L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1967 III-IV Geldi ta itsu (1967-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Gaurko euskal olertia

 

A.O.

 

(Larrea'n, 1967'gnko. Olerti-egunean irakurritakoa)

 

        Gaur be, zortzigarren urtez, asmo eder batek eraginda alkartuak gara abegi oneko ontan. Ze asmok bultz-eraginda ete? Olerti eguna ospatzen dogu, poesi eguna, eder eguna nunbait. Eta Kristo Erregeren egunez ospatu be: Kristo eder ta olerki dogu; au ezin ukatu, Kristo berez bai yaku eder, eta Goiko Aitak be, izakiak oro ezerezetik egitean, Bere bitartez eder-dirdaitan jarri ebazan. Egun au, beraz, guztiz aukerakoa dogu Olerti jaia ospatzeko. Kristo Errege, olerti jai!

        Zer ete dogu olerkia? Itaun au ezta gaurkoa: antziña baten Grezia'ko ta Erroma'ko jakitunak be, ederrari buruz euren artean jardutean, sarri egiñiko galdera dogu. Gai oni begira, Platon eta Aristotele'k be ba-ebazan euren kezkak eta zalantzak. Eta orrela geroko gizaldiak zear. Antze ta arte guztiak ederra dabe, gauzakiak gure biotzari eragiteko daben gaitasuna daukie jomuga ta elburutzat. Zer ete da gaitasun ori, ederra dagian tasun eusgarri ori? Zer dan ez ba'dakigu be, iru adar ditula bai, esan gengike: erea, egia ta ona. Baiña ez gero edozelakoak: ederra sortu daroan erazko gaia dizdiz-argia da; era dizditsu bat, beraz, ederra da, baita egi dizditsu bat eta on dizditsu bat be. Antzelariak ederra dagi, eleiz bat, antzerki bat, miesa bat, poema bat.

        Poesi-artistari gagokiozala, olerkari dogu soiñu, ritmu ta adierazpen ederraren bitartez antze-poema bat dagiana; au da, ikusiz ta nabaituz itxura somakorrean ederra sortzen dauana. Ederra izadian batez be ikusi oi dogu, olerkariak batez be, ta barren guztia laster bero-galdatan jarri oi yako; berotasun ori eragikorra da, ta izadian ikusi ditun eder-erak bere irudimenean nastu ta eiorik, bere barne-bulko ta zauskadai era berezia emotera doa

bertatik; gogo ta gorputz, bere «izan» osoa irakin azorik, era sentikorrez dagi ederra. Egiazko olerkari danak modu askotara burutzen dau bere lana.

        Begira: gaur gizarte olerkiari indarra emon bear yakola diñogu. Erri ta gizarteak, izan be, oso azi ta erabarritu yakuz aspaldi ontan. Or pabrika-langille bat: goizean, argia eten daneko, lantegira doa erdi baraurik, baserrian bizi baita; an daukaz mendi-barreneko etxe zurian bere emaztea ta semealabak, eta arei jaten emoteko lan egin bear. Zortzi ordu lan egin ondoren, illuntzean etxera dator, buru-makur. Lau seme-alaba daukaz, oraindiño txikiak. Danai zegaz jaten emonik ete dau? Lan gogorra, ta saria? Aita orren kezkak, buru-auste ta istilluak? Bide ertzean jarrita dagon olerkariak egunero dakus langille jator orrek bereak zaindu ta janaritzeko daroan bizimodu latza, eta larritasun orreik bereak ba'litu lez sentiduten dauz barruan; bizi-bizi jarri yako izate guztia, ta idazkortza arturik, antxe bertan, egundoko gizarte-olerkia eskintzen dausku, egiz, onez ta eraz, dirdiraz gaiñezka.

