Mendi-bidea
Anizeto Zugasti
Mendian gora nijoa
nekez, makalik pausoa...
Latza da mendi-bidea!
Or arri-kaskar, an zugaitz-adar,
goitik eguzki errea:
nondik naitikan nekea!
Latza da mendi-bidea!
Mendian gora, gora-goraka,
arte, aritz eta pago
ibilliago ta estuago...
zatotikan ardo-trago.
Lagun, gorosti-makilla,
gora! Gallurraren billa.
Latza da mendi-bidea!
Ala ta guzti, ordea,
mendi-bidearen latzak
ba-ditu maite-oñatzak:
«Ezker-eskubi sastraka;
Erditik ni, taka-taka,
Mendian gora-goraka.
An, or da emen
Sastraka edertzen
Sasi-arroxa.
Eta, loreak maite-mindu-ta,
Zoratzen,
Pinpilinpoxa.
Alkarri biak musuka
Zein baño zein; ez aspertzen.
Ta sasiaren adarrak
Zintzilik an, or da emen
Ama Birjiña-atxaparrak,
Usai gozoa botatzen;
Alkar-maiteen maitasun-garrak
Ezer palta ez dezaten».
Mendi-bidearen latzak
ba-ditu maite-oñatzak!
Giza-bizitza gogoratzen dit
gaur neri mendi-bideak.
Ez ote dira, bata ta beste,
biak alkarren kideak?
Nekeak ditu gizonarentzat
bizitzan gora-bearrak:
Aurrera nai, ta beretzat
bidean arri-kaskarrak,
pozaren ordez negarrak.
Gorago eta bizitza
beretzat neketsuago.
Eta, gero gallurrean,
an goian, zer ote dago? ...
Latza da mendi-bidea!
baño, gallurrak ara ezkero,
osasuntsu du aidea;
ta atsedena ta pakea.
Zergatikan ez giza-bizitzak,
nekeak neke, an gallurrean,
azkena pozez betea?
Latza da mendi-bidea!
Ala ta guzti, ordea,
mendi-bidearen latzak
ba-ditu maite-oñatzak.
Geiago giza-bizitzak!
|