L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1967 III-IV Geldi ta itsu (1967-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Txango bat, sari billa

 

A.O.

 

        Bizi opa deguna, arin eskuratu nai. Ta luze iritzia nengon ni ere il onen 25'garrenean; sari bat jaso bear nun, ta bera eskuratu arte ez nuen pakerik. Goizean goiztik nere arazo beiñenak bete ondoren, zai nintzan nere bi lagunak beren beribil bizkorrakin noiz agertuko ote. Saririk eztuenak ez izan olako zimikorik, eta batak bere gurdia gertatzen eta besteak bere gorputza, luzatu egin zidaten pizkat. Eta ni, denbora eman, gain zetorren egun bikaiñari begira; Larrea'ko zelai berdean kantari zebiltzan txori goiztarrei txio ta txiruli goxoak entzuten ernai. Zazpiterdiak ziran.

        Ortan, ona emen! Ba-datoz. Begi aundiz ta irripartsu begiratzen didate bi lagunak. Nortzuk diran? Bai, esango dizuet. Jaiotzez bilbotar izan ez arren gaur Bilbo'n bizi diran Xabier Peña ta Lukene; Xabier denok ezagutzen degu, Bilbo'n euskera maixu guztiz ona. Lukene, berriz, ba'liteke ain ezaguna ez izatea, baiña Bilbo'ko Barrenkale Barrena'n jatetxe eder bat daukana da, «Guria» arroztetxera ta etzera arrotz izango, etxeko baizik, eta etzera gosez ere andik irtengo. Auek ditut lagun Baiona'rako txangoan, biotz on ta txeratsu, gazte ta ezkongai biak. Ziurrik asko, beraz, atsegingarri izango zait dagidan joan-etorria. Goizetan mezatan, gaiñera, orrela eskatu diot Jaunari.

        Sartu naiz lagun biokin gurdi-barne epelean. Eta ba-goazi. Durango, Ermua, Maltza, Mendaro, Deba, Itziar, Getari, Usurbil, Lasarte or gelditzen dira atzean. Gaur, mugaz emendik jai degu, Korpusti, ez mugaz andik. Bideetan ba-dabil kotxerik, batez ere Bilbo'tik Donostia'ra; Atano'k eta Azkarate'k emen baitute azken pelota partidu. Donostia beti zoragarri; Amara'ra goaztela, Amllaitz aurkitu degu; adeitsu agur egin diogu; bera ere gerotxoago Baiona'ra etortzeko da, ohorezko aipamena baitu ango liburu-sariketan. Emen atseden pizkat, eta ba-goaz berriz ere mugarantz. Zoragarri dago dena, berde ta loraz jantzia; goian laiño artean dabil eguzkia, burruka antzean. Jaizkibel, Aia, Larrun mendi gaillurrak bekoz beko ditugu, agur-esaka bezela. Gu aurrera, agur eztiari erantzunez, ta mugara iritxi gera igarri gabe. Espaiñar-prantsesai igaro-agiriak erakutsi ta Beobi'n, berriz ere euskal lurrean gaude, goiz-aize arnaska. Ondarribi ta Endai, Irun ta Biriatu, Bidasoa alderdi biak bai ikusgarri! Agur, euskal lur maite! Emen bete oi zituzten Unamuno'k eta Loti'k zii-sundaz beren birika-auspoak.

        Beobi'ko bitxabaletik aurrez aurre daukadan orduarian, amarrak eta bost dira. Dirua aldatu degu urreko truk-etxean; baita akeit-pizkat zurrut egin ere, irurok berdin. Euskeraz mintza gera, baiña ordaintzerakoan prantses egin diogu —adei-legeak jagon bear, maiteok!— kafe-etxeko emakumeari ta berak euskeraz erantzun digu, goxo-goxo. Urrengorako ba-dakigu, ez gera prantsesez ariko noski! Aurrera ostera ere, ta Urruña ezker utzita, or Ziburu, arrantzale ontziz betea, ta urrats bat eman orduko, Donibane-Lohitzun. Emen itzuli batzuk egin ditugu, ikusmin; etxe ta loretegi politak ezker-eskubi; frontoi zarraren ostean or iltegia ere, guztiz txukunik; famili bakoitzak du noski bere obia, arretaz zaindua. Ta olan izan bear du, gorputzari ere berea eman bear baitzaio, animaren bizitegi izan dalako ta etorkizunean, berbiztu ondoren, berriz ere gorputz eta anima biziko geralako. Sartu ta eskubitara, or txoko ixil batean guretzat rnaitagarri dan are-arri beltzizkako obi luzanga; ezpel-zerrenda du alboan, ta inguruko orman untzorria doa aziaz; gomuta-idazkunak ditu gain ta saiets, buruko arri biribillean, berriz, «Oroi, otoi ta jarrai» dio. Urbil ditugu illak, biran degun gogozko munduan, eztitugu aiztu bear; ba'litege bear-izanean aurkitzea, aien alde beraz egoki zaigu otoitz egitea; ta, azkenez, ildakoen lorratzetik ibilli bear degu, aien asmo, xede ta kezkak aintzat artu ta aurrera eramanez. Itz oiek an jarri zizkiguna etzan txepela.