        Olerkari izatea ezta edozer gauza; naiz-ta iñoizka ezetsi ta bazter itxiak izan, kulturadun errialde gauzetan ondo artu ta txalotuak dira. Olerkariak dei bat izan dau, mekaniku, osagille, apaiz, legegizon, zinegille, naiz izarlari batek lez, barne-bultzada txotil bat bizitzan zear bide egiteko. Izan be, jatorrizko dei bipil barik ezin gengike arrigarririk apain burutu. Orren ostean, olerkariak, milla alderdi bakan, enparauak ikusi ez daroezanak, somatu ta igarri oi ditu izadiko gauzetan, bere argidu, izakera ta asma-indarrari dagokionez; onakoak sena dau zuzendari ta lau-lau arteak ditun eragozpen, sasi-bide ta nasmas guztietatik garaille urten oi da. Onakoak berezkoak ditu danak: gogapenak, iduriak, itzak eta esaerak. Izadiak eskintzen dautsazan gai ta itxura ederrak nahasi ta aldatuaz, ederrari dagokionez, beste zer barri bat osotzen

dau, berezi ta bakana. Abaraskan lan dagien erleak lez, noski.

        Poesi-lanean pentsamentuak eta biozkadak, gogai ta sentimentuak daukaguz itz-korapilloz estutu ta jantzirik; ez edozelan be, txairo ta eder baiño. Artean eder-adierazpena deritxogu oni. Itz-joku bitartez, ba, argi ta garbi agertu bear dabez gogakizunak eta sentipenak. Emetik sortzen dira ondoren gizaldiak zear beti izan diran joera ta eskolak: klasikuak, erromantikuak, izadi-zaleak, jakintzazaleak, gero ta gizarte zaleak, eta abar. Naiz emetik naiz andik jo, olerkariak beti ta nainun bere gogakizunak eta biotz-zauskadak adierazteko izkera aparteko bat erabilli bear dau: jatorra, garbia, zeatza ta oskidetsua beintzat. Asko gaur errenka gabiltz arlo onetan, alderdi au jaramonik egiteke itxirik; antxiñako zarren gauzak ei dira olerki-izkeraren zeaztasunok; ye-ye ta Beatles'en garaian ei gagoz gaur, eta naikoa ye-ye ta beatles daukagu Euskalerrian be, musikan ez-ezik, idazleen artean be bai. Zorionez, baiña, ye-ye ta beatles'ok be zentzudun egiñaz doakiguz, eta euren lana, zarra barriagaz oreturik, lan baliotsua izango yakulakoan gagoz.

        Olerkariak bere idazkera jatorra euki bear dau: onek onela, arek arela, guztiak ez bait-gara bardin, naiz-ta kideko. Danok ez doguz gaiak alderdi bat-beretik begiratzen; baiña gauzai zein emendik zein andik begiak ezarri, naiz onek naiz arek bere gogai ta barru-zauskadak adierazo, olerkari-izena duin daroanak beintzat, bere pentsamentu ta sentikizunak beti antzetsu asmau ta eder azaldu bear dauskuz, ots, eratsu, bizi ta oskidetsu; bakotxak bere sena, izatezko zerbait idazlanean baitua itxirik; geure izatearen puska bat, ondar bat. Ortik sortzen da bakotxaren idazkera, au, Buffon'ek iñoanez, gizona bera da-ta.

        Izkera, olerki-izkera, barriz, bedi jagiago, darabilguzan gauzai dagokiena. Gauza eder batek askotan idurimena biztuten dautso olerkariari, ta biotza ixiotu, ta orren dardar-sua ezarten dautso izkerari, baketsu ta olako barik gagozanean baiño jagi ta ederragoa nunbait. Beraz, olerkariaren izkera azke, ausart eta jantziagoa da geienez. Ortik, ba, gai oni buruz gaur gure artean dakusgun zabarkeria parkatu eziña dirudi. Oraingo batzuen olerkiak, izan be, lerro txikietan barik, itz lauz lez jarraian idatzita jarri ezkeroz, itz askatuko izkera bera be aul ta jasik-eza aurkituko genduke.

        Laster igarri daroagu, baiña, zein dan gari ta zen txillar. Izadiari buruz, oler-erari buruz, guzti au sail zabala dogu-ta, zail yaku zein dan ona ta zein txarra jakitea; edo olerkaria bera dala, edo joera ta eskola au bestea baiño atsegiñago yakulako, guztiontzat egoki letorken olerki-bereizterik ezin gengike emon. Ez gaur ez iñoiz, lege-barruan ezin olerkia sartu: idurimenaren lana da-ta, txori egalari onek egoak zoztor barik bear dauz. Egazkadarik azkar-onena, olerkirik eder-bikaiñena dagianak egingo dau. Ta egazkada orren gomuta atsegin yaku; eta Pency Shelley olerkariak au iñoan: «Anima zoli zoritsuak bizi izaniko unekada eder alamenekoen gomuta da olerkia».

