L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1967 III-IV Geldi ta itsu (1967-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Gure asmoa

 

G. Manterola

 

(Lantxo au Azkue Jaunaren gorespenez

egin gura eben jai baterako gertatua da, 1958'gn.)

 

Atomika ta urrutikuzkin aldi onetan

batzun eretxiz iltzer dagoan Euskera,

seme zintzoen maitasun beroz sendotu naian

toki onetan, anaitasunez, bat gara.

 

Asmo oneri ondo eretxi eta txalotu

nai ez dabenik egon leikela nok uste?

zelan amaren ugatz gozoaz, laztan artean

ikasi daben Euskera samurra ez maite?

 

Gizon guztiak, gizon garanez, anaiak gara,

alan da bere ez dago gizon bardiñik;

gizon bakotxak beren izate berezi ba'dau,

zelan ez bere egintzan euki alderik?

 

Au ez da sortu egundo bere gizonen naiez,

gauza guztien Egillea dan Jaun ona

izanda da beti erri bakotxen izakereaz

berezia dan «zertxobait» emon dautsona.

 

Jaun berbera da gizon-erriei esan dautsena:

—Biotz-biotzez alkar maitatu, gizonak,

nai ba'dozuez zeuen begiaz danok ikusi

maitasunetik sortzen diran gauza onak.

 

Maitasuna da gure bizitzan bizi guztia,

bakotxa bere maitetasunak darabil.

Maitasun barik lege bakarra auxe litzake;

bizi guztian alkarr-burruka, ta gero il.

 

Bakotxak bere izakera dau berez lez maite,

gero guraso sendia eta erria,

auxe da beti erri danentzat, guretzat legez,

Jaun maitetsuak ipiñi euskun legea.

 

Biotz barruan sustarrak dauzan lege oneri,

gizon zintzoak ezin uts-egin leikio,

bere burua ezetsi barik, eta orreri

bildurrik barik, «saltzale» esan geinkio.

 

Asabakandik jarauntsi dogun etxe, baserri,

zaintzen dabena ez ete dogu goraltzen?

bere guraso maiten izerdiz bustiko lurrak

—seme zintzoak ez ete ditu maitatzen?

 

Baiña ba-dogu ondasun danak baiño geiago

lurreko gauza danen artean zaingarri;

Euskera gozoz esan genduan lenengo itza;

Ama! maiteki esan geuntsona Amari.

 

 

1) Euskera

 

Laztan artean Aman agotik ikasi gendun

biotz-barruan sustarrak dauzan Euskera,

Europa'n zarren, jakintsuentzat ederren eta

guretzat samur, eztitsuen dan izkera.

 

Egoki dator une onetan, Amairugarren

Leon'en itzok gure artean aitzea:

«Gizon izate muñean dago asabakandik

dogun izkuntza maitatu eta zaintzea» (1).

Ondo ete da euskeldunontzat gure izkuntza

zabarkeri ta maitasun ezaz galtzea?

 

Jaungoiko onak ez gagizala eskutik itxi,

galdu ez daigun Bere emaitza dan Euskera,

ainbeste milla urte ondoren urratuagaz

asabakazko urre-lokarri ederra.

 

Ez dogu iñok eskubiderik gure errian

ondasuntegi bardingabe au saltzeko,

«seme gaizto ta eskergabeko» izen samiña

ondorengoak emon ez daigun betiko.

 

Gure Euskera, samur ta eder, bardingabeak

gure mendiak zutik dagozan artean,

iraun dagian bizkortu daigun seme guztiok

alegin danok alkartuagaz batean.

 

Erbestetako gizon jakintsu asko dakusguz

Euskera ondo zaindu daigula arrenka,

seme gaiztoak dakuselako erruki barik

ama oraren aldamenetik igeska.

 

Non aurkitzen da Ama arnasa artu eziñik

ikusten dauala, igesi doan semerik?

Nor da biozge, negar samiñez ito bearrez

dagon Amari lagun einbako gizonik?

 

Ortxe dogu ba Ama Euskera maitagarria,

siñeste bizi, oitura garbi zaintzalle,

itz garbikoa, bakezalea, biotz zabaldun

euskeldunontzat zorionaren ekarle.

 

Atsekabeak atso tximurtu biurtu dabe,

eskertxarrak be biotz barrena samindu,

areriotzat artu dabenak, itsu-itsurik

nai izan dabe bere bizitza laburtu.

