L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1966 I-II Ikus-miran (1966-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Ikus-miran

 

Luix M. Muxika

 

Bide Giroak'en bigarren zatia degu

deritzaion 27 ataleko poema au.

 

Gabona

 

Gabon, gabona,

egunabar luzean

Belen'era noa.

 

A, bere armoni ta kanta,

Jainkoaren aurpegia,

barruko alegrantzia.

Gabon gabona,

Jainkoaren egunabarra,

aingeruak diote pozez:

«Aintza Jainkoari goietan,

pekea gizoneri lurretan».

Eutsi, Belen, eutsi

ta eldu zakida

irripar gauezkoan

ta zabaldu egizu, zabaldu

itxaropena alboan.

 

Mendiak bustitzen dituen

illargiaren barrena,

pañueluak bezela artzen zaituen

otoitzaren barrena

artu, artu, Jauna,

seaskatxotik biotz umilla.

A, gure aragian Jainkoa,

a, gure matraillak, besoak Beregan,

Goitarra guztiz aragizkoa!

Gabon gabona,

Belen'en dago Jainkoa,

alegrantzia ta zoriona!

 

 

Salmoak

 

Salmoak, salmoak,

melodi gozoak,

umiltasunaren emozioak

«Zugan uste izan dut, Jauna,

enaiz sekulan lotsatuko».

Sion lasai dago kantetan,

barruko dardara igesian.

 

Salmuak, salmoak

otoitzaren guitarraz

—laud txikiaren—

penaz nahastuak.

«Jaunagan izan itxaro

oraindik aitortuko duguta

gure osasun dan Jauna».

 

Salmuak inguratzen nau

goitar soiñuaz,

biolin soiñuaz

ta biotza otoitzez

iñoizko asperenez...!

 

 

Zure aitzak

 

Urrekoatxa zu beti

itota zeruan...

Zu beti Bizkai'ko

goi zumotsuan

itota, itota

ezin bestean.

 

Zakarra zira

zure euskal izenean,

amorruzkoak zure aitzak

eskulpitutako irudiak

zeruko narruan.

Latza ta udakoa zira,

beti zaude egunabarrez,

beti eguzki-zaborrez.

Ta zure ixilla

Arrati umillera

birjindadez ustuta...

 

Urrekoatxa,

euskal izena duzu

izen izugarria

ezen nola burnizko sapaia,

ta zure sabelean oraindik

zortzikoen soiñua

euskeraren entzuna.

 

Zure irritsezko zeruan

zu kantari itota,

—zerua zu itsasten,

zu oiñazetzen—

 

ta zu goian loituta.

Begiok, bada, arratsero

paseatzen dute

zure gorputzean.

 

 

Anima gazte

 

Dena sorpresa ibaitsua bezela

eskeiñi zitzaidan,

dena parra edo

ardo lodia antzean.

 

Oi, irripar urdarezkoa

oi, irripar sarazkoa,

ipar-aizezkoa!

 

Naiz-eta zuen odola zahartu,

naiz-eta zuen urrea des-apaindu

argiro dut ikusten

bear-bearrez datorren

piztuera urrutikoa.

 

Zuen irriparra betikoa da,

eriotzean ere itxaro duelako.

Nire biotzak zumar igarrak balitu

ta barren-udazkenak inguratuko banindu,

oraindik ere irria nuke,

ta anima gazte,

ta begiak eze.

 

Sorpresa ibaitsuan

zumarraren udaberria,

eta ernetzen

eta azitzen bere irria!

 

 

Eukaliptuen artean

 

Azkenean allegatu zan,

eta ekaitzak: mendi-gizonak

eta itxasoak

astindu zitun.

 

Arrastbera zakarra

ori-morezko labanaz

zeru gozoaren leguntasun dontzeilia

emagaldutzen ari zen.

 

Ekaitzaren orru gizenean

samin sakonak

nahasten dute negarra.

Ta ni bakarrik,

bakarrik noa

eukaliptuen artean

frakasuaren bidean.

 

Illargiak obenean

gero amilduko ditu

beso berdeak,

zelai luze-ikaragarrian

irentsiko nire usteak.