        Une ta momentu eder oneik, ostera, ainbat eratakoak izan daitekez. Ortik dogu olerkia ain nahasi, biur ta korapillotsu; bardin abesten doguz naiz umetxoen kanta utsak naiz giza-elburu ta Jainkoagazko ikuspenik sakon goitarrenak; gure izatean ditu bere susterrak, gure biotz-adimenak izan dituen dardara eder orrei era ta adierazpena emotera goaz beti. Biderik asko ditugu ortarako, ta erri guztiak, zarrenak be bai, euren biotz-adimenai beti erea emon izan dautsoe naiz musikaz, naiz dantzaz, naiz igiera berezidun kantuz. Gizonak beti izan dauz abesgai bere izkera, ludia, izkuntza, oiturak, bizi-lurra ta abar. Euskaldunok be ez gara onetan nagi ibilliak.

        Gai ta era ditu olerkiak. Muiña ta azala ete? Ba-leiteke bardin ez izatea. Zelan edo alan, orraitiño, itz egin bear. Azala bertsoaren erari be deitu oi dautsagu. Dana dala, gai biok, barnea ta tankera, bardin edo dendun ipiñi bear dira olerkian. Ontarako, barriz, munduko literatura guztietan bide ez-bardiñak erabilli dabez; ebertarrak mamiña ta soiñekoa, burutakizuna ta esaera, paralelismu edo biki antzez bardintzen eben; Europa'ko literatura zarretan beti soiñuen zartaz egiña dogu, azken baten neurri eredu batzuk asmatzea lorturik. Gero, gizaldietan, orrelaxe jarraitu izan zan. Gaurko bertso azke ta txuriak, alan be, lengo neurri ta metro zeatza azentu-neurri jareiaz, libreaz, ordezkatu dabe. Euskeraz egin ete daikegu olan? Euskerak ba-dau bere azentu berezia, mintzor-azentua; baiña nun ta zelan jarri jakitea guztiz zailla da. Auzi onetan, gaiñera, toki batetik bestera alde andia dogu (ikusi Altube'ren El acento vasco, Bermeo, 1932, 266 orr.).

        Ruben Dario —aurten dogu bere jaiotz-eunurteurrena— romantiku bidetik asi zanean, lengo lege, arau ta eredu askori muzin egiñik, bertso txurietan be ainbat jarduna dogu; bere olerki sutsuetan ainbat itz eta esaera zakar ditun arren, olerkierari dagokion doiñua ta gaiñerako legeak eztitu arbuiatzen. Orain euskeraz be naikoa ugari daukaguzan bertso txuri zaleok, ba ete dagie beste orrenbeste? Euskal esakunak eskatzen dauan doiñu ta azentu-bidetik ete dabiltz? Nik neuk, egia esan, eztot oraindiño begi ortatik so-egiteko lain asti artu, edo izan.

        Txuri-zaleok, gaiñera, ez dauskue rimarik be aintzakotzat jo gura. Euskeraz ez daukagu amaiantz edo erderazko asonantzirik, bai ostera azken bardin edo rima deritxoguna. Azken-bardintze au ez dala gurea ta sasira bota bear litzakela, esango daustazue. Ba al dakizue gero gurea eztanik? Rima au folklore olerkitik datorkigu, bear daba. ErdiAroan, neurria aberastutearren, latin neurtitzetan erabilten asi ziran, eta gero, pizkaka-pizkaka, latiñetik sortu ziran izkuntza guztietara zabaldu zan. Eta Prantzi-eguzkialdeko trobadoreak, bertsolariak, euren izkuntzaz bertsoak biribiltzen asikeran, Europa'ko beste izkuntza guztietan be modan lez jarri eben dalako rima. Eta orrelaxe rimaz idatziak ditugu Dante'ren jainkozko Antzerkia, Shakespeare'n drama, trajedi ta antzerkiak, Goethe'ren Faust, Lope de Vega'ren poesi-lan apaiñak... Gure poema eder Euskaldunak be bai, ta len ta orain euskeraz idatzi diran olerkirik geienak. Gizaldi onen asieratik lez, alan be, munduko literatura geienetan asiak doguz bertso txuriz idazten, azken-amaitze bardin bagako ahapaldietan, rima albora itxirik. Zer au ondo sakondu ezkero, izan be, neurria, azken bardintze ta beste antze-mañok ez dira olerki-lanaren apaingarri baiño.