 

Izan ditu bai, Ama Euskerak seme zintzoak

bera bizkortzen gogoz jokatu dabenak,

ondo ikasi, itz-egin, landu eta zabaltzen

indar guztiak aleginduten ziranak.

 

Baiña bat dager, zentoi antzera gorengo maillan

Berbizkunde dau izen, izatez gelgarri,

AZKUE Jauna, bizi ta dana, opa eutsona...

Aintza ta gorak euskeldun danok berari...

 

(1) 1901'gen Boemia'ko Gotzañei idazki baten.

 

 

2) Euskera, zertarako?...

 

Zoritxarrean izan zan bein bat, Euskel-Semea!...

zentzungekeri andi au esan ebana:

«Euskera iltzer dagoan arren, ez dau ardura,

goi-gaitarako ez gauza ta, onena

il egizue albait lasterren, ta lur emonaz

eleiz-progu bat egitea da zuzena».

 

Beren izena zetan aitatu? Zaragozatik (1)

erantzun eutsen. Gogoan artu betiko:

«Esaten dabe izkuntza ori laburra dala,

ez dala gauza birao itzik jaurtzeko.

Ez al da izan gai enda orren ekandu garbi

zillegi-lege, sendotasuna zaintzeko»?

 

Laburra dala? Ezjakiñentzat dana da labur,

Burudunentzat zentzun-legea: Ikasi...

Nobel saria irabazi daun Jimenez jaunan

«Platero y Yo» euskeratuta ikusi... (2).

 

Menendez Pidal jaun jakintsuak argi diñosku:

«Zorionean guk euskeldunok dogula,

Españia'ko len-edestia argituteko

gai bakarrik dan izkuntza zar au: EUSKERA.

Beste izkuntza ertitsu eta aintzat artuak

—diño berberak— izango dira munduan,

baiña Ibertar gizabidea ezagutzeko

ez da besterik euskerearen ondoan».

 

Goratu daigun Euskera ba, geurea da-ta,

itz ta idaztiz erabiliaz zabaldu.

Agurgarria dan Kardaberatz'en esakun auxe

egundo bere gure bizian ez aztu:

«EUSKERAK BURUA JASOTZEA JAUNGOIKOAK NAI DU».

 

(1) «El Eco de la Cruz» aldizkingia.

(2) «Platero ta Biok» Ametzaga'tar Bingen. Montevideo, 1953.

 

 

3) Euskel semeak

 

Ama Euskerak bere bularrez azi dituan

giza-gurenak, nok ete leikez zenbatu?

Itxastar gizon, lurbira-zear entzutetsuak,

Uri irasle, nok ezagutu ez ditu?

 

Erri zuzentzen, lege-gilletan, neurritasunez,

gogorkeri ta bigunkerian erdian,

ete da erri bat zurtasunean zuzenagorik

gizabidedun erri guztien artean?

 

Jakituri, Jainko goietan, lege-azaltzen,

irakasletzan goren ziranak zenbatu?

danak aitatzen zeregin latza egiaz da-ta,

edestiaren idazti onak zabaldu.

 

Lurbira-zear Kristo'ren Egi-zabaltzalletan

kemen adorez euskeldunak ez bardiñik,

euren indar ta gogo-guztiaz ekin ondoren,

ez eben izan odol ixurtzen bildurrik.

 

Eleiz gizonen mailla goietan, ainbeste Gotzain,

baita gorago Eleiz Antzaintzan jakitun,

emen ta urrin, mundua-zear gaillendu dira,

argi egiñaz, naiz ta askok ez ezagun.

 

Or dogu gure euskel-eredu baserritarra,

zintzo, arteza, beti burrukan lurragaz,

artzain menditar, sendo nekagaitz euri ta edur

ekatxen bildur beti artalde arduraz.

 

Or dogu baita arrantzalea, itxas-erdian

zibuka beti bizitz-eriotz artean,

kresala baiño gaziago dan egun-ogia

sendiarentzat irabazteko lanean.

 

Burdin oletan mea burdintzen ola gizonak,

aik bai'zirala trebetasunez nagusi!

lan gogorrean euren ondoan gitxi txapeldun;

gaurko gizonak ba'daukie non ikasi!

 

Bertsolaria, txistularia, pelotaria,

aizkolariaz ipiñi geinkez batean,

Euskeran seme leial ta zintzo, gizaldi-zear,

gure errian izan ziranen artean.