 

A, biotzaren lastima,

zakur illunak

nire negarraren dolua

ekaitzarekin estaliko dute,

ta ni bitartean

oiñazez bidean —eukaliptuen artean—.

 

Bildur naiz,

atzera egin dit,

atzera animak,

eta iñor ez doa.

A, iñor ez ondotik,

ta zakur sakonak bakarrik

zaunka ta zaunka.

Negarraren dolua!

 

 

Apezaren ama

 

Zuk —apezaren ama—,

zuk soiñean daramazu

semearen sakramentua.

 

Semearen apez-betikotasuna

allegatzen duzu.

Zure odolean bustitako

seme apezaren eskuak

Kristo'ren Odol santua

altxatzen dute.

 

Zure esku berberak dira

—apezaren expresioan ixuriak—

bizitzako Gorputza

jasotzen dutenak.

Zure ezpain laztan

oiek, —ama usaiez—

gizoneri barkapena

seme-apezagan

ixurtzen dute.

 

Ta begi oiek

—grazizko lagu—,

ta anka oiek

—salbamenezko pausu—

zure erraien eleizan

euritu dizkiozu,

zure aragia

semearenaz batean

Jainko-Aldarean

apez dedin biurtu.

 

Zu semeagan luzatzen zera

ta Kristo-Apezaganatzen,

ta zure aragizko eleizatik

Aldareko euskaristi-eleizara

sartuarazten.. .

 

Ta zure odola

—semearen zaiñetan doana—,

ta zure odola

—animen gose dana—

apezgintza betikoan aldatuta.

 

A, seme —apeza,

zure aharagi-emaitza

Kristo'ren eleiz eginda.

 

Zure erraietako seme ori

Kristo'rekin izketan,

izketan aldare apaletan,

ta zu bere atzean

Kristo'ren misterioan.

 

Seme orrek «Caro Christi»

zure begi berberarekin

begiratzen du

Kristo'ren Opari errugabean,

ta Hostia altxatzean,

ta soiña eskeintzean

zure gorputza prestatuaz

egiten dena misterioski.

 

 

Azkena

 

Zein erreza botatzea

alturatik ibarrera

begiak etzanda.

 

Dena bat Parusian

azkeneko mendi.

Kosmoaren azkena,

osakizun berezi,

Kristo'k bigarren etorrera

jasoko duena.

 

Beregan eginda guztia,

gauzen ibarra,

gaiaren ballara

istoriaren malda gora

Kristo-Omega Azkenera.

 

Ta Azkena, Omegaren ordua

grazia ta Izadia

eskuratzen,

ta denera allegatzen

ta gizona Kristo'ratzen,

ta Kristo Aitaganatzen.

 

Ibai guztizko onetan

materi ta espiritua dan

itxaso berde —otzean

—itxaso guztizkoa,

Kristo'gandutako kosmoa—

izadia Omegara igotzen.

Ta Izadi humiIla

Kristo'k Omegatik begiratua;

materiaren gorputzetik

asmo kristotarrean bildua!

 

 

Batasuna

 

Ballagaren linea guztiak

mendiruntz ikus nituen,

zelaia fruituaz emalduta

lineatan igesten.

 

Dena arengan biltzen zan,

bere Personaren gogo-aldaketa

aldiro nabaitzen,

gauzen asiera ta bukaera.

 

Izadiaren batasuna

osatuta bere Personan,

nere eskuetako gauzak,

begietako urrutiak,

teknikaren otsak

graziaren giroan.

Ta ni alturan

lur guztia eusten,

materi gozoa,

materi gordiña

geroko Jainko-gaia.

 

Omega batasuna amiltzen

zelairen barrena,

gaiaren gorputzean

asita goi-batasuna.

 

«Kristo'gan eginda guztia».

Aldia ta lurraren ixilla

Beregan alkar batzen dira,

bere grazian igotzen

gizonaren irudira.

 

Materi altsuaren zaiñak

goi-natura inbaditu dute,

ta fedearen errai beroan

Jainkoa bera ukitu,

Jainkoa aragian,

Jainkoa materian,

Jainkoa alkartasunean.