        Guri, jakiña, aldatz gora egiten yaku barrikeri au, ta ezta komeni be neurri, rima ta gaiñerakuok bazter iztea. Itz lauz idatzia ta neurtua zelanbait bereizi bear da, ta ba-dakigu, ori ezta lortzen iñolaz be lerro luze-motzetan jarriaz bakar-bakarrik. Musika, dantza ta olerki, irurok antzeko, ta arte izatekotan, neurria bear dabe: olerkiak, itzetan ezpada, doiñu ta azentuetan. Eta guk ez ete dogu gero naitaezkoa? Diñoenez folkloretik artua bada, emen daukagu guk geure euskera zarra, Europa'n zarrik bada, izkuntzak sailkatzean indoeuropeatarren artean be sartu eziña, gaur euskal lur onetan eta lenago, kondaira zarraren altzoan, Pirene alde guztian, txuntxurrez txuntxur, andik eta emendik, mintzatzen zana. Ta orduan Provenza'n, Tolosa aldean, Bearne'n eta Kataluiña'n eta abar arat-onat ebiltzan trobadoreak artu-emon betea eben, ziurrik asko, Iruña'ko, Baiona'ko ta Euskalerri osoko bertsolariakaz. Rima-era ori, beraz, areik oneikandik artua izan leikena da. Bestetik, gure antxiña bateko esaera, atsotitz, supitu ta itz zarrak, geienak beintzat, bikoak dira, rimaz ondo oskidetuak.

        Barrikeri guztiotan, ba, kontuz ta zentzunez ibilli bear dogu. Edozein auzi ta gairi begira, gizadiak aurrera dagi; azken urteotan, euskaldunok be, industri ta salerosketan berariz, oinkada biziakaz aurrera goaz; era askotako lantegi ta pabrikaz osoan bete yakuz len baketsu ziran lautada ta menditarteak. Izkuntzan eta eleder-barrutian be aurrera jo bearra daukagu. Baiña zelan? Bakotxak nai dauana esan eta egiñaz? Au anarki ta naspil itzala litzakigu; gure euskeraren ondamendia, lurperatzea ziur-ziur: itxas zabalean, oialak aizetan, ames urdiñak eraginda aurrera jo bearrean, zurrunbilloan ez buru ez argi bira-biraka ibiltea. Ontziak aurrera jo bear dau, aurrera beti, argi-jariotan, aurretiaz begiz jotako kaira eldu daiten.

        Norbaitek esan daikegu: «Ta bide egiteko itxas garbirik ezpa-daukagu?» Ez dot uste ain illun zetan ibilli daukagunik. Naiz-ta oraingo gazte askok ez jakin —batzuk ez dabe nai, beste batzuk ez dabe ikasi—, euskal arloko itxas zabala naikoa argi egoan urte batzuk dirala; gaur ez ditugun aiñako buru argiak edegia egon be. Gerora nastua da gure euskal itxasoa. Au esan bearra dago: gaurko batzuk, buru arro ta zut, eztabe aro aren ezer jakin nai. Baiña lengo lan eder guztia ezin daikegu, lengoa dala-ta beste barik, destañez albora jaurti. Zein arlotan jazo da ori? Aurretikoena oiñarri arturik aurrera segi, bai; bestela, lengo dana ezetsi ta errekara botarik, zer egingo ete? Gabiltzan buruz ta zentzunez geure euskal arloan. Literaturan, egia esan, lengoak bakarrik aitatzeko, Etxepare, Oihenart, Gazteluzar, Axular ta abar, idazle trebeak izan ditugu, baiña orrein ondoren be, geure egunetaraiño, zenbat idazle ta olerkari bikain! Gaitezan beti bakotxari berea emotekoak. Orren lanak albora iztea munduko literaturan gaillen diran Omer, Bergili, Dante, Shakespeare, Cervantes, Goethe ta olakoak saiets iztea litzake. Ut!, ut! , ez olakorik, gazteak! Bestera, orrein edertasunak xurgatu ta norbere trebetasunari dagokionez gauzak atonduaz, segi beti aurrera, goi-zear doan arranoaren pareko.

