Han nunbait bidean...
Manex Erdozaincy-Etchart
Goiz eder batez bidean nindoakan
Ardurenik bideetan iragaiten diat
Ene biziko memento ederrena!
Nindoakan, beti bezala: begia xorrotx, beharria erne,
Gogoa aldiz han nunbait galdua ene ametsetan!
Bidea zukan garbi, hunkigarri, haritzen itzalpean
Eta errekan behera, haize hegoa trostan, ene lagun.
Beharri ziloetan barna sartu zitziakan
Urrunetikako ttaka-ttaka baten harrabotsa:
Zalu, ixiltasuna nahiz zilatu!
Urratsa luzatu nikan haize hegoak bultaturik
Soa hedatuz, ohartu nindukan
Bidean behera
Emazteki bat
Zoala
Zurkaitz bat bezain mehe, xuxen!
«Jes! Hauxe da Anderea!
Gure harizpe-tartean: zer lorez!»
So kolpean bildu nikan haren traka:
Oski takoinak, klaxkan, zalu zerabilzkikan,
Anka biribilek eman moimendu negurtuan,
Sorbaldek ritmoa osotzen ziotela!
Zer grazia oihaneko berdura aldean.
Burua plomuan (haize hegoak etziokan inarros!)
Emaztekia bazoakan, arin, bidean,
Handikarien artean noizbait agertzeko
Bere ibil moduaren ixtudiatzen: negurtuz, ritmatuz...
(Hola pentsatzerat itxurak hertsatzen nindikan)
Arizan balitz bezala.
Traka ederra zuela, bere gorputz gordinean,
Behar deat baitezpada salatu!
...Bainan abantxu parreratua nintzaiola
Bihurgune batean gorde zukan
Lanjer handi bat senditu balu bezala
Eta ene begien bixtatik betikotz itzali
Jatzartzean amets ederrenak egiten diren bezala!
|