Oroitza
Muniategi'tar Sabin
Benetako udaldi ederra zan bai,
eta, egunbera,
arratsalde argi eta, eguzkitsuz,
baserri bideai gozoro iarraituz
ibilliz-ibilliz,
arto-garitzaz,
belardi ezez...
nere soin eta,
biotz-begiak eder-kulunkatuz,
ai! ze nereratze pozgarri,
ipar aize biguna zala
egun garbiaren
arnas bizi!
Oinkada arin eta, itxaropenez,
bai bide zabal eta, bai bide txiorrez
zelairik zelai,
ai, ze eguzki
ta, aize garbi!
Nerekin nintzan bai, nere
inguma eta, txoriakin;
egada goikorretan,
nerekin nebillen bai,
izatekotan, izan...
nere bidezko bide
eta, ametsik ederrenakin.
Lilluraz nebillen bai,
nere bidezko eguntasun garbiz;
bai enara irriztariz
eta, bai zerupe argi
ikara pozgarriz...
Bideak neraman bai,
nerez-nerezko eguntza
eta, aize zoragarriz.
Eta, soin arin,
nere lillura,
nere ametsakin...
iritzi nintzan iritzi,
errotatxo baten ondora
eta, an lotu nintzan bai, geldirik,
abots ezti, pozgarri bat entzunik...
ai! antxe lotu nintzan
bideari iarraitu eziñik!
Ura andaparan,
eta, errota zarrak klik eta klak;
eta, errota zarrak klik eta klak.
Ura andaparan
ta, abots zoli eder baten doñura,
antxe lotu nintzan,
antxe lotu nintzan bai,
geldi-geldirik...
Ai, ene biotz,
ez iakin zergaitik!!
|