Jainkoak gure lurretik

egiten baidu

Jainkotasunaren etxea,

Jainkoaren gorputza.

 

 

Gitarra bertsolaria

 

Bertsolaria, bertsolaria,

gitarra-kantaria.

 

Bertsolariak

eguna poesiz

argitzen du.

Alderdi bajuetatik,

biolin besoetatik

bertsolariak

musika apaiña

kantatzen du,

eguerdiaren argia,

illargi trixte

eroria.

 

Bertsolariak kantatzen du

zelaiaren aspergarria,

Euskalerriaren nekea,

zumarraren nagia.

A!, zenbat asperkeri

ur-ertzeko zumarretan,

zenbat negar-dolu

lurralde azetan...!

 

Bertsolaria zortzikoak

ari da kantari,

ta bere gitarra

atzamarka bihotzari,

ta zelaia urrutian,

ta urrutia

arratsaren argian,

ta argia

bihotzaren nagian.

 

Bertsolaria, bertsolaria,

gitarra-kantaria,

asperrezko urrutia!

 

 

Oria, Oria

 

Zelaiera ixuri dudan

begiratu onek

ukitu du zure presentzia.

 

Nere ikuspenean

piñuen samiña,

makalen goi-miña

bakarrik ageri da.

 

Beatu dut prestuki

ta lurraren gardenak

egin dit sakon zauri.

 

Oria, oria, oria

ta zelaiari eskeiñitako

urruti aspergarria.

A!, urrutia,

zelaia ta oria,

edonungo presentzia

begietara etorrita.

Oria, oria, oria,

Jauna, nik dana dakarkit

zuri emateko,

dana zuri eskeintzeko

nola semetxoak amari

irripar lenengo!

 

 

Piñuak

 

Piñuak, piñuak

usai mikatzean,

piñuak usai erantziz

euskal lur beltzean.

 

Ta ipar-aizea altxatzean

—o!, neskatxaren betarte,

usai gozoen atsegintze—

Arrati guziz ixuri oi da

usaiezko ontzi antzean.

 

Piñuak, piñuak.

Potzu lohoti

ta beltza zerate

paisajearen zauri,

seriotasun tarte.

 

Bortiza da zuen gutizia,

mikatza zuen antsia,

ta zuen egonak

luze ta sakonak

—parajearen ulzera—, dirudi.

 

Euskalerria izugarriagoa da

piñu zatarren itxuran.

Zuek aldapan

ahaztutako pentsamentuak,

requiem luze baten

izu ta mamuak, zerate.

 

A! piñuak, piñuak

usai mikatzean,

piñuak usai erantziz

euskal lux beltzean.

 

 

Edertia

 

Kanta zindudan,

kantatu munduan,

dalia ta anemona artean

kantatu

bihotzak ezin-bestean.

 

A!, edertia, artea

Gorputz Mistikuaren

azipen,

espirituaren garaipen

berezia zera.

 

Nere kantaren ezea,

nere antsiaren bustia...

Izadia osoaren barrena

zabalduta ikusi dut.

Kanta onetan

zure aintza geiagotzen,

zure etorrera prestatzen

materia bersortzen

ikusi dut.

 

Zelaiaren bizkar zabala,

itxasoaren aurpegi urdiña

begietara dut,

eta beren freskura

zeru biurtuta ikusten dut.

 

Nere kosmos lagunak,

bere aurpegiak, Jauna,

zerorri senti zaitzala,

bere eskuak ukitu,

bere begiak gozatu.

 

A!, betiko poesia, betikoa

erasotzaille ta indartsua,

goi-aintzaren

ixpillu biurtua.

Betiko poesia, betikoa

biderik egokien

eltzeko Jainkoa!

 

 

Esan zenidan

 

Esan zenidan,

(zenidan esan)

a!, ikusiko banu

itxas berdearen aurpegia,

a!, elduko banu

zelai zakarraren

bihotz zumutsua,

a!, eutsiko banu

ederraren ikutua!

 

Nork ipriztindu

zeru altu orren

gorputz igesia,

nork eldu bere

kixkaltasun ixuria...?