 

Ama Euskeran semeak dira orrek guztiok

Euskel-erriko mendi-ibarren pozgarri,

gure goraltza maite-beroak ainbeste seme

kristiñau zintzo azi dituan Amari.

 

 

4) Baserritarra

 

Orra or gure baserritarra,

otoitz egiñaz goxean,

lan gogorrari beti lotuta,

solo, baso ta mendian.

Izerdiz lurra narotuten dau,

sendi kristau bat azteko,

eta nekerik ez dau ezautzen

asmu ori betetako.

 

«Itzetan labur, egiten luze»

zintzo, beti egizale,

emon daun itza zeatz zaintzeko

lur osoan bardin gabe.

Adizkide on, biotz zabala,

beartsuaren laguna,

itzekaz baiño egitez obe

agertzen dau maitasuna.

 

Azkatasuna maite-maite dau,

zuzentasunaz batean,

bestearena be zaintzeko gertu

bakean bizi naiean,

Kistar zintzo lez sendi guztiaz

Agurtza deuna errezau,

asabakandik daben «Fedea»

iraupen sendoz zaintzen dau.

 

 

5) Artzaiña

 

Artzaiña dogu euskel-eredu

errege gure mendian,

gorputz sendodun ta neke-gaitza

ardien alde danean,

mendietako aize antzera

azkatasuna zalea,

baiña beretzat lokarri bat da:

maite daben artaldea.

 

Otso, azeri inguruetan

ba'dabil asmu gaiztoaz

zoro biurtu dala dirudi

azpiratzeko asmuaz.

Neke ta lorrik beretzat ez da

etsai au galdu artean,

ain maite dauzan ardi gaxoak

ikusi arte bakean.

 

Negu gorrian edur zuria

beretzat bai dala baltza,

burua makur ikusikogu

artaldeaz urirantza,

ta eguzkiak izpi-beroaz

edurra urtzen daunean,

irribarre ta biotze pozez

dakusgu mendi bidean.

 

Ezezaunagaz zerbait maltzurra

dala, sarritan diñoe,

uste dot baiña orretan zurra

dala esatea obe.

Gogo argi ta biotz oneko

ezpalitz artzain zintzoa,

zelan dakusgu izatez dala

betsolaritzat jaioa?

 

Gaur bere etsai andientzat dau

zorioneko piñua!

Mendi gaiñetan berak zaintzen dau

gure Euskera maitea,

ein begi Jaunak mendiak aiña

bizi-bizkor irautea!

 

 

6) Arrantzalea

 

Giza gurenik ba'da lurbiran

begiko ta errukarri,

begira or Euskel-erriko

arrantzale apalari.

 

Etorkizuna beti zibuka

itxas-olatu antzean,

eguneroko ogi billatzen

Kantauri'ko ur gazian.

 

Bere bizia ari batetik

beti dirudi zintzilik,

itxas-asarre errukibage

azpian dago zabalik.

 

Sendi-maitasun eragilleak

indartzen dautso biotza

naiz ta sarritan begi aurrean

euki eriotza baltza.

 

Itxas-Izar dan Ama kutunaz

gomutatzen da orduan,

uste biziaz otoitz egiñaz

sendi maiteaz gogoan.

 

 

7) Itxastar ospetsuak

 

Euskel-gogoa asartua da

adurzalea itxasoz,

gal-zoriari bildurrik ez da

sendo, kementsu ta gogoz.

Ori dala-ta itxas-gizonen

artean ez dau bardiñik,

bale arrantzan Euskeldunari

nor, irakatsi leionik?

 

Euskelduna zan Ingaland'eri

au irakatsi eutsona (1)

berau zalako lan bildurgarri

orretan lenen izana.

Almirantetzan gaillen ziranak

nok ete leikez zenbatu?

Okendo bat ta Txurruka'n pare

beste bi nondik aurkitu?

 

Baita ba da bat Kristo'ren alde

bizitza emon ebana,

Kemen, adorez, bardingabe zan

Matxin Mungitar gurena.

 

(1) England'eko Errege baten aginduz ona etorri ziran ikasten.

 

 

8) Elkano

 

Mundua mundu dan ezkerotik

gizon ospetsu ugari,

itxaso lurrez ibilli dira

bira egiten lurrari.

 

Azkenean be agertu zan bat

ta berau zan Euskelduna,

gure Erria mundu guztian

ospetsu egin ebana.