        Gaur literatura guztietan daukagu onako zerbait, olerki-saillean batez be. Alemania'n bertan, zelako nastea! Errusia'n, Itali'n beste orrenbeste. Olerkirako be giroa bear, eta gizaldi ontakoa ezta onena, norbere eritxi ta biotz-zauskadak askatasun osoz agertu ta on-txarraren mugak zentzunez bereizteko. Illunetan lez bizi gara, urteak eta urteak dirala, eguzki zabalaren erraiñuetatik igeska lez, eta orrela ezin ba gauzak diran moduan azaldu ta adierazo. Naste onetan batzuk, ezin-bestean edo, konforme dagoz, beste batzuk ez. Eta emetik sortzen da gaurko gazte askoren larrimin, ezin-egon eta kezka bizia. Gizarteko gauzen ibillera ta aunitz gizonen jokabidea ez yakuz atsegin; zarrak, urte askoren oar-ikasiz, eztala errez ba-dakie okerrok zuzentzea; euren indar-kemenak be, urteen sortaz, igali-zugatz gaillak lez, gero ta geiago beeruntz makurtuz doaz. Gazteak, ez dabe olako experientzirik eta gizartearen egoera iarria ikusiaz, zerbait egin nai dabe: konformismu orren kontrakoak dira, ta protesta kantak asmetan dabez pitean-pitean. Baiña onek naikoa zeregin damotse euren asmoetatik pitintxo bat aurrera aterateko. Au da gaur munduan —eta literaturan— dakusgun agerpenik beiñena. Gizarteak sarri izan dauz onako kinka ta une larriak, baita izango be. Gaurkoa ezta txikienetarikoa be, mundua an ta emen osorik aldatuaz doakigula dirudi-ta. Itxarokizuna, alan be, bego argitsu, ta geroak esango dau garai onek munduari zelako mesedea ekarri dautson.

        Bakotxa bere garaiko seme dala esan daroagu. Gu be orrela gara. Bizi dan uneari bakotxak itxi oi dautso zerbait. Olerkiari buruz, zer itxiko dautsagu guk gaurko gizaldiari? Ona ta txarra. Gizaldi ontan olerkari onak izan ditugu, baita erdizkoak be. Ba-doguz edozein literaturatan buru-zut agertzeko lako olerkiak, baita ganora andi barik egiñak be. Olerki ederrok gizaldiz gizaldi iraungo dabe, besteak barriz urteen laiño-zurrunbilloan amilduko. Gure inguruko literaturan gaur, espaiñeraz, bilbotar Otero (1916) ei dogu eder zintzoen, eta txiletar Neruda bigarren, baiña ez ain argi ta zintzoa; Otero'k labur, sakon, bizi, gaurko munduaren larrimiñez gaiñezka, idazten dau; Neruda zozial auzian laiño urtsu tartean mamu antzera dabilkigu: gaztelar olerkari biok maite dabez gure olerkari gazteak. Baiña ba ete dakie oneik gaur modan daukaguzan olerkari bion gun-mamiña xurgatu ta urrupatzen? Or untzea! Bekie, zori onez, ta lan ederrak burutuko dabez.

