Eiztariak...
I. Olea
Sortatxo bat bertso berri,
eiztarion ezaugarri,
orain nai nituzke jarri.
Burutik zerbait arindurikan
gaudela diot igarri.
Zentzu gutxiz gabiltz sarri
utsaren ondoren larri,
munduaren parregarri.
Apizio au degunak
danok oso ezagunak:
ez gera kopet illunak.
Lagun artean mokau goxoak
gustatu izan zaigunak,
mundu ontako egunak,
emengo eginkizunak
eramaten dakigunak.
Gauzarikan ederrena
juntaturik alkarrena
zer egiñ pentsa aurrena.
«Ikusia da biar goizean
uso asko datorrena.
Goatz al dan azkarrena».
Gertatzen dana urrena
azkarrena bizkorrena.
Aurrez kontuak atera
laxterka mendi aldera
lekua arrapatzera.
Nai gendukena uso guziak
ekarri geure parera.
Ta gu batetik bestera
ontz ero baten antzera.
Ondo zelebriak gera!
Aizeari sarri usai
lo eziñ egiñik esnai
gau ta egun beti ernai.
Malezi asko, tranpaz beteak
moxorrokeriz ere bai.
Guztiak geuretzako nai
tabernan itxuraz anai
mendira juan da etsai.
Goizean goizo mendira
illunduta erretira,
emazteak arpegira:
«Uste dedanez alperrik nago
zure usoei begira».
Bi tiro dizkiet tira
erori zaizkit sasira
nunbait an izango dira.
Aitzaki eta manera
azkar etxetik atera,
lanari aldebatera.
Geiena uste degun garain
paltatzen zaigu aukera.
Tirua bota aidera
luma mordua lurrera
baiña okela aurrera...
Mendira juan arren goiz
galtzak zikindu arren loiz
beti ez gabiltz arrazoiz.
Usoak bota izan ditugu
guk zillarrezko perdigoiz.
Gertatu izan da iñoiz
oraiñ egon arren sasoiz
ez nua esaterik noiz...
Usuak artu aitzaki
eta libratu egoki,
goxatzen gera ederki.
Emaztearen trabarik gabe
nork arrastoratu noski?
Baiña gabiltzan poliki,
erori gindezke aurki
andreak dana baleki.
Emazte batek esana
oraiñ jarriko dedana:
«Badaukat zer eramana!
Nere senarra orbelen gisa
ego-aizeak darama.
Seguru egon zuana
nerekiñ ezkontzen lana
jakiñ izan banu dana».
Jarri ditzagun pakeak.
Ez du galerik trukeak,
emaztearen eskeak.
Gure oitura edo bizio
auek ez dira merkeak.
Utsa bagiña dukeak.
Urte guztiko nekeak
eramaten digu keak.
Munizio ta kotuak
danak ongi pagatuak,
galanki egin kastuak.
Etxekoandreak bukatu ditu
nerekin zitun tratuak
ez dit barkatzen gajuak
egindako pekatuak,
orain ditugu kontuak...
Jarri ezkero entzuten
erreza da antz ematen,
porru-jorra txarrak aurten.
Esan bear det ondorengoak
garbiro jakiñ dezaten:
errez da eizean asten
zalla griña txarrak uzten.
Nola putzutikan irten?
Zorioneko usua
guretzat izen gozua,
egazti kuriosua.
Mundu-erdia txoratu dezu
ez bada ere osua,
botata ezin jasua
onek ematen dit sua
etzera eiz erosua.
|