Olerki-sariketa
Bizitza zer ete? Barne-indarra. Eta, inguruko izadiari gagokiozala, abere ta landaren ernetze, azte, loratze ta igalitzean daukagu bizi-kemen orren agerpenik bikaiñena. Orrela dagi munduak milloika urteetan, iñoiz be aspertu barik.
Giza-adimenak be badau bere bizitza, barne-indar bereziaren eragin yaukala. Jakintza saillean maillaka maillaka diardu lanean, poesi-zelaikoa kaskarren eztaula.
Mundu guztiak dagiana, guk euskaldunok ez ete? Olerti-soloan ez gabiltz, zorionez, orren atzeratuak. Beste gai askotan lez, elertian ez gara euskaldunok kamots, eta ertirako gaitasun ori gaur iñoizkorik geien adierazo daroagu.
Euskal olertia, beiñolako erasoaldi latzaren ondoren, azi ta loratuaz doakigu. Garate osora ez gareala oraindik eldu? Giro dagigun lurra gero ta geiago, ta beraz egingo yaku lora-lertze bikaiña. Ortarako sariketak, lurra girotzeko.
OLERTI'k, beraz, aurreko urteetan lez, aurten be bere sariketa iragarten dau. Ona gaiak ata sariak:
I. Poesi liriku bat, edozein gai ta luzean: 1.000 pezeta.
II. Poema bat: 1.000 pezeta.
III. Amar alegiko sorta, au da, amar ipuin txiki, bertsotan borobilduta: 500 pezeta.
IV. Bertso-sail txikia; amabi bat bertso berri, laubost ahapaldi bakotxak: 500 pezeta.
Oarrak:
1) Maikoak: N. Etxaniz, E. Erkiaga ta A. Onaindia. -
2) Noizko bialdu: Aurtengo dagonillaren 31'rako.
3) Zelan bialdu: Makiñaz edo eskuz argi idatzita; lan bakotxaren buruan zein gairako dan adierazo ta estalki txiki baten, lanarekin batean, egillearen izen-abizena ta zuzenbidea.
4) Olerti-jaia: Beti lez Larrea'n ospatuko da, urrillaren 12'an, meza nagusi, sari-banaketa, bazkari, itzaldi ta gaiñerakoakaz.
|