 

Ta erantzun nizudan:

Ez dut orren beharrik.

nire poesia ain sakona

ta ain barnetikoa da

ezen gauza xotillenean

Jainkoari kanta dariona.

Nire poesia esker onekoa da,

gauza tajugabe ta ongabetik be

otoitza frango dariona.

 

Zu arkaitz

edo belar-izpi ezkutukoa,

zu sare, ateko-leio,

ladrillu-espuen

edo osto igartuaren

umiltasuna,

zu mozorro, ezezpen edo tresna,

zu tajugabe, traketsa,

zu akets ta utsune baiño etzerana,

zu zera soberaz

gaurko nere kanta,

poesi nerea,

trajiku ta trebea.

 

Dena poesi deritzait,

dena zure epifani,

zure azalpen garbi.

 

 

Zure presentzia

 

Zure presentzia

txukunki datorkit,

txukunki ta barrendik.

 

Ta nik diraut

zure alboan

lehendiko ikutu berrian,

betiko gaztealdian.

 

Ta ezpaiñen karmiña

barruan bultzaka,

ta usaien griña bizia

indar-inguruka.

Ta etorri,

etorri zitzaidan garbi

zure presentzia,

iñork ez igarritako

barneko neurrira.

 

Bai, Zuk urratu duzu

nere bakarraldia,

Zu sortu niregan

ura illetan bezela,

eta jabetu zatzait

zeru sakon-urdiña

itxasoan ainbat.

 

Zure presentziak

zauritu nau zauriz

ta miña sortu barnean

goikoen nostaljiz.

Zorioneko presentzia

beingoan irabazia!

 

 

Ixillaldia

 

Anima berak

entzun diteken ixiltasuna

—sakon ta porzelanazkoa—

azaltzen du.

 

Lurraren menturan

barrengo otsa ta irritsak

aztertzen ditut.

 

Ta ixilla zenbatean aundiago,

zenbatean zabalago izan

ainbat-eta sentiberagoa

zaitut nik alboan...

 

Ixilla baiño azitzen doa

nola urrutiaren agoa

laiñoak trumoiez desegitean.

Ta ni ixiltarte ontan

—materigabeko alturan—

ziaro distraituta Zugan.

 

A!, ixillaldi zuloduna,

animak Jainkoa egokien

eskuratzen duena!

 

 

Aldareko arria

 

Zuk apezgintz-aldarea

zure besoetan altxatzen duzu

gauza oroen ballara,

materi umil, gogor

bikaiña.

 

Zu aldareko arri

materi-pilloaren gaiñean

jeikitzen zera

eta zure besoan

Espiritu Illezkorra

onartzen sobera.

 

Zure soiña

arriaz egiña da,

bi beso narruts

eta karetsu oiek

Opari Betikoaren

ola santua eusten dute

sorbalda bailitzen.

 

Zure Odolak Jauna

atsedena artzen du

materi-zati dan

losarri onetan.

 

Zure Aragi garbizko Ostia

zoriontsu ta gordin

eskeintzen da orain

arri-sorbalda otzean.

Kosmoaren prestantzian...

 

Orregatik fedean dakust Jauna

zure beraldikotasuna,

zure soiña ta gorputza,

zure egonaren misterioa

arri-losa onetan etzanda!

 

Arrizko Aldare santu

Eukaristiaren euspen prestu,

zugan Izadi-materia

pasatzen da Jainkora,

Misterioaren eleizara.

 

Arrizko besoetan

biltzen da Izadia,

Kristo-Sakramentatuaren

atseden-arria.

Bertatik etorri, Jauna,

etorri materi-pusketan

zure Erospenaren maillan!

 

 

Beti biurtzen

 

Udaberria, udaberria,

beti biurtzen zira,

beti biurtzen

ahaztu gaberik

—zer dakit nola nik—,

beti biurtzen

plai gorri irudira...

 

Udaberri lerdena

gaztetasunez inguratzen duen

beso berde galanta zera,

zearo gaztea,

odol bizi, argia,

alegrantzia. Ah, Udaberria!

 

Zaiña berriak dituzu,

azi biguñak,

ta negarrez desegiten diran

laiño gorriak. Udaberria!