Getaria'tar asartu au da

iru urtean itxasoz,

neke ta lorrez bira egiña

lur zabalari lenengoz.

 

Munduak oso arritu eta

oiuz diñotse berari:

«Zu izan ziñan bira lenengoz

egin daustazuna niri».

Giza-guren ta arrigarri au

guztientzat ezaguna,

danok poz-pozik aitatzen dogu:

ELKANO dauko izena.

 

 

9) Zumarraga Aba

 

Seme argitan asko emona

ezpai barik da Durango,

Euskeran alde danen artean

Astarloa zan lenengo,

Baita Zabala Bruno Maurizi'k

(Montevideon irasle)

idazkietan agertu eban

egiz zala euskelzale.

 

Seme argitsu artean baiña

Zumarraga ospetsua,

gizabidea Ameriketan

zabaltzen bardinbakoa.

Prantziskotarra izan zan berau

ta len-Goi-Gotzain Mexiko'n

arimazale jakintsua ta

inditarrentzat Aita on.

 

Irarkolea eroan eban

lenengoz Amerikara,

len-liburua idatzi eban

ta an emon argitara.

Mixiñolari gitxi langoa,

jakiturian apala,

bizitzan ondo agertu eban

Asistarren Seme zala.

 

Gogorkerian aurka jokatu

eban bizitza guztian,

eta omenez or da Durango'n

zutik Ezkurdi erdian.

 

 

10) Bitoria Aba

 

Jakitunetan jakituna zan

gure Aba Bitoria,

Domekatarren esakun alde:

«Danen ganetik egia».

Lenen Paris'go Ikastetxean,

geroago Salamanka'n,

danak arrituz agertu eban

zelango burua eukan.

 

Berau izan lenengo aldiz

irakatsi sakonetan,

Erriak daben eskubidea

azaltzen ikasgaietan.

Edozein margo daben gizonak,

baltzak izan nai zuriak,

daukoz jatorriz, ukatu ezin

leikezan eskubideak.

 

Kistar-legea maite dabenak,

bear dautsoz aintzat artu,

gura ezpadau bere egitez

Jaunan legea zapaldu

Ortik sortu zan gaur ospetsu dan

Erritarteko legea,

Laterri danak bakean biziz

zorioneko bidea.

 

Beste asmu bat eukoentzako

ez zan egi au gozoa,

baiña kementsu azaldu eutsen

egi garbi ta osoa. (1)

Or ikusten da egi-indarrak

emoten daun adorea,

«Egia geugaz guztien aurka»

zan Bitoria'n bidea.

 

(1) Karlos Erregeari.

 

 

11) Iparragirre

 

Gitarra zarra galtzarpean ta

Euskerea ezpanetan,

or dabil beti munduak zear

Euskel-Erria kantetan.

Bere biotza emen eukan da,

urrin ebillen gorputzez,

bai Amerika baita Europa'n

beti dakust errimiñez.

 

Foru maitaille sutsu-sutsua,

Erri onen abeslari;

egi garbi au egiztuteko

entzun daiogun berari:

«Gazte-gaztetatikan

erritik kanpora,

Estranjeri aldean

pasa det denbora.

Erri-alde guztietan

toki onak ba'dira,

baiña biotzak diñost:

«Zoaz Euskal-Errira».

 

Or dogu euskal-Arlote aundi

biotz oneko gizona,

abesti bidez Euskereari

agertzen maitetasuna.

 

 

12) Mixiñolariak (Xabier)

 

Europa oso arakatuta,

ez dago beste erririk

gureak aña bere neurrian

mixiñolari dauanik.

India eta Txina, Japon'en

Amerika, ta Aprikan

Euskel-semeak ugari dira,

mixiñolari lanetan.

 

Euren lanean nekatu barik,

etsai artean kementsu,

Kristo'ren alde dana galtzeko

adoretsu, beti gertu.

Danen artean gallen diranak

aitatzea da naikoa,

Deun Martin eta Zumarraga'gaz (1)

Balentin Berriotxoa.

 

Baiña mixiño arazoetan

danen ganetik andia,

sutan biotza eukan Napartar

Xabier gure-gurea.

Bere ondoan jarri leikenik

ete da bat be munduan?

Milloi bat berreun mille bat

Kristiñau egin zituan.

 

Amar urtean neke ta lorrez,

egundo aspertu barik,

India eta Japon aldean

ez daki zer dan nekerik.

