Udazkena
Piku
(Nere udaberriko loreak gorde zitun
Olabeaga'tar Iñaki maiteari)
Bideko lore urdiñak goibel daudela, Jauna, esan didate gallurrean bizi diran sorgiñak.
Goibel odeiak, goibel izarrak,
mendiko garo legorra, goibel.
Sartu da urretxindorra bere kabitxo beroan.
Dana ixilik dago,
dana illuna,
gaba... erbestea... bakardadea...
Txindoki zarrari jo-ta, lau pusketa egiñik dijoa menditik bera illargi garbia, errekara. Ta bere ibilkera goxoan zuritu ditu belar, bitxur berri ta arri-koxkorrak.
Jaungoikoa ber-bera igaro dala dirudi Txindoki'ren bide zarretan.
Garo meta azpian zeuden lau txoriak iges egin dute ikaraz... eta ikaraz ta atsegiñez lertu dira uda'ren milla zañak.
Odol txuria, illargi pusketa besoetan.
Goazen, Jauna, eskutik artuta bi anaitxo bezela. Nik erakutsiko dizkitzut, bidea betetzen dituzten osto oriak.
Lokatza izkutatu dutela esango nuke, zikindu ez ditezen zure oñeko berriak.
Begira, jauna,
osto oriak,
osto muskerrak,
osto beltzak... ostoak, ostoak.
Iturri gañeko sasian ez da masustarik, eta udaberrian sortzen diran usai gabeko lore txuriak, lo kuluxka luzean daude, etzanda, adar barnean.
Dana larru gorrian, Jauna, dana eriotzan. Begira, Jauna; zurekin joaten naizenean, garo berria jaiotzen dala dirudi nere odol gorrian.
Zañak lertu egingo dira.
A, ze goxoa! Zañak lertu, ta odolik gabe, ill. Ta garo berria jaio gure mendi, sukalde, erri, ta Txindoki zarraren bitxur loretsuetan.
Garo berria, Jauna.
Zu eta bera
zarra... gaztea,
usaigabea... usaiduna.
Garoa, garoa. Geiago, geiago, geiago, Jauna.
|