 

Dena irriparra da

zure bazterretan,

dena potzu berdoxta

zure aragietan.

 

Zure narruaren olatu zakarra

erasoz zabaltzen da

nola oi den itxaso galanta,

ta odolezko udalde bizkorrean

blai-blai asetuta

uzten gero dana.

 

Ta zure zaiñak

olatu puztuan

lertu beharrezko

udaren ertzera

airos igotzen dira.

 

Udaberria,

zure alboan

odola ta freskura

izerdi berdeaz

beti goraka doa.

 

Eta par nagi batek

aldez-alde artzen zaitu,

ta gaztetasunak goiz-arratsaldez

zure ankak luzatzen ditu

—ah, zeruetako argi tente,

garisoro ta fruituen neke!—

 

Udaberria, udaberria,

zure soiña

luzatzen doa,

ta zure odola

a! zikintzen ziñez

ugaritasun berdez.

 

A!, zatoz, zatoz

ta zapaldu zaharkeria,

barru auen nagia

eta erne barren-kanpora

bultzada beraldikoz!

 

 

Ur gordiñak

 

Itxasoa, itxasoa...

 

Begi urdin oiez

begira ninduzun

Zure ur gogorrez

—par urdin-beltzez—

zora ninduzun.

 

Urak, urak, urak...

urdin gordiñean,

olatu kuttunak

zipriztin berdean.

Ta zure gorputza zen

—nola dontzeiliarena den—

gorputz medar-gozotia

plaiari amuros eskeiñia.

Ta gero itxas-baillara osoa

banatzen freskura zoroa:

itxura illun berdoxtan,

anil bizi-orixkan...

 

Itxasoa itxasoa...

 

A!, nork banatu alboan

Jainkoa izateko antsia,

ark, nork kopiatu barruan

Jainko horren irudia...!

 

Ta uren gerri prestuak

inguratzen nau galanki,

ta Jainkoaren beraldikotasunez,

ta Jainkoaren pertsona aundiez

frangoki etasotzen,

osoki udaldetzen.

 

Uren gorputza ondotik

bai gertu Jainkoa,

bai gertu bere presentzi

paregabekoa.

 

Itxaso nerea!,

zure urak —txit gardenak—

begia baiñatzen,

—gaztetzen didatenak—

jarraitu nigan, jarraitu

eternitate-kezka

Jainko-gosea

erantsitzen sano

ta etengabeki...

 

A!, urak, urak eta urak

eta mugaren ezak,

eta itxas-bazterrean

Jainkoaren aurpegia

jeikitzen zabal ta zuri!

 

 

Txoriñoa

 

Txoriño berritsua

alai ikusten zaitut

zorionaren kutsuz.

 

Bai, kantari ikusten

pozezko zoramen!

 

Potzu ertzean ikusi zaitut

paisajea edaten

bere azal bustian

piñu ta arteak

menturaz kantatzen.

 

A!, gitarra-eresiak

eztarri ugarian

zaitut senti josten,

a!, gitarra urratzen

—salmuzko oroipen—...

 

Txoriño, txoriñoa

ta barrengo leloa...!

 

 

Makalak

 

Or zaudete,

or zaudete makalak

alturaren doluan,

txirristaka erreguan.

 

Errekak badaki

sekretu bat duzutela

bihotzaren bametik,

erregutan duzutela

nekerik aski.

 

A!, bihotzak badaki,

gauaren berdean

izarrekin jardutean,

goxoki ta geldi

errekan sartzen zeratela

airos ta amuruski...

 

A!, nik ere badakit

zuek esperoan zaudetela,

esperoa bide luzean

ea ni noiz etorriko,

ni ea noiz ikusiko!

 

 

Arbola morea

 

Arbola morea

kolorez ixuritako

illunabarra zera.

 

Zure adar makurrak

nire zapalketa darama.

Azukrezko emaitzaz

gozo ta bortizki

—ziran eta guzti—

ustutzen zera.

 

Ortarako zera

erraia izateko,

bularra izateko

emaitzaren poza.

 

Irakiñaz duzu izerdia

ta zuztarra bera

geldi ta lodia

usaiez ematen da.

