Egunean egunekotik
Manex Erdozaincy Etchart
Bideko errautsa...
Biganazka, hirunazka, saldoan... bagoatzi ardurenik. Ibilki gira: guhaun burua ezin jasan, guhaun burua soberakin. Eta barne oldar batek bultatuak bertzeeri buruz. Beti bertzeeri buruz. Nere baitan ezin egona; nere baitan ezin laketua; nere baitan enetua. Bakartasunean nizalarik, orroitzen naiz larruak erretzen nauela eta sofritzen dut nere barneko munduan. Zirriturik argi inhara sartu zaut ganberan: biziaren goizeko keinua. Barda noizbait lokartu nintzan, nere buruarekilako borrokaz etsitua. Jeiki ordu da. Ahanzten ditut larrua eta nere burua. Irriak argitzen du nere begitartea, lagunak juntatzen. Biganazka, hirunazka, saldoan... joaiten gira lanerat. Tabako toxa inguratzen da lagunen artean eta bakotxak biltzen du bere zigarreta. Jatzartu gira. Jatzartuak gira. Usaiako gonbresak harrotzen dira lagunekin, lagun gisa: familiako barat-hunatak, auzoko kalapitak, politikaren gora-beherak... Egun berria eta usaiako lana: atzo, egun, bihar! Usaiako urratsak, eta betiko solasak: lagun xaharrekin! Ni bezala, gu bezala: biganazka, hirunazka, saldoan... bertzeak ere abiatu eta joan dira lanerat. Egun berriak ahantzarazten dauzkigu larrua eta gure burua. Jendartean larruak ez du sekulan erretzen eta gure burua ez dugu poxolu! gure burua ez dugu soberakin! Bideko errautsak ez du zikinik eta nihor ez da epantxutan!
Bakarrik eskelariak! Hauk dira beti epantxutan! Ustegabean, asterian, aterbe-keta sukaldean sartzen direlarik. Baskaiten ari zirelarik oilaxko azpi bat milikatuz, «hela» atean oihu egiten dutelarik. Eskelariak nun nahi dira poxolu: bide gainean eta eliza aintzinean, metroko alki izkinean eta pubela artean... Eta beretzan dute bideko errautsaren zikina, denek urririk uztenn diotelakotz. Zikina ez da egoki jende garbiarentzat. Eskelarien malurra: jende garbien kastaren samatsean sortuak izaitea! Halere usatu gitzaizkiotegu karrika zolan turrustan doan ur zikinari bezala. Gure gohaindura ito dugu emeki-emeki, eta bi sos honetan pausaturik joaiten ahalko gira gure bidean. Nik ba ditut bi sos, garbietarik nizalakoan, bederen bi sos sakela zolan. Garbietarik nizalakoan eta samatsean ez naizelakoan sortua, ez naiz eskelari. Bideko errautsak ez nau zikintzen. Ez naiz eskelari. Ez naiz epantxutan bide gainean. Oixtion aditu musika aireak Parise'n eskelariak ba daki musika jotzen segitu nau. Nahi-ala-ez musika sartzen zaitzu, inguratzen zaitu, hunkitzen eta lilluratzen. Entzuten dut oraino musika trixte hori: eskelariak goibel du bere bihotza, eta trixtea da haren barneko kantua. Musika trixte horrek nunbait hunki eta juntatu nau nere barneko eremuan: ardurenik goibel da nere bihotza eta trixtea nere barneko kantua!
Alta biganazka, hirunazka, saldoan... bagoatzi. Alta ez naiz samatsean sortua: ba dut aterbea; jan-edanak ba ditut eta lana; lagunak, adixkideak, ahaideak ba ditut. Ardurenik goibel dut bihotza eta trixtea da nere barneko kantua! Alta ba dut dirua; ahusamenduak ba ditut; radioa, telebixta... ba ditut: ondek juntatzen naute munduko moimenduari, ez naiz bide gune batean galdua. Eta halere eskelaria bezain pobre eta beharretan nabila... Primaderako aro ephelaren lehen phereka. Igande asteri batez egon naiz Pigalle aldeko ostatu aintzin batean, basotra bierra bat hurrupatuz, adixkide bat sahetsean. Ilargia, bere gozoan, agertu zauku platanen artetik keinuka: gurekin zen! Egon gira behar horgo moimenduari, igande asterietako moimenduari, Primaderako aro ephelean, Pigalle aldean, Parise'n. Harat-hunat ibilki ikusi ditugu jendeak: biganazka, hirunazka, saldoan..., beltx ala xuri ala horrail, arraza guzietarik, elhea ezpainetan, irria merke, eskuak eskuetan tinki. Iduri zuten alegera zirela. Bizkitartean ezagun zen heien harpegian halako zimur aire bat: euritzen balu! heien soan halako galdu aire bat: argia ilun gerta baladi! Ibilki ziren gozatzen zuten zorion mementoa ebatsia ukan balute bezala! Sarri, orai bezala, eskelaria bezain pobre eta beharretan, guziak nunbait eta noizbait baratuko dira, barneko kantu trixte baten errepikan ezin antzakatuz... Larruak erreko diote! Nunbait eta noizbait loak hartuko ditu zonbait orenentzat ahantzaraziz eskelariaren barneko marruma.
