Dolorezko izarrak!
Manex Erdozaincy-Etchart
Diote izarren dirdira xoragarri dela zeru zolan!
Izarren argia, hain gora, pozgarri gau beltzean!
Azkorrian, eguna jatzartzean, izarrak ihes doatzi,
Ihes ere... ene bihotzean izarrek sorarazi
Bozkario gozoa!
Luze da eguna
Oi zoin luze!
Gauaren haiduru dagonarentzat:
Noiz agertuko diren
(Ez balire agertzen?)
Bozkarioaren izarrak!
Bizian han-harat noa: bizia deramat egiaz!
Zoin luze bizkitartean bakarrik doanarentzat!
Bizia deramat bihotza ideal baten jabe:
Goi ideal batek hartu, sutu bainau
Ene bizitzearen azkorrian!
Bero da eguna
Oi zoin bero!
Gaua igurikatzen duenarentzat:
Noiz eztituko diren
(Ez balire eztitzen?)
Goi-ideal izarrak!
Gogoa, gorputza, gaztetasuna, nizan guzia
Ideal horren gatik ditut betikotz eskainiak!
Gaztetasunak sortzen duen oldar beroan
Bide gogor batean abiatu naiz lerden
Alegera bihotzean!
Luze da eguna
Oi zoin luze!
Gauaren haiduru dabilanarentzat:
Noiz agertuko diren
(Ez balire agertzen?)
Pausuaren izarrak!
Ideal horren suak berotu nau eta botatu jenden arterat
Lekuko behar baitiotet agertu:
Argi bat kontsolatzaile!
Amodio bat berotzaile!
Guzietaz iktisia eta entzuna!
Guziek hunkia, haskatua, berdin jana!
Bainan,
Mundu hotz huntan:
Nor da argi beharretan?
Nor amodio egarri?
Ikusten ditut ene ondotik iragaiten:
Etzauzkit ohartzen!
Etzauzkit hurrantzen!
Entzuten ditut ene inguruan ibilki:
Ene mintzoa ez dute aditzen!
Ene kantau ez dute hautemaiten!
Ene mintzaira ez dute ulertzen!
...Badoatzi, badoatzi...
Irriz, kantuz
Beren xenderetan gaindi:
BIDEA hutsegin ote dute?
.............................
Dorpe da eguna
Oi zoin dorpe!
Gauaren hainduru dabilanarentzat:
Naiz itzaliko diren
(Ez balire itzaltzen?)
DOLOREZKO IZARRAK!
|