L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1965 III-IV Bertso urratuak (1965-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Izkutuko papera

(Uri aundi bateko oarpenak)

 

Paulo Iztueta

 

Urrundu nintzanean...

        Udara zen.

        Aritza lerden zegoen

        goiz-intza milixkatzen.

        Udara zen.

 

        Orduan nire jaioterrian nintzen...

        jende xotilla bizi zen errikoxkorrean.

        An dena baretasun zeritzaidan,

        gazte ta berde oro,

        dena zelai ta baso,

        pake-giroz nirekiko.

        Egoaize burrundak ero ninderaman.

 

        Zerua-aldea bakarrik tristurati,

        diosala egiñaz larriminduari,

        itsasoan ugiñak arraunlari;

        goi-beak bear gaituzte irentsi!

 

        Gure Lurra daukagu negarti...

        sufrituz baidator bortizki.

        Zer egin diogu izarrari?

        zer duzu gure Kantuari...?

        Erantzun Donosti'ri,

        erran nire arimari,

        mintza euskaldunori...

        barreiatu trumoiaren durundaz

                                zure kexa,

        argitu tximist-ortotsen ziztuz

                                zure pena,

        ozkatu kai-ertzak asarre-bitsaz...

                                (gure pekatua

                                        ta

                                zure ordaña),

        aitor gaitezen Aritzaren benenagarri,

        zutik gauzkan Abendatsaren ondamendi!

        Illerriko aingeruaren tronpeta

mutu dantzut,

        ikusten baitut

        ortxe, ez urrun, segarekin amona.

 

Atseden aldi batean...

        Nik dena zeruko muxila

        zela uste izandu nuen,

        gauzak oro zirela otoia,

        ixiltasunaren eskeintza,

        giza-abarrotsik ez bainuen

        aditzen, ez uri-zintzarria.

        Izadiaren bizi-moldea

        nedukan aurrean, eta...

        bera nuen ikusgai bakarra.

        ...eta beti gauz berberak

        ikusten nengoela,

        kanpoko itxuraren koloreak

        itxutu ninduten;

        eta munduko nigarra

        koprenitzeko belarria

        itxi zitzaidan, sorgor;

        begiak, berriz, lausokor.

 

Oroimen bat nire baitan...

        Lengo batean zen.

        Eztakit zein egunetan.

        Ausaz illabeteak

        edota... urteak

        igaro dira binbitartean.

        Onek eztit ardura.

        Esan bear dudana,

        bai, axola zaida.

        Orduan nik

                amor egin nion

                izadiaren errugabetasunari,

                bañan enintzen baitaratu

gizonak nola bizi zitezkean

                lurraren gañean

                ta izarren azpian...

        Orduan nik

                amor egin nion

                paisajearen ederrari,

                bañan enuen pentsatu

                neguaren laztasunean,

                udaberriko lore ezeak,

                arrosak eta usaidunak,

                baininduten txunditu

                gaztarako tolarean...!

 

        Beraz, aldi artan,

        egitasurrak igesegin zidan gerora,

        giza-bizitzaren arpegi inuxentea

        bai-zetorkidan kolpetik begietara,

        zentzuen arietatik

        uxatu zitzaizkidan

        zer-izaren kizunak...

        gañerako benetasunak...

        Nik neronek bota nituen

        olako ezjakintasunez...

        barkagarri bear luken

        errugabekeri batez...!

 

        Bai, adixkide.

        Nire lurra, nire zerua.

        Nire itsaso, nire bizikide.

        Nire anaiok, nire gizonok.

        Bai, adixkideok.

        Oro niretzat,

        ni oroentzat.

        Bedi besarkada

        guzion babesa!

 

Ingurumaritik edaten...

        Izadi-konzientzia

        zitzaidan eskapa,

        konzientzi-arrazoiduna,

        Jainkoarena ta gurea,

        Kristoren odolak igurtzia.

 

        Berandu oartu nintzen

        bizi-beharraren

        garraztasunaz

        ta poztasunaz.

        Ez al dira biok

        aldi berean...?

        Ez, ez dut ukatuko pekatua.

        Aitortzera nator ez zitzaidala

        iruditzen orrelako inpernua

        so bear nuenik,

        ain larrutsik!,

        biotzaren illunpean

                eta

        egunaren balkoiean.

        Aitortzera nator ez zitzaidala

        bururatzen txoko ortan

        egon zitekeanik garraxika

        esistentzi baten oñaze ozpiña.

        Dunbaka kolpatzen dut bularra!

        Esistentzi bat!

        Bizi-giro

              ta

        arnas bero

        bear litzaigukena

        eta... etzaiguna!

        Esistentzi bat!

 

        Otzik gaude,

        iltzera goaz,

        sabelak elkortu zaizkigu,

        gizatasunez gera antzutu.

        Eriotza irabazi dugu...

        maitatzen ez baitakigu.

 

Azken mementoa...

        Udazkena da.

        Oria, beraxka,

        eroriz doana,

        emengo gauza

        guzien gixara.

        Neguak narama

        bere izotz-kabira,

        illekin lotaratzea...

        berriro berpiztera...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.