Sorgiña eta mutil sendua
B. Enbeita
Sorgiñak:
Egun argitan lo egiten dot,
Baiña gaba da neuria.
Siñistu ez arren, askok artzen dau
Sorgiñaren arduria;
Arro samarrak nire lepotik
Dauke barre-egin guria,
Baiña Sorgiñan gomuta onek
Kentzen dautse loguria.
Mutillak:
Egun guztian lo zorroan ta
Gaba zeuria bakarrik;
Nik gau orretan lo egiten dot,
Ezbadot ibil bearrik;
Noizik noizera juanagaitik
Gaur arte ez dot okerrik;
Niregan ezta sekulan sortu
Atso sorgiñen bildurrik.
Sorgiñak:
Atzo ondiño izan zenduzan
Une larri ta estuak,
zure aurrian ikusiagaz
Sorgin zarraren saltuak.
Tentau zenduzan Ama Karmengo,
Zeruko santa-santuak.
On aundirikan ez eutzun egin
Atzo gaubeko sustuak.
Mutillak:
Zure saltuak ez dira izango
Orrenbesteko altsuak.
Zure beso ta txanka me orrek
Ezin izan indartsuak,
Gau beranduan egiñagaitik
Ikaratzeko zantzuak.
Zer egin leike egun argitan
Ibili ezin dan atsuak?
Sorgiñak:
Bada ezpadan ez nagizula
Emen salatu larregi,
Atzo gaubian zetan ez dala
Parkatu neutzun geiegi.
Entzun egizuz Sorgin zar onen
Bildurgarrizko bi egi:
Daukazun dana kenduko dautzut
Eta kakuan eskegi.
Mutillak:
Zure irrintzi eta orruak
Eragin dauste gogaitu,
Alakon baten makilla bataz
Egingo zaitut garbitu;
Zure azur ta azal zimelez
Txakurra egingot loditu,
Orduan zure sorginkeriak
Egingo dira amaitu.
Aita zarrak:
Sorgin kontuan asko entzun dot
Txikitxutatik onaiño,
Baiña olango sorgin klaserik
Ez dot ikusi ondiño.
Mundu kazkarrai begiratuta
Aita zar onek au diño:
«Gaur bere sorgin geiago dala
Pagatzaille onak baiño».
|