Zaharrak
A.O.
Urte joanen zitala!
Zuek zarpildu-itzalia
Leenera nork lekardake?
Lizardi
I. Ontzia
Begipean zintzilik zakustan ontzia,
Zure ospe beteaz dot oraingoz amets:
Aldi'ren zori baltzak, irrikor ta makets,
Or zagoz soil ta bakar, ertzera jaurtia.
Maskalduz zoaz ixil, gain dozu zedena,
Saietsak zar dituzu, zar ezpan ta buru;
Aizearen erasoz karraska dagizu,
Samiñaren intziri, naigabez etena.
Or aurrez aurre itxaso, lengo jauna naro,
Ur-goran iñoiz txera dagitzu oiñean;
Gero, ostera, izten zaitu len lez ixillean,
Eraso ta burruka bagarik emaro.
Aitz-ebagi artean, zu bai errukarri!
Len adur-zale ziñan olatu besotan,
Ugarri ameslari aize-ziskuetan...
Nun dozu, ene ontzi!, lengo biz-sukarri?
Kaioen garrasiak, maxkurren laztanak,
Arrats eguzkiaren pa guri berua,
Urruti miñez doan mariñel oiua,
Eder ditu oraindik zure muin-barrenak.
Baiña, amets-ardatzean ez jardun biraka;
Ezta zuretzat geigo urrutira deirik,
Ez oial, ez arraun, ez masta, ez gizonik:
Etsiaren mingotsa ats-edan bakarka.
II. Agurea
Algodoi gisako odeiz daukagu etxea;
Ezerk ez dau an dei ez ots, dan-dana ixillik.
Sartu naz barruan ni, zar batek deiturik:
Agure bat dozu, bai, urtez txit betea.
Solo ta lur, ingurun, beraxek landuak
Ditu larogei urtez. Gaur zabar oean,
Mendi gaillurreko arte zarraren antzean,
Indarrik ez dau aren gorputz unatuak.
Itz gozoz gura izan dot arnas-adoretu,
Aren muiñean jarriz bizi indar eztia;
Miñetan, ez daust entzun; baiña eskubia
Luzatuz, urteieran, nau gozoz eskertu.
Zarra; oian etzuna. Etxean berorik
Ez. Ezta errenak be gaixoa gozatzen;
Irrati-oska dautsoz miñak sarri ixiltzen,
Ditun ames-sorgiñai purrusta egiñik.
Euskal aitaita maite, ire izamen latza!
Gizarteak iraulia, billois, erre, makar,
Matrail zingil, agiñik bage, okotz igar.
Erruki aut egiaz, zar-pildriski gaitza.
Min artean abillen erio bizia,
Neke guztien amai, Jainko-mezulari:
Urrezko ereiñotzez eundu zaharrari
Miñetik aterako dauan il-zapia.
III. Agina
Ames gabeko osiña dirudizu, agin!,
Or Zanburu gain, bide eskoan etzuna.
Lau urtez ortxe zagoz, ixil ta ertuna,
Mendizale diranen atseden mokor urdin.
Arraba altzoan azi ta luzez bizia,
Gizon talde biurrak aizkoraz ebaki
Ta orra zinduezan idi-lor ekarri;
Arrezkero ortxe zagoz, bakarrik, itxia.
Zer dagizu or, bide ertzean, enborko?
Zergaitik zinduezan narrean ekarri,
Ta zergaitik zaukiez or ain lotsagarri?
Zure zur giartsu ez al da ezertako?
Lengoan ba-niñoian gorantz nekatua
Ta zuk eskiñi zeustan atseden gozoa;
Nik, ostera, zerorri zor neutzun beroa,
Biotzak jalgi eban maitezko malkua.
Gerri aldera dozu ebagi gordiña,
Esku guriz neutzun zauri ori leundu;
Zeden baltzak etzaitu oindiño pipitu:
Mamiña dozu, antza, usteldu eziña.
Lagun bela ta saiak egunez dituzu,
Illunak dautzu gabaz billosa zapitzen,
Iñoiz tximistak zaitu argitan mosutzen;
Nik itzalez, alan be, zaitut besarkatu.
Agur, oi agin!, euskal enbor zar zaindari!
Zuk zenduan beiñola zital erromarra,
Beretu nai ebala gure euskal lurra.
Oi, bide ertzeko agin! Gaur gure lotsari!
IV. Oea
Oe, etxetik landara, tresna zar moltsoan
Mamu txiki lotsakor, oin bakar urduri,
Oiñazeak jotako maitasun iduri,
Oi, nork itxi zaitu or, mandio zokoan?
Iraillez gazte biak buztar ziranean,
Mai, oe, arasa ta jarleku barriak
Erosi ta zokora zituen zarkiñak.
Geroztik zaukat, oe!, aika bazterrean.
Zartegian auts-ontzi, egokera latza!
Bakar utsean ez dau giza-irri leunik,
Ez dau berotasunik, ez txera gozorik.
Nazkaz ta gogaikarri, aspertua datza.
Illargia yatorko iñoiz, ameslari,
Ari barne-zauria gantzutu naiean;
Kuxu-muzu jardun oi dira bakarrean,
Ondoko ibaiaren ots-arian dantzari.
Iñoiz, oi!, ondoratu ta zu agurtzean,
Biotz-barru oartzen dot etsipen niña.
Ez al ziñan zu zori obearen diña?
Etzendun ekin, gau ta egun, mesedean?
Zure errai-mintzean ez ete ziran jaio,
Urterik urte, ainbat giza-kimu eder?
Ta, orain, bizitzage, trauskilla ta iltzer,
Baldar ta lokatua. Ez dozu balio!
V. Euskera
Argia baizen zuri, arezti ertzean,
Eder-eder agiri yaku baserria;
Aspaldi an bizi da euskaldun sendia,
Lanari atxikirik soin-giro onean.
At-aldetik dirudi tantai-besanga zut;
Aize-txeraz aserik barren-egotegiak,
Gela, areto, okuillu, orma arre zuriak.
Euskal etxe maite, oi zu!, agur dagitzut.
Barrun nago, begi uts. Amona, guraso
Ta ume talde, guztiak dabe su berbera.
Baiña, au lor! , miiñean darabille erdera!
Amonarena soilki dot euskeraz iaso.
Samiñak lertua dau amonak biotza,
Ezpaitau ak ulertzen etxeko naspilla.
Ia eun urtez arek ein ele gurbilla,
Laster dozu aztapar zorrotz eriotza!
Kanta, illeta biur yat; len poza, beazun;
Ezin dot ikusi zar a zurbil, miñean.
Barneko poz-adia ezin esanean?
Bizitzaren azkenez, orren zoritxardun?
Oiñaze dardar meetan, atera naz andik.
Eta odolaren muin, euskera urduria,
Orpoz orpo datorkit baltz-zapiz jantzia,
Betikoz ezetsita su-bazter artatik.
Zahartua zu bere? Zergaitik jaurtia?
Zar dozu euskal lurra: ni bere erregiña.
Lur onek gizalditan diraun urte aiña
Zabiltz, zu be, gure ezpan mintzaira joria.
|