Maitasun beroz, egarri biziz

Txina biurtu naiean,

Euskeraz otoi egiñaz il zan

Sanzian'go ugartean.

 

Maitatu daigun baita goraldu

euskeldun jator zintzoa,

eskatu baita zaindu daiela

gure Euskera gaxoa.

 

(1) Tomas Zoriondun. Gaiztetz'tarra.

 

 

13) Deunak (Iñaki Deuna)

 

Euskeldunetan Deun gitxi dala

ez dozue iñoz entzun?

Ogetasei bat Deun ta Zorundun

dirala egon jakitun.

Gaur bat bakarra aitatukogu

mundu-zabal ezaguna,

gure eredu eta aintza dan

Loiola Iñigo Deuna.

 

Adimen zorrotz, gogo sendodun

gizonen barri ekian,

au danak ondo ikusi geinke

Iñarkunak idaztian.

Bere inguru, Luteron kaltez

Eleizan barrizkundea,

jaritxiteko zur sortu eban

bere bazkun Lagundia.

 

Txatala eukan zurtasunagaz,

biotz onak aukeratzen,

eragozpenen ardura barik,

bere bidean jarraitzen.

Asmo bat ondo artu ezkero,

nork atzerantza eragin?

Ez, etsai danak alkartuta be

bere kaltez gogor ekin.

 

Lavigerie, mixiñolari

eta kardenal ospetsu,

izan zanak bein esan eban:

«Euskalduna naz, setatsu».

Bere idazki eta lanetan

agertu eban benetan;

Eusko-odola bero ta bizi

eukola bere zanetan.

 

 

14) Gernika'ko Batzarrak

 

Gizaldi-zear ospetsu ziran

Euskel-erriko Batzarrak,

baiña entzunen Aretx-azpian

Gernikan eiten ziranak.

Gure erriak beti euki dau

lege on-gille ospea,

itzal andiaz zaindu daualako

bakotxen eskubidea.

 

Lege-gilletza arazo latza,

benetan izan da beti.

Agintaritza zaindu bear da

azkatasuna bestetik.

Orretarako legegilleak

izan bear dabe zurrak,

eta au ondo agertu eben

Gernika'n ziran Batzarrak.

 

An batzen ziran baserritarrak

euren erri-ordelari,

lege zar bidez lagunduteko

aurrerapide onari.

Legeak ziran gizonentzako

ez legeentzat gizona,

auxe izan zan gure Batzarrak

arau zuzentzat eukona.

Aldi aretan ain arrigarri

ereisten eutsen egia,

gaur aurreratu diran erriak

nai leukie lortutea.

 

Or England'eko Habeas corpus (1)

ainbeste erabillia,

eurak argiro esan dabenez

geuregandik ikasia.

Ez arritu ba, Washington'eko

Kapitolio barruan,

agertzen ba'da gure Aretxe

beste askoren ondoan.

 

(1) Wentworth Webster'ek argiro sutortzen dau.

 

 

15) Bertsolaria

 

Ezdakit iñon Europa'n ba'da

ikastun ez diranetan,

Euskeldunakaz neurtu leikenik

ain gatx dan bertsolaritzan.

Erriko jai naiz ezkontza dala,

ezkon arteko auzia,

baserritarra beti da gertu

bertsoz sartzeko ziria.

 

Jan aundi baten ostean, barriz,

nor emen ez bertsolari?

Adimen bizkor, irudi biziz

edozein da ixekari.

Alkarren leyan dabiltzanean

entzuleak bai urduri,

txaloz apurtzen euren eskuak

garaitzallea danari.

 

Ez dau ezerk be bertsoak aiña

baserritarra poztuten,

bera be dala bertsolaria

ez ete dausku agertzen?

Onein artean danen txapeldun

egiz izan zan Enbeita,

baita bertsora bidez il zana

gipuzkoatar «Txirrita».

 

 

16) Pelotari-Aizkolari

 

Euskaldunaren ezaugarri bat

trebe nai non agertzea,

indar, jolas ta bizkor gaietan

bera nausi izatea.

Bizkortasuna agertuteko,

or da pelota jokoa,

indar-iraupen erakusteko

aizkolari antzekoa.

 

Begia zoli arerio ta

peloteari begira,

tximista legez oñak be bizkor

eltzeko bere tokira,

besten asmuak ezagutzeko

irudimena zolia,

arerioa atzipetzeko

zur dago pelotaria.

