|
Aitita-amamak
E. Erkiaga
Etxetik urrun
bizi zirean
bai aitita, bai amama;
txiki nintzala
joaten nintzan
beti pozik eurekana.
Aititak buru
zuria eukan,
makillatxua eskuan;
niri jostaillu
politak gertu
eta emoten eustazan.
Amama, barriz,
beti irribarrez,
arpegi zuri-gorria:
udan niretzat
okaran, sagar;
neguz, intxaur ta eztia.
Gure etxeraiño
etozanetan
jaia egiten genduan,
aitak eta amak
mai zabala prest,
ume ta nausi, inguruan.
Etxetik urrun
bizi izan arren
gure aitita-amamak,
lilluragarri
oi nituan nik
euren berba ta laztanak.
|
|