Kaieratze
Muniategi'tar Sabin
Apar-ubera luze-luze bat,
bere gibel, bere atzean
uretan utziz...
eta,
itxas-txori arro
kaio
nabarmen batzuek,
txilioka,
bere goi
aldamenean dituala...
ara or,
koxkortzen,
eguntzen ari dan
goiz ederreko,
goiz garbiko
zerupe oztin,
eguzki argitan...
ara or,
Pasai'ko sarrera estuan
kaierantza,
errirantza,
non azaltzen dan
itxasontzi
zarkote,
aundi,
itxasontzi
apal bat...
bere zorioneko aize-giro
ipar ezearen ikutu
ozkirriz,
bere kresal sundazko lorratz
ebaki gatzitu askoren,
oñaze mingarri
ta, atsegiñez...
ara nun datorren
bizi billa,
erri billa
apaltasun dotorez,
bere branka aurrea
txalotzen dion zipili-zapaladazko
ur eme, ur iaukal,
ur barearen ebakitze,
besarkada laztanez.
O, bai errira dator errira,
bere amets-ondasun,
bere ikurrin ta ezaugarri,
turutots pozgarriz...
Errira dator
atseden eske...
bizi gosez,
erri gosez,
deika biziari...
O, Iainkoak iakin bai, nundik nora,
Iainkoak iakin nola ibilli diran!
Iainkoak iakin
bakoitzak
bere biotz,
bere muin-barrenean,
bakoitzak
bere gogo,
esku artean...
zer amets-irudi,
zer berri
onezko dakarren!
Europa, Amerika, Asia, Apirka zear...
bere neke, bere ibilliak
nai dituanak iakin...
bere itxas-bideetako
estura,
larritasunak;
bere munduz zearko
bide latz,
bide ibilgarriak;
bere aize-giro osasuntsu,
aize eder...
bere lillura ta berriak
nai dituanak iakin...
ta, ainbeste lurralde,
atzerrietako uri...
ainbeste piñu, aritz, pago,
edo palmondoen arteko
aizentasun begiko
maite-iolasak,
nai dituanak iakin;
ainbeste ortzipe,
egal zoragarri...
ainbeste aberastasun ta miseri,
ainbeste kezkabide
ta, urduritasun urduri,
ainbeste gau-egun triste,
egun galduren
zorion ta berriak
nai dituanak iakin...
O, galdetu,
galdetu bai
ainke beltza darion ontziaren
tximini zabalari;
galdetu bere tantai,
erdiko masta nagusiari.
Galdetu bai
Ipar ta Egoz,
Sortalde ta Sartaldez
ainbeste aize arin,
aize biurriz
butzatatua izan dan ikurriñari.
Galdetu
batez ere,
itxasoarekin bizitz-burruka gogorretan
edo, amets urdiñezko goibide goxoetan,
izarrak gidaritzat ditun gizon orri...
Galdetu
batez ere,
gaur egun argi,
ipar-giro ederrez
bere onerako,
etorri izan dan bezelaxe...
biar ere,
ogi billa,
aize billa,
uiñak lagun dituala
itxasoak-zear,
amets-kulunka
urrundu,
aldenduko dan itxasontzi
zarkote,
aundi,
apalari...
galdetu biotzez
bere ontziburu ta lemazai,
bakoitza
bere zeregin,
eginbearretan
biar ere,
aldendu,
erbesteratuko dan
itxasgizon,
biotz-buru
bakoitzari...
|