Bergili-ren idazlanak osorik
Unai-kantuk. Alor-kantuk. Enearena
(Bilbao, 1966)
Basabil
Izen onegaz agertu dira, liburu mardul baten, Bergili edo Birjilio andiaren poema guztiak, euskarazko itz lautan jarrita. Euskeratzalleak: Ibinagabeitia-tar Andima eta Aita Onaindia. Ibinagabeitia dogu Unai-kanten eta Alor-kanten (Bukolika ta Georgikaen) itzultzalle; Aita Onaindia, Enearena dalako orrena. Antxiña-kutsua darien marrazkiz apainduta dator liburua, antxiñako jazoera ta kezkak jasoten dituan liburu bati dagokionez. Marrazki edo dibujozko irudi apaingarri onein egille : Elorriaga'tar Xabier.
Liburu onen puska asko orain baño lenago agertuak ditugu. Ibinagabeitiak «Eusko-Gogoa» aldizkarian emon euskuzan Unai-kantak, itxasontzian Ameriketarakoan, asti-emongarri, euskeratuta. Geroago egin dau nonbait Alor-kanten itzulpena. Aldizkari orretan bertan asi zan Aita Onaindia, Enea-rena argitaratu ta emoten, gero Olerti-n jarraitzeko.
Lendik be bazan gure izkuntzan Bergili onen itzulpenik. Iturriagak bertso arin gozatsuetan emon euskuzan bere aldian Unai-kanta bi: lenengoa ta irugarrena. Etxeberria-tar P. asi jakun, 1928-an, «Euskel-Esnalea» aldizkarian, Enearena, Eneis izenaz, emoten. Baiña «urrengoan geiago» esanda, lenengo kantua amaitu baiño lentxoago ixildu jakun, eztakigu zergaitik. Tamalgarria izan zan lana aurrera ez eroatea; naiko jator, naiko bizi etorren euskeratuta.
Bizkaiko euskeraz, Artzain-Abestijak izenaz, 1912an agertu ziran oraingo Unai-kanta oneik. Euskeratzalle: Gernikako semea, orduan Deustu-n abade zana, Miangolarra ta Aberasturi-tar Kesara. Birjillio-zale sutsua gendun Miangolarra, erderazko ta latiñezko bertsogiñen be trebea. Erderazko bertso-liburu baten («Quejidos de mi salterio») egille dogu. Itxarkundia-usaiñeko batzuk itxita, or ezaguerazo zituen bere erderazko bertsorik ederrenak, eta azkenean ba-ditu latiñezko batzuk be, Jesus Umearen bizitza gaitzat arturik, Bergili andiaren antzera onduak.
Miangolarra onek euskeraz beste lanik egin eban ala ez eztakit; baiña, edozelan be, Artzain-Abesti orreitan euskeraren jabe zala igarten jako. Naiko gozatsu ta erreza da bere euskerea, berein erri-esakera jatorrez josia. Zergaitik itxi ete eutson euskeraz idazteari? Gernikan jayo (1874) ta Gernikan il zan 1958-an, abenduaren iruan, zartzaro ederrera elduta.
Aita doguzan Bergili-ren euskeratzalleok olerkari ospetsu orren lan eta atal batzuk besterik ez euskuen emon. Oraingoan, liburu barri onetan, aren lan guztiak daukaguz zorionez.
Ezta makala euskeratzalleak lan au egiteko artu daben arazo ta nekea. Olerti-ren irakurleentzat oso ezagunak dira biak. Eta biak egin dabe euren egitekoa ataza ta apaltasunik andienaz.
«Ondo dakit, diño Ibinagabeitiak, gure itzulpen au askok zoko bazterrera botako dutela, are urrunago bialtzen ezpadute... Eskerrak gaiñera lagun on baten eskutik natorrena. Nere zailtasun eta moldakaiztasuna Aita Onaindia-ren trebetasunak gozatuko dizkitzue noski baño noskiago. Nere lerroek aspertzen baldin bazaitute, zoazte aren orrialde gozoetara; aintxe gozatu al izango duzute nire itzulpenak utzi dizuten ao-keru minkaitza.»
Edozeñek baietz esan apalegia dala autorpen au. Ibinagabeitia maixu andia da gure izkuntzan. Euskera aberatsa, landua, txukuna, zerbait lagunabarrez goragokoa erabilten dau beti, Bergili-ren latin apain, landuari egokien jatorkona, aurki. Zailla ta moldakaitza bere euskera? Ez orixe! Bear bada, Euskalerritik urrin luzero egonak edo, bere jatorrizko eztauan euskera erabilteak edo, gozotasun apurren bat kendu dautso; baña ez besterik. Eta ori bere, bear bada, nire belarriaren gatxa besterik ez al da izango.
Aita Onaindia be apal jatorku, iya erruki-eske. Merezi ebela diñosku Bergili-ren lanak euskeraz jartzea. «Eta orrela egin dugu. Ondo ala ganora gabe? Ori geroak esango. Nik au eskatuko nioke irizle zorrotzari; berak egin dezala beste ainbeste, askoz errukiorrago bait-litzake maxio-lanean.»
Olerti-ren irakurleak, ziur nago, eztira egongo geroak esango dauanari begira auzi onetan. Aita Onaindia ezagutzen dabena-ta nago. Beronek etenbako ekiñean darabiltzan lanen barri ondo dakie. Enearena be ezta eurentzat guztiz ez ezaguna. Poema onen zati asko irakurrita daukez aldizkari onetxen orrietan. Orain emen dabe poema osoa irakurteko aukera atsegingarria. Irakurri ta zeuok ikusi zuen artean maxiotzalle ta «irizlari zorrotzik» agertzen dan, irakurrita gero. Ezetz uste dot nik.
Ni be ez naz «irizle zorrotz» orreitakorik; maxiotzalle samarra, bear bada, bai. Eta, etxekoa nazan ezkero, gauzatxo bat bakarrik esango dautsot liburu onen egille ta eragille andiari: L. Riber'i, Bergiliren lanak katalanez eta gazteleraz itzuli zituanari, batez be oar-argitasunetan zor izan dautsona garbiago erakutsi baleu, oba ebela.
Lan ederra euskeratzaille biok egin dabena. Azaletik nai barrutik begiratu, liburu oba eziña. Artu begiez, ba, nire zorionik beroenak.
|