        Garaiko semeak izanik, geuk be garai orri zerbait erantsi ta emon bear dautsagu. Or gure arloa, or gure lana. Gaur gure artekoaren antzeko igiera bat izan zan Italia'n be, gizaldi onen asieran. Joeratsu ziran olerkariak, baiña batek be asetzen ez. Batzuk «erromantikuen» azkena abesten ebelarik, besteak etorkizun zale, «futurista» agertzen ziran. Bigarrenok aldaketa ta erreboluziño osoa nai eben olerki-saillean: gaurko gizona, gaurko tresna ta tramankuluen aurrerapen ikaragarria abestu. Igiera onen sortzaille zan Marinetti'k eta onen jarraitzailleak «itzak azke» eben euren elburu, eta andik eta emendik, jo ta ke, bultziak, egazkiñak, tarrantak, xispa ta xispa-sua, odola ta zakarkeria, gaia ta biurrikeria abestu eben.

        Arein aurretik Prantzia'n be Jules Laforgue'k, Gustave Kahn'ek eta Stuart Merill'ek beste orrenbeste egin eben, bertso txurian murgiltzerakoan berariz. Baiña etziran iñolaz be Marinetti baizen joanaren porrokatzaille agertu; onek, ba, zirt eta zart, ezetariko logika barik, bere ondatze-jokoan ekin eutson aspertu barik; 1909'garrenean jaurti eban «agirian» ez eban ezertxo be zutik izten; «artea ezin daiteke sua, indarra ta zuzenik-eza baiño izan» iñoan. Alan be, ainbat auts arrotu ta sugar itxartuz gerotar igiera onek Italia'ko edestian izaniko ondoren zabalagaitik be, futurismuak ez eban benetako olerkaririk emon al izan. Euren olerki-lanak, olerki baiño agiri geiago ziran. Gizartea aldatu nai zan, beingoan aldatu be, ta ezarian ezarian politikara jo zan. Egiaz, aurretikoen mituak ondatzean, zer egin eben barritzaille areik? Beste mitu batzuk, euren aldetikoak asmau. Orrela jazo oi da naste ta matxinada guztietan, naiz gizartean naiz literaturan.

        Orixe berori egin nairik gabiltza gu be. Mitu batzuk geunkezan, pizkat erdoituak ziralako edo, ez yakuzan eder. Beraz, beera mitu gogaikarriok Ederto, motell! Aspaldiko oroigaillu eder dan monumentu bati barrenua jartea erreza dok, edo pikatxoi bat artu ta ekiñezko zartadan lurrera botatea, erreza dok. Baiña orren ordez beste bat eregiko al dok? Or koxka, or istillu! Ori egitekotan be, jo egik lenengo lurra ta jaso alboan barri ederrago bat, eta orduan eratsi zarra. Bitartean ez daukak eskubiderik zar ori lurreratzeko. Gaur eleizetan be barriztatze asko dakusguz, baiña norbaitek lengo erretaula ta santuak kendu ta gero ezer ipinten ezpadau, au esan oi da: «Ergel, apurtzea errez; gaitz barria jartea».

        Euskal poesian batzuk banaketa au burutu dabe: olerkariak eta «poetak»; italiar «illunabarreko» ta «geroko»-en antzera nunbait. Banaketa au etxat atsegin, garbizale —obeto, itxura-zale, era-zale—  ta mordoillozaleen artekoa baldin ba'da. Olerkari ei dira Lizardi'ren garaikoak, poetak oraingo aizetan nasai dabiltzanak. Eta garbizale auzi ortan beste ertzai —nortzuk obeak eta abar— baketan itxirik, itz barri edo neologismuai buruz au esan bear dautzuet: izkuntza guztietan, Orati'gandik asi ta gaur arteño, eskubide oso-zabala izan dabe olerkariak, itz barriak eta esaera txanbeliñak asmetako, baita gure euskeran aditz-laburtua, sintetikua erabilteko be. Olerkian, gaur eta beti, itz gitxitan esannai ugari sartu ta kokatu gura izaten doguz. Ortarako, beraz, bedi itz-barrizale ta aditz-labur zale euskal olerkaria. Askatasun orri eskerrak, olerkariak izan dira mundua mundu izkuntzak obetu ta erriak goi-maillatu dabeezanak.

        Goi samarretik eta maixu antzera esana izan arren, ona gure artean aspaldi danik bala-bala dabillen zurmurruari erantzuna emonik. Alkar artu ta gogo onez askotxo egin geinke kultura ta literatura-sailla jaso ta edertzeko. Dagigun olan, etorkizunari begira.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.