«Urdin eta burni»
A.O.
Ona L.M. Muxika'ren olerki-sail berria. Auñamendi liburu sortan argitaratu du ederki, merezi zuen bezela. Oraintsu «Bide-giroak» eskeiñi zigun, itz-lauz egonik ere, olermen apañez gantzutua. Gaurko oni itzaurrea Paulo Iztueta'k egin dio, sakon ta jakingarri. Txalogarri ditugu bi-biok.
Liburuak 43 olerki ditu guztira, zein baiño zein arin goxongoak. Denak banaka aztertu ta guztizko iritzia emateko ez det gaur astirik. Urrengo OLERTI banakoan, orraitio, zerbait geiago esango degu ontzaz, an baitegu argitara emango liburu onen bigarren zatia osorik.
Gaurko olerkari yaukal degu Muxika. Asko irakurri ta ikasi du, eta nornairentzat ere, ederrerako izate barruan guztiok degun berezko sen ta jiteaz gaiñera, auxe da bearrezkoena. Gure izatea sarri leoi basati antzo degu zakar baizen muker, ta giza-lege bigunez leun-azo berrra du. Edozein gaitan ori ez dagigun bitartean, ez degu zer aundirik egin al izango. Muxika'k egiña du ori bere gazte urteetan, eta orain edozertaz jardun ta idazteko gertu daukagu. Onako gazteak bear ditugu, eundaka, euskal alorrean.
Asmamen ederreko agiri da lirika saillean, baita ba-du etorria ere. Eta bulkoak? Ori ere bai. Orrela jaulkikitzen dizkigu olerki borobil asmotsuak, ideiaz ta barnesuz oretuta. Esatean ta idaztean, berriz, bere tankera du; naiz-ta gaurko prantses-gaztelar olerkarien antza izan, gauzen ikusketa, eraketa ta esana bere-bereak ditu. Barne mundua ta begi aurre daukagun mundua, berak ikusi ta oartu bezela ematen dizkigu guri ta txairo.
Aurreko berrogei urteok Aita Errenderi, Eltzo, Zubigar, Lizardi, Loramendi, Jauregi arte adierazte ta irudi azarri gutxi erabilli izan da euskeraz. Gerora, bai, gu ere beste izkuntzetan bezela asiak gera, naizta lotsor ta arreta aundiz. «Orixe» zanak, esaterako, F. Mistral'en irudi ausartik asko etzitun nai euskerarentzako. Gaur edozein antzekizun, metafora, irudi ta onako gaurko literaturarik aurreratuenetan lez erabiltzen ditugu guk ere. Aurrerakuntza onetan esku ederra izan du A. Muxika'k.
|