        Ba-goazi, ipar-ekaldera jorik. Eguzkia, izpi-exkas, laiño magalean berriz ere. Getari ta Bidarte, txalet txiki politez apainduak atzera utziz, iritxi gera Baiona'ra. Amabiak noiz joko, Adour gaiñez dagon zubitik dakustan orduarian. Zai dauzkagu «Euskal Kulturaren Alde»-ko aretoan bertako nagusi ta buruzagiak. Biotz ikara goxoz alkar besarkatu ta agurtu degu. Ba-datoz geiago ere, ta dena batera esan bearrez sekulako iskanbilla sortu degu alkarrekin. Adiskide zintzo artean pozak berezkoa irri. Ta orrela, ango-emengo izpar ta gauzak alkarri adieraziz, bi orduraiño joan zitzaizkigu konturatu gabe. Ordu bietan bazkaria Larreta ostatuan; kalean zear ara goaztela, euzkiak latz sistatzen du, laiño artetik irtena. Donostia'n Azkarate'k irabazi duela diote: zoriak, oraingoz, bizkaitarrei txera egiten. Bazkari ederra: askotariko izkimizkiak, txipiroiak beltz-beltz, oillaskoki gain-gorrizka, arrautz-opillak, ontzi zapaletan akeita ta txol luzanga estuetan koñaka. Gu beintzat, ez giñean gosez irten, ala jakiz ala itzez.

        Eta bostetan sari-ematea. Euskal-Erakustetxean bildurik, lenbiziko agurrak alkarri eskeiñi ondoren, aretoko mai ta exerlekuak artu ditugu. Gizon eta emazteki asko gera; guztiok euskaltzale ta adiskide min, asmo bat-berberak ara eraman gaitunak; ene biotz-agur goxo maitekorra denai pozik emanik ere, eztet beren izenik emen aipatuko. «Euskal Kulturaren alde»-ko sail onen buru dan Gurrutxaga jaunak du itza. Agirre il ostean sorturiko saria nola ta zer dan diñosku lenen, iru urterik iru urtera, epe orren barruan argitaratu libururik oberenari ematen zaiona noski. Sariketara bialduta liburu asko artu dituzte, era guztitakoak, eta itzulpenak eta lendik azaldutakoekin osotu bildumak saiets utzi ondorean, sei bat aukeratu dituzte sarigarri diranak: Etxeberri'ren «Frantzia'ko Erregiña», Jon Etxaide'ren «Gorrotoa lege», Lafitte'ren

«Atlantida», Narbaitz'en «San Frantses Jatsukoa», Etxaniz'en «Lur-berri billa» ta «Gure bertsolariak». Ertz guztiak ongi aztertu ta gero, «Gure bertsolariak» atera da sari-irabazdun.

        Aita Iratzeder'ek, berak dakin bezela, goi ta goxo itz dagigu. Biotzez maite ditu karmeldarrak, eta arrazoi bi dakarzkigu: Dabid'en Salmoak, bertso ta musika, Bilbo'ko Ordorika'n irarkolan argitaratzen zebillela, oso txeratsu artu omen zun, eta lagundu, Begoña'ko Karmelo'n bizi dan Aita Lino Akesolo'k; gero begiko du Gurutzeko Jon donea, karmeldar olerkaria. Berak eder dakusazkin bi alderdiok itz leunez sakon ta olerkitsu azaldu zizkigun. Beloke'n bizi da Iratzeder, eta badu an edergairik. 1954'ko ilbeltzaren 25'an, nere Mila Euskal Olerki Eder libururako bertso bilketan ari nintzalarik, ikustaldi pozkor bat egin nion, olerkari bakar-zaleak bertso zarren batzuk emango zizkidalakoan. Baiña, bai zera! Ordu luzeak eman genitun izketan, Gurutzeko Jon'en olerki ta mistikaz, ordea. Kideko bi anima.

        Bertatik itz bi esaten dizkigu Euskal-Erakustetxean buru dan J. Haritschelhar jaunak, Euskaltzaindia'ren izenean Bilbo'tik bialdutako telegrama bat irakurri ta bere kasa zorion betea opa izanik.

