Galbidetan...
Iratzeder
Joanes-Batista Salakoa'ren
othoitza
1683'ko gau batez
Reims'eko eliza nausian.
(Anai Balentin Berriotxoa
eta Irun'go Anai gazte
guzieri, bihotzetik.)
I
(Batek):
Galbidetan, ilhunbetan
Gaur zenbat oihu entzuten dutan:
Zenbat gazte bihotz
Galtzen ari den. Ai! nor egon hotz?
(Denek):
Ixur, Jauna, bihotzetan
Argia, Egia:
Galbidetan, ilhunbetan
Pitz Iduzkia.
II
Bekatuen uhainetan
Hek hola nork utz ez-jakin hortan?
Zenbat, zenbat gazte-begi
Ttikitik duen lohiak unki.
Ikus, Jainkoa, ttikien
Begia, irria:
Ez bezate gal daukaten
Garbi garbia.
III
Ifernuak zer marruma:
Bere nahi du gazten arima.
Zure Sua ezar nitan,
Etsai indarrak garhait ditzatan.
Orhoit emana duzula
Heientzat odola:
Heien alde banu, Jauna,
Duzun ahala.
IV
Bihotzean zenbat zauri:
Guziak zaizkit jazarri neri.
Etxekoek utzi naute:
Zoro naizela orok diote.
Guziek utzirik ere
Zu nitan bazare,
Ni zeren beldur naiteke?
Geroa gure!
V
Emadazu ainitz lagun
Zuk maitatuak argi ditzagun.
Joan gaitzazu munduz mundu:
Haurren bihotzak dei egiten du:
Dohakaben deiak entzun:
Zatozte, zatozte,
Bihotza berritz dakigun
Jainkoaz bethe.
VI
Bai, lagunak, goazen goazen
Denak zerurat igan ditezen.
Utz dirua, utz mundua:
Guk aski dugu Kurutze Sua.
Elgar lagun goazen oro;
Anaiak, bai goazen
Haur bihotzak zeruraino
Igan ditezen.
VII
Bai eskerrak zuri, Jauna:
Zerutik nauzu egun entzuna.
Anaiekin, zure Hitza
Munduratzea gaitzeko boza!
Bat daudenek baitiraute
(Manent indivisa)
Anaiak oro bat beite.
Gora Eliza!
|