 

Pelotariak gorputz indartsuz,

gogo kementsuz batean,

oin eta beso, begi, belarri,

bular onaz alkartzean,

eragipenez gorputz osoa

astintzen dakianean,

joko obe ta osoagorik

ez dot ezautzen lurrean.

 

Euskaldunetan ba'da joko bat

kemen bear ta bitia,

sendotasuna nor geiagoka

agertzeko egokia.

 

Begi zoli ta beso indartsuz

oiñak josi enborretan,

aizkora jasoz, taka ta taka,

biurtzen zozpal zatitan,

ikustea da Euskaldunentzat

bene-benetan pozgarri,

oiu eragin dautsoelako:

«Gora gure aizkolari!».

 

 

17) Eleiz-ateak

 

Euskel-errien goi siñestea

bizitzagaz bat zanean,

erri arazo guztiak ziran

Eleizaren itzalpean.

Aintxe Eleiza ate aurrean

erri guztia bildurik,

ebazten ziran auzi guztiak

iñoren asarre barik.

 

Gero Udalak etorri ziran

euron nagusi Alkate,

Jai guztietan txistu soñuan

jotazan Eleizararte.

Gaur egunean, tamal-tamalez,

ez da ikusten txuxorik...

agintaritzan ezaugarria

bera bakarrik izanik.

Aurrerapena dala diñoe...

Baiña ete da benetan?

Zarrak obea izaten daki

barriak baiño sarritan...

 

 

18) Txistularia

 

Txistu txuntxuna bai pozgarria

gure erri urietan,

soñu alaiaz, biotza pozez

ipinten alde danetan.

Ume ta andi, gazte eta zar,

txistu entzunaz bakarrik,

ikusten doguz, ikotika lez

guztiak pozez beterik.

 

Mendiak eurak alaitzen dira,

bialduaz oiartzuna,

ibarretan be zabalduagaz

txuntxunaren poztasuna.

Ezaugarririk onena berau,

zindotasun ezaugarri,

txistuari ba jarraitzen dautse

ekandu on dantza garbi...

 

Iraungo al dau txistuak beti

nagosi erri danetan...

Orduantxe bai zorioneko

Euskel-erria benetan.

 

 

19) Ama Euskeraren gorespena

 

(Ama Euskera atsotxu baten irudiz eta bere inguruan euskeldun umetxuak.)

 

        Umetxuak Amari.— Au gure poza, Ama maitea, ainbeste seme zintzok ingurututa ikusteaz. Gaur zu goraltzen, zuri maitasuna agertzen etorri gara danok eta... geu be bai... Pozik egon bear zenduke, Ama, gaur, baiña apurtxo bat illun xamar aurkitzen zaitugu. Zer daukozu Ama?...

        Amak.— Ene seme-alabatxo maiteak; begien aurrean ikusten dodana ikusita, nor ez da poztuko? Onango gorespenik egingo eustenik nik pentzauko neban ba!...

        Baserritarra nazala-ta or euki nabe bastertuta, eta ori neure seme-alabak, eta batez be alabak... Señorita jantzi dirala-ta ni baserritar au, Ama izan arren be, bakarrik itxiten nabe, eta txarrago ondiño... lotsatu egiten dira ni euren Ama nazala esaten be... Oin legien aurrean ikusten dodanagaz, neure biotza poztu egiten da... Baña!...

        Umetxuak Ama Euskereari.— Zergaitik diñozu... baña!...

        Ama Euskereak.— Ni ain dotore yantzi nabenak emen e, uste dot biotzez maite nabela, ta biotzean dagoanak aotik urteten dauta, euren autu aldietan nigaz gomutauko dirala... orain arte baño geyago... orrek poztu egiten nau...

        Baña guraso euskeldun askok umeai nor nazan be ez dautsie erakusten, eurak besterik ezinda ezpanetan erabilten nabe, baña biotzean nire maitasun-izpirik ez dauke...

        Orrexegaitik nire gaurko poza beazunaz nastauta dagola esan leike. Au bai dala samingarri Ama batentzat... semeak aintzat artu be ez gura izatea...

        Umetxuak Amari.— Aurrerantzean ori gertatuko dala uste dozu, Ama?

        Ama Euskereak.— Alde batetik ainbeste txera egiten dauste-ta uste dot, ni maitatzeko erabagia artuko dabela, baña bestetik, ni zarra be ba naz bai, ta asko ikusia, ta sarritan iazoten da norbaiti bere egunean eskintzen dautsezan lorakaz gertatzen dana jazoko dala, urrengo egunerako tximurtu ta aste bete barne siketu... Zirisuzkoagaz gomutatzen naz; gaubean zarata asko eta urrengo goxean ezer ez...