 

Arbola morea,

beso azkengabea,

edozeñeri eskeintzen dan

zure fruituetan dago

egunabar saporea

uda-goiaren odola,

zumurik obena.

 

A!, eskuok estutzen duten

fruitu onetatik

ikasi dezadala

egoismua itotzen,

bizia lagunengatik

osoro eskeintzen...!

 

 

Materia Kristo gizonduan

 

Ta bere presentziak

Izadia itotzen zuen

ur sakonetan.

Kristo'ren-presentzia

Izadia barren-bizitzen

Kristo'ren Aragian.

 

Nire poesiaren errealidadea,

sentipena, arria ta argia

Jainko-Kristogan itota.

 

A!, gauzen zelaia

extasis betean besarkatuta,

itxas galanta

Jainko Gizondura

dena bilduta...!

 

Au da azken-billera

—materi barren-itzulia—

Kristo'ren erreiñura

—Erreiñu-Parusira—

bildutako materia!

 

Or zaude airoski

materi tajukabea,

—garbi, gozo, santua—,

nire bataio bitartez

Jaungoiko aldatua.

Eta orra

espiritu-aldaketaren

materi trakets-zakarra

dirdiretan artuta,

eta nere extasisa,

nere materi ta egintza

santu ta erospenberago

geroz eta gehiago

barren-biurtuta...

 

Lendabiziko materi illuna,

materi illa ta gaitza

Kristo'gandik Irutasunera

ziaro sartu da.

Aitak eta Espirituak

ukitzen zaituzte

eta otxan eta gordin

sumatzen etengabe

Kristo Semearekin.

 

A!, materi on ta biguña

Jainkoa aragiz poblatzen duzu,

Jainkoa inguratzen duzu

zure gorputz sendoarekin.

 

Materia Semeaganatuta,

materia Irutasunagatuta!

 

 

Kosmoaren gaillurra

 

Zuk izan behar duzu

gauza ederra,

gauza gogorra,

gauza desberdin

guztien gaillurra.

 

Antsi onetan

kosmos osoa

Aitaren seme-ordeko

gertatuko da.

 

Arritik datorren argiak,

materitik datorren diztiak

Irutasunaren zantzuak

daramazki.

A!, Irutasuna

—kosmoaren Azkena—

dirdiretan dena.

 

Zuek dena azkenduta zaudete:

zuek gorputz fuertezko laguak,

sugar gorizko plaiak,

zuek teknika indarrak,

atomika-bultzada,

adimenaren aurrerapenak.

 

Indarra zerate

Jainko espirituaren

deia ta parte,

zuetan inkrustatzen dalako

bere irudiaren eterninate.

 

Jaunak argia ta bizitza,

espiritu ta grazia

Zueri deitzen zaituzte

gehiagoz izateko.

 

Materi-gaiak gizonaz

barren-aldatuta

espiritu egiten dirade

ta egun batez,

fedearen ekitez,

Kristo'gan biurtzen

asebete.

 

Zu gauza eder, gauza gorri,

gauza berdiñen bailara:

preparatu zaite

giza-espirituaz,

grazi-igurtziaz

Kristo'ren erospenbide

barren-aldatzera.

 

Gauzen baillara

azkenaldira igota!

 

 

Urdin zuloduna

 

Itxasoko potzu-zuloak

apar banatuan,

apar etzanean,

a!, itxasoko potzuak.

 

Zure urdiña

urdin zuloduna,

lasaitasun otzezko

urdin gordiña.

Oi, urdin leguna,

zu begiok bustitzen,

begiok blai-blaitzen,

oi, urdin zuloduna...!

 

Eta urdin etzana

—ur euskalduna—

nigana igesten,

nigana igotzen.

 

Serioski arkaitzetan

par zuri-garbia

ateratzen duzu,

ta urdin-turki otzez

arratsaren soiña

kopiatzen.

 

Begiok freskuran

zerbeza bezela

zaitute edaten,

begiok ortzetan

fruitua bezela

zaitute iresten.

A!, begiok zure soiña

urrezko ta banatua

frangoki estutzen,

frangoki edaten.

