964 III-IV Udazkena (1964-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Txingar-apala

 

Enbeita'tar Abel

 

 

1) Neba-arrebak

 

Aita ta ama batetik

bestetik bost anai,

arrebatxo bategaz

bizi gara alai;

umore onez beti,

naiz astegun, naiz jai,

ementxe nago pozik,

ementxe nago, bai.

 

Bost anaien artean

badira bi kirten,

noraiño eldu diran

nok igarri leiken.

Praille izateko juan,

konbentutik urten;

nun egon diran bere

etxake igarten.

 

Beste bik artu dabe

bizitza bardiña,

zein dan alperra ez dakit

ez dakit zein fiña.

Egiten dabenian

ondo esamiña

ez dagiela ikasi

lengoen dotriña.

 

Bost-garrena etxean

fin dabil lanean,

baiña ez urreratu

asarre danean;

jenioa jartzen dau

akulu ganean,

deabrua be dauka

bere esanean.

 

Seigarrena arreba

ta bakar-bakarra,

eskobiaz danari

agintzen azkarra.

Danok astintzen gaitu

naizta ez izan txarra

gure prakak garbintzen

badauka bearra.

 

 

2) Garbi bizi zaite

 

Udabarrian lorez

apainduan ziñan,

obeto ezta ere

aingeru baziñan.

Orain dana galduta

nasaikerian griña,

askoz ederragoa

ziñan zu antxiñan.

 

Maite zaitut biotzez

nik esaten neutsun,

ta irri-barre garbian

atsegiñez entzun.

Negar artean dar-dar,

Bai! zeustan erantzun.

Nun da orduko itza,

nun orduko zentzun?

 

Zelan agertzen ziñan

begien aurrian...

Aurpegian irri-barrez

arima garbian.

Dana esaten zendun

izkuntza argian;

zoratu egin al zara

zentzundu bearrian?

 

Iñoiz egin al dautzut

ezertako kalte?

Beti ez al zaitut izan

biotzean maite?

Nik etzaitut itxi nai

oraindik aparte;

baiña gura ba'nozu,

garbi bizi zaite.

 

 

3) Eguzkiaren igesa

 

Iru brintzetan doia

mundua agurtzen,

odol tantaka dana

mendian apurtzen.

Danen iaun ta jabea

illunak ixurtzen

bere negarrak ditu

mendiak igurtzen.

 

Basoak orlegi ta

zerua urdiña,

zein da baltz biurtzeko

indardun sorgiña?

Nok bialdu legike

Egun-erregiña?

Gabak ete dakarsku

beste bat bardiña?

 

Bai! zauritu dautzue

gordin zan biotza,

mendiak sentidu dau

odol-tanta otza.

Illobi itxurea

danari damotsa;

zeugaz igeska doia

gizonaren poza.

 

Edertasun guztia

zeuk dozu eruan,

txoriak ixil dira

gure inguruan.

Zugaz alai giñian

guztiok zeruan.

Etorri zaite arin,

betiko ez jaun!

 

 

4) Ezkondu arin...!

 

Gauza batek badauka

munduan priesa:

jaio ta gero danak

ezkontzeko amesa.

Emazte-gai bat topeu,

naiz begi trabesa;

lotu ezkero, ez da

askatzen erreza.

 

Illuntzera ezkero

lanaren nekea,

gizona etxerantza

izerdiz betea.

Aurpegi asarreaz

an dauka emaztea;

zein ete dau naiago

jana ala bakea?

 

Ezkontza egunean

zantzo eta barre,

kopak edarto edan,

puro onak erre.

Zortzi egun bakarrik,

denpora laburre

andreak zarata ta

gizona asarre.

 

Purrustadak alkarri

dautsez egunero,

goiz-aldean ogetik

itxartu ezkero.

Banatzeko asmoan

biak dabiltz bero.

Alperriko gauzia

ezkonduta gero.

 

 

5) Goizeko gizona

 

Gaba gauzia oian

gogor lo egonik,

itxartzean ez dago

iñoiz gogo onik.

Gorputzak zerbait dauka

beroak emonik

ez da oiak mozkortzen

ez daben gizonik.

 

Begiak andituta,

aurpegia motza;

ikusten dabenari

bildurra damotsa.

Naizta udea izan,

ura dago otza;

nok bigundu ain gogor

datorren okotza?

 

Zerbait garbitu, jantzi...

badoia lanera.

Ezer ez dau ikusten

ta beti aurrera.

Itz gitxi, eurak oztaz,

irri-par, bai zera!

Burua barik ankak

doiaz fabrikera.

 

Lana egin bearra!

Auxe da dagona,

dirua irabazteko

Jainkuak emona.

Baiña ez da izango

olan gauza ona;

konforme ez da, beintzat,

Goizeko Gizona.

 

 

6) Neguaren indarra

 

Ezpataren antzan

ba'dator aize otza.

Trokarroan dar-darka

ibaien abotsa;

bedar puntan ikaraz

garoak biotza:

udak eroan dausku

iges geure poza.

 

Usoa ego-aldera

ba'daroa eguak,

nor juan leitekean

gaur diñost goguak...

Udak iges egin dau,

ez gara lenguak.

Txoriak zergaitik ez

bildurtu neguak?

 

Zer? Nun eta nundikan

orrenbeste indar?

Zugaitzen adarretan

zerbait dabil dar-dar.

Gaixoak urregorriz

illobirantz bear;

erregiñak ziranak

orain billos, bakar...

 

Azerien antzean

badau malezia.

Zuri, garbia dauka

beraren jantzia.

Baiña barrutik baltza

motz ta itxusia.

Goiazan iges, maite

dagigun bizia.

 

 

7) Prakak

 

Oingoan badau prakak

saltsa-borrastia.

Nok jantzi bear ditun

or dago nastia.

Penagarri da asko

olan ikustia.

Zelan izan legike

ain estu jaztia?

 

Asko ikasi bear

modak jakiteko,

prakak be eztira orain

sasoia bateko.

Edonok jazten ditu

edonora juateko.

Jaunak etzitun egin

neskak ibilteko.

 

Nabarmenkerian da

mundua jausita,

oitura garbi danak

zearo ausita.

Neskari nok begitu,

ain dira itsusi ta?

Praka estuak jantziaz

ortik ikusita?

 

Zentzun ona eztakit

nun sartua dagon.

Ago-zabalik modai

zertako itxaron?

Baiña gauz batek dausku

poz apur bat emon:

Prakak jantziagaitik

ez dira eingo gizon.

 

 

8) Etxea

 

Batera ta bestera

badabil gizona,

norbait juan bear

ortako dagona;

baiña txoko bat bada

Jainkuak emona

etxea da munduko

danen zoriona.

 

Teillatu gorritxua

barriz ikustian,

lanetikan etxera

barriz iristian,

poztasuna antxe dago

bakeaz nastian.

Toki zoragarria

au mundu guztian.

 

Aldapa gora, polit,

baserri txuria;

antxe dago sendia,

antxe arduria.

Iñola ezin aztu

bere itxuria,

biotzean badauka

txoko bat guria.

 

Guztien atsegiña

guztien kabia,

biotzen lorategi

arantza gabia.

Sendiko ixiltasun

pozaren jabia,

izan ete leiteke

txoko bat obia?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.