        Umetxuak Amari.— Oingoan olangorik ez da gertatuko.

        Ama Euskerak.— Ez dakit ba!...

        Umetxuak Amari.— Oingoan ez euki orren bildurrik, Ama.

        Ama Euskerak.— Zergaitik ez?...

        Umetxuak Amari.— Gu bizi garean artean ez... Gaur zin-egiten beti maitetuko zaitugula.

        Ama Euskerak.— Ume maiteak! eskerrik asko ta Yaungoikoak entzun dagizuela. Baña gauza bat esan bear dautzuet. Zuen asmu ori betetako, eragozpen asko azpiratu bearko dozuez, zeuen ingurukoak sarritan barre egingo dautzue, txotxolo batzuk zariela esango dautzue..., ni ezertarako ez nazala... gaur modatik pasauta nagoala, txiroa nazala ta...

        Umetxuak Amari.— Ta... zer? Ama. Guk ez dautsegu egingo yaramonik orreri. Ama ez da maitatu bear modea dalako, ez da baztertu be zarra dalako, ez da apal yantzita agertzen dalako, Ama beti da Ama eta geure dalako maitatu bear dogu.

        Ama Euskerak.— Ederto esana! Bide orretatik yarraitu egizue, eta ez egizue uste izan besterik, ori egiñagaz zeuen eginbearra bete baño ez dozuela egiten. Baña beste gauza bat egin bear dozue...

        Umetxuak.— Zer? Ama?

        Ama Euskerak.— Niganako maitasuna zeuen anai-arrebatxuen artean zabaldu...

        Umetxuak Amari.— ¡Orixe bai egingo dogula!... ez bildurrik izan Ama. Gaurtik aurrera!... Umeak gara baña, ba'dakizu zelango burugogorrak izaten garean geureagaz urten gura dogunean... Atzera ezegatik be ez dogu egingo, ez orixe!...

        Ama Euskerak.—A zelango poza emoten daustazuen ume maiteok!...Yaungoikoak bedeinkatu zaizela.

        Baña amaitu baño len gauza bat esan bear dautzuet: Ni apal eta lau agertzen nazalako, askok uste dabe besteak baño gitxiago nazala. Besteak apainzaleak dira, ni ez. Berezko edertasuna dabenak barrukoa batez be, ez dau apaindu bearrik, dan lez agertzea naikoa dau. Ni odol garbiko alaba naz, naste barik, orregaitik nik ez dot esten iñor be, nik ez dot iñoren ondamurik, neureagaz naikoa dot, eta besteak apañago agertuarren, ba dakit apaingarri ori azalekoa dala. Ni azke izan naz, mendietako axe garbia lez, orrek emon daust indarra ainbeste milla urtetan biziteko, zarra naz urtez, baña barruz iñoz baño gazteago, nik emon dautsot bizia, zintsotasun, lautasun eta biotz ona, ta nire semeak dirala yakinda bakarrik, munduko alde guztietan maite dabez, euren lankortasun, zintsotasun, leyaltasun eta egizaletasunagaitik, eta emondako berbea betetan dabelako. Asko oletako tximinien keak, nire edertasunak ikusteko lausotu egiten ditu, baña ori gora bera ni lengoa naz, eta ez naz aldatu, nire ondasunak ez dira gitxitu. Yarraitu ba, seme maiteok, zeuen Amari, baña zintso gero... osterantzean yakin egizue: NI IL TA OBIRATZEN BA'NABE, ZUENAK EGIN DEBELA; ZUEN AINTZA AMAITU ETA EUSKELDUN IZEN BARIK GELDITUKO ZIÑEKELA = NI EUSKERA NAZ; NIGANDIK ARTU DOZUE ZUEN IZENA = ETA GALDU EZKERO EUSKELDUN EZ ZIÑAKEZE IZANGO (1).

        Umetxuak Amari.— Ez olangorik, Ama! Bizi zaitezala gazaldiak zear munduaren azkenerarte.

        Gora gure Ama Euskera Maitagarria!...

 

(1) Itzok Baltasar Etxabe'k, 1607'gn urtean argitaldu eban Euskeraren aldezko idazti baten, Euskeraren aotan ipinten ditu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.