 

Zure urdiña

urdin zuloduna,

lasaitasun otzezko

urdin gordiña.

Kantauriko ura,

ur zuloduna!

 

 

Asfaltuko lorea

 

Zu asfaltuko lorea,

zu motorra ta

kurpillen artekoa,

zu portu ta sirena

arteko lorea...

badakit zapalduta zaudela,

zapalduta artifizialkeriaz.

 

Lore umilla ta arrosa,

sepalo birjiña

asfaltu ondoan

gorputzez erantzia.

Zu semaforo ondoan,

gure koipezko paradore

zikiñen alboan,

zu gure kotxe ta makiña

ta ibiltoki tartean.

 

Lore maitea zu erdian

gorputza gordiñean

naturaren miñean,

mendia gogora-naiean...

 

Eta zu gure teillatu,

gure eskaparate

ta plastiku-lore atzean,

zu izadiari deika,

izadi gaztea.

Zu beti freskua

baizera,

kuttun eta naturazko,

izadiaren fruitua!

 

Gezur galanta dirudi

zure ondoan

plastiku-loreak —arreba gezurrezkoak— ;

oiek odol berderik

ez dute barneko

ez-eta matraillik,

ez-eta zure usain

mozkorgarririk!

 

Oi, lorea, oi lorea,

lore asfaltukoa...!

 

 

Gurutza

 

Itxas gaiñean

gurutza jeikita,

—gurutza galanta—

 

Itxasoa, itxasoa.

Gurutza dirdiretan,

gurutza zapi berde,

gorri bizkorretan.

 

Opariko gurutza galanta,

Ontzi barruan duzularik

Semearen Odola,

munduko pekatuak

kentzen dituena.

Jainko-Bildotsa,

pekatuaren nazka,

ximaur eta zaborra

kentzen duena.

 

Orregatik zure gurutza

ausita dago,

bere ertzak

aurpegi odolduak

daramazki.

A!, mirarizko Gurutza,

munduaren besoak

Aitarekin batera

lotzen dituen

ardatza.

 

Zure itzalak,

zure odolak ­gurutza—

Erospenez kutsutu gaitzala,

ta Mezaren ola santuan,

ta aldareko mai santuan

Izadi guztiak,

gizaki osoak

komulga dezala zure Oparian!

 

 

Izadi-pusketa

 

Ona emen Jauna

Izadiaren arri-pusketa,

ona emen metala gordiña

arrano-begia nola.

Ona emen materi-azala

txukun eta ukigabea,

zure Itzaren kutsuan

oraindik barren-betea...

 

Izadi-zati onek

—zure borondatearen poema danez—

goira jotzen du, goira,

nola Mezako aldarak zerura...

 

Ainbeste gauza kontatzen dizkidan

arrats gozo-altuan,

munduko gauza ta arazoetan

anima goira dut solturan.

Materi-zati onek, Jauna,

makurtuta miresten eta begiratzen zaitu,

zure beso luze oien itzalez

bera barren-estutua

sumatzen zatzaizu.

 

Materi pusketa illuna

baiño materi,

indar espiritu,

sakramentu ta grazi.

A!, materi bortiza,

gizonarentzat zubia

Jainkoaganatzeko,

zubia Berarekin komulgatzeko.

Zure bitartez Jainkoa besarkatu,

Jainkoa jan, jardun Berarekin,

Bera biurtu, gure

bizitzaren guztizko eragin!

 

Materi-zatia zutik,

zerura begira,

zutik eta otoitzean otoi

aldararen irudi.

Materia aldara berbera dalako,

goiko Erospen-griña

bere soin-besoetatik

—goiko grazia— pasatzen dalako,

grazia pasatzen nigana.

 

Ez duzu besteratu bearrik

zerorrengan murgildurik

ezagutuko zira obekien,

Materi, zeorri unkituaz

somatuko duzu gizonaren

Jainko-bide zirala ta euspen...

 

Zugan guztia lagu bezela da,

potzu sakon sentitzen dan lagua,

a!, Jainkozko potzu urdin,

ezen grazi ta sakramentuzko

errai eta osin...!!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.