Bainan eskelari kondizionea ez da galtzen. Uste nuen zerbait banakiela, eskoletan ibiltzearen bortxaz zerbait ikasi nuela: bere senarra edo laguna zuen mozkorra eta laguntzarik gabe utzi dut emazte melerus bat! Xede handietan barna bultatu ditut lagunak eta diruan truk debalde utzi engeiatzeko orduan: geroztik jakina dut preso sartu dituztela! Uste nuen bihotza sendimendu hoberenez apaindua nuela: nere buruaren agertzeaz ez naiz aspertzen! Uste nuen eskuetan zerbait banuela: eskuak hutsak ditut! Ikastuna nintzala... zioten garbiek! Bihotz ona nuela... zioten garbiek! Esku zabala nuela... zioten garbiek! Bideko errautsak zikindu nau: kaskoa, bihotza eta eskuak ditut hutsak! Eskelari bilakatu naiz. Bakarra ote naiz? Eskelari kondizionea dukegu, nik uste, gu baitan poxolu eta ezin onartua. Zeren eta noren eske gabiltzan: nik ote dakita? Hsteko, gure baitan ezin egonak hartzen gaitu, zerbait huts edo eskas kausitzen dugulakoan eta ezin asean girelakoan. Biganazka, hirunazka, saldoan... eta beti eskasian: bilduak ez gaituelakotz betetzen eta emanak ez gaituelakotz husten. Beti eskasian: emaitzan ala hartzean, eman duguna ez dugulakotz eman gei ginduen neurrian, eta menturatzen ginduena etzaukulakotz eskainia bete gintzazken ausarkian. Bainan noiz gira osoki emanak: emaitzan beti poxi bat gordatzen dukegu bertzeetarik ukanarekin ez dezakegu sekulan gaindi gure ohadura!
...eta giza-amodioaren neurria...
Ikusi nahi nukeena ez dezaketala ikus
haren soa nitaz haraindian finkatu delakotz!
Senditu nahi nukeena ez dezaketala sendi
haren sentsuek nitaz bertze senditu baitute!
Entzun nahi nukeena ez dezaketala entzun
haren mintzoa ez baitzaut beharrirat heldu!
Mintzatu nahi nukeena ez dezaketla mintza
nitaz bertze nahi izan baitu behatu!
Hunki nahi nukeena ez dezaketala hunki
ni hurbiltzen ihes itzali baita!
Nolakoa den geroztik
Ene bihotzeko goibelduta
Nolakoa nik haren gatik
Sofritzen dutana
Ez daki......
Eta horrek nau erhotzen!
Bainan
Nork daki
Ez duenez
Nitaz
Nerekin
Amets bat
Egin
Bere gogoan?
Nihork
Nihun
Nihoiz
Ez du
Jakinen!
Bainan
Nork daki
Etzaionez
Nitaz
Neretzat
Kantu bat
Sortu
Bere bihotzean?
Nihork
Nihun
Nihoiz
Ez du
Hautemanen!
Bainan
Nork daki
Ez duenez
Nitaz
Neretzat
Nigar bat
Ixuri
Bere begietan?
Nihork
Nihun
Nihoiz
Ez du
Xukaturen!
Iragan da...
Eta joan...
Eta itzali.....
Utzi daut bakarrik
Gustu kirets hau
Bihotzean
Eta
Ez daki!
Eta gertatzen delarik, uste gabean, zure soa jautzi zaiola begietan barna!, hitz gabeko mintzaira bat abiatu dugula, bien artean! Nolako mundua ez bide zauku harrotzen barnean! Bainan! Hemen naiz: nere izaitearekin, nere bizi moldearekin, nere hautuarekin eta araberako kurutzamenduekin, asmoekin, adixkideekin... Ez dakizu. Eta nik hobeki suma ote dezaket nere soak zu baitan harrotzen duen eta aldean nere soak zu baitan harrotzen duen eta aldean bertze itzul lezaken mundua: zure izaitea, zure bizi moldea, zure hautua eta araberako kurutzamenduak, asmoak, adixkideak...? Eta gertatzen delarik, uste baino barnago sartu zaiola nere soak ziokan amodio elhea (mintzaira ez ote da ardurenik sotik hasten?), eta bigarren hitza izan dela deusik ez dezakegula bat-bertzean piztu amodio izpiak ezagut dezan hunkigiarik, bat eta bertzeak, ixtant hortan, sumatzen baitugu bi mundutan goatzila eta gaudela hetsiak. Orduan lehen soaren lañotasuna ez ote zauku iluntzen? Gure begiak ez ote dira hesten, abiatu solasa ezin segituz, harrotu munduak hetsarazten dauzkigulakotz? Ez gintazke izan bat bertzearentzat, gure barneko munduak, dituen esteka, lokarri eta hautuekin..., debekatzen daukulakotz! Joanen gira... Joanen naiz... Bat eta bertzea joanen gira... bihotzeanberriz ere ezaguturik bizitzeak daukan muga, amodioak daukan nahigabezko neurria. Eta ez duzu jakinen nola nere soaz inguratu zaitudan, ezin erranezko hitzak sortu zaizkiatan eta, ixtant hortan, nola harrotu duzun nere barneko eremua... Ez dut, nik ere, jakinen, zertako bietan, hiruetan, lauetan... zure soaz mintzatu zaizkiatan, uzkur, barna bizkitartean? Ez dut jakinen ez ote duzunez so egin oraino, bortzgarren aldikotz? Bainan galdu naiz saldo anonimoan! Eta, segitu dukezu, zure barne gordean, «anonimo» horrekin abiatu solasa, eta, beharbada, zure barneko mundua izan da inarrosia? Joanen zira. Joanen naiz... Bat eta bertzea joanen gira... gure xenderatik! Eta gerta balakigu berriz kurutzatzea, nolakoa litake zure siegarren soa? Nolakoa nerea? Bainan anonimotasunak ez ote dauku bat eta bertzeari ahantzaraziko nunbait noizbait elgar mintzatu girela? Gure xenderak kurutza ote ditzazkegu? Egin baginitzake... ez ote gindezake gehiago sofri, xenderak kurutza ditzazkegularik, bizitzeak ez ditzazkegulakotz?
Bat, biga, hirur, ...mila
Izan dira
Nere bidean
Kurutzatu dituztanak:
Mintzatu gira
Ixtant bat
Soaz
Amodioa
Erraiteraino!
Joan dira... Joan naiz...
Bakotxa galdu da bere xenderan!
Bat, biga, hirur, ... mila
Izanen dira beharba
Nere bidean
Aurkituko dituztanak:
Mintzatuko gira
Ixtant bat
Soaz
Amodioa
Erraiteraino!
Joanen dira... Joanen naiz...
Bakotxak segituko du hartu xendera!
Bizitzeak ez ditzakegulakotz batetara!
NOR ziren?
NOR zinen?
NOR nintzan?
Bidean: «anonimo» bat?
Ez dakike!
Ez dakikiezue!
Ez dakiket!
Hasteko
Dakitana da
Amodioa
Sofrikario gerta ditakeela
Askotan
Askorentzat!
... eta goizeko izarra...
Goazen halere, gure xenderatik, nunbait noiztenka elgar aurki dezakegulako usteak bultaturik. Goazen, eskelaria bezain eskelari, nunbait noizbait goizeko izarrari begira elgar gintzakelako ametsaz hazirik: bat, biga, hirur... saldoan bil gintazke nunbait noizbait goizeko izarrari begira! Holakoetan emaiteak sortzen daukun bozkarioa: ordaindu diotan so goxoa; entzunarazi diotan elhe beroa; sendiarazi diotan hor nintzalako segurtamena. Ixiltasunean, bihotz taupadak ditugula behatzen, batean, elgarren errespetuan... Berrituaak girela xutitzen bat bertzearen betean: bat eta bertzeak eskaini eta hartu dugulakotz bat eta bertzearen hoberenetik; bat eta bertzea izan girelakotz eskelari bat eta bertzearentzat... Bekan bazen bekan, bainan behar zen hartan, elgar ezagutu dugula: gure izenarekin, gure nortasun bereziarekin, gure asmoekin, gure xedeekin, gure egiekin, gure amodioekin... Holakoetan bizitzeak ez ote du sofritzeaz bertze itxurarik?
Bekan bazen bekan
Bainan behar zen hartan
Eskuak hutsak gintuela
Bihotza goibel
Eta goizeko izarrari begira
Bilduak gertatu giren denboran
Gure bat-izaiteak
Ez ote zuen bizia sortzen:
Gaurko Eskual-Herria'n?
Gaurko munduan?
PARISE'n 1966'ko Primaderan.
|