        Ondoren, flax-argi ta txalotan, Gurrutxaga jaunak milla dolarreko txekea eskuratu dit. Eta ni begi aurrean dauzkadan emakume ta gizon maite txalogarri guztiai esker beroak itzultzen saiatu naiz. Avila'ko Teresa'k dioskunez, esker ona erakutsi bear diogu, naiz Jainkoari, naiz urko lagunari. Biotz-ikaraz esan diet neretzat zer dan sari ori: aurrerantzean, sutsuago oraindik, euskal arloan lan eragingo didan akuillu bizi. Bertsolariak izan dira gurean, eta izango ere bai, erriaren biotz-ikara, uste, asmo ta gurariak ederkien ulertu ta kanta dituztenak. Egoki zetorren, beraz, olako liburu bat, bertsolaritzari buruzko bat. Ez txoriak, ez bertsolariak, eztute mugarik; andik naiz emendik gabiltzan beti bertsolari, geure gogo zarra, geure izatea zaindu-azorik, mugaz andikoak eta emendikoak maite-korapil biziz alkar lotu ta arnasturik.

        Eta azkenik, Amllaitz'ek itz bi, bere ohorezko aipamena eskertzeko. Ohorea zerbait da, baiña olakoz bakarrik ezkera iñoiz etsi-etsian gelditzen. Geiago nai izan oi degu. Ta orgi dago, gizonak beti ere gorago jo bearra du-ta. Poliki diño berak: bi praillekin gorrotoan bizi dela. Euzko-Gogoa'k, urte batzuk dirala, dolar mordotxo bat eskeiñiz olerki-sariketa eratu zuenean, Aita Mitxelena'k eraman zion saria; eta orain Aita Onaindia'k, beste praille batek. Origatik bere gorrotoa. Amillaitz'ek, baiña, biotz ederregia du iñori gorrotoa izateko. Eta orrela erakutsi zun, bere itz gatz-ozpinduen ostean, bi kanta berri abesturik. Seirek eta laurenak ziran.

        Onela bukatu zan jaia, jai besta, adiskide artean burutua. Arpegi berri ta zarrak, izketaldi eztiak alkar agurtuz. Opamen adeitsuak, biotz-barnetik irtenak noski. Olan, goxo ta samur, beste jardunaldi eder bat egiñik, guk etxerako bidea artu genduan. Adour ta Nive, agur! Baiona, zar ta berri, beti panpoxa, agur! Orko biotz mindu guztioi ere, agur! Lengo bidea berriz egiñik, lengo gauzak berriz gogoraziz, adiskide kutunen arnas-beroz adoreturik, ba-gatoz iru lagunok beribil bizkorrean: onuntz baiño, aruntz ariñago noski. Mugan izan degi ixtripu txikia; euskalduna beti izan da kontrabandista —mugan bizi data, ezta arritzekoa—, bertsolariak abestu zutenez; eta guk ere aien antza izan. Dana dala, arakaldi polita egin digute. «Papaoka» sartu gera Irun'en.

        Eta gero, Errenderi'n jai, ta Donosti'n, eta Orio'n, eta Zarautz'en. Emen apari-izkia egitea erabigi degu, bederatziak dira-ta. Toki aukerakoa du ortarako Ipar-jatetxeak. Geure garbiketak eginda gero, iru-launako mai ertzean egokitu ta aparia eskatu degu: barazki gatz-ozpinduak, lebatz erre-egosia ta onkitzat izozkia ta laranjak. Poliki. Ta guk diogu: «Gure jakera mundukorik ederren». Bi gazte dauzkagu auzoan, bakoitza bere maiean, biak euskaldun; bata transportista omen da, baionarra, gaztea da ta ye-ye arpegia du, Galizia aldera doa bere kamio aundiarekin. Bestea zarauztar degu, itzontzi barrabasa; euskeraz ederki ari zaigu. Galdetzen dit: «Nola esaten ote da euskeraz telefonua?» Eta nik: «Urrutizkiña». Berak: «Ez, gizon, urrutizkiñ eztago ongi; urrut-mintza esan bear genuke».

        Goazen etxera. Ta geure beribil bizkorrean berriz egokiturik, ba-gatoz Zumai, Deba, Eibar, Durango'tik zear Zornotza'ra. Gabeko amabiak dira. Oraindik naikoa jende kaleetan. Aurreko egunetik emen daukagu Canadian Circus ere; or dago oraindiño txakur txiki pilloa, kaiol agirian dantzari. Ta ni, bi laguneri maite-maite agur egiñik, lotara. Goizalderuntz edo, ames egin det saria gogoraziz.

 